Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Pitikar | Zabalo-Enea | Zelaiarte

 

Zabalo-Enea

 

      Gauza bata da izenaren sustraia, zabal eta -o atzizkia, inolako zailtasunik ez duena, eta besterik Zabalo-Enea, pertsona jakin baten deitura (Zabalo) erabiliz etxeari bere izena ezartzea.

      Jauregitik Santa Barbara aldera abiatu eta Ikusmen-Alaiko kaskora iritsitakoan eskuinera hartu eta hirurehun metrora dago Zabaio-Enea, Zelaiarte baserriaren aldamenean. Goitik begiratuta zuloan dagoela dirudien arren, ez da horrelakorik; izan ere, bertara iritsitakoan bista ederrak dituela egiaztatu ahal izan dut; esaterako, Santa Barbara aurrez aurre —aurreko pinuek ikustea galarazten badiote ere—, Andatza eta Ernio mendiak eta Lasarte, Usurbil nahiz Aia aldeko hainbat baserri.

      Bi isuriko bi eraikin elkarri atxikita, ekialdera begira, atzean, mendebaldean halako etxe-ordeko txiki bat etxeari berari erantsita. Ez da baserri zaharra gure berriemaileak esan digunez. Kontuak ateratzen hasita, 1913. urtekoa dela uste du.

      Erabat berritua dago, eta atxikitako eraikin bakoitzean etxebizitza bana egin dute orain.

      Markos Iradi, Ilarratsuetako semea Agustina Loinaz, Estubegiko alabarekin ezkondu eta emaztearen etxean jarri ziren bizitzen. Han izan zituzten bi alaba eta semea, Maria, Pantxika eta Gilermo, semea; honek 18 hilabete zituela jarri ziren bizitzen Zabalo-Enea baserri eraiki berrian, eta Joxepa, Pilar, Benita, Tiburtzio, Anuntxi, Kontsuelo eta Joakina seme-alabak izan. Horietarik Gilermo, semeetan zaharrena, gelditu zen baserrian Zubietako Ixabel Urdanpileta nire berriemailearekin ezkonduta. Hamaika seme-alaba izan dituela esan dit, 8 mutil eta 3 neska: Markos, Joxe Antonio, Tiburtxio, Agustina, Mari, Manuel, Joxe Luis, Joxe, Kandido, Gillermo eta Mari Lurdes. Senarra duela 27 urte hila, 62 urte baino ez zituela.

      Guztiak ezkonduta, eta guztiak kanpoan, bat izan ezik. Honenbestez, etxebizitza batean Ixabel bera bakarrik bizi da eta Manuel semea aldamenekoan Hernaniko Itziar Peñagarikano emaztea eta Maddi alabarekin.

      Baserri gehienetan bezalaxe, hemen ere ganadua izaten zuten bizibide; hauek ere, lauzpabost behi, zekor, zaldi, untxi, oilo, zakur, zerri etab. izaten zuten. Esnearekin Galarretara joan, han autobusa hartu eta Donostiara nahiz Hernanira joaten ziren saltzera, baita baratzeko produktuak ere.

      Gilermo senarrak fabrikan ere lana egin zuen baina baserriari uko egin gabe. Alabaina, osasunak lagundu ez eta gazterik gelditu zen alargun Ixabel. Halarik ere, eutsi egin zion baserriari, baina 65 urte konplitutakoan ganadu guztiak atera zituen “nere bizitzan nahikoa lan egin nuela eta, gelditzen zaizkidan urteak lasai bizitzeko” esanez hartu omen zuten amaren erabakia seme-alabek.

      Lur onak batetik eta zaletasunak bestetik bultza diote Manuel semeari libre dagoen lurmutur orotan fruta arbolak aldatzera. Ez dago metro karraturik zuhaitzik gabe eta zuhaitzik ere ez frutarik gabe. Harro erakutsi dizkigu etxekoandreak, eta ez da gutxiagorako; bestela ez dago han-hemenka irabazitako lehiaketetan emandako sariak ikustea besterik.

      Etxe ondoan bertan du iturria, gorago ere beste bat bai omen du eta ur ederreko erreka ere aldean du. Beraz, etxe ondoan pozadera egin eta ez dute inoiz ur arazorik izan. Alderdi ederra!

      Hariztegi bikaina inguruan, Gilermo sagarra biltzeko saskia hartuta joaten omen zen onddoak eta kuletoak biltzera, “baita saskia mukuru ekarri ere. Ikustekoa izaten zan” dio nire hizketakideak. Batzuk Donostiara eramaten zituzten saltzera eta besteak etxean jan. “Gaur ez dago horrelako konturik, basoa arrunt zikina dagoelako eta garbitzeko jende gutxi; halere, zerbait izanez gero, izango litzateke nork bildua” esan dit Ixabelek.

 

Pitikar | Zabalo-Enea | Zelaiarte