Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Larregain

 

      Sortaldetik sartalderainoko bide guztian zehar eguzkiak gogotik gozatzen duen gain batean, “larre” eta “gain”, kokaturik den baserria da Larregain. Ez da harritzekoa bazkaleku ederrez horniturik denez, “larre”, ardi eta abereentzat toki aproposa dela aitortzea. Bestetik, tximiniako kea ikustea aski izango da hemen haizea nondik ari den ohartzeko. Haize mota guztiak ezagunak izango zaizkie, esan beharrik.

      Epeletik malda gora jo eta Akolarako bidean eskuinera daukagu Larregain baserria. Ereñotzura du beste bidea, are aldapatsuagoa dena. Lau isuriko teilatua zuen lehengo etxe zaharrak. Bi isuriko etxe luze eta zabala dugu orain. Ekialdetik hiru terraza, bata bestearen gainean, eta aterpe polit bat mendebaldetik, terrazapea hau ere, eta etxerako sarrera hor.

      Ukuilua etxepean lehen, orain etxetik urrunago aterpe txukun batean. Sagardotegia etxepean, sukalde eta jangelaz horniturik, eta upelategia honen alboan lurpean; sagardoa fresko mantentzearren edo. Etxetxo polit bat albo batera etxe aurrean, dolarea dena. Etxetik at izan dute beti dolarea.

      Pedro etxeko nagusi zaharra (76 urte) hona ezkonduta etorri zenean aiton-amonak bizi ziren, eta hala hiru belaunaldi bildu ziren etxean, aiton-amonak, aita eta ama eta ezkonberriak, “hiru matrimonio”, eta gauza bera gertatu zen hurrengo belaunaldian ere, Fedroren alaba Txabel ezkondu zenean.

      Aitona, Joan Domingo Zerain, aranoarra eta Martina Oiarbide, bertako alaba emaztetzat harturik, eta honako seme-alaba hauek izan: Rita, Martina, Anbrosio, Daniel, Tnes, Joxe eta Prontxio.

      Martinak eman zion etxeari jarraipena, Pedro Santa Kruz Oiartzabal, Akolako semea senartzat harturik. Hona hauen seme-alabak: Pedro Mari (elektrokutaturik hila), Gregorio eta Iñaxio (bikiak), Belen (autoa amilduta hila), Ixabel, Joxe Antonio eta Edurne. Gaur, aitona Pedro, Ixabel alaba, honen senar Joxe Lasarte Garmendia, Urnietako Aierdi baserriko semea, eta Eider, Oihana eta Arnaitz hauen seme-alabak bizi dira Larregain baserrian.

      Lau behi eta idi parea ziren baserrian Pedro ezkonduta etorri zenean. Aita, etxeko lanaz aparte, itzain ibili ohi zen, “izan ere, inon diren zentral, poste eta linea klase guztiak pasatu ziren inguru hauetatik garai horretan (Ubarretxena, Rezola, Puig, Tranbiarenak, Errenteria, Vasco-Navarra)”.

      Ezkondu aurretik fabrikan lan egin zuen Pedrok (Zikuñaga), gero ere bai, eta Udaletxeko enplegatu geroago. Bi asto izaten zituzten, kaleko mandatuak egiteko bata, ganadu jana edo iturritik ura ekartzeko bestea. Etxetik aski urrun iturria.

      Pedrok, astoan ez baina, bizkarrean ekarri ohi zuen ura. Bi ertzetan koskadun haga batean marmita bana ipini eta eskuetan hirugarren bat, horrela ibili ohi ziren. Egun batean, badator ura hartuta, izotzetan hor doa zilipurdika eta marmitak ere bai pirikan. Etxera etorri eta esan omen zuen:

      —“Urtebete baino lehen ura jarriko det, ba, nik”. Eta halaxe izan zen.

      Pedroren garaian esne-behiak jartzea, etxearen jabe egitea eta etxea osatzea izan ziren helburu nagusi. Harrezkero, idiak kendu, traktorea ekarri eta sagastiak lantzeari ekin zioten. Joxe eta Txabel senar-emazte gazteok ere beren ekarpena egin diote etxeari. Behi eta zekor saila daukate eta sagardotegi dotorea, horra.