Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Larrabide

 

      Oriamendiren oinetan zokogune batean kokaturik dugu Larrabide baserria. Larre eta bide bi hitz hauen emaitza du izena eta hortik datorkiola esan behar zalantza-balantzan ibili gabe. Auzoari izena eman zion Antziola baserriaren ondotik hartzen zen Larrabide baserrirako bidea, herri bideari jarraituz, Balantxa, Buskando eta Berakorteko bidegurutzetik berrehun bat metro aurreraxeago, eta hantxe bukatzen da egun ere bidea.

      Etxea, baserri gehienen egitura berekoa, behean sukaldea eta ukuilua, goian komuna eta logelak eta teilatupean ganbara. Beste etxeordeko bat, behean ukuilua eta goian belar ondua eta lastoa jasotzeko. Dolare koxkor bat ere badu etxeak atzeko hormaren ondoan.

      Harroin antzeko bat ere ikusi dut etxe aurrean, metro inguruko altuera eta metroerdia alde bakoitzean duen hare-harri moduko bat. Landua, lau aldeak berdinak eta alde bakoitzean halako marrazki moduko bat duena. Goian, erdi-erdian 10x10 cm-ko zulotxoa, gurutze edo antzeko zerbait tinkatzeko edo. “Oriamendiko gain horretan ermitaren bat omen zen eta handik ekarritakoa zela esaten zuen hemengo aita zenak”, dio Joxe Anjel suiak.

      Honen harira, esan dezagun, Bidaurretako historian, Oriamendiko mugan ermita izanaren datuak azaltzen direla.

      Familiari dagokionez, Roke Miranda eta Dolores Ugalde ziren Larrabideko senar-emazteak baina hauek seme-alabarik ez eta Hernaniko Gorria-Ene baserriko Joxe Antonio Urulain Otaño hartu zuten bertako semetzat. Garaia iritsitakoan, Xalba Galatas Landa, Añorgako Etxeluze baserriko alabarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten: Joan Migel, Gregorio eta Mertxe. Bi mutilak kanpora ezkondu eta alaba gelditu zen aita-amekin etxean. Honek Oiartzungo Joxe Angel Tapia hartu zuen senartzat eta Larrabiden jarri bizitzen. Bi seme dituzte, Joseba eta Aitor, dagoeneko koxkortuak. Duela gutxi hilak dira gurasoak, ama lehenengo eta aita ondoren, urtebeteren buruan, eta biak egun berean.

      Joxe Antonio baserrian aritu zen beti lanean, eta morroi baten laguntza izaten zuen askotan. Belarra ebakitzera etortzen ziren batez ere. Xalba, berriz, esnea, barazkiak, arrautzak eta baserrian atera zitekeen guztia hartu eta merkatura joaten zen Antziolan tranbia hartuta lehenengo, autobusez gero... Makina bat aldiz joana da emakume gajoa Estubegiko aldapan autobusetik jaitsi eta Illarreta eta Bidaurretan barrena Larrabidera buruan xestera edo bi besoetan saskiak hartuta.

      Gurasoak hildakoan, ordea, Mertxek, baserrian aurrerabide handirik ikusten ez eta, Hernaniko denda batean egiten du lan barazkiak eta fruta saltzen, senarra eta seme zaharrena, berriz, igeltsero. Honenbestez, ardi batzuk eta behorrak dauzkate mendia eta bazterrak garbitzeko, behi batzuk ere jarri zituztela dio, baina ehiztariekin ezin dutela karrerarik atera, eurak pasatzeko alanbrea mozten dietelako.

      Urari dagokionez, Larrabidek ez du bere bizitzan arazo handirik izan likido preziatu hori lortzeko, etxe ondoan bertan baitzuen.