Izeneder
Etxea eraiki zen garaikoa da, agidanez, Izeneder izena. Etxea eraiki eta hasi dira solasean. “Orain izen eder bat jarri behar zioagu etxeari. Izen eder bat? Izeneder orduan”.
Eder du, esan beharrik, etxe honek izena eta ez izena bakarrik, izana ere bai. Parajea bera, etxearen goialdea, belardi txukunez jantzia, zuhaitz ederrez inguraturik. Atarian loreak nonahi eta ate gainean IZENEDER poliki aski paratua. Bidea ere txukuna orain, ormigoiz egina, Latsa auzotik eta etxerainoko guztian.
Familia handia, hamasei senide, maizter izaki eta “Frankok pagatu erdia etxea erosterakoan” dio Rufina Oiartzabal (55 urte) senideetarik gazteena eta nire solaskideak.
Hogeita bat urteren aldea zaharrenetik gazteenera. Hamaika hilabete edo urtebeteren tartea batetik bestera. Denak etxean jaioak. Rufina gogoratzen da Sabina ahizpa ezkondu zenean (zortzigarrena hau) berak zazpi urte baino ez zituela. Ordurako senide batzuk etxetik aldenduak ziren. San Antoniotan biltzen omen “artalde” osoa, ohean batak alde batetik eta besteak bestetik lo egiten zutela.
“A zer nolako komediak ibili ohi zituen amak sarritan!” Behin oroitzen da, denak oheratuak zituelakoan, erratza pasatzen hasita hor aurkitzen du mahaiaren azpian loak hartuta.
Antonio Oiartzabal Mendizabal zuten aita, bertako semea, eta (lehengusu ezkontza) Tomasa Oiartzabal Almandoz ama, Larratz baserriko alaba (Donostiako partean). Hangoen hiletak lehen Errenterian, Astigarragan orain. Seme-alabak. Pedro eta Migel (bikiak), Maria, Manuel, Gregori, Benita, Joakina, Sabina, Dolores, Joxe, Patxi, Pilar, Fermin, Agustin, Mariano eta Rufina. Behar da esan, Gregori eta Benita, txikitan meningitis pasatu izatearen ondorioz mutuak direla, baina erne eta txeratsuak dira biak ere, eta artetsuak, etxeko nahiz sukaldeko lanetan eta ingurua apaintzen.
Fermin etxerako, ezkondu eta Lorentxa Retegi Retegi, Egiluze baserriko alaba (Errenteria) emaztea, eta bi alaba: Jaione eta Nagore. Orain, Fermin eta Lorentxa senar emazteak, Jaione eta Nagore bi alabak, Mariano osaba eta Gregori eta Benita izeba biak bizi dira Izenederren.
Rufinak ezagutu zuen ontza erdi txokolatea meriendatzen, eta laurdenarekin pasatzen omen aurrekoek. Sardina zarra berdin. Eltzekoa izaten omen otorduetan (babarruna egunero, “lurrezko eltzean geldi-geldi egina”. irina Oiartzundik zaldi gainean. Taloa eta esnea izaten zuten eta eguerdian “razionamenduko ogia”. Latxetik ekartzen. Lau behi, hirurogei bat ardi, etxerako baratzea, zerri bat edo beste, ardi zarren bat. Aita itzain eta mandazain.
Fagollagan eskola. Komunioa zuriz, soineko bakarrarekin senide multzo batek. Etxetik Latxerako bidea, bide kaxkarra, “zortzi egurrezko zubi”. Idiak eta abereak erreka zeharkatuz eta oinezkoak ere bai gauez edo eguraldi txarrean. Argia karburoz edo kriseilua, kanpin-gas horietakoak azken aldera. Argindarra, lehenbizian, errekatik motor koxkor batekin, harik eta Iberduero sortu edo sartu zen arte.
Ama ostegunetan kalera arrautzak, onddoak bere garaian, etab. hartuta, etxerako olioa ekarriko bazuen.