Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
1936ko udazkena Gipuzkoan
Mikel Aizpuru (Director) / Urko Apaolaza
Jesús Mari Gómez / Jon Ordiozola, 2007
 VIII. ERREPRESIOA HERNANIKO HERRITARREN AURKA | IX. HILERRIKO KRIPTA ETA MONUMENTUA: IRAGANAREN LEKUKO ISILAK | X. FUSILATUEN NORTASUNA 

 

IX.
HILERRIKO KRIPTA
ETA MONUMENTUA:
IRAGANAREN LEKUKO ISILAK

 

 

Fusilatzeen memoria gerraostean

 

      Euskal errepublikarren eta altxatutakoen jokaera gehien ezberdindu zuen ezaugarrietako bat alderdi bakoitzak fusilatuekiko izandako jarrera izan zen. Abiazio matxinatuen bonbardaketei Bilboko kartzeletan emandako erantzun gisa izandako hil keten zeharkako erantzule izan zen Euzko Jaurlaritza, eta hildakoen izen-abizenak argitaratu zituen eta ez zuen debekatu haien omenezko hileta-elizkizunak egitea. Matxinatutako militarren esku hildakoen kasuan, ordea, hiletak ospatzea galarazi zieten senitartekoei edota hildakoengatik doluz janztea.

      Erregimen frankistak bere biktimak bakarrik gogoratzen eta omentzen zituen, eta haei eginiko omenaldi bakoitza alderdi errepublikarrean eroritakoentzat irain berri bat zen, zenbat eta gehiago goraipatu hildako frankistak, orduan eta gehiago hondoratzen baitziren ahanzturan besteak (Vega Sombría, 2005, 242). Ezberdintasuna alor juridikoan ere betikotu zen. Estatuko Buruzagitzak 1938ko azaroaren 16an ateratako dekretu baten bidez, azaroaren 20a dolu-egun nazional izendatu zuen eta elizako agintariekin aldez aurretik adostu ostean, parrokia bakoitzeko hormetan Jaunarengatik eta Espainiarengatik hildakoen izenak jasotzen zituen inskripzioa jarri zen. Azken horiek Erregistro Zibilean aipamen horrekin jasotzen ziren bitartean, 1939ko uztailaren 26ko agindu batek adierazten zuen hildako errepublikarren kasuan, heriotza-agirietan “Desafecto al Glorioso Movimiento Nacional’’ [Mugimendu Nazional Handiaren Aurkakoa] idatziko zela, “Caído por Dios y por España’’ [Jaunarengatik eta Espainiarengatik hildakoa] leloarekin kontrajarriz.

      Diskriminazio hau alderdi frankistan borrokatutakoentzat bakarrik onuragarriak ziren neurri-sorta batekin batera zihoan: lanpostuak, diru-laguntzak, bekak eta abar soldadu ohiei, gatibu ohiei, Gurutzadako martirien senitartekoei bakarrik zuzenduta zeuden. Horrek guztiak bi aldeen arteko ezberdintasuna mantentzen lagundu zuen. Baina, bizirauteko eta bazterketa sozialaren egoeratik ihes egin beharrak eta pobrezia ekonomikoak Gerra Zibilean hildako errepublikar askoren senitartekoek, era sumarioan exekutaturikoenek, bereziki, atsekabea isilpean jasatera bultzatu zituzten eta sufrimendua barneratu egin zuten. Agintariek, zibilek nahiz erlijiosoek, eta gerrako gizarte garaileak berak egindako presioak egoera hori kasu askotan lotsagarri moduan ikustea eragin zuen, biktimak errudun bihurtuz, (“zerbait egingo zuen”), eta oso kaltegarritzat hartu zen politika, izan ere, alor horretan parte hartzeagatik jasan zuten sarritan senitartekoek zigorra.

      Altxatutako militarren eta beren aliatu zibilen ekintzaren ondorioek eragindako beldurrek urte haietan edo gerraostean bizitakoaren oroitzapenak, kasu askotan, buruan edo bihotzean ezkutatzera bultzatu zituzten, hain sakonki, ezen pertsona hori desagertzearekin batera, indarkeria frankistaren esku hildako senitartekoaren oroitzapena ere berarekin batera desagertuko zen. Usu gertatu izan da alderdi garailearen errepresaliak jasandako pertsona baten ondorengoek urte asko igaro ondoren jaso izana gertakari haren berri. Gaur egun, memoria historikoa berreskuratzeko martxan jarritako mugimenduak benetako talde-terapia egiten lagundu du eta, gainera, nolabaiteko motorra ere izan da, hildakoen senitartekoek, eta beren seme-alabek batez ere, gaiari buruz hitz egin zezaten eta ia hirurogeita hamar urtez aldean eraman duten zamatik aska zitezen.

      Zorionez, ez zen hori gertatu kasu guztietan. Senitarteko askok harro, baina isilpean gorde zuten beren biktimen oroitzapena eta horiek bizirik mantentzea ahalbidetu zuten errituak sortu zituzten, haien gogoetan behintzat. Erritu garrantzitsuenetariko bat Santu Guztien Egunean kanposantuak bisitatzea zen. Baina, Hernanin lurperatutakoen kasuan, pertsona maitea benetan leku horretan lurperatua ote zegoen edo lurperatzeko leku batek eskatzen zituen duintasun-baldintzak betetzen ote zituen ez jakiteak ziurgabetasuna eta kezka sorrarazten zituen, ahaideen sufrimendua areagotuz. Are gogorragoa zen beren ahaideen gorpuak non ote ziren ez zekitenentzat. Aurreko atal batean adierazten genuenez, hileta-erritu bat egotea funtsezkoa da, ez bakarrik hildakoen oroitzapen iraunkorra mantentzeko, baizik eta baita gertakari horrek dakarren zama mingarritik askatzeko ere. Hildakoaren izenak inon idatzi gabe, loreak eramateko hilobirik gabe, atsekabea barren-barrenean geratzen zen, urte asko igaro arren.

      Iragana, identitatea eta etorkizunerako itxaropena galarazi zituen porrotak. Euskal abertzaleen kasuan, aldiz, hainbat faktorek arindu egin zuten etsipen-sentimendua, hau da, beren sentimendu erlijiosoak, fede katolikoan zuten sinesmen handiak edota hainbat apaiz euskal abertzaletasuna maitatu eta hedatzeagatik jazarri zituztela jakiteak aurrerantz egiteko indarra eman zien abertzaleei. José Migel Barandiaranek garaiko lekukotasun askotan jaso zuen eliztarren eta hierarkiaren artean zabaldutako arraila, erlijioso ugari azaldu baitziren frankisten alde eta beren kideen heriotzen aurrean isildu egin baitziren. Alabaina, ez dirudi arraila hori guztiz ireki zenik eta, klandestinitatean, hildakoen aldeko elizkizunak ospatu ahal izateak indartu egin zuen kohesioa galtzaileen taldean. Abertzaletasuna bizitzeko era horrek, beste faktore batzuekin batera, diktadura frankistan irauteko aukera eman zuen, beste erakunde edo ideologia batzuk, hala nola, errepublikarrak edo anarkistak, desagertzen ziren bitartean. 1939an, hileta-elizkizun bat ospatu zen Atotxako frantziskotarren elizan, gatazkan hildako abertzale donostiar batzuen alde.

      Hernaniko kasuan, omenaldia egiteko lehenengo saiakera 1943an izan zela uste da, Santu Guztien Egunean. Norbaitek ikurrinaren koloreak zituen lore-koroa jarri zuen isilpean, hilerriko hobietan lurperatutakoen omenez. Ondoan, “Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren, eusko gogoan toki berezia daukazue” idatzia agertu zen. Egilea(k) aurkitzeko salaketak jarri ziren, eta koroaren alboko idatziaren letrak marraztu izana leporatuz, margolari bat atxilotu zuten. Benetako egilea Elbira Zipitria izan zen, gerraosteko ikastolen mugimendua sortu zuena, Iparraldean erbesteratua izan ondoren itzuli zenean Aitzolen oroigarri gisa loreak jartzen hasi zena.

      Juanito Goya hernaniarra zen garai hartan hilerriko atezaina. Bera ere preso hartu zuten eta atxilotu orduko, idatzi hartan jartzen zuena itzultzeko eskatu zioten. Atezainak, frankistek Hernanin euskara ikasteko eskolarik jarri ez zutenez, berak ere ez zekiela han zer jartzen zuen erantzun zien. Hitz haiek ez zitzaizkion batere merke atera Juanitori. Bi hilabete igaro behar izan zituen espetxean; lehendabizi Ondarretan eta, gero, Burgosen. Orduko udaleko idazkariak eta alkateak Juanitoren alde egin zuten. Baina afera konpontzeko bidean zirenean —Guardia Zibila ere auzia bere horretan uzteko prest zegoen— bata bestearen atzetik salaketak jartzen hasi ziren Falangekoak. Azkenean, osorik bete behar izan zuen kondena hernaniarrak.

      Euskal Herriko atzealde frankistak egindako ekintzarik odoltsuenetarikoak izan ziren Hernaniko fusilatzeak; eta gertatutakoaren oroitzapena gizartean bizirik mantentzen lagundu izan dute hildakoak asko izateak eta, bestetik, horietariko batzuek gizartean zuten ospeak. Gainera, egoera horri nolabaiteko mesedea egin zion hildakoak, leku ezberdinetan erail arren, espazio berean lurperatzeak, udal kanposantuan, bi hobitan. Hori dela eta, frankismo-garaian —baita gerraosteko unerik gogorrenetan ere— eta matxinada horren ondorioz bere burua estatu berriaren buru izendatu zuen Franco militarra hildakoan, batez ere, 1936ko udazkenean gertatutako guztiaren oroitzapen- eta memoria-gune bilakatu zen Hernani. Geroago, ahaide asko hasi ziren hilarriak jartzen hilerriko hormetan, hildakoen oroigarri gisa.

      Gerraosteko lehenengo urteetan, funtsezko gaia izaten jarraitu zuen gorpuak berreskuratzeko aukerak. Nafarroan, egoera horren aurrean egindako kexak hainbeste izan zirenez, Marcelino Olaechea Iruñeko gotzainak, 1939ko azaroan, kleroari zuzendutako gutun pastorala idatzi zuen gorpuak berreskuratzeko erraztasunak emateko eskatuz:

 

      Lograr que los restos mortales de todos los hijos de la Iglesia reposen en tierra sagrada, de todos, hasta que la “luce clarius” no nos haya probado que han muerto rechazando neta y conscientemente los Santos Sacramentos y no solamente podemos ya cumplir este deber, sino que contamos también con el apoyo entusiasta de nuestro Gobernador civil que nos da así una prueba más de ejemplar espíritu cristiano.

      Por consecuencia, de acuerdo con los familiares de los difuntos y siempre en el caso que esto sea posible, de acuerdo con el alcalde del lugar, presten su ayuda para el traslado de los restos mortales al cementerio, en una forma estrictamente religiosa y privada y con la discreción, que el asunto exige; más todavía: traten de inculcar a las familias el deseo de hacer ese traslado lo antes posible, para que Vds. tengan el consuelo de saber que en los límites de su jurisdicción no ha quedado una sola víctima fuera de la tierra sagrada[214].

 

      Ez dakigu Gasteizko elizbarrutian ildo horretako dokumenturik egon ote zen, baina hortxe daukagu agintari zibilek jarraitutako kontrako bidea. 1940ko urrian, Beasaingo alkateak Gipuzkoako Causa General-aren Fiskal Instruktore Ordezkariari gutun bat bidali zion, aurreko gutun bat jaso zuela adieraziz, eta lehenago j asota koan zera agintzen zen «bajo ningún pretexto sin oportuno permiso del v.s. [fiscal] se practiquen exhumaciones de cadáveres de personas asesinadas durante la dominación roja, cuyos enterramientos se efectuaron en forma colectiva en zanjas o fosas abiertas al efecto, dentro o fuera del cementerio»[215]. Horrela, senitartekoek ahaideak fusilatu zizkienetik desiratzen zutena, hots, gorpuak hobietatik atera eta duintasunez lurperatzea, bazterturik geratu zen luzarorako.

      Gatazka zibilaren oroitzapena bizirik egon zen gerraostean, baina SOeko hamarkadako lehenengo urteetan nabarmendu zen. José Arteche izugarri oinazetu zuen bizitakoak, eta bere memoriak egoera hari egindako erreferentziaz josirik daude. «La guerra, siempre la guerra civil» idazten zuen ezin ahaztuz ikusitakoa; bestalde, hizkera gerrazalea erabiltzen jarraitu zela aipatzen da memorietan, baita Eliza Katolikoan ere; esaterako, Azpeitiko Loiolako basilikan, 1954ko uztailaren 31n, jesulagun batek honakoa esan omen zuen: Jesusen Konpainia prest zegoela odol gehiago isurtzeko beharrezkoa bazen. Epaileak, militarrak, agintariak, poliziak eta zentsuratzaileak azaltzen dira maiz liburuko orrialdeetan. Artecheren lagun gehienek gerrari buruzko egunkaria ez argitaratzeko aholkatu zioten. Artechek zenbait komunikabidetarako idazten zuen, ta berak ere bere burua zentsuratu zuen bi urte lehenago, José Eguino Santandergo gotzainaren sermoia transkribatu zuenean. Aipaturiko hitzaldian, Eguinok ahanztura predikatu zuen, antza, gerra-garaian euskal abertzaleen laguntzari esker lortu zuela bere elizbarrutitik ihes egitea berak ahaztuta. Honako hitzak erabiliz eskatu zuen iragana ezabatzeko: «al olvido de los trágicos recuerdos de la fratricida guerra civil y de las cosas ocurridas en el país durante la misma» (Arteche, 1977, 69).

      Ezinezkoa zen gertatutakoa ahaztea, hantxe baitzeuden begien bistan “Jaunarengatik eta Espainiarengatik hildakoei” eta “Gurutzadaren martiriei” idazkiak, Altxamenduaren Eguna, Garaipenaren Eguna eta matxinatutako gudarostearen esku eroritako herrien “liberazioarena” egutegian. Elizak eta kaleek garaileen memoria azaltzen zuten elizkizunak ospatuz, jaialdiak antolatuz, plakak ezarriz edo “gorri separatistaren grinak” hildakoen gorpuzkiak leku egokiagoetara aldatuz. Bien bitartean, hildako errepublikarrek, bereziki “legez kanpoko” errepresioa pairatu edo bizia borrokan galdu zutenek, lurperatze duinik izan gabe jarraitzen zuten.

      Paradoxa bada ere, Valle de los Caídos-eko lanak amaitzean aldatu zen egoera, ia hogei urtean preso politikoek edo arruntek egin zituzten lanak bukatu zirenean[216]. Eraikin ikaragarri hau 1959ko apirilaren 1ean inauguratu zen eta Gurutzadaren memoriari egindako azken eskaintza zen, baina beste asmo bat ere bazuen: «dar en él sepultura a quienes fueron sacrificados por Dios y por España y a cuantos cayeron en nuestra Cruzada, sin distinción del campo en que combatieron, según impone el espíritu cristiano de perdón que inspiró su creación, siempre que, unos y otros, fueran de nacionalidad española y religión católica» (Gil Andrés, 2006, 411). Asmo hori gauzatu ahal izateko, Gobernazioko ministerioak zirkular bat bidali zien Gobernu Zibil guztiei bi zerrenda egiteko eskatuz: lehenengoan, gerran edo errepublikarren esku hildako alde nazionaleko kideak jasoko ziren; bigarrenean, berriz, kanposantu katolikoetan zeudenak sartuko ziren, beti ere beren senitartekoek onartzen bazuten gorpuzkiak Guadarramako mendilerroan eraikitako santutegira eramatea. Espainiako udaletxe guztietara bidali zen zirkularra eta udaletxeetako iragarki-tauletan jarri zen, baina ez zuen arrakasta handiegirik izan. Frankisten esku hildako pertsonen ahaideek ez zituzten beren senitartekoen gorpuak hara eraman nahi, gainera, oso zaila zen zehaztea nortzuk ziren pertsona horiek eta non zeuden lurperaturik. Agerian zegoen ez zela senide eta adiskideen etxeetatik desagertu hildakoen oroitzapena, ez eta lurperatu zituzten lekuetatik ere.

      Horren aurrean, kasu askotan, gorpuak inongo baimenik gabe ateratzea izan zen harturiko erabakia. Beraz, ez da harritzekoa zehazki ez jakitea kripta madrildarrean zenbat gorpu dauden, 35.000 inguru, izan ere, txukun, banaka-banaka kokatutako gorpuzkiekin batera, beste hainbat batera ontzietan jarri zituzten eta ezezagunak bezala inskribatu ziren[217]. Azken horiek, kasu askotan, borroka-guneetako hobietatik eraman ziren, baina baita nazionalek egindako lurperaketa klandestinoetatik ere. Berez, lan honetan zehar Hernanin lurperatutako pertsonen kopuruari buruz erabili dugun erreferentzia tokiko Guardia Zibileko kaboak egindako idazki baten kopia da, 1958ko ekainaren 17koa, Udal Agiritegian dagoena eta, ustez, udaletxetik, gorpuzkiak lekuz aldatzeko egindako deialdia zela eta, Gipuzkoako Gobernu Zibilera bidali zena. 1960an, gorpuak biltzeko ahaleginean jarraitzen zuen erakunde horrek[218].

      Gerran hildakoen gorpuak berreskuratzeko ahaleginek Franco jeneralaren oroitzapen zaharrak piztu omen zituzten; izan ere, bere izena daraman eta bere agiritegia zaintzen duen fundazioak dosier bat gordetzen du, non nazionalek hildako euskal apaizen heriotzen gorabeherak azaltzen diren[219]. Txostenak ez du datarik, baina 1959ko hasieran koka dezakegu, 1959ko urtarrilaren 28ko data baitarama Sagarna apaizari buruz entregatu zen beste idazki batek[220]. Ez dirudi oso zehatza denik, aita Román, Zornotzan hil zutena, Hernanin lurperatuta dagoela baitakar, edo Aitzol eta Adarraga 1936ko abuztuan fusilatu zituztela eta Martin Lekuona urriaren 28an Oiartzunen hil zutela; era berean, “aita Lupo” izeneko bat aipatzen da, hau ere Hernanin lurperatua, baina zehaztasun gehiagorik gabe, eta baliteke aita Lucus Aramendia izatea, bere fitxa horren aurrekoa baita. Agian, 15 elizgizon (aita Bombín falta da) biltzen dituen zerrenda honetako gauzarik harrigarriena da, Jorge Iturricastillo salbu, denak agertzen direla Hernanin lurperaturik. Arin, Marquiegui eta Guridiri dagokienez, Oiartzunen fusilatu zituztela zehazten da, baina Hernanin lurperatu zituztela. Ez dakigu baieztapen hori sinets dezakegun, hori baita daukagun era horretako berri bakarra, eta, dagoeneko aipatu dugunez, ez du ematen Lucus edo Románen gorpuzkiak Hernanira ekarri zituztenik. Sagarnaren kasuan, ondo baino hobeto dakigu bere gorpuzkiak Zamalloako hilerrian daudela.

      Lekuz aldatzeari buruzko datua egia izateko aukera lotuta egongo litzateke Valle de Los Caídos amaitutakoan gertaturiko gorpuen mugimenduekin. Lehenago adierazi dugun legez, Gobernu Zibilek egin zituzten tramiteak gorpuzkiak Madrilera eramateko, eta ez zuten beti arrakasta izan. Aranzadi Zientzia Elkarteak basilikako lurperaketen erregistro-liburuetan egindako lehen ikerketa baten arabera, hainbat udalerri euskaldunetatik eraman ziren gorpuzkiak: ehun hezurdura Gasteiztik eta beste hainbat Donostiatik. Alabaina, ez da aipatzen Hernanitik eraman zirenik. Gai honek eztabaida piztu du ikertzaileen artean, izan ere Aranzadik Hernaniko hilerrian 2003an egindako azterketa arkeologikoan, gorpuzkiak lekuz aldatzeko kutxa bat azaldu zen, Valle de Los Caídosera eramateko gomendatzen zenaren berdina. Historialari batzuen aburuz, baliteke Hernanitik gorpuzkiak eramatea ‘‘santutegi frankistako” liburuetan jaso gabe. Ez inskribatzeko arrazoia hildakoen artean apaizak egotea izan liteke. Guk ez dugu uste hipotesi hori zuzena denik, ez baitu zentzu handirik apaizak hil eta 20 urtera, gertakari haiek estatuan eta nazioartean izandako oihartzuna kontuan hartuta, agintari frankistak horrelako isiltasunarekin ibiltzea. Agian Oiartzundik egindako lekualdaketak azal dezake kutxa Hernaniko hilerrian azaltzea.

      Oiartzungoa, Artikutzako errepidean kokatutako hilobia izan zen ofizialki baimendutako lehen desehorzketaren lekuko, hots, Gipuzkoan gerra hasi zenetik ateratako lehenengo hildakoak izan ziren[221]. Inguru haietako biztanleek Katin-Txiki deitzen zioten leku horri. Bigarren Mundu Gerran izandako sarraski handienetarikoaren herrirako egokitzapena zen emandako izena; hain zuzen ere, sobietar tropek Katyn herri errusiarrean milaka ofizial poloniar hil zituzten (guztira 22.000, iturri batzuen arabera), lurralde hartako gizarteko buruak desagerrarazteko asmoz; aipatutako lurraldea Alemania naziaren eta Sobietar Batasun estalinistaren artean banatua zegoen. Ezberdintasun kuantitatiboa dela eta, edozein alderaketa egitea zaila litzateke, baina erabilitako deitura borrero frankistek eragindako minaren adierazgarria da. Gorpuak lurretik ateratzeko lehen saiakerak 1940. edo 1941. urteetan koka ditzakegu, lur haien jabeak gorpuak leku sakratu batera eraman zitzatela eskatu zuenean, baina Javier Laucirica Gasteizko Apezpiku Laguntzaileak herrira egindako bisitak ez zuen emaitza positiborik izan.

      Gaia geldirik egon zen 1957ra arte. Urte horren hasieran, otsailean, ekitaldi bat egin zen Errenterian José Caballero Gipuzkoako Diputazioko lehendakariaren omenez, eta bertan, bere txapel gorria herrian ospetsua zen errekete bati jarri zion Caballerok. Gerra Zibilean bi aldeetako pertsonak salbatzea lortu zuen enpresari bat zen Joaquín Zubiria, eta gertakari horrek oroitzapenak esnarazi zizkion. Zubiriak gutun bat idatzi zion Caballerori egindakoa salatuz, denen ahotan baitzebilen errekete hark gerra-garaian kalte handiak eragin zituela. Nahiz eta ez den gertatutakoari buruzko zehaztasun handiegirik ematen, Zubiriak Diputazioko lehendakariari jakinarazi omen zion oraindik behar bezala lurperatu gabe zeuden pertsonak bazirela, eta berak horien senitarteko batzuk ezagutzen zituela, eta haiekin harremanetan jar zezakeela. Caballerok ez zion erantzun, baina egun batzuk geroago, Zubiriak Juan Sesé erbesteratutako apaizarekin egin zuen topo, eta horrek, gertatutakoa jakitean, Donostian eratu berri zen elizbarrutiko bikario nagusiarekin, Bereziartua gotzainarekin, Probintziako Osasun Institutuko zuzendariarekin, eta Oiartzungo parrokoa zen Daniel Urangarekin hitz egin zuen. Horrela, bikario nagusia eta Osasuneko probintziako ordezkaria Oiartzunera joan ziren hobia aztertzera. Azterketaren ostean, errespontsu bat errezatu eta ordezkariak gorpuzkiak lekuz aldatzeko erraztasunak emango zirela adierazi zuen. Baina gehiegi luzatu ziren tramiteak. Gotzainak berak Francorekin hitz egin zuen Donostian egon zenean jenerala abuztuan, eta Estatu Buruak baimena eman zuen aldaketa egiteko, betiere era diskretuan egiten bazen, eta, horrez gainera, senitartekoek Valle de Los Caídosera eraman nahi bazituzten gorpuzkiak, bazutela aukera adierazi zion.

      Gerrako garaileak, ustez, hala agindu arren, ez zituen tramiteak azkartu eta, azkenean, 1957ko azaroan, Zubiriak bi lore-koroa eraman zituen Katin-Txikira. Lehenak “Etzaudete aztuta” zioen eta bigarrenak “Dios no os olvida” [Jaunak ez zaituzte ahaztu]. Hobia hantxe zegoela publikoki adieraztea zen asmoa. Hurrengo egunean, Zubiria, José de Artecherekin batera, koroak nola zeuden ikustera abiatu zenean, beren lekuetatik kendu eta inguruan bota zituztela ikusi zuten[222]. Loreak berriro jarri ostean, Zubiria hobira itzuli zen eta ohol batean idatzitako inskripzio batekin egin zuen topo: “Dios está con Franco” [Jauna Francorekin dago], Gauzak horrela, Zubiriak Guardia Zibilarengana joateko agindua jaso zuen. Zubiriak egindako kudeaketen berri eman ostean jakinarazi zuen sei hilabeteko epean gorpuak ez baziren aldatzen, gurutze bat kokatuko zuela hobian. Denbora gutxira, poliziako komisarioak adierazi zion José María del Moral gobernadore zibilak gorpuak hiru hilabeteko epean leku sakratuan lurperatzeko ardura hartu zuela. Egoera politikoa korapilatu egin zen 60ko hamarkadako lehen urteetan, José Antonio Agirre lehendakariaren heriotzarekin eta 339 apaiz euskaldunek sinatutako gutunarekin, non euskal herritarrentzat askatasun eta errespetu gehiago eskatzen zuten, baina azkenean, 1960ko urriaren 25ean, langileek eta hara joandako talde handi batek zortzi gorpu atera zituzten hobitik eta Oiartzungo kanposantura eraman. Gutxienez beste hainbeste hobian geratu ziren, inoiz helduko ez zen bigarren aukeraren zain.

      Alderdi errepublikarreko hildakoak bigarren mailako hildakotzat hartzeak eta hilobi komun asko mantentzeak exekuzioen bidegabekeria eta bazterketa mingarria zegoela nabarmendu nahi zuten zurrumurruak sorrarazi zituzten. Markinan gertatu omen zen mirariari buruzkoa izan zen gehien hedatu zena, José Sagarna apaiza hil zen lekuaren inguruan. Zurrumurruaren arabera, mendian lurperatu omen zuten Sagarna, okerra den datua[223], zuhaitz ihar baten ondoan, eta zuhaitzari adarrak, hostoak eta fruituak atera omen zitzaizkion. Gainera, gorpuzkiak lurpetik atera zituztenean, usteldu gabe zeuden. Franco jeneralaren mahaira heldu zen txostenak Sagarna Celestino Onaindiarekin, euskal abertzaletasunarekin eta, bereziki, klero separatistarekin nahasten zuen, eta gertakari haiek propaganda moduan erabili zirela zioen, lurperatu zuten leku hartara jende asko erakartzeko[224].

      Era batera edo bestera, hildakoen oroitzapenak euskal gizartean iraun zuen eta oso era xumean lehen ekitaldi publikoak egiten hasi ziren haien oroimenez. Horrela, 1959ko urriaren 4an, Urnietan misio espiritualen aste bat ospatu zen eta gurutze-bideetako batean Miguel Zubiaga jesulagunak (Ondarretako kapilaua izandakoa) errotik heldu zion gaiari: «abordó claramente el problema. El efecto fue impresionante» (Arteche, 1977, 116). Urnietan matxinatutako militarrek eta beren aliatuek 18 pertsona fusilatu zituzten, gehienak elizara joan ohi ziren katolikoak. Artechek bere egunkarian idatzi zuenaren arabera, batzuk elizgizon zahar batek salatu zituen eta haien hileta-elizkizunak artean ospatu gabe zeuden. Familia batzuek Elizarekin zuten harremana hautsi zuten eta ordutik aurrera ez zuten eliza berriro zapaldu. Bi urte geroago, Artechek kontatu zuen nazionalak Urretxura sartu zirenean hil zituzten 11 lagunen omenez egindako elizkizunak nolako oihartzuna izan zuen. Honela deskribatu zuen: «Su delito consistió en cometer la ingenuidad de quedarse. Asistió un gentío; algunos que no pisaban la iglesia desde hace veinticinco años».

      Aldaketa politikoek berek eta gerra lehen pertsonan bizi izan ez zuten belaunaldiak 60ko hamarkadan azaltzeak gerrako hildakoen oroitzapenarekiko jarrera berria eragin zuen. Euzko Alderdi Jeltzaleak Gudari Eguna ospatzea erabaki zuen gerrako hildakoen omenez. 1965eko urriaren 7an ospatu zen lehenengo aldiz. Beste adierazpen ospetsu bat Arrasaten 1967ko martxoan gertatutakoa izan zen. Egun horretan, ezezagun batzuek parrokiako hormetan alderdi frankistako hildakoen omenez jarrita zegoen hilarria puskatu egin zuten. Egoeraz baliatuz, kabildoak gobernadore zibilari eta gotzainari eskatu zien hilarria berriro jartzeko baimenik ez emateko, batez ere horrek beste aldean hildakoak baztertzen zituelako, horien artean parrokoa eta bi apaiz laguntzaile. Gotzainak hilarria berriro jartzeko baimenik ez zuela emango agindu zuen, baina gobernadore zibilaren presioaren ondorioz amore eman zuen. Gobernazio, Justizia eta Informazio eta Turismo ministroek idatzia berriro jartzeko eskatu zioten gobernadoreari eta horrek gotzainari. Erreketeek eta falangistek irain-kitatze ekitaldi bat ospatu zuten martxoaren 12an, baina tokiko apaizak ez ziren joan. Parrokoak, gainera, elizaren atarian ezarritako lore-koroa batzuk kendu zituen eta horren ondorioz gobernadore zibilak 25.000 pezetako isuna jarri zion. Horrela piztu zen eztabaida berri bat agintari politikoen eta erlijiosoen artean, izan ere, azken hauek, Vatikanoko II. Kontzilioan onartutako irakaspenen berri emanez, adierazi zuten ez zietela aterperik eman nahi erlijioarekin zerikusirik ez zuten kontuei, «[a] todos aquellos signos, ajenos a la vida religiosa, que pudieran servir de motivo de discrepancia y de escisión entre los fieles de la comunidad parroquial» (Esnaola & Iturraran, 1994, 759-767). Hurrengo asteetako mezetan Gerra Zibilean hildakoengatik otoitz egiteko eskatu zuten Arrasateko apaizek (Barruso, 1996a, 207-208).

      Alabaina, hutsegitea izango litzateke pentsatzea biktimen ahaide guztiek hartu zutela parte memoria berreskuratzeko mugimenduan. Horietariko askok ez zuten gaiari buruz hitz egin nahi, pertsona maiteak galtzeak eragindako samintasuna gainditu ezinik edo agintarien eskutik ondorio latzak jasateko beldurrez. Francoren heriotzak indarberritu egin zuen senitartekoen oroitzapena eta, nahiz eta asko izan ez, euskal prentsak artikulu batzuk argitaratu zituen Gerra Zibilaren atzetik heldu zen errepresioari buruz. Punto y Hora de Euskalerria astekaria nabarmendu zen gehien aipatutako lanean. Baina beldurra eta ziurtasunik eza, gorrotoak eta gerraren oroitzapenak areagoturik, gailendu egin ziren iritzi publikoaren zati handi batean, eta lehentasuna eman zitzaion “inoiz gehiago ez” printzipioari, ordenari, egonkortasunari eta moderazioari; aukera hori sendotu zuten Elizaren ekintzak eta gizarte espainolaren eta euskaldunaren zati batek zuen ongizate-egoerak. Hala eta guztiz ere, klima politiko berriak ordura arte era klandestinoan egindako jarduera publikoki egiteko aukera eman zuen: hildakoen gorpuak berreskuratu. Hain zuzen ere, exekuzioak gertatu ziren unetik bertatik, beren senitartekoen gorpuak non lurperatu edo abandonatu zituzten jakin zuten ahaideek berreskuratu egin zituzten, isilpean, leku sakratu batera eramateko. Diktadorea hil zenean, publikoki aitortu zen hildakoei zor zitzaien ohorea eta haien kausa omentzeko saioak hasi ziren. Jarraian xehatuko dugun Hernaniko kasuaz gain, 1978ko ekainean Pikoketan fusilatutako milizianoen gorpuak berreskuratu ziren, eta Irungo hilerriko mausoleo batean lurperatu zituzten. Monolito bat kokatu zen inskripzio batekin eta urtero egiten zaie omenaldia. Ez zen gorrotorik, mendekurik, ezta justizia egiteko eskakizunik ere ageri ekimen haietan. Jasandako sufrimendua publikoki aitortzea eta ahaideen izenak berreskuratzea zen asmoa. Memoria Historikoaren mugimenduak azken urteotan (demokraziarako trantsizioa hasi eta hiru hamarkadara) lortutako garrantziak adierazten du egindako lana amaitu gabe geratu zela Espainian.

 

 

Trantsizio politikoa eta fusilatuen gorazarrea

 

      1977. urteak hamaika albiste erditu zituen. Adibidez, azarean, Euskal Herriak bi urte bete zituen diktadorearen hatsa sumatzen ez zuela, baina izan zen beste berririk. Maiatzean, Juan de Borbónek, Alfonso XIII.aren semeak, uko egin zien zituen eskubide dinastikoei bere seme Juan Carlos La egungo erregearen mesedetan. Ekainean, berriz, diktadura osteko lehen hauteskunde orokorrak egin ziren: Adolfo Suárezek (UCD) erdietsi zuen garaipena. Hiru hilabetera, irailean, milioi bat pertsonak Kataluniarako autonomia aldarrikatu zuten Diadan. Hil berean, eskuin muturrak El Papus aldizkariaren aurka egindako atentatuan pertsona bat hil zen. Ohikoak izan ziren sasoi hartan eskuin muturrekoen erasoak eta Euskal Herriak ere pairatu zituen bereak. Frantzian, erbesteraturik urteak eman ondoren, Josep Tarradellas Kataluniara itzuli zen, urriaren 23an. Bi egun geroago, Espainiako alderdi politikoetako buruek Moncloako Paktuak adostu zituzten, hau da, Espainiako egoera ekonomiko larria bideratzeko egitasmoa. 1977. urtearen erdi aldera, inflazioa % 44koa zen eta langabezia gorantz zihoan. Urriaren 27an, Espainiako parlamentuan, Paktuak bozkatu eta onartu egin zituzten.

      Euskal Herria ur nahasietan murgildurik zebilen. Baita Hernani ere. Herriko egoera soziopolitikoa ez zen batere samurra. Krisi ekonomikoa begirada zorrotzak luzatzen ari zitzaion populazioari, eta langileek, lan-duintasuna eskatuz, hamaika greba egin zituzten herriko lantegietan. Jendeak ondo presente zituen urtebete lehenago Gasteizen izandako bost hildakoak eta ehundik gora zaurituak. 1976ko martxoaren 3an, langileak Asisko San Frantzisko elizan egiten ari ziren asanblada indarrez eten zuen poliziak eta aipaturiko ondorioak izan zituzten. Alabaina, 1977ko urte-hasiera nahiko koloretsua izan zen Hernanin. Urtarrilaren 20an, bezperan Donostian ikurrina lau haizetara zabaldu ondoren, San Sebastian egunean, arrastian egindako ezohiko hilera baten buruan, Hernaniko udalbatzak ikurrina jartzea erabaki zuen. Udaletxeko balkoian, Espainiako eta herriko banderen ondoan, aspaldiko partez, ikurrinak lekua hartu zuen. Udalbatzak urte hartan beste erabaki esanguratsu bat ere deliberatu zuen, Espainiako plaza izena kendu eta Hildako gudarien enparantza jartzea. Betiko alderdiek Adolfo Suárezek proposatutako hauteskundeetan parte hartzea onartu zuten bitartean (emaitza onak lortu zituzten), ezker erradikalenak erreformen bidean sartu edo hausturaren bidean mantentzea eztabaidatzen jarraitu zuen. Urriaren Sean, EIA, EK, EKA, ESB, HASI, LAIA, LC, LKI eta OICk egin zuten hilera Hernanin. EAJren eta PSOEren arteko aurreakordio autonomikoa gaitzesteaz gain, euskal ezkerraren aldeko aldarrikapena egin zuten.

      Beste leku batzuetan gertatu zenaren antzera, Hernanik ere eskuin muturreko indarren erasoen berri izan zuen. Urriaren 8an, David Salbador taxista hil zuten Andoainen; 27an, berriz, Pedro Mari Goikoetxea iturgindegiaren aurka lehergailu batek egin zuen eztanda. Triple Ak hartu zituen bere gain bi ekintzak. Santa Barbara mendiko harrobia ere ahoz aho ibili zen. Hogeita hamar urtez ustiatu eta gero, harrobiko leherketak amaitzeko bidean zirela zabaldu zen. Udala kalte-ordainengatik kopuru ekonomiko handi bat emateko prest izanez gero, ez zuela inongo oztoporik ikusten ustiatzea bertan behera uzteko esan zuen harrobiko jabeak, Aranburu Harrobia enpresako buruak hain zuzen ere.

      Gorabeheratsua izan zen 1977. urtea Hernanin: egoera politikoa zela, langabezia zela... Horrez gain, adinean aurrera zihoazenek oso presente zuten Gerra Zibilean bizi izandakoa; ia berrogei urte lehenago gertatutako egoera samingarria. Ezin zituzten ahaztu herriko hilerriaren atariko hormatzarrean fusilatu zituztenak 1936ko altxamenduaren ostean.

 

 

Lehen omenaldi publikoa, 1977ko urriaren 30a

 

      Fusilatuak omentzeko, 1977ko urriaren 30ean oihartzun handia izan zuen ekitaldia egin zen Hernanin. Aurretik ere izanak ziren beste batzuk. Denak isilpean. Gerra Zibilean fusilatutakoen alde 1977an egindako ekimena irekia eta publikoa izan zen. Urteetako isiltasuna haustearren, ez ziren gutxi izan, orri zuri baten aurrean jarri eta memoria historikoa berreskuratzeko asmoz, iritzia azaldu zutenak. Izan zen, 1936an, “Gurutzatu”ek 300 pertsona inguru fusilatu eta lurperatu zituztela adierazi zuenik. Baita, odolez jantziriko gertakari hura, ahapeka kontatu behar izaten zela gogorarazi zuenik ere. Bizikidetza eta errespetuzko bizitza bat hasteko injustizia bat konpontzea ezinbestekoa zela ere idatzi zen: “guztion arteko bakea, bizikidetasuna eta harmonía bultzatzeko”. Era berean gogorarazi zen, bizitza berri bat hasteko komenigarria zela hildakoen aldeko ekintza bat egitea. Hona hausnarketa pare bat.

 

      Pocos niños de Hernani han olvidado aquello. [...] Hernani ha permanecido en silencio hasta ahora. Las flores frescas que de vez en cuando han ido apareciendo en la fosa común han roto ese silencio, si es que las flores pueden acallar ese silencio [...]. Nunca se permitió ninguna celebración religiosa. Nunca apareció frase alguna de respeto en la prensa. Siempre se ha tratado de muertos clandestinos. Y ya ha llegado la hora de que públicamente se paguen esos insultos, ya que a ninguno de esos 300 se les ha imputado la muerte de alguien o el robo de algo[225].

 

      Bigarrenak ere oroitzearen garrantzia azpimarratu zuen:

 

      Berrogei urte zaarrago geranontzat, ta ordun ogeitaka gendunontzat, bien hitarte ontan, makiña gertakizun ikusi eta bizi degu. Berrogei orte oietan geren buruak makurtuta eduki izan gendunok, ze nolako naigabetasunak nabaitu ditugu. Izkillupean egon bearra, minori txiki eta arroak menperatuak, ta gure txepeltasunak, ederki maniatu dituzte oiek. Orain, gaur, askatuago bizi gera ta baztertuta egon dirán trapu zikiñak aziak dira agertzen. Agerpen oiek ordea ez dira orain arte arro ibilli dirán oien aurkako, baizik; gogoratzeko, ta zer egin zuten adierazteko berrogei urtetik berako jaio diranentzat.

      Zer egin zuten? Guazen geldika gogoraztea ez dakitenari. Amalau apaiz erail zituzten. Guziak euskaldun onak. Bere erria maite zutenak. Zer erru zuten? Gaur eguneko ezer ez, baiñon, une aietan gorrotoz beterik zetozten pizti aientzat, naparru aldetik, aitzeki gutxi.

      [...] Ernanin izan giñan lengo igandean. Bertan bost milla batu giñan eta mesa entzun ondore, guziak joan giñan kanposantura. An zeunden bazterrian, lurpean ilera ura lorez eztalita.

      [...] Gaur ordea erriak ikusi du nolako kalteak egin zituzten gure arerioak. Zenbat bizi gera ordun gazte giñanak? Egunetik ogeita amar? Genontzeko irurogeita amar oiek ez zuten ezer ikusi, ta ez naiz arritzen, askok ez jakitea gure une aietako estuasunak. Irakurri zuk gazte. Or daude liburuetan eta oraindik idatziko diranetan ere irakurri ta jakingo dezute zer egin zuten besteak. Eta ori, gure portamen izanik ain garbia, ain zuzen jokatua, iñuri kalte egin eza[226].

 

      Omenaldiak bultzatzaile bi zituen. Alde batetik, Jose Eusebio Iraola Iparragirre (1912-1990), herriko parrokoa, fusilatuen aldeko kripta bat eraikitzea proposatu zuena. Bestetik, Euzko Alderdi Jeltzaleak kriptaren irekiera aprobetxatu zuena omenaldia berak egiteko.

      Eusebio Iraolak gerra kontuetan zuen interesa ez zen kasualitate hutsa. Alegiarra jaiotzaz, Gerra Zibilak Gebaran (Araba) harrapatu zuen, frankisten aldean. Alde frankistaren armadan, Burgosen eta Azpeitian aritu beharra izan zuen kapilau-lanetan. Azpeitian zegoela, gudariak Santoñan errenditu zirela jakin zuen, 1937ko ekainean Bilbo utzi ondoren. Auto bat laguntzaz betetzen ari zela, norbaitek ikusi eta zigortu egin zuten. Ondorioz, Andaluzian eman behar izan zuen denboraldi bat. Gero, urteak igaro zituen Lorenzo Bereziartua Balerdi (1895-1968) monsinorearen laguntzaile gisa. 1965eko uztailaren lln, Hernaniko San Joan Bautista elizako parroko izendatu zuten. Don Eusebio izango zen hernaniarrentzat.

      1977ko uztailaren 13an, eskaera bat egin zuen udaletxean. Idatziak hala dio:

 

      Existe, en el lado sur del cementerio municipal de Hernani, un lugar donde hace 40 años un grupo de personas (200) fueron enterradas, entre ellas había varios sacerdotes, sus nombres aparecen escritos en la pared;

      Durante este largo tiempo se ha pensado alguna vez en arreglar esa ignonimia.

      Debido a la situación política y social que todos conocemos, no se ha podido llevar a cabo ningún plan para acabar con esa situación.

      Parece ser que de aquí a cuarenta años podría realizarse un proyecto que diera fin a esa situación.

      Se trataría de, manteniendo la situación actual (monumentos conmemorativos, etc.), crear un panteón-cripta en todos aquellos lugares donde se encuentran los cadáveres; mediante una cristalera se elevarían un poco las paredes, de manera de que quedaran a la vista las montañas y paisajes de alrededor, y se cubriría para que quedara como un espacio verde parecido a un jardín.

      El plan ya ha conseguido el beneplácito de los señores obispos.

      La financiación del proyecto quedaría a cargo de la parroquia de San Juan Bautista.

      Por todo esto, por la confianza que en usted tengo depositada, le ruego tenga usted la amabilidad de estudiar este proyecto y esta petición y dé el consentimiento necesario para que se lleve a cabo lo antes posible.

      Dios guarde a usted muchos años.

 

      Atanasio Lapazaran, Hernaniko udal aparejadoreak egin zuen txostena entzunda, irailaren 6an, Udal Batzorde Iraunkorreko bilkuran, lehenik eta behin kripta egiteko hilerriko lursailaren jabea udala bera zela gogorarazi zuen udalak. Gero, aho batez onartu zuen Don Eusebioren eskaria. Udalaren eta Gotzaindegiaren onespena izan zuten eraikuntza-lanek eta 1977ko azaroaren amaieran bukatuko zirela aurreikusi zen. Era berean, kriptaren aldeko diru-laguntzen bilketarako hiru kontu korronte zabaldu ziren beste hainbeste kutxatan.

 

      La financiación de los trabajos corre a cargo del clero de la diócesis, las casas religiosas y de los familiares de los allí sepultados. No se desdeñará el donativo de nadie que quiera sumarse a este acto de reparación. Lo que si se evitará, de todas formas, es la participación de los sectores políticos como tales[227].

 

 

Goratzarrea

 

      Udalaren erabakia gorabehera, fusilatuei omenaldia egitea erabaki zuten Hernaniko Euzko Alderdi Jeltzaleak eta EGIk. Orduko egunkari gehientsuenek, batzuk desagertuak gaur egun, nahiko lerro eskaini zizkioten urriaren 30eko ekitaldiari, fusilatuak omentzeko egunari, alegia. La Hoja del Lunesek, astebete lehenago, “Aniversario” izenburupean albiste bat argitaratu zuen.

 

      El próximo domingo, por iniciativa del PNV, se va a conmemorar en Hernani los fusilamientos, unos 250, que tuvieron lugar entre octubre y noviembre de 1936. Se celebrará una misa en la iglesia parroquial de San Juan Bautista por el eterno descanso de todos los muertos, oficiada, entre otros sacerdotes, por el padre Olaso, seudónimo del P. Alberto Onaindia, locutor de Radio París y la BBC de Londres durante el régimen anterior[228].

 

      Data hurbildu ahala, urriaren 26an eta 28an, bi egunkarik, Deiak eta El Diario Vascok, Hernaniko EAJren Uri Buru Batzarraren eta EGIko komunikatua eman zuten.

 

      Os invitamos a la Misa que se celebrará en la iglesia de San Juan Bautista el próximo 30 de octubre, a las 10:30 de la mañana, por todos aquellos que fueron fusilados y enterrados en el cementerio de Hernani hace 41 años, así como por aquellos enterrados en la fosa próxima al lugar sagrado, y por todos los que dieron su vida por Euzkadi. De la misma manera, quedáis invitados a los responsos que se celebrarán en los lugares en que fueron enterrados.

 

      Bitxia izan zen Deian, ekitaldirako bi egunen faltan, azaldu zen albistea: «Aitzol izena duten ume guztiei dei egiten zaie Hernanira datorren igandean, Aitzol zenari —José Ariztimuño Aitzol— omenaldi bat egiteko».

      EAJk eta EGIk egindako gonbitak izan zuen erantzunik. Ekitaldiaren egunaren atarian, PSOEk, UGTk eta Euskadiko Partidu Komunistak deialdiarekin bat egingo zutela jakinarazi zuten. Ekimena serioa eta solemnea izango zela esan zuen prentsak; baita milaka pertsonak parte hartuko zutela ere. Hala izan zen.

      Urriaren 30ean leporaino bete zen fusilatuen aldeko elizkizuna ospatu zen Joan Bataiatzailearen eliza. Apaiz-sorta ederrak hartu zuen parte bertan: Eusebio Iraola herriko bikarioak; Alberto Onaindia Aita Olasok; Emeterio Isasti, orduko pastoral tzako bikario jeneralak; Serafín Esnaolak, Pío Montoyak, Inazio Larrañagak eta Eugenio Arreguik, besteak beste.

      Aita Olasok egin zuen sermoia: euskaraz hasieran eta gaztelaniaz gero. Bildutakoak agurtu eta mendeko bi mundu-gerrek eragin zituzten milioika hildakoak “hilketa negargarri” gisa definitu zituen. Bide batez, apaizak zenbait gauza azpimarratu zituen.

 

      Geuk be esagutu izan degu geure Errian, guda izugarrri eta ikaragarri bat. Oraiñ berrogei ta bat urte, gerra aretan sartuta gengozan. Anaiak anaiean aurka: sue, odola, ondamendia eta gorrotoa ugari. Len, bake-bakean bizi izan giñanak, bat-batera, goizetik gabera ta uste gabe, guda bildurgarri baten sartuta aurkitu giñan. Orduan bizi giñenok, beiñ be ez doguz aastuko egun eta illabete beltz eta larri aiek.

      Gudak amaitzekoan, beti ondorengo esaugarri batzuek geratzen dira, batez ere, ill-erriak, kanpo-santuak.

      (...).Ni askenengo otsaillaren 10’n, erbestean berrogei urte inguru igaro ta nere errira, Euskal-Errira itzuli nintzanean, nere lenengo ikustaldea Hernani’ra, emengo ill-errira izan zan, ñire anai Celestino, apaiza, bertan obiratuta dagolako. Leenengo zartada, garratza izan zen benetan. Nik bainekian, ñire anaia bezala beste asko onetsi gabeko lur-pean obiratuta egozala, egia esateko, ill-erritik, kanpo-santotik alboan. Izen bat edo beste bat irakurri, ta nere barruan gorde nebazan. Emen, Hernani’ko zimiterioan, ez dakit zenbat, eun, berregun edo geiago, lurperatuta dagoz, ixilian, iñori ezer esan gabe, talde moltzoak, denak nastatuta, zerraldo barik, ez izenik ez kurutzarik.

      (...) Lan zikin eta lotsagabeko ori, Hernani’ko erria lo egoala egiten zan. An gertatzen ziran gorpuak lar artean, odoleztuta, basatza artean, txakur illak bezala moltsuan jaurtita. Illda erori ziranen amak, alargunak, ume-zurtzak seguru, euren etxeetan lotan eta bakean ezer jakin gabe. Eta illak, zelako bakartasunean ilten ziran! Familiaren gomuta bat be ez eukien euren ondoan.

      (...) Orrelako gertaera negargarriak toki askotan jazo ziran egun aretan. Bi edo iru bider geiago izan ziran, errietan, atze-aldetan, gudu-tokietatik urrun ill ebezanak, gudan bertan baiño. Eriotza orreik bi aldetan gertatu ziran. Eta oraiñ, entzun: Ez da esagututen, gudari abertzale batek be iñor ill ebanik. Gure gudariak, abertzalek, euren eskuak garbi euki ebezan beti.

      Adiskideok, gu ez gara etorri gaur eliza onetara, iñori kontuak eskatuten. Ori Jaungoikoak egingo dau. Ez dakigu noiz, baiña zigur, egun baten. Guk ez degu gorrotorik, ez da mendeku edo bengantza nairik be.

      (...) Ez dakit, aspaldian, bizitzeari zor diotzegun lotsa eta errespetua bear den lez agertuten deutzegun Euzkal-Errian. Eta ez bakarrik gure bizitza, bai-ta lagun urkoana be balio aundikoa da. Gu ez gara bizitzearen jaubeak; Jaungoikoa da. Egi aundi ori sartu daigun gure biotzean, eta batez ere, gure gazte ta umetxuen barruan.

      (...) Eta, zer gaitik etorri gera gaur Hernani’ko errira? Eta, zer gaitik ille onetan, Urraillean? Ba, Hernani’n illak eta obiratuak asko direlako, eta emen sei apaiz illak be euren illobia daukelako. Oneik dira: Martin Lekuona, don Manuel Lekuonaren anai gaztea, José Ariztimuño “Aitzol”, Gervasio Albizu, José Adarraga, Alejandro Mendikute, erri onetako semea, eta Celestino Onaindia. Orren ganez, beste asko ta asko zuen ill-errian obiratuta dagoz.

      Jaunak gura izan eban, euzkotar gogorkeriz ildakoen artean, euzko apaizak be egotea. Eta gabez, illunean, ixillean, izen gabe, kurutze barik ill da, denak alkartuta dagoz samintasun, atzekabe, negar eta oiñaze ta nekaldietan. Ori da kurutzeko anaitasuna. Ori da benetan apaizentzako goresgarri arritzeko bat. Elizak berak, Elizako agintariak eurak ez eben esagutu erri ta apaizen anaitasun orren edertasuna. Egun baten eregiko dira agintari orren begiak.

      (...) Alkar maitatu bear gara, baiñaillerri be eman bear jakueeuren zuzentasuna. Areikillda dagoz, eta gu gera euren abotza. Euren izenian, eskatu nai degu errespetua, garbitasuna, eta kurutze bat. Bai-dakit Donostiako Gotzain Agurgarriak, asmo oneik barru barruan artuta daukezala. Bai-ta zuen elizburu, parrokoak ere. Gure gaurko deia, urrundik entzungo da, eta famili askok poza eta zoriontasuna aurkituko dabe[229].

 

      Elizkizuna amaitu orduko, bildutakoak, hilerrirantz abiatu ziren errezo eta lore-eskaintzak egitera. Ondorengo egunetan ekitaldiaren inguruko hausnarketak ere idatzi ziren.

 

      Las cinco mil personas que hicieron que el pueblo se quedara pequeño visitaron los dos lugares principales donde, supuestamente, enterraron a aquellos que fueron fusilados cruelmente. El camino hacia el campo santo se recorrió en silencio. No se vio ni una sola pancarta o bandera. Don Txomin Onaindia se encargó de las bendiciones. (...) El pueblo vasco demostró, una vez más, que es capaz de perdonar: no se escuchó ningún grito en contra de los verdugos y eso dice mucho sobre el comportamiento y el pacifismo[230].

 

      Handik egun batzuen buruan, herriko EAJk, egitasmoaren antolatzaileak, balorazioa eskaini zuen. Jeltzaleak ekitaldira azaldu zen jende-kopuruaren inguruan uzkur azaldu baziren ere, gustura zeuden ekitaldiaren emaitzarekin.

 

      El número de gente era numeroso, lo que nos indica el deseo del Pueblo Vasco a olvidar todo tipo de violencia y considerar por la vida humana un respeto profundo. Gente procedente de muchos pueblos (de Euskadi) acudió a Hernani para mostrarse solidarios con los familiares de los fusilados y ofrecer un homenaje postumo a la lucha que llevó a cabo el pueblo de Euskadi contra la sublevación de las tropas nacionales en 193 6[231].

 

      Hernaniko kriptaren eraikuntza 1977ko urte-amaierarako aurreikusi bazen ere, omenaldia ospatu eta urtebetera jakinarazi zuen parrokiak kriptaren lanak amaitu zirela herritarren laguntzari esker. Fusilatu askoren familientzat oroimen-gune bilakatu zen kripta. Bertako hormetan jarri zituzten biktimen aldeko oroigarriak, berrogeita hamar inguru, nahiz eta, ikusi dugun bezala, zalantzak egon kasu batzuetan Hernanin fusilatu ote zituzten.

 

 

Urretxu, Elgoibar, Oiartzun...

 

      Hernanikoa ez zen izan Gerra Zibilean fusilatu zituztenen omenez egin zen ekimen bakarra. Bi egun lehenago, Urretxun eta Elgoibarren, berrogei urte lehenago urrian eta azaroan fusilatutakoen aldeko elizkizunak egin ziren. Elgoibarren, 1936an hil zituzten herritarrak izan zituzten gogoan. Baina, bereziki, Celestino Onaindia apaiza. Hernanin fusilatu zutela 41 urte betetzen ziren egunean, haren aldeko elizkizuna egin zen. Celestino Onaindiaren aldeko Elgoibarreko elizkizunean bere anaia Albertok, Aita Olasok, hausnarketa batzuk egin zituen sermoian:

 

      Juiziorik barik, epai gabe, ixillin eta illunian, lotzatuta bezala, ezaugarririk itxi barik. Zartza arte baten, onetsi bako lurrean, txakurrek balitzez lez, izen barik, kurutze gabe, basatz artean...

      Ez dakigu nortzuk ziran eta nun dagoezan eriotza areik agindu ebezanak. Zigur nago, euren barruan, gaur be, bizi ba-dira, Jaungoikoak Kain’eri esaniko itzak entzuten egongo direla: Kain, nun dago Abel, zure anaia[232].

 

      Elgoibarreko eta Hernaniko omenaldien ostean, azaroaren 1ean beste ekitaldi bat ospatu zen Arrasate eta Oiartzungo udalek antolatuta, fusilatu ezagun gehienak bi herri horietakoak izan baitziren. Eguerdian, bost apaizek emandako mezaren ostean, herriko hilerrira abiatu ziren bildutakoak. Txistularien bandaren atzetik, 1936an Pikoketan fusilatu zituztenak gogorarazten dituen monumentua estalgabetu zuten kanposantuan. Aitagure bat errezatu ondoren, Ignacio Aristizabal Oiartzungo alkateak guztion batasunaren premiaren inguruan hitz batzuk esan zituen.

 

 

Arerio maltzurrak...

 

      Kripta amaitu eta zortzi urtera, 1986an, altxamendu militarraren 50. urteurrena ospatzen zela eta, “1936an erailak izan zirenekoen gorazarrerako” izenburupean, Hernaniko udalak, Herri Batasunaren zuzendaritzapean, eskultura bat eraikitzeko lehiaketa publikoa deitu zuen. Uztailaren hiruan, hiru epaimahaikideek Jon Iturrarte Artolaren lana aukeratu zuten hilerrian jartzeko.

      Eskulturarekin batera, esaldi ezberdinak proposatu ziren harrizko horman ipintzeko. «Jaioko dira berriak, gu gera Euskal Herria» (Xenpelar); «Hil zintuzten. Ez ordea, herria. Zuek duzue biziberritu Euskal Herria»; «Herri bezala bizinahia. Gau luze luzea. Zuen odola, herriaren arnas» eta «Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren eusko gogoan toki berezia daukazue» (Elbira Zipitria).

      Azkenean, 1986ko irailaren 18an Kultura Batzordeak egindako bilkuran, bi idatzi ipintzea erabaki zuen, bata euskaraz, eta bestea gazteleraz; «Herri bezala bizinahia. Gau luze luzea. Zuen odola, herriaren arnas» eta «La sangre de los demócratas es semilla de libertad». Bost egunera, Gobernu Komisioak, zinegotzi guztien adostasunarekin, onartu zuen Kultura Batzordearen proposamena, eta ekitaldiaren aurreko egunean, udalak ohar bat plazaratu zuen fusilatuei egingo zitzaien omenaldiaren inguruan.

 

      Datorren urriaren 5ean, hilerrian altxamendu militarraren biktimei omenaldia egingo zaie. Ez da gaizki etorriko gogoraraztea berrehun baino gehiago pertsonek bizitza galdu zutela hilerri honetan edota ingurumarian.

      Hernaniar guztiak, eta era berezi batean familiartekoak (herritarrak edota beste herrietakoak) 50. urteurrenera (1936-1986) gonbidatzen ditugu.

      Gaurtik aurrera, eskultura baten ondean eta haritz baten gerizpean, borrokalari adoretsu haiek leku berezi bat izango dute gure kanposantuan[233].

 

      Herri Batasunak (HB), bere aldetik, «tropa faxistek fusilatutakoen oroimenez» egingo zen omenaldian parte hartzeko gonbita egin zien jarraitzaile eta militanteei.

      Eguerdian hasi zen ospakizuna, hilerriaren sarreran. Txalapartaren ttakun eta ttukuttunen ondoren, Ricardo Mendiola Egaña alkateak hartu zuen hitza. Nahiz eta belaunaldi berriek ez ezagutu gerraren lazturak zuzenean, diktadura militarraren ondorioak «gaurdaino iraun dutenak», herriak ezagutu dituela adierazi zuen. Hildakoak gogoan izanik, «ez dugu gertaturikoa ahantziko. Eta ezta batzuk nahi duten bezala berriro hutsetik hasiko ere».

      Gorazarrea huts bat bete asmoz antolatu zela esan zuen alkateak. «Bidezkoa zen euren izena aldarrikatzea nahiz eta beraietako askok ‘desagertuen’ taldea osatu. Zor bat dugu beraiekiko eta hein batean, gaurtik aurrera, arinagoa izango da betekizun horren pisua». Gero hilerriko kaperaren hormako plaka estalgabetu zuen alkateak. Testuak hala dio: «36-ko gerrakoan, hilerri honetan, berrehun pertsonaz goiti basaki erahilak izan ziren. Askatasunaren alde bizia utzi zuten haiei, oroitzapen eta gorazarre».

      Hilerrira sartu eta monumentu berrian bildutakoek lore-eskaintza egin aurretik, Erketz taldeko hiru dantzarik agurra dantzatu eta Langile Ikastolako gazteek bertso batzuk bota zituzten.

      Hamabi egun eskasen buruan, EAJk omenaldia eskaini zion Hernaniko hilerrian José Ariztimuño Aitzoli; hil zuten 50. urteurrena betetzen zen data berean Hernanin izan ziren, esaterako, Jesús Insausti Uzturre, Xabier Arzalluz eta Joseba Arregi jeltzaleak. Kanposantuko kaperan lore-eskaintza egin orduko, Joseba Arregik (garai hartako EAJko Gipuzkoako GBBko presidentea) fusilatuak gogoraraziz hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei. Ekitaldiaren amaieran Xabier Arzalluzek, EAJko presidentea orduan, «No quisiera que nuestro pueblo volviera a vivir la masacre que vivió» esan zuen. «Hay gente que no quiere mirar al pasado, como si fuera algo muerto, y sin embargo, el pasado, algunas veces, es un ejemplo, que nos empuja al futuro y a intentar mantenernos al servicio de nuestro pueblo»[234].

      Urriaren 26an, gerora askotan errepikatu duen bezala, Eusko Alkartasunak ere omenaldia egin zien fusilatuei. EAkoek fusilatuen oroimenezko kriptan dagoen gurutzearen oinean, «Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren, eusko gogoan toki berezia daukazue (Elbira Zipitria)» dioen plaka ipini zuten.

      Omenaldien segida honek argi adierazten duenez, 1936ko biktimen oroitzapena abertzaleen eskuetan geratu arren, aipatutako erakundeak, Hernanin elkarren aurka oso gogor ari zirenak, ez ziren gai izan hildakoen omenezko ekitaldiak elkarrekin antolatzeko. PSOEk eta PCEk, gaur egun Ezker Batua, izandako bigarren mailako parte-hartzea parametro ezberdinetatik ulertu behar da. Alde batetik, ez zegoen alderdi horietako kide ospetsurik hildakoen artean. Bestalde, Trantsizioan biktimen oroitzapena, itxuraz, adiskidetzearen aldeko diskurtsoarekin bateraezina zen eta komenigarriagoa zen Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren urteurrena ospatzea, PCEren eta inguruko taldeen ondare bihurtuko zen ekitaldia. Errepresioaren auzia ez zen nabarmendu, eta gobernu sozialistak bultzatu zuen jarduera bakarra oraindik bizirik zeuden gudaroste errepublikarreko kide ohiei beren parte hartzea aitortzea izan zen, pentsioak emanez eta armadako gradua onartuz.

      Azkenik, eta Gerra Zibilaren hasieraren 70. urteurrena zela eta, Hernaniko udalak ekintza batzuk antolatzea erabaki zuen. Horien artean, biktimei omenaldia egiteaz gain, identifikatzeko ahalegina egin behar zen. Xede horrekin, Mertxe Etxeberriak (Euskal Herritarrok) zuzendutako korporazioak 2002an Aranzadi Zientzia Elkartearekin hitzarmen bat sinatu zuen indusketa arkeologikoa egiteko, beste hainbat hilobi komunetan erabilitako eredua jarraituz. Aurreneko lanetan ondorioztatu zen hilobi horietako gorpuak hilerria zabaltzeko egindako lanetan mugitu egin zituztela, eta horrek asko zailtzen zuen lan arkeologikoa. Egoera horren aurrean, 2003an hautatutako udalbatza berriak, José Antonio Rekondo (Eusko Alkartasuna) buru zuela, urteurrena egokiago ospatzeko ekitaldien programa zabala eratzea erabaki zuen. Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateari Hernanin 1936an gertatutakoa ikertzeko eskatu zitzaion eta horren fruitua da liburu hau; Carmen Gamboaren liburua argitaratzen lagundu zuen, bertan Hernanin fusilatu zuten bere aita Raimundoren oroitzapenak bilduz; gertatutakoaren inguruko dokumental bat egiten lagundu du, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide den Sabin Egiliorrek zuzendua, eta lehiaketa bat antolatu zen herriko hilerrian hil edo hilobiratu zituzten pertsonak gogoraraziko zituen “oroimenezko monumentu” bat eraikitzeko. Hori guztia udaletxearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanarekin egin zen. Era horretan, azken bi erakunde horiek, Gerra Zibilaren memoriaren auzian inplikatu ziren. Saritutako lana, Argi Horma, Carlos López Cebados eskultorearena, hildako baten biloba, 2006ko abenduaren 8an inauguratu zen Juan José Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria buru izan zuen omenaldian. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak, egungo egoera politikoari erreferentziak egiten zizkion diskurtso batean, ahanzturan oinarrituz ezin dela ezer eraiki adierazi zuen, ez eta amaiera-puntuko legeetan oinarrituz ere, eta elkarbizitzak eta adiskidetzeak ez duela amnesia esan nahi, iraganaren irakurketa kritikoa egitea baizik.

      Nahiz eta ekitaldiaren izaera instituzionalaren inguruan kritika batzuk jaso ziren, izaera hori izan zen, hain zuzen ere, bere berritasuna. Izan ere, pribatua, alderdikoia edo udalera mugatua izan zen aurreko omenaldien izaera. 1980an sortutako Eusko Jaurlaritzak edo Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuten Gerra Zibila edo milaka euskaldunek erakunde errepublikarren defentsan izandako esku-hartzea gogoratzeko diskurtsorik edo praktikarik garatu. Nahiz eta abertzaleen esku egon, ez zuten aipatu gatazka erresistentzia nazionalaren eta erasotzaile atzerritarraren arteko borroka izan zenik ere. Klandestinitatean hasitako Gudari Egunak Franco hil eta lehen urteetan jende ugari bildu zuen, baina beti Euzko Gudarosteak antolatutako ekitaldia izan zen, EAJrekin estuki lotutako erakundea eta, belaunaldi hartako kideak desagertuz joan ziren heinean, ekitaldia garrantzia galduz joan zen. EAJ, EA eta EBren koalizioarekin eratutako gobernuak eta XXI. mende hasieratik aurrera Gerra Zibilean desagertutako eta errepresioa jasandako pertsonen auziak gizartean izan zuen eragin handiak eta Bidasoa Institutua bezalako erakunde batzuen ahaleginak bakarrik aldarazi zuten jarrera, eta horren ondorioz, Jaurlaritzako sailen arteko batzorde bat eratu zen 1936ko gatazkaren hasieraren 70. urteurrenarekin erlazionatutako ekitaldiak eta programak koordinatzeko eta sustatzeko.

      Gertakari horietatik guztietatik azken ondorio bat atera dezakegu. Nahiz eta agintari publikoek nahiko berandura arte ez dieten aitortzarik eskaini fusilatutako ahaideei, eta aipaturiko ahaide batzuek gertatutakoaren aitorpenik ez dela egon uste duten arren, ez dira gertakariak ahaztu; izan ere, hauen oroitzapenak Gerra Zibilaren hasieraren urteurren ezberdinetan egindako hiru omenaldi handitan (1977, 1986, 2006) bizirik iraun du eta oroitzapenerako monumentu ezberdinetan gauzatu da. Nolabait balio izan dute 1936ko udazken urrun eta aldi berean hurbil hartan Hernaniko hilerrian lurperatutako guztien memoriari eusteko.

 

 

 

 

[214] Iruñeko Gotzaindegiko Aldizkari ofiziala, 1939ko azaroa (Azpiazu, 1958, 18).

[215] AHN, Causa General, 1335.

[216] Basilikaren eraikuntzaren gorabeherei buruz, Sueiro 2006.

[217] Fitxen erdiek ¡zen ezezaguna adierazten dute. El País, 2005-4-3.

[218] AGA, 08 3.02, 44/113/0. Memoria del Gobierno Civil de San Sebastián 1960.

[219] Fundación Francisco Franco, 4128. Artxiboan Gerra Zibileko errepresioarekin erlazionatuta dagoen txosten bakarra da.

[220] Fundación Francisco Franco, 21775

[221] Joaquín Zubiria Katin-Txikiko desehorzketaren protagonista nagusiaren lekukotasuna: Euzko Apaiz Taldean, 1981, 339 eta hurrengoak. José Artechek ere, bertan zeharka parte hartu zuena, aurreko faseko xehetasun batzuk ematen ditu (1970, 17).

[222] Ingumetako agure batek koroak berak kendu zituela aitortu zuen, pentsatuz inskripzioak berari zuzenduak zeudela, hildako pertsonen lurperaketan parte hartu baitzuen. Hildakoak “zerrendan zeudelako” exekutatutako martir batzuk ziren. Lekukoaren arabera, hildakoak konfesatu zituzten apaizak egoteak hilketak justifikatzen zituen besterik gabe.

[223] Sagarna Amulategi baserriaren aurrean fusilatu zuten, eta Fancisco Zabalak bertako jabeak hesola bat jarri zuen hil zen leku zehatzean. Amalloako hilerrian lurperatu zuten, EAT, 1981, 283-294.

[224] Fundación Francisco Franco, 21775.

[225] A.E., “Hernani: un cementerio bajo la luna”. Euzkadi 47, 1977-10-26.

[226] E. Ozkin, “Oroimenez”. Euzkadi 53, 1977-12-8a.

[227] El Diario Vasco, 1977-10-30.

[228] La Hoja del Lunes, 1977-10-24.

[229] Labayru Ikastegiko Agiritegia. Onaindia Fondoa.

[230] “Hernani: un necesario acto de reivindicación, Euzkadi 48, 1977-11-2.

[231] Egin, 1977-11-1.

[232] Bere anaia Celestino Onaindiaren oroimenez, Alberto Onaindiak irakurritako sermoia. Elgoibar, 1977-10-28. Labaym Ikastegiko Agiritegia. Onaindia Fondoa.

[233] 1986-10-5. Udalaren idatzia, egunkarietan “leku berezi batean” ager zedin.

[234] El Diario Vasco, 1986-10-18.

 

 VIII. ERREPRESIOA HERNANIKO HERRITARREN AURKA | IX. HILERRIKO KRIPTA ETA MONUMENTUA: IRAGANAREN LEKUKO ISILAK | X. FUSILATUEN NORTASUNA