Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Oianume | Polipaso (Polit Baso) | Santio-Enea (Artiñenea)

 

Polipaso

(Polit Baso)

 

      Martindegin gora Erroñaburuko bidean gora abiatzeau ezkerrera jo eta Santio mendiko hegalean bi baserri baizik ez daude Hernaniko herriaren lurretan, Santio-Enea bata eta Polipaso bestea. Ez dakite nondik etor daitekeen Polipaso izena. Polit eta baso? Ez ote interpretazio errazegia? Agian bai.

      Polipasoren kasura bilduz, borda koxkor txuri eta polit bat baino ez dago orain lehen baserria zen lekuan. Hura, bi isuriko etxea omen zen, aurrean estalpea eta saihetsean mandioa eta beste estalpe bat zituela. Behean sarrera nagusitik sartu eta ukuilu bat eta sukaldea eta beste sarreratik beste ukuilua. Goian solairu bat eta ganbara, garaiko baserrien antzera.

      Karmen dut solaskide, eta Polipasora noiz etorri ziren galdetuta, “Hara, 77 urte ditut egun eta 3 urte nituela etorri nintzan, zuk atera kontuak” Beraz, 1921ean etorri ziren Iñaxio Irazusta eta Maria Goikoetxea senar-emazteak eta Fermin, Joxe, Joxepa, Karmen eta Migel seme-alabak Abaltzisketatik Polipasora bizitzera. Hemengo anaia bat hara eta hauek handik hona trukea egina zuten, agidanez. Eta hemen jaioak dira Antton, Patxi, Joxe Martin, Roxari, Tñaxi eta Anjelita.

      Bat hona lanera eta bestea hara, ama Maria eta Migel (Polipaso segalari eta aizkolari txit ezaguna) gelditu ziren azkenerako baserrian, eta Migelek Igeldon etxea eraiki zuenean atera ziren baserri honetatik azkeneko Irazustatarrak.

      Lur batzuk puskaka-puskaka saldu zituzten; beste lursail batzuk eta baserria, berriz, Santio-enekoek erosi eta etxetxo moduko bat egin dute bertan, eta eurek ibiltzen dituzte halaber hango lurrak.

      Ez zen urte asko bizitu Karmen Polipaso baserrian, baina badu nahikoa bizipen. Esaterako, 7 urte zituela atera zen neskame “Añoa baserrira haurraren sehaskari eragitera. Artean alpargatarik jantzi gabea nintzan, eta hara joandakoan alpargatak eman eta lotzeko esan zian etxekoandreak eta nik enekiela. Nola jakingo nun ba, inoiz enun izanda?”. Baserria txikia zelako atera al zen hain gazterik, galdegin diot, baina ezetz, Hernaniko baserririk handiena zela bere garaian. Neguan artzaina eta udan belarra ondu. Zazpi bat behi, lau zekor, behorra “zuri-zuria, ama haren gainean joaten zen enkarguak egitea, eta baserri gehienetakoa, oilo, untxi, zerri etab. Aita, bati eta besteari laguntzen ibiltzen zen beti, eta fede handiko gizona zen, oso elizkoia. Gure etxean asko errezatzen genun, eta gogoan det behin nola Aita Gurea errezatzerakoan emaiguzu eguneroko ogia esaterakoan, sardinzarra eta taloa afaltzeko izaki, anaia batek “eguneroko ogia? nik ez det ba ikusi” esan, eta aitak denak kanpora bidali ginun, ez afari eta ez ezer”.

      “Etxean urik ez eta beheko errekatik ekartzen gendun etxerako ura eta hara joaten ginen arropa garbitzera. Behin ama azaltzen ez eta aitak amaren bila joateko agindu. Han zegoen gaixoa hotzak erabat gogortuta. Etxera ekarri, ur berotan mantak sartu, haiekin bildu eta ekarri zuten nolabait bere onera. Baina gure amak ikaragarriak ikusi zituen. Etxean operatu zuten Hernaniko Doroteo Irigoien eta Donostiako Albea medikuek, hamaika lagun kabitzen ziren sukaldeko aulkia koartora eraman eta haren gainean, petroliozko kinkiaren argira. Garrasi batean egon zen ama gaixoa eta hala esan zigun aitak, ama lo zegoela eta isilik ibiltzeko”.

      “Ama osatu bitartean, auzokoari eskatu zioten gure kargu egiteko. Egunean ogi xerra bat ematen zigun, horrela pasa genitun 22 egun. Orain anemia eta antzekoak izango lirateke baina guk han pasa genitun sagastiko sagar kondarrak eta harrapatzen genuna janez, bizirik aterako baginan”.

      Aurrean dudan solaskideak esan bezala, luze joko luke familia honek jasandakoak hemen idazten hasiz gero, eta oraingoan honetan utziko dugu, honenbestez orduko bizimoduaren isla jasorik geratzen delakoan.

 

Oianume | Polipaso (Polit Baso) | Santio-Enea (Artiñenea)