Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
1936ko udazkena Gipuzkoan
Mikel Aizpuru (Director) / Urko Apaolaza
Jesús Mari Gómez / Jon Ordiozola, 2007

 

VII.
BI EGOERA BEREZI:
GALERNAKO FUSILATZEAK
ETA ELIZGIZONENAK

 

 

Galerna, fusilatze batzuen historia

 

      1936ko urriaren 15ean, Galerna izeneko bakailao-ontzia Baionatik atera zen Bilbora joateko asmotan. Eguerdian abiatu zen Lapurdiko hiriburutik eta barnean tripulazioa eta pasaiariak zihoazen. Horretaz gain, Galernak korreoa eta dokumentuak zeramatzan Bilbora. Gipuzkoako kostaldea frankisten esku zegoen ordurako, baita Pasaiako portua ere, eta barku errepublikarrek kontuz ibili behar zuten haien erasorik ez jasateko; izan ere, errepublikarrak eta frankistak borroka gogorrean ari ziren momentu horretan, kostaldeko itsas trafikoa nork eskuratuko. Arratsalde partean Galerna Pasaiako kostatik gertu pasa zen, 17 miliatara, eta Bilbora bidean jarraitu zuen, pentsatu bezala. Une horretan Pasaiako portutik hainbat ontzi atera zirela ikusi zuten bidaiariek; arrantza-ontziak zirela pentsatu zuten. Baina, laster konturatu ziren artilleriarekin hornitutako bou frankistak zirela. Galerna inguratu eta kanoikada batzuen ondoren, preso hartu zuten ontzia. Iluntzen ari zuen frankistak beren botinarekin Pasaiako portura iritsi zirenean. Ez zen frankistek harrapatu zuten itsasontzi bakarra, baina bai oihartzun handiena izan zuena.

 

 

Bakailao-ontzitik gerrarako ontzi armatura

 

      Galerna Eskoziako Hall Russell ontziolan eraiki zuten 1927an. 1.204 tona pisatu eta 70 metro luze neurtzen zituen osotara. PYSBE enpresak eman zion eraikitzeko enkargua ontziola eskoziarrari (Pardo, 1991, 70). Izenak dioen bezala, PYSBE (Pesquerías y Secaderos de Bacalao de España) bakailao-industrian lan egiten zuen enpresa zen, 1919an Luis Legassek eta Gandióse de Celayak sortua; geroago enpresa anónimo egin zen eta Alfontso XIII.a erregea izan zen bazkide nagusietako bat. Kasualitate hutsa izan arren, merezi du komentatzea bere akziodunen artean César Balmaseda Ortega zegoela, 1936ko urrian Gipuzkoako Junta de Orden Público-ko kidea. Garai haietan Espainiako barnealdeko eremuetan gehien jaten zen arraina bakailaoa zenez, etekin handiak ikusi zituzten industria horren atzean, eta ez zuten hutsik egin. Hasieratik Pasai Donibanen jarri zuten PYSBEren egoitza; bertan zeuden enpresaren pabiloiak, bakailaoa lehortzeko barneak, ontzientzako kaia... alegia, 22.000 m² Pasaiako badiaren erdi-erdian. Datu horrek erakusten du nolako garrantzia izan zuen itsas enpresa honek, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Europan ere, Pasaia kontinente zaharreko bakailao-portu garrantzitsuena bilakatu baitzuen urte gutxian (Tolosa, 2000, 366).

      Langile eta arrantzale asko behar izan zituen PYSBEk lana aurrera ateratzeko. Hasiera batean, bakailao-ontzietan, batez ere Islandiatik eta Frantziatik ekarritako marinelak eta ofizialak aritu ziren, baina euskaldunek eta galiziarrek ordezkatu zituzten pixkanaka, lana nola egin ikasi zuten heinean. Ternuara, Labrador penintsulara, Norvegiako iparraldera, Groenlandiara..., urrutirako bidea hartzen zuten urtean bitan PYSBEko itsasontziek, bertako marinelak soldadutzatik libratzen ziren gainera, denbora luzez aritzen baitziren ur hotz haietan arrantzan. Hotzak eta izoztuak ziren itsaso haiek, eta izotzari aurre egiteko moduko ontziak egin zituen enpresa pasaitarrak, bapore bidez mugitu eta altzairuzko kroskoa zuten itsas makinak, alegia. Elorrek markatu zuen barku horien etorkizuna Gerra Zibilean. Hasierako bi bakailao-ontziak, Euskal-Erria eta Alfonso XIII, frantziarrek egin zituzten. Horren ondoren beste sei ontzi egiteko agindu zuten enpresaren nagusiek: Galerna, Vendaval, Mistral, Tramontana, Abrego eta Bierzo. Bistan denez, denek hartu zituzten haizearen izenak eta 1.200 tonatik gora pisatzen zuten. Funtsean, munduko bakailao-ontzidi onenen artean zegoen PYSBErena garai hartan.

      Gerra Zibila hasi zenean, agintari errepublikarrek ez zuten ontzidi boteretsu hori erabiltzeko aukera galdu. Uztailaren 18an Ternua aldera joateko prestatzen ari ziren bakailao-ontziak, baina abuztuaren 6an Gipuzkoako Defentsa Batzordeak PYSBE enpresaren instalazioak konfiskatu zituen. Irailean, Francoren tropek Irun bereganatu eta gero, ihesaldia hasi zen. Beldurra nagusitu zen zibilen artean eta Donostia eta inguruko herrien ebakuazioari ekin zioten. Bakailao-ontziek milaka lagun eraman zituzten Bilbora, hainbat egunetan; irailaren 12an Galernak eta Vendavalek azkeneko bidaia egin zuten jendez gainezka, eta, kasik aldi berean, nafar erreketeak iritsi ziren Pasaiako portura. Pasaian, konponketak behar zituzten ontziak utzi zituzten soilik, gainerakoak Bilbora eraman zituzten edo bestela Ingalaterrara alde egin zuten, bakailao-arrantzarekin jarraitzeko. Artean, Tramontana eta Abrego ontziak oraindik guztiz eraiki gabe zeuden. Danimarkako ontziola bati enkargatu zizkion PYSBEk eta 1937rako bukatu zituzten. Euzkadiko Gobernuak hainbat ordezkari bidali zituen Danimarkara, ontziak bereganatzeko asmotan, baina Francoren ordezkariak ere han ziren. Horren aurrean Danimarkako gobernuak erabaki zuen gerra amaitu arte ontziak bertan geratuko zirela, ez batzuentzat eta ez besteentzat.

      Urri aldera Errepublikako Gobernuak hainbat gerraontzi bidali zituen Kantauri itsasora, flota frankistari aurre egiteko. Gerra hasi zenetik, errepublikarrek zailtasun handiak izan zituzten Kantauriko kostaldean itsas trafikoa kontrolatzeko, Ferrol-en zegoen Espainiako gudarosteko flotaren gehiengoak bat egin baitzuen altxamenduarekin. Donostia ebakuatu zutenetik, PYSBEko ontzi gehienak Bilboko portuan zeuden, Bizkaiko Defentsa Batzordearen esku. Batzorde horrek erabaki zuen Vendaval eta Galerna ontziak Baionatik Bilborako korreo-lanak egiteko erabiliko zituztela, urrian iritsitako gerraontzi errepublikar horien babesean. Zeregin horretan ari zela harrapatu zuten Galerna ontzia, urriaren 15eko egun lazgarrian.

 

 

Frankistak “arrantzan”

 

      “El buque pirata Galerna es capturado a 18 millas de Pasajes”, (Galerna ontzi pirata Pasaiatik 18 miliatara harrapatu dute). Titular horixe zekarren La Voz de España egunkari tradizionalistak urriaren 16an. Itsasontzi errepublikarra frankisten eskuetan erori izana garaipen handi bat izan balitz bezala ospatu zuten lurrera iritsi orduko, eta prentsa frankistak xehetasun guztiekin kontatu zuen itsasoan gertaturikoa. Virgen de Icíar itsasontzian erreketeak zihoazen, Denis izenekoan falangistak, Alcázar de Toledon (orduantxe liberatu zuten Mantxako hiriburua frankistek) eta Virgen del Carmen ontzietan aldiz, Galiziatik etorritako bolondresak[119]. La Voz de Espadaren esanetan, lau ontziak hurbildu zirenean, Galernak bira egin zuen, baina hainbat kanoikada jotzea nahikoa izan omen zen errendiziorako. Egunkariak zioen ontzi errepublikarrak mezu bat bidali zuela irratiz, eta bou frankistek estualdi latza pasa behar izan zuten gerraontzi errepublikar bat hurbildu zitzaienean. Azkenean, argiak itzalita, ziztu bizian itzuli behar izan ziren portura. Barruan 80 lagun zihoazen egunkari donostiarraren arabera, horietatik 28 tripulanteak eta beste 50 inguru pasaiari, horien artean emakumeak eta haurrak ere bazeuden. Pasaiarien artean hainbat izen ezagun nabarmendu zituen La Voz de Españak eta gainerakoak “miliziar gorriak” izango zirela suposatu zuen (ez zuen argitzen haurrak miliziartzat hartzen ote zituen). Antza denez, dokumentazioz beteriko 150 zaku atzeman zituzten Galerna barruan, eta egunkariak zioen itsasontzia harrapatu aurretik dokumentazio ugari bota zutela uretara bidaiariek. Atxilotuak bi autobusetan eraman zituzten Donostiako Ondarretara, eta tripulazioa, aldiz, itsasontzian geratu zen.

      Hurrengo egunean, hilaren 17an, El Diario Vasco egunkariaren txanda etorri zen. Ez zuen nolanahiko artikulua kaleratu egunkari horrek. Hitz oso gogorrak eta akusazio zuzenak egin zituen Galernan zihoazen pasaiarien kontra eta, batez ere, José Ariztimuño “Aitzol” apaiz abertzalea izan zuen jomuga nagusi: “maltzurra“, “astakirtena” eta “apaiz separatista”, horiek dira El Diario Vascok Ariztimuñori esan zizkion irain gozoetako batzuk. Akusazio gogor haien eta artikuluan jasotako tonu mehatxagarriaren eredu gisara, hemen pasarte bat: «Me cuentan los chismes del barco: al cocinero gordo y lustroso lo llevan como pieza de gran peso, para cuando un barco rojo tarde en hundirse». Diario Vascok Galerna porturatu zeneko bi argazki ekarri zituen bere erreportajean eta horietako batean bidaiari batzuk ageri dira.

      Baina, zein ziren pasaiari horiek? Eta zer egiten zuten itsasontzian? Lehenengo galdera argitzea errazagoa da bigarrenari erantzutea baino. Jakin, badakizkigu itsasontzian zeuden pertsona gehienen izenak, Baionako espainiar Kontsulatuaren txosten batean azaltzen baitira horiek. Horretaz gain, Euzko Jaurlaritzak egindako beste zerrenda bat ere badugu. Nabari da bigarren zerrenda hau presaka egin zela, akats ortografiko ugari baititu, eta gainera hainbat aldaketa azaltzen dira Kontsulatuaren zerrendarekin konparatuz gero[120]:

 

Galernako bidaiarien zerrenda ofizialak

Baionako espainiar Kontsulatua

Euzkadiko Gobernua

Aurora Garrigos

Ignacio Villaverde

Pedro Baras

Maria Velez

Leonor Modrego

Maria Jesús Modrego

José Luis Modrego

Maria Luisa Modrego

Maria Oteiza

Pedro Mari Jauregui

Maria Lourdes Jauregui

Avelino Sala

Aurelio Alvarez

Manuel Guruceaga

Benito Caviña

Juan Antonio Landín Urreta

Zacarias Elustondo Zulaica

Manuel Rivero Flor

Francisco Rivero Perales

Joaquin Cartón Pajares

Martina Garralda

Rafael Pueyo

Pilar Pueyo

Eugenio Pueyo

Juan Miranda

Encarnación Oliden

José Cerdan

José Navamuel Castillo

Miguel Artola

Felisa Gastaminza

José Ariztimuño Olaso

Natividad Aldazabal

Teresa Manrique
      (eta hiru seme-alaba)

Teófilo Monge (eta 7, 8
      eta 9 urteko hiru ume)

Francisco Saizar

José Jurico

Salvador Jauregui
      (ez da ontziratu)

Tomás Larrinaga

Andrés Lecertua

Raimundo Gamboa

Jean Pelletier

Aurora Garrigoz

Ignacio Villaverde

Pedro Paraz

Maria Perez

Leonor Modrego

Maria Jesús Modrego

José Luis Modrego

Maria Luisa Modrego

Maria Oteiza

Pedro Maria Jauregui

Maria Lourdes Jauregui

Avelino Salva

Aurelio Alvarez

Manuel Lizarraga

Benito Trevilla

Juan Antonio Landi

Zacarias Eluztondo

Manuel Rivero Flor

Francisco Rivero Perales

Joaquin Cartón

Martina Garralda

Rafael Puello

Pilar Puello

Eugenio Puello

Juan Miranda

Encarnación Oliden

José Cerdal

José Zababuel

Miguel Artola

Felisa Gastaminza

José Ariztimuño

Natividad Aldazabal

Teresa Manrique

 

Teófilo Monje (eta 7, 8 eta
       9 urteko hiru ume)

Francisco Saizar

José Jurico

Salvador Jauregi

 

Ez da agertzen

Andrés Lecertua

Raimundo Gamboa

Juan Pelletier

 

 

 

      Zerrenda bien artean aldaera batzuk sumatzen dira, akats ortografikoez aparte. Alde batetik, ikusten da Salvador Jauregi ez zela Galernan ontziratu, baina Jaurlaritzak egindako zerrendan bidaiarien artean agertzen da. Bestetik, Tomás Larrinagaren izena azaltzen zaigu Kontsulatuaren zerrendan (Larrinaga Algortako enpresaria eta Galdakaoko organo-jolea zen), baina izen hori ez da ageri bigarren zerrendan. Gainera, Teresa Manriquek hiru seme-alabarekin bidaiatzen zuela dio espresuki Kontsulatuak eta Euzkadiko Jaurlaritzak egindako zerrendan ez da horri buruz ezer esaten. Guztira 40 lagun baino gehiago azaltzen dira, beraz, eta horretaz gain tripulazioa aipatzen du, baina ez du horien izenik ematen[121]. Honaino iritsita, komeni da geldiune bat egitea. Izan ere, Galernan zeuden bidaiariak benetan dira zerrenda ofizialetan azaltzen direnak? Ez ote ziren pasaiari batzuk zerrenda ofizialetik kanpo, Galernan ontziratu? Jakina da pasaiarien kontrola zorrotz eramaten saiatu zirela, baina gerraren anabasak zirrikitu asko utzi ditzake. Zantzu batzuk baditugu horrelakoren bat gertatu zela pentsatzeko. Esaterako, José María Elizalde Zubiri donostiarraren kasua aipa dezakegu. Izen hori ez da zerrendetan azaltzen. Baina haren senideek diotenez Galernan zegoen ontzia harrapatu zutenean[122]. Elizalde komertziala zen eta Bartzelonan harrapatu zuen gerrak, hortik Frantziara ihes egin zuen eta Iparraldean zela, senideek uste dute mugaz hegoaldera pasatzen saiatu zela, familiarekin elkartzeko. Hain zuzen, Ramiro Llamas komandante frankista eta epaile bereziak sinaturiko dokumentu batean azaltzen da Elizalderen izena. Urriaren 17an dataturik dagoen dokumentuan[123]. Elizalde eta beste 13 lagun aske uzteko agindua ematen da (horien ar tean daude Galernan atxiloturiko zenbait pertsona, José Anztimuño Aitzol, esaterako). “Aske” geratzea fusilatzearen sinonimo zen garaietan, ez dago esan beharrik zein izan zen horien guztien patua. Beraz, lehen aipatutako zerrenda ofizial horietan azaltzen diren datuak osatu gabe egon litezke, esku artean ditugun informazioaren arabera, behintzat.

      Lehenago esan bezala, atxilotuen inguruan egindako bigarren galderari erantzutea benetan da zaila. Zer egiten zuten Bilborako bidean? Batzuen berri badugu behinik behin. José Ariztimuño Aitzol zen, dudarik gabe, bidaiarien artean ezagunena, “arrain handia” El Diario Vascok mesprezuz idatzi zuen bezala. Aitzolek (ezizena Ariztimuño eta Olaso abizenen laburdura bat da[124]) protagonismo handia izan zuen Errepublikako urteetan[125]. Kontaezinak dira apaiz tolosarrak garai haietan sustaturiko ekitaldi, egunkari eta elkarteak. Antoine d’Abbadieren testigua hartu zuen Lore Jokoak eta bertsolari-txapelketak antolatzeko; Euskaltzaleak elkartea sortu zuen, El Día egunkari nazionalista kaleratu zuen; ELA-STV sindikatuaz baliaturik kristautasun soziala defendatu zuen; Donostian komunisten aurrean emandako hitzaldi batengatik Elizaren kritikak jaso zituen; Estatutuaren aldeko mitinak eta misioen inguruko idatziak izan ziren egindako beste lanetako batzuk. Gerra hasi zenean, Iparraldera egin zuen ihes bere lagun José Mari Benegasekin. On José Migel Barandiaranen arabera, hasieran ez zuen pentsatzen militarrak euskaldunen aurka arituko zirenik, eta ahalegina egin zuen abertzaleen jarduna pertsona eta orubeen defentsara mugatzea. Giroa ikusita, muga pasatu zuen eta, gerraren krudelkeria arintze aldera, Nafarroara joan zen militar agintariekin hitz egiteko asmoz, baina hauek atxilotzeko agindua eman zutenean, konturatu zen gerraren benetako izaerarekin (Gamboa-Larronde, 2006, 88-89).

      Aitzol Hendaian izan zen denboraldi batez eta gero Belloceko monastegi beneditarrean hartu zuen ostatu. Aitzolek egunkarietan idazten jarraitu zuen[126] eta Iparraldera iritsitako errefuxiatuei lagundu zien, ostatua edota lana bilatzen. Hilabete izan zen Bellocen eta hainbat lagunen bisita jaso zuen: Alberto Onaindiarena (handik gutxira fusilatu zuten Celestino Onaindia apaizaren anaia), Jesús Elosegirena eta Antonio Maria Labayenena, besteak beste[127]. Erbesteko jarduera horiek arazoak ekarri zizkioten apaizari. Izan ere, Belloceko arduradunek esan zioten beldur zirela, frankistak ez ote ziren Lazkaoko beneditarren kontra arituko (Iturralde, 1978, 348-349), bera ordena bereko abadia batean zegoen aitzakia hartuta. Ariztimuñok, Lazkaoko beneditarrak arriskuan jar zitzakeela jakin orduko alde egitea erabaki zuen. Hasieran dudan ibili zen, Frantzian geratu eta kazetari gisa lan egin edo Hego Euskal Herrira itzuli. Azkenean, urriaren 15ean hartu zuen erabakia, Ziburun azkeneko meza eman ondoren, Galernan ontziratu zen Bilbo aldera. Preso hartu zuen kapitaina, hilabete batzuk geroago errepublikarren eskuetan jausi zen eta egindako itaunketetan Aitzolekin izandako solasaldia azaldu zuen. Aitzolen laguna zen Germán Iñurrategui tolosar legegileak jasotzen duenez, honako hau esan omen zion apaiz presoak, zergatik itzultzen zen gerrara galdetutakoan:

 

      La causa de Dios, primero, y la de mi pueblo después, precisa del auxilio espiritual de sus ministros, más, mucho más, en la guerra que en la paz. Aparte de toda otra consideración, mi misión no está cerca del convencido, sino del ignorante, ¿no dicen ustedes que los vascos han perdido la fe y que la religión sólo se asienta en su bando? No, capitán; mi deber y mi apostolado me obligan a abandonar la inactividad de Betherran y correr a prestar los auxilios espirituales a aquel que me los reclame... (Iñurrategui, 2006, 106).

 

      José Ariztimuñoz gain, beste bidaiari batzuen berri ere badugu: Francisco Saizar, Donostiako mediku ezaguna eta ANVko kidea, uztaila eta iraila bitartean Gipuzkoako Comisaría de Abastos-eko kidea izan zena; José Jurico pilotaria; Socorro Rojoko presidentea zen José Cerdán; Jean Pelletier hegazkin-pilotu frantziarra; Juan Miranda, Gipuzkoako Diputazioko langilea eta alderdi komunistako kidea... dira ontzian zihoazen garaiko ospetsuetako batzuk. Galernan zihoan Raimundo Gamboa industria-gizona ere. Gamboa gernikarra zen izatez, baina Madrilen bizi izan zen urte luzez, emaztearekin eta bost alabekin, Estatuko hiriburuan baitzituen bere negozioak. Hala ere, 1936an, familia osoa Bilbora joan zen, eta gerra hasi zenean Raimundo Lekeitioko Itsas-Mendi batailoia antolatzen aritu zen. 1936ko irailean Gamboak Madrilera itzuli behar izan zuen (gerrako frontea saihesteko Frantzia-Bartzelona-Madril ibilbidea egin zuen). Hiriburuan, José Antonio Agirrerekin bildu zen behin baino gehiagotan. Itzultzeko bide berdina egin zuen gernikarrak, baina bueltakoan Baionan geratu zen, Bilbora eramango zuen itsasontzi baten zain. Bilbora itzuli bitartean, hegazkin-piloturako ikasketak hasi zituen Gamboak, gerrarako baliagarri izango zitzaizkiolakoan. Horretan zebilen Galerna itsasontzian ontziratu zenean (Gamboa, 2004). Juan Antonio Landinen kasua ere ezagutzen dugu. 21 urteko abokatu honen aita ontzi-kapitaina eta Igeldoko meteorologoa izan zen, baina gerra hasi zenean Bilbora joan ziren, Diputazioak hala eskatuta. Dena dela ere, Juan Antonio Landin Baionan zegoen urriaren 15ean eta Galernan ontziratu zen Bilbora itzultzeko asmotan[128]. Asmo berdina zuen Manuel Guruceaga donostiarrak. Guruceagak Groseko mataderoan egiten zuen lan gerra hasi aurretik; anaia Astigarragako alkatea izan zen eta Bilbora ihes egin zuen gerra lehertu zenean. Horregatik, senideek uste dute Baionatik Bilbora anaiarengana zihoala Manuel Guruceaga, Galernan atxilotu zutenean[129].

      Tripulazioari zehazki zer pasatu zitzaion ez dakigu, baina badirudi Ondarretara eraman zituztela lehenik. Arteako artxiboan aurkituriko dokumentu baten arabera, Francisco Odriozola izeneko Galernako sukaldariak (itsasontzi gorriak “hondoratzeko” eraman behar omen zutena), Donostian jarraitzen zuen preso 1937ko maiatzaren 29an[130]. Hala ere, beste dokumentu batek dio tripulazio guztia Ezkabako San Cristóbal gotorlekura eraman zutela Ondarretatik[131]. Sukaldariaz gain, tripulazioko beste kide bat identifikatu ahal izan dugu: Alberto Lores Soler izeneko 33 urteko marinel pasaitarra[132]. Lores-en izena Ezkabako presoen zerrendetan azaltzen da eta 30 urteko kartzela-zigorra jarri zion Donostiako auzitegiak. Baina Loresekin batera beste 17 lagun azaltzen dira zerrendetan, horiek ere Donostiako auzitegiak kondenatuta delitu beragatik eta Ezkaban egun berean sartu zituzten gainera (Alforja-Sierra, 2005). Bertsio horrek bat egiten du Pelletierren testigantzarekin. Horren esanetan, 1937ko urtarrilean ekarri zituzten marinelak Donostiara epaitzeko. Echenique kapitaina eta beste bi lagun hil egin zituzten martxoaren 16an eta besteek bizi osorako zigorra jaso zuten (Pelletier, 1937, 89). Datu horiek eskuan hartuta, pentsa liteke Galernako tripulazioko kideak zirela Lores-ekin batera 1937ko apirilaren 15ean Ezkaban sartu zirenak[133]. Horien artean gehienak gipuzkoarrak dira, baina badaude Galizia eta Asturiaskoak ere. 1938ko ihesaldi famatuan horietako bik hartu zuten parte eta hil egin zituzten egun horretan bertan.

 

 

Galerna: harrapatua edo entregatua?

 

      Susmo handiak biltzen ditu bere baitan Galerna harrapatzeko moduak, eta horrela azaldu izan dute horri buruz idatzi duten historialariek. Baina ez bakarrik historialariek, gertakizun haiek bizi izan zituztenek ere zalantzan jarri zuten arestian azalduriko bertsioa. Pedro Lecuona izan zen garai haietan Espainiako Kontsula Baionan. Hark idatzitako hainbat txosten iritsi zaizkigu guregana, eta horietako batean Galernan buruzko datuak ematen ditu, bidaiarien zerrenda agertzen den txostenean bertan hain zuzen[134]. Lecuona kexu zen kostaldea ez zelako batere segurua eta itsasontzi-korreoek arrisku handia pasa behar izaten zutelako. Txostenak azaltzen du urriaren 14an iritsi zela Galerna Baionara, baina iritsi orduko frantziar Gobernuak portuan atxiki zuela, Glasgow-en zegoen Peacock izeneko konpainia ingelesarekin kreditu-arazo batzuk zituelako. Abokatuen esku utzi zuten auzia eta urriaren 15ean barkua berriz itsasoratu zen.

      Txostenean beste kontu ilun bat ageri da, ordea: kapitainak itsasontzia entre gatu ote zuen susmoa. Galernak egindako aurreko bidaian (urriaren 12an), ontzia ateratzera zihoanean Lecuona kontsulak Germán Gómezen eta Jorge Martín Posadilloren kontrako salaketa bat jaso zuen (ontziko kapitaina eta lehenengo ofiziala ziren, hurrenez hurren). Salaketa Angel Louvelli izeneko makinista batek egin zuen eta horren arabera, bi gizon horiek ez zituzten beren ideia faxistak inolaz ere ezkutatzen, «No recatan en ningún lado sus ideas fascistas». Gómez eta Posadillorekin hitz egin zuen kontsulak. Antza denez, Germán Gómezek Ingalaterrara jqateko asmoa zuen arazo pertsonalengatik, baina Lecuonak ez zion utzi eta biei agindu zien Bilbora iritsitakoan agintariengana joateko, kontu hori lehenbailehen argitu zezaten. Posadillo ontziratu arren, Germán Gómez kapitaina lurrean geratu zen. Zergatik ordea? Fernández Clérigo izeneko politikari baten anaiari Hendaian azaldu zionez, Bilbora joanez gero fusilatuko zuten beldur zelako Galernako kapitaina, Hurtado de Saracho izeneko “faxista” bati Bilbotik Baionara ihes egiten lagundu baitzion. Gómezek aitortu zuen barkua frankistei entregatzeko proposamen asko izan zituela, baina berak ez zuela horrelakorik egingo, nahiago zuela lurrean geratu. Bitartean, Posadillo Bilbotik bueltan itzuli zen, dena konpondu zuela esanez. Hurrengo egunean, urriaren 15ean, Galerna Baionatik atera zen, eta Jorge Martín Posadillok egin zituen berriz ere kapitain-lanak, Germán Gómez ez baitzen gehiago azaldu. Txostenaren puntu horretatik aurrera hasten dira Lecuonaren errezeloak; honela azaltzen du:

 

      Según se me ha dicho, los que mandaban los barcos-correos tenían orden de alejarse de 40 a 50 millas. Según La Voz de España el Galerna fue apresado a 17 millas de Pasajes. El Galerna disponía de radio con el que tenía yo entendido que se avisaba a Bilbao. (...) Podía hacer hasta 12 millas y podía considerársele blindado, porque estaba construido para navegar entre hielos. Los bous no podían hacer mas de 10 millas y media. Y esos bous, armados con unos cañoncitos, han apresado a un barco de 1.200 toneladas, blindado y de mas andar que los bous.

      (Esan didatenez, ontzi-korreoei agindu zitzaien kostaldetik 40-50 miliatara nabigatzeko. La Voz de Españaren arabera, Galerna Pasaiatik 17 miliatara harrapatu zuten. Galernak irratia zuen eta uste dut Bilbora abisatzen zuela Baionatik atera baino lehen. (...) 12 milia orduko egin zitzakeen ontziak eta blindatutzat har ziekeen, izotzetan nabigatzeko egina baitzegoen. Bou frankistek ezin zuten 10 milia eta erdi baino gehiago egin ordu betean. Eta bou horiek, kanoitxo batzuekin armaturik, 1.200 tonako barku bat harrapatu dute, blindatua eta beraiek baino bizkorragoa).

 

      Idatzi honetan, Baionako Kontsulak ez du zuzenean ezer esaten, baina garbi asko aditzera ematen du barkua entregatu egin zutela. Lecuonaren susmoak Germán Gómez kapitainak berak argitu zituen Galerna harrapatu zutenean. Autoritate frankisten aurrean deklaratu behar izan zuen Gómez-ek eta deklarazio horretan azaltzen du ontzia entregatzeko asmoa zuela: «Acordamos que a las 9 de la mañana del siguiente día y a 17 millas del meridiano de Igueldo me encontraría con el buque y que 2 bous de Pasajes y una lancha gasolinera obligarían a arrumbarme, a San Sebastián”. Allí estaba a la hora prevista, pero no se presentó nadie» (...hitz hartu genuen hurrengo eguneko goizeko 9etan, Igeldoko meridianotik 17 miliatara izango nintzela ontziarekin eta Pasaiako bi bou eta gasolinazko beste txalupa batek Donostia aldera eramanaraziko zidatela. Han izan nintzen jarritako ordu eta lekuan eta ez zen inor aurkeztu)[135]. Hala ere, prentsa frankistan azaltzen zenez, Galerna ihes egiten saiatu zen eta gainera irratiz abisatu omen zion gerraontzi bati. Baina informazio hori kontraesankorra da beste iturri batzuekin alderatuz gero. Esaterako, Galernaren “harrapaketan” parte hartu zuen Galiziako marinel baten testigantza daukagu. Horren arabera, itsasontzia entregatu egin zuten eta bertako ofizialak aske utzi zituzten Pasaiako portura iritsi orduko[136]. Bestalde, Juan Pardo ikerlariak dio Jorge Martín Posadillok frankisten flotan parte hartu zuela geroago, alegia, bando frankistara pasatu zela (Pardo, 1995). Jean Pelletier frantziar pilotua ere gertakizun haien lekuko zuzena dugu. Bera izan zen atxilotuen artean bizirik atera eta hilabete horietan pasatu zitzaiona memoria batzuetan idatzi zuen bakarra, 1937. urtean. Pelletier erretiratua zegoen pilotu kargutik eta haurrentzako jostailuzko hegazkinak saltzera dedikatzen omen zen, betiere bere hitzetan. Egun horietan, Baionan zegoela, bere merkatua Bilbora zabaldu zezakeela bururatu zitzaion, eta horregatik hartu zuen Galerna ontzia, Bilbora joateko asmotan. Memorietan Pelletierrek azaltzen du bouak ikusitakoan Echenique komandanteari eskatu ziola iparraldeko norabidea hartzeko eta handik alde egiteko, baina komandantea erabat “harrituta” zegoela itsasontziko kapitainak egindako maniobrarekin (Pelletier, 1937,17). Izan ere, itsasontziak kontrako norabidea hartu eta ziztu bizian alde egin beharrean, frankistengana zuzendu zen. Galernako radiotelegrafista-lanetan jardun zen José Bareak ere gauza berbera esan zuen urte asko pasa eta gero. Hau da, Galerna ez zela ihes egiten saiatu. Are gehiago, radiotelegrafistak Baionaren eta Pasaiaren arteko “komunikazio” batzuen berri eman zien Posadillo kapitainari eta momentu horretan lehenengo ofiziala zen Domingo Uriarte galdakarrari, baina ez omen zioten “kasurik egin”[137].

      Bareak aipatutako “komunikazio” horiek espioitzarekin zerikusia dute. Ikertzaile gehienek bat egiten dute aparatu frankistak mugaz bestaldean espioiak zituela baieztatzean. Zerbitzu sekretuek informazio garrantzitsua pasatzen zieten agintari militarrei, itsasontzien nondik norakoak, esaterako, eta Pedro Lecuona kontsulak zioenez, Donibane Lohizune eta Baiona ziren “espioitza errebeldearen” bi gune nagusiak. Hain zuzen, Pelletierrek espioitza horri loturiko pasadizo susmagarri bat aipatzen du bere memorietan: barkuaren zain zegoela, Raimundo Gamboarekin hizketan aritu zen Galerna noiz aterako ote zen-edo, eta ondoan zuten lagun batek “satisfazio irribarre bat egin eta alde egin zuen”, bere esanetan. Beraz, badirudi Galerna harrapatzea ez zela kasualitatea izan; ontzia zeramaten ofizialek frankisten zerbitzu sekretuekin lankidetzan ontzia entregatzea hitzartu zuten (200.000 pezetako ordainarekin, batzuen ustez)[138], zantzu guztiek erakusten dutenez[139]. Esan izan da Aitzol bertan zegoelako harrapatu zutela itsasontzia, baina Pedro Barruso historialariaren iritziz, tesi horrek ez du pisu handirik, Aitzolek ez baitzuen erabaki azkeneko momentura arte Galernan itsasoratzea. Beraz, frankisten helburua ez zen Aitzol atxilotzea izan, korreo-barkua geldiaraztea baizik (Barruso, 2001, 102).

 

 

Ondarreta eta Hernani

 

      Atxiloketa zakarra izan zen, hori diote behintzat lekukoek. Bidaiariei esan zitzaien ez zietela minik egingo, baina badaezpada ere, guztiak itsasontziko sotoetan sartu ziren frankistak inguratu zirenean. Javier Saldaña tenienteak aginduta, bakailao- ontzia inguratu eta bertan zeudenak banan-banan atera zituzten Alcázar de Toledo izeneko ontzira. Ontzi batetik bestera salto eginez aterarazi zituzten eta batzuek min hartu zuten une horretan, Francisco Saizar medikuak adibidez (Pelletier, 1937, 56-59). Horretan ari zirela, gerraontzi errepublikar bat ikusi zuten hurreratzen eta flota guztiak ihesari ekin zion (argiak itzalita porturatu behar izan ziren).

      Portuan, frankisten garaipen-oihuen artean, presoak ilaran jarri zituzten eta falangista talde batek eskua altxatzera eta kantu faxistak abestera behartu zituen (Pelletier, 1937, 22). Horren ondoren, binaka esposatu eta bi autobusetan Ondarretako kartzelara eraman zituzten atxilotu guztiak[140]. Ondarretako egonaldiaren berri zuzen bakarra Pelletier pilotuaren testigantza da; agian zertxobait puztutako kontakizuna izan liteke, baina kartzela horretan atxilotuek pairatu zutena imajinatzeko balio du. Pelletierrek dioenez, baliozko objektu guztiak kendu zizkieten kartzelako guardia zibilek eta ondoren ziega batean sartu zuten frantziarra. Gogor torturatu zuten eta ziegatik ateratzean Aitzol apaiza “aurpegia, odoletan eta desfiguratua” zuela ikusi zuen. Virgen del Carmen itsasontziko ofizial baten esanetan, errepublikarren aldera pasatu ostean egindako adierazpenen arabera, Aitzol odoletan zegoen, irrista egin zuelako kubiertan (Iñurrategui, 2006,104). Ondarretako kartzelan Juan Urriza izeneko jesulaguna ibili zen egun horietan presoak konfesatzen eta Pelletierrengana ere jo zuen. Bada, Pelletierrek Aitzoli buruz esandakoa ukatzen du Gomá kardinalari bidalitako gutun batean, jesulagun horrek (Iturralde, 1978, 352): «Que lo golpearon se dijo al principio y fue voz que llegó a nosotros. Por eso tuve empeño en preguntárselo yo mismo al Sr. Aristimuño (...) —No, me contestó rotundamente, pero me han tratado muy mal». Juan de Iturralderen ustez, Urriza jesulagunaren gutuna biziatuta dago, erregimen frankistak elizgizonengan kontrol zorrotza ezarri zuen momentu batean idatzi baitzen. Urrizak, gainera, itaunketan ez zutela kolpatu baino ez zuen esan. Erantzun horrek ez du eragozten itaunketa ostean jipoitzea. Jokin Inza abertzalea Francoren garaian egon zen preso Martutenen eta bertako zaintzaileen artean Ondarretan egondako bat izan zuen, Salinas izenekoa. Hainbaten ustez, Salinasek Aitzol gogor astindu zuen kartzelatik Hernanirako bidean, beharbada Aitzolek Urrizarekin hitz egin ondoren. Salinasek, antza, ziegako giltzarekin kolpatu zuen eta begi bat atera zion (Inza, 2006, 45).

      Pelletierren kontakizunarekin jarraituz, hurrengo gauean, urriaren 18an, Galernan atxiloturiko 20 lagun inguru ziegetatik atera eta kamioi batera sartu zituzten. Pelletier azkeneko momentuan salbatu zen, ez baitzuten kamioira igoarazi. Hortik aurrerakoak Hernaniko ahozko historiaren bidez jarrai daitezke. Iturri batzuen arabera, fusilatzeko zeudela, azken unean, konfesatu zituzten heriotzara bidean zeudenak, Hernaniko hilerritik gertu[141]. Zeinek fusilatu baina? Badirudi falangista eta erreketeak zirela fusilatzeetan parte hartzen zutenak. Horien artean zegoen, antza, José Luis Vilallonga, bere testigantzaren arabera.

      Fidagarriagoa izan daiteke Goya familiaren informazioa. Familia horrek Hernaniko hilerri ondoan zuen etxea, eta Joxe Goyari egokitu zitzaion garai haietan enterradore lanak egitea. Joxe Goya abertzalea zen eta lanpostu publiko bati heltzea aholkatu zioten, arriskua saihesteko; horregatik sartu zen enterradore. Fusilatzeak izaten zirenean oso ondo jabetzen ziren Joxe eta bere familiakoak, gau beltzean tiroak entzuten baitzituzten. Josebe Goya, alaba gaztea, hilerrira hurbiltzen zen, zein fusilatu zituzten jakin nahian, eta haren testigantza iritsi da guganaino: “Ni korrika joaten nintzen kanposantura, pareta gainetik salto eginda, bezperan ikusten nituen zuloak egiten eta ikusi egin nahi nituen, ia baten bat ezagutzen nuen... Baina han ez zegoen inor ezagutzerik; hartu gurditik eta haragia bezala botatzen zituzten zulora, behin hemezortzi kontatu nituen, beste behin hogei... Ekartzen zituzten guztietan ni han nintzen”[142]. Aitzol Hernanin hil zutela konfirmatzen duen dokumentu ofizial bat badago Hernaniko artxiboan; Guardia Zibilak 1958. urtean idatzitako txosten bat da. Bertan, Hernanin fusilaturiko zazpi pertsonen izenak ageri dira, horien artean Aitzol[143]. Goya familiak ezaguna zuen Aitzol eta hura fusilatu zutenean, ahaleginak egin zituzten tolosarraren gorpua hobitik atera eta panteoi batean sartzeko; Aitzolen senide baten eskaera aurkeztu zuten, baina azkenean agintari frankistek ez zuten horrelakorik egiten utzi[144]. Juan Antonio Landinen gorpua, aldiz, bai, atera ahal izan zuten. Horren neska-laguna Sarasqueta familiako alaba zen, eta haien panteoian sartu zuten Landinen gorpua, Joxe Goyaren laguntzarekin (Torres, 2002, 87-88).

 

 

Denak fusilatu zituzten?

 

      Aitzolekin batera beste hainbat lagun hil zituztela diote orain arte erabilitako iturriek. Baina zein izan ziren Aitzolen azken bidaide? Batzuen esanetan, beste hemezortzirekin batera hil zuten apaiz ezaguna, horien artean 18 urteko neska gazte bat[145]. Hala ere, lehenago aipatu dugu badagoela Ramiro Llamas epaileak sinaturiko dokumentu bat, eta bertan izen zehatzak azaltzen dira. Aitzol eta beste hamahiru pertsona aske uzteko agintzen duen dokumentua da. Fusilatzeak ezkutatzeko erabiltzen zen formula zen hura, “aske” zeudela esan, gero modu estrajudizialean fusilatzeko. Hauek dira José Ariztimuño apaizarekin batera azaltzen diren izenak:

 

      Luis Megido Fernandez, Bautista Martínez Fernandez, Dominica Artola Echeverría; Luis Echeverría; Luis Labore Bilbao (gainetik marra bat duela), Juan Luis Dana; Clemente Garda Gallego, Manuel Artola Iraola; José Aristimuño Olaso; José Jurico Zaro; Juan Miranda Alduarte; José Cerdan Murillo, Manuel Guruceaga Arruabarrena; Ignacio Villaverde Morón eta José Maria Elizalde Zubiri.

 

      Horietako asko ez dira Galernako bidaiarien zerrendan azaltzen eta horrek zalantza bat sorrarazten digu: Galernako bidaiari “ez-ofizialak” ziren edo Ondarretako kartzelan preso zeuden eta Galernakoekin batera fusilatu zituzten? Baliteke bietatik izatea; garbi dago gau hartan ez zituztela Galernako guztiak hil. Are gehiago, ez dago erabat ziurtatzerik bakailao-ontziko bidaiari guztiak fusilatu ote zituzten, nahiz eta zenbait lekutan horrela esaten den (Barruso, 2005, 161). Jakin badakigu Galernako pasaiari batzuk geroago fusilatu zituztela. Adibidez, Jean Pelletierrek Francisco Saizarren kasua aipatzen du. Pilotu frantziarrak bere liburuan dioenez, Francisco Saizar egun batzuk geroago eraman zuten Hernanira, aurreko egunetan fusilatu zituzten hainbat pertsona identifika zitzan, baina azkenean bera ere fusilatu egin zuten[146].

      Dena den, Aitzolen fusilatzeak oihartzun handia izan zuen prentsa abertzalean eta Ameriketako euskal erbesteratuen aldizkariak dira horren adierazgarri. Aitzol hil zutenean Nación Vasca aldizkarian kultur gizon honen inguruko artikulu zabal bat kaleratu zuen Vicente Ametzagak, tolosarrak bultzatu zituen ekimen garrantzitsuenak nabarmenduz eta haren hilketa arbuiatzen: «Un asesinato cruel y estúpido nos lo ha arrebatado. Los sedentes adoradores de la tradición vasca matan en su nombre a quien dedicó lo mejor de su vida al euzkera»[147], (Hilketa krudel eta ergel batek eskuetatik kendu digu. Euskal tradizioaren adoratzaile egarrituek, bere izenean hil dute euskarari bizitzaren onena dedikatu zion hura) zioen Ametzagak artikuluaren amaieran. Gainera, aldizkari horrek Euzkadi egunkariaren notizia bat zekarren, Aitzolen heriotza nola izan zen kontatuz. Aitzoli bere “huts egiteak” publikoki korrejitzeko aukera eman zitzaiola zioen egunkariak, baina horrek ez omen zuen onartu; egunkari horren arabera, Tolosako elizgizonak hil aurretik hitz batzuk egitea eskatu zuen eta sermoiaren ondoren fusilak eskuan zituzten askok tiro egiteari uko egin omen zioten. Azkenean, soilik bi tirok hil omen zuten Aitzol[148]. Hilketaren ondoren, aldizkari abertzaleek urteak eman zituzten Aitzolen irudia goraipatzen, batez ere urriaren 18a iristen zenean, martiri bilakatu zen aldizkari horien tzat eta abertzale katoliko guztientzat, José Ariztimuño[149].

 

 

Galernaren akabera

 

      Zer pasatu zen Galerna ontziarekin? Frankistek ekitaldi bat antolatu zuten bakailao-ontzia harrapatu eta bi egunera, igandearekin. Horrela azaldu zuen ekitaldi hartan gertatutakoa El Diario Vasco egunkariak urriaren 21ean, “A bordo del Galerna”, (“Galernaren barruan” ) izenburupean:

 

      El domingo por la mañana tuvo lugar una misa a bordo del vapor Galerna apresado a los marxistas días pasados en alta mar por los bous armados de este puerto. Fue una gran fiesta para Pasajes a la que acudieron representaciones de la fuerza armada y autoridades del puerto, los que oyeron la misa reverentemente. También acudió mucho público de los tres Pasajes que una vez terminada la fiesta religiosa irrumpió en aclamaciones entusiastas.

      (Igande goizean meza izan zen Galerna bapore barruan, duela egun batzuk portu honetako bou armatuek itsasoan marxistei harrapatutakoan. Festa handia izan zen Pasaiarentzat, indar armatuen eta portuko agintarien ordezkariak azaldu ziren bertara eta meza entzun zuten adeitsu. Horretaz gain, hiru Pasaietako jende ugari ere izan zen eta festa erlijiosoa bukatu zenean gogotsu hasi ziren gorazarreka).

 

      Urriko fusilatzeen ondoren, Galernak bere bidea egin zuen, baina frankisten bandoan. Bakailao-ontziari artilleria jarri zioten Ferrolen (101’6 mm-ko bi kanoi eta beste bi 47 mm-koak). 69 pertsonako tripulazioarekin, Pasaian zuen basea, bere sorlekuan. Bertan zainketa-lanak egiten zituen, baina operazio berezietan ere parte hartu zuen Galernak Bizkaian eta Santanderren (Pardo, 1995, 90-93). Esaterako, Bilboko blokeoan izan zen bonbardatzen eta Bizkaiko hiriburuaren ebakuazioa hasi zenean, hainbat itsasontzi harrapatu zituen jendez gainezka. Santanderren, gerraontzi errepublikar baten erasoa jasan zuen eta horregatik eraman zuten Pasaiara bueltan, konponketak egitera. Gerra amaitu zenean bere lehenagoko jabeei itzuli zitzaien Galerna, PYSBE konpainiari, hain zuzen. Bakailao-arrantzan ibili zen 1965 arte, harik eta itsas trafikotik kendu eta txatarrarako desmuntatu zuten arte (Urrutia, 2003, 600). Urte luzez, gerrako fusilatze haien zama eraman du gainean Galerna baporeak, eta oraindik ere hala darama.

 

 

Elizgizonen heriotzak

 

      Los Sacerdotes nacionalistas fueron ejecutados por las autoridades regulares del Ejército de Ocupación, después de someterles a procedimientos sumarios establecidos por las necesidades de la guerra. Los sacrificados por los rojos, en su inmensa mayoría, lo fueron por hordas incontrolables, como ellos mismos las llamaban. Los unos murieron después de recibir todos los auxilios normales en tan tristes ocasiones. Los otros, martirizados en forma espantosa. Y sobre todo, unos cayeron, por motivos de orden político, por considerárseles traidores a España, no víctimas de una persecución religiosa.

(Ramón Sierra Bustamante, 1941, 209)

 

      ¿Se tramitaron procesos? ¿Quiénes declararon? ¿Qué testigos depusieron en esos procesos? ¿Eran o no recusables en derecho? De todo esto no se dio cuenta a la autoridad eclesiástica; se prescindió completamente de ella, se le ocultaron cuidadosamente todas las actuaciones de los tribunales militares, y se conculcaron en caso tan grave los sagrados cánones de la Santa Iglesia, se pisoteó la inmunidad y el fuero y foro de los eclesiásticos, y éstos, sin poder defenderse, fueron juzgados, sentenciados y fusilados sin piedad.

(Mateo Múgica, 1945, 14)

 

      Gerra Zibilak Euskal Herrian izan zituen elementu bereizgarrien artean nabarmenetakoa dugu euskal apaizen sektore batek izan zuen jarrera; izan ere, Espainiako erlijioso gehienak eta hierarkia ia bere osotasunean Francoren alde azaldu arren, euskal apaiz-talde batek, euskal abertzaletasunetik hurbilenak, Altxamenduarekin bat ez egiteaz gain, legezko gobernua babestu zuen, bereziki sortu berria zen Euzko Jaurlaritza. Jarrera horrek matxinatuen errepresioren biktima egin zituen, batzuk tokiz aldatu zituztelako, beste batzuk kartzelatu eta azken talde bat, 16 lagunekoa, erail. Jarrera hori ulergaitza egiten da, kontutan izanik gainera, militarren hasierako agirietan erlijioak pisu txikia zuela eta ez zela aipatzen altxamenduaren arrazoien artean. Mola berehala konturatu zen, dena den, Jainkoaren hitza aipatzeak eman ziezaiokeen abantailez (Casanova, 2001,42 eta 68). Baina euskal abertzaleak militarren aurka agertzeak izugarrizko eragina zuen garai hartan, kolokan jartzen zuelako militarren erlijioaren aldeko defentsa munduko katolikoen aurrean eta polemika eta eztabaida askoren iturri izan zen. Horren lekuko dugu, adibidez, Francoren alde behin eta berriz agertu zen Gomá kardinalak bere eskutitzetan gaiari eskainitako tartea. Gomá eta Francoren arteko lehen hilera ofizialean, abenduaren 29an, altxatuen buruak berriro eskatu zuen Vatikanok gaitzets zezala jelkideen jokabidea, «una desautorización de la conducta de los vascos por parte de las autoridad eclesiástica podría, tal vez, en estos momentos de depresión moral en que se hallan, ser un factor decisivo en el propósito de desistir de la lucha»[150]. Baina Vatikanok, Francoren aldeko sinpatia izan arren, ez zen ausartu bere aldeko agiririk plazaratzen, Pio XI.a hil arte, gerra bukatzear zegoenean. Era horretan, nahiz eta errepublikarrek 7.000 erlijioso inguru hil zituzten Espainia osoan eta 45 bat Euskal Herrian, ekintza basati eta bortitzetan, euskal katoliko askoren erresistentziak kalte handia egin zien militar matxinatuei.

      Apaizen heriotzek, bestetik, nolabaiteko odolezko ituna sortu zuten beraien kideen artean, haien oroimena gal ez zedin, eta hainbat lan argitaratu zituzten, hasi gerra-garaitik eta laurogeiko hamarkadara arte[151]. Jaurlaritzak berak ere apaizen aurkako erasoak azpimarratu zituen bere argitalpenetan. Gertaera horrek, nahi gabe, ezkutatu egin zituen beste ehunka lagunen fusilatzea. Apaizen testigantzek beti azpimarratu zuten beren kideak gerraren kontestuan hil zituztela, beste askorekin batera:

 

      Con esta lista no se pretende presentar al Clero Vasco, como único perseguido. Son muchos los miles de vascos perseguidos, asesinados, fusilados, condenados, exiliados, desterrados, multados.

(Euzko Apaiz Taldea, 1978, 9)

 

      Zabaldutako irudiak, ordea, askoz ere pisu handiagoa eman die Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hildako 15 lagun horiei beste bi mila laguni baino. Bi arrazoi egon dira horretarako. Lehenak harreman estua du Francoren eta erbestean zeuden abertzaleen politikarekin. Horrela, 1946an Nazio Batuen Erakundea Espainiaren kontrako neurriak eztabaidatzen hasi zenean, Francoren diplomaziak gerran hildako katolikoen auzia harrotu zuen. Manuel Irujok Galindezi bidalitako eskutitzean zera aholkatu zion: «puesto que Franco ha anunciado su defensa acudiendo al socorrido tópico de los muertos y de la persecución a la Iglesia, carguemos de nuevo sobre la persecución al clero vasco»[152]. Bigarren arrazoia xinpleagoa dugu, beraien inguruko lanak izan direla denbora luzez errepresioaren kontua jorratzen zuten bakarrak. Nafarroan, jakina denez, ez da horrelakorik gertatu laurogeiko hamarkadan aztertu zelako errepresioa bere osotasunean, baina Euskal Autonomia Erkidegoan ez zen garai horretan lan orokorrik egin. Lurralde hartan, gainera, apaiz bakarra hil zuten ia hiru mila lagunen artean. Apaizen nortasuna eta ezaugarriak, gizarte-sektore txiki, baina oso nabarmeneko kide eta ikur izateak lagundu egin zuen beraien inguruko kontabilitate zehatza lortzen, beste kasuetan oso zaila zena. Horrela, 1938ko Jaurlaritzaren txostenean honako datu hauek eman zituzten: Gasteizko gotzaindegian 15 apaiz fusilatuta, 137 kartzelan, 263 erbesteratu eta 300 baino gehiago parrokiaz aldatuta. Kopuru horiek, gutxi gorabehera, elizbarrutiko apaizen % 30 ziren. 1977an argitaratutako liburuxkan Euzko Apaiz Taldeak 224 kartzelatu, eta 14 fusilatu aipatu zituen, 700 inguru izanik, era batera edo bestera jazarriak. Erbesteratutako apaizek, bestetik, behin baino gehiagotan kontrajarri zuten beraien jarrera eta Nafarroako apaizena, azken horiek armak hartu baitzituzten, eta erreketeen buru izan ziren hasi berria zen Gerra Zibilean.

      Esanguratsua da, halaber, Eliza Katolikoak, ez Espainiakoak, ezta Euskal Herrikoak ere, ez duela aitortu heriotza horietan izan zuten parte hartzea, zuzenean edota zeharka eta ez duela onartu apaiz horiek jasandako martirioa. Hilari Raguer-ren hitzetan, Eliza oso sentibera izan da bere biktimekin, ez, ordea, bereak ez zirenekin, nahiz eta begien aurrean zituen. Fusilatutako euskal apaiz horiek, antza, ez ziren bere biktimak. Bere sasoian, gainera, hildakoen izenak ez ziren argitaratu Gotzaitegiko Aldizkari Ofizialean. Are gehiago, errepublikarrek hildako edota berez hildako apaizen izenak jarri ondoren, zera gehitu zuten, badakigu beste apaiz batzuk ere hil direla, baina ez dugu xehetasunik emango berri ofizialak iritsi arte. Oraindik, antza, ez dira heldu. 2006ko urrian Arrasateko apaizen fusilatzearen 70. urteurrena bete zenean, 70 urte ziren haien izenak herriko San Juan parrokiatik desagertu zirela. Ez hil zituztenean, ezta Franco desagertu ondoren ere, ez zuten entzun elizako hormek bertako apaizen heriotzaren berririk. Herriko semea den Ibón Aperribai apaizaren esanetan, bada ordua barkamena eskatzeko eta barkamena emateko, benetako berradiskidetzea gertatzeko. Serafín Esnaola apaiz abertzale hil berriak aitortu zuenez, bestetik, ezinezkoa zen, garai batean, Iturralderen liburuak (1978) edota Euzko Apaiz Taldearenak (1981) aurkitzea elizbarrutietako liburu-dendetan.

      Euskal apaizen fusilatzeak hainbesteko arreta jaso zuten, oso gutxi izan zirelako Espainian frankisten aurka agertu ziren erlijio-gizonak. Mallorcan, adibidez, bertako gotzaina, Josep Miralles, Francoren alde agertu zen nabarmen, baina ez zituen gogoko falangistak eta alemaniarrak, Pió XI.ak “Mit brennender Sorge” nazismoaren aurka idatzitako entziklika argitaratu zuen eta errepresioa eta erailketak zuzenean salatu gabe, Olaechea gotzainaren hitz gogorrak, “No más sangre”, argitaratu zituen Gotzaindegiko Buletinean. Espainiako apaiz gehienek errepresioa babestu zuten, baina batzuek aurkako jarrera azaldu zuten eta epaituak izan ziren, kartzelatuak eta zenbait kasutan erailak. Horrela gertatu zen Jeromi Alomar Poquet-ekin, errepublikarrei laguntza ematea leporatu eta salatua Mallorcan, epaitua eta Francoren baimenarekin fusilatua 1937ko ekainaren 7an (Massot, 2002 eta Pons, 1995). Ezagutzen ditugun beste kasuak honako hauek dira: Galizian Andrés Ares apaiza hil zuten 1936ko urrian (Casanova, 2001, 144); Andaluzian ere beste kasuren bat egon zen; Loscorraleseko parrokoa, José Pascual Duaso, Huescan (https://www.memoria.org) eta beste bat Burgosen, Mariano Revilla izeneko apaiza (Sierra 2001, 414).

 

 

Apaizen aurkako jazarkundea

 

      Zergatik euskal apaizen aurkako jarrera hori? Ezaguna da Sabino Aranaren garaitik gaur egunera arte espainiar nazionalistek euskal Elizari leporatu diotela abertzaletasuna zabaltzea, nahiz eta datuek kontrakoa erakutsi. Izan ere, Gasteizko gotzain desberdinak eta zenbait erlijio-etxetako buruzagiak ahalik eta oztopo gehien jartzen saiatu ziren, abertzaletasunari ez eze, euskaltzaletasuna berari ere bai. Euskal gizartean abertzaletasuna zabaldu ahala, Eliza katolikoko apaizen artera ere zabaldu zen abertzaletasuna eta gutxi batzuk asko nabarmendu ziren politika-lanetan, gizarte-zereginetan eta, bereziki euskal kulturaren defentsan eta berpiztean, ezagunenak José Ariztimuño eta Policarpo Larrañaga ditugu. Horren kariaz, arrunt bilakatu zen Errepublikako urteetan abertzaletasunaren garapena apaiz-talde horren laguntzarekin lotzea eta euskal Eliza nazionalismoarekin identifikatzea. Lehenengo aldia zen, gainera, Gasteizko gotzaindegia eta Iruñekoa euskaldunen esku zeudela: Mateo Múgica idiazabaldarra Gasteizen eta Marcelino Olaetxea barakaldarra Nafarroako hiriburuan. Baina bietako batek ere ez zuen zerikusirik jelkideekin; Múgica integrista monarkikoa zen, erregearen hurbileko laguna eta Olaetxea salestar erlijiosoa eta monarkikoa, Espainiako gotzain gehienen moduan.

      Altxamendua gertatu ondoren, militarrek hartu zuten ezusteetako bat jeltzaleak, zenbait gorabeheraren ondoren, errepublikarekin bat egitea izan zen. Molaren asmoetan, Hego Euskal Herria osoa bere alde jarriko zen eta bere ahaleginak Madril hartzera bideratuko zituen. Egoera berrian, tropa ugari Gipuzkoa konkistatzera zuzentzeaz gain, abuztuaren 6an Gasteizko eta Iruñeko gotzainek Pastoral bat argitaratu zuten Euzko Alderdi Jeltzaleak Errepublikaren alde agertutako atxikimendua salatzeko. Testuak ez zuen bere helburua bete; batetik, jeltzaleek ez zutelako sinetsi testua Múgicak askatasunez sinatu zezakeenik, horrek ala berretsi arren, eta, bestetik, zenbait apaizi aholkua eskatu ondoren, jelkideek Errepublikaren alde jarraitzea erabaki zutelako[153]. Testua, Múgicaren baimen eta oniritziarekin zabaldu bazen ere[154], Belaskoaineko bainuetxean oporretan zegoen Toledoko Gomá kardinalak idatzitakoa zen. Elizaren agintari hori ezaguna zen bere espainiar nazionalismoagatik eta euskal abertzaleen aurkako iritziagatik. Horrela, 1936ko hauteskundeen ondoren txosten bat bidali zion Pacelli kardinalari haien jokabidea salatuz: «alianzas vergonzosas de los católicos... con revolucionarios de toda laya, descreídos enemigos de la religión y de la patria con el fin de lograr mediante ellas, sus ideales de orden político» (Esnaola & ¡turraran, 1994, 783). Gerrak iraun bitartean Gomá Iruñean egon zen eta protagonismo berezia izan zuen gertakizun horietan. Pacelli kardinala, bere aldetik, Elizaren kanpo-arazoez arduratzen zen eta, nahiz eta ez zen ausartu argiro Francoren alde agertzen gerra amaitu arte, ezaguna zen horren aldeko jarrera (Iturralde, 1978, 544-556).

      Jeltzaleen jarrerak matxinatuen arteko haserrea indartu zuen bi norabide desberdinetan. Lehenak, Gasteizko gotzaina zuen jomuga (Iturralde, 1978,197-205. Militarrek Burgosen antolatu zuten Defentsa Juntaren iritziz, Múgicaren jarrera epelegia zen eta nahasia, ez zituelako kendu bere postuetatik, ustez, abertzaleak ziren hainbat apaiz, ez gotzaindegikoak, ez seminariokoak, tartean Bikario Nagusia, Errektorea eta Manuel Lekuona irakaslea. Militarrek Múgicari Burgosera joateko eskatu zioten irailaren hasieran, abertzaleak makurtzeko hartu beharreko neurriak eztabaidatzera, baina Múgica ez zen Gasteiztik irten, bidean hilko zutela susmatzen zuelako, eta erabaki hori bere aurkako salaketa berri bilakatu zen. Ordurako Burgoseko Juntakoek Gomári Múgica Gasteiztik kanporatzea eskatu zioten (Raguer, 2001, 121), bestela neurri gogorren bat hartu beharko zutela iragarriz, baita Gasteizko apaiz tegia ixtea ere, bere zuzendaritza aldatu bitartean. Gorabehera batzuen ondoren eta Elizaren agintariak eskari horren aurka agertu arren, azkenean, urriaren 14an Múgica, Vatikanoren eskariari men eginez, Espainia utzi eta Erromara joan zen, bertan egin behar zen Kongresu Katoliko batean parte hartzeko aitzakiarekin. Ez zen gehiago itzuli Gasteizko bere egoitzara[155].

      Bere ordezkoa, Bikario Nagusi berria, 1937ko uztailera bitartean, Antonio Pérez Ormazabal izan zen. Pérez Ormazabalek, paradoxikoki, Donostia errepublikarrean zegoela, jeltzaleei gobernuarekiko leialtasuna mantentzeko eskatu zien. Altxatuak Donostian sartu ondoren, berak eta bere inguruak ondo erakutsi zuten zer zen militar eta agintari berrien aurrean makurtzea eta men egitea, apaiz batzuk salbatzeko ahaleginak gorabehera, baita haiek bultzatzea ere, euskal aberria gaitzetsi eta espainiarra goratzera. Testigantza ugari dira jarrera hori erakusten dutenak, baina bakarra jarriko dugu, Pérez Ormazabalen anaiak, apaiztegiko irakaslea berau, urriaren 12n, Arrazaren Egunean, poesia bat irakurri zuen: «Madre España, Madre España, que eres trono y eres yunque y eres castillo y altar (...) por la cruz y con la espada —motes de gesta sublime hoy mi pueblo se redime»[156].

      Bigarren arretagunea erlijioso abertzaleak izan ziren. Múgicarekin batera, aurretik edo ondoren, apaiz- eta erlijioso-andanak utzi zuen Euskal Herria. Batzuek lotura zuzena zuten abertzaletasunarekin, beste batzuk, aldiz, euskaltzaleak baino ez ziren. Hori izan zen, adibidez, on José Migel Barandiaranen kasua; baina berehala ohartu ziren beraiek ere izan zitezkeela matxinatuen helburu, altxatuen herra ez zen mugatzen gotzainera eta. Altxatuek, militarrek, zein karlistek, jelkideei eta, beraien ustez, haien buruzagiak ziren apaizei, leporatzen zieten Iparraldeko Frontea zutik mantentzea, horrek zituen ondorioekin. Karlistek, abuztuan bertan azaldu zuten kezka hori, prentsaren bidez eta pribatuki. Fal Conde buruzagiak Gomári bidalitako eskutitzean zera esan zion: gotzain batek (ez zuen izenik aipatzen, baina Múgica baino ezin zen izan) ukatu egin ziela apaiz batzuei armada matxinatuko kapilau izateko baimena eta, aldi berean, ez zituela zigortu zenbait apaiz abertzale. Hilaren 22an Fidel Azurza, Gipuzkoako karlisten buruzagiak eskutitz bat zuzendu zion Múgica gotzainari apaiz abertzaleak (13 lagunen zerrenda bat erantsi zuen) zigortu zitzala eskatuz, bestela militarrek egin beharko zutela iragarriz. Múgicak ezezkoa erantzun zion, salaketen frogak eskatuz, eta Azurzaren eskutitz berri batek jeltzaleen lankide izatea leporatu zion. Izan ere,

 

      ...no se trata en este caso de sancionar faltas concretas recientes sino de purificar el ambiente de la provincia apartando de su contacto aquellos elementos que por su tradición nacionalista vasca y el carácter de sus cargos, tan propicios a ejercer influencia espiritual, pueden neutralizar y hacer inútil la gestión que estamos llevando a cabo y para lo cual se necesita una energía y una persistencia excepcionales[157].

 

      Irailaren 10ean Fal Condek beste eskutitz bat bidali zion Pedro Segura kardinalari eta bertan Gomárekin izandako elkarrizketaren berri eman zion. Bere hitzetan, Gomá abertzaletasunaren zilegitasun eza salatzearen aldekoa zen, eta hori lortzeko Euskal Herritik kanpora bidali behar ziren apaiz abertzaleak. Falek, bere aldetik, apaiz abertzaleekin gogorrago jokatu behar zela pentsatzen zuen; izan ere, «se viene procediendo con notoria debilidad por los militares de aquí arriba», bereziki kleroarekin. Horregatik, Iruñeko gotzainaren baimena lortu ondoren, Múgicarena ezinezkoa ikusten zuelako, bere ustez, epaitu eta fusilatu egin behar ziren.

 

      Todos aquellos que estén incursos en el bando militar deben ser fusilados pero por consejo de guerra. Porque en los militares la tendencia es más bien la de eliminarles sin juicio ni publicidad.

      Y, pienso también, que aun aquellos en quienes no se pruebe participación activa, pero que sean de la docena de exaltados, antiguos forjadores de la indisciplina separatista [,] si es solamente el indicio de que habían estado alentando esto [,] también deben caer.

 

      Segura kardinalak bere oniritzia eman zion, sinatu gabeko eskutitz batean, Fal Conderi apaizen heriotza bultza zezan, «creo que nada obsta a que se cumpla ley, para los que en ella han incurrido. Es triste, pero... es verdad. (...). Yo aconsejaría que se hable poco de esto y que se proceda en justicia. (...) pues la cosa es urgentísima por pedirlo el bien de la patria». Handik gutxira, Gerrako Junta Carlista Nazionalak agiri bat bidali zion Burgoseko Juntari abertzaleen aurkako neurri gogorragoak eskatzen, baita apaiz abertzaleen aurka ere. Azken horien kasuan batzuk hil (inplikazio handia zutenak) eta besteak kanporatu egin behar ziren, gotzainaren baimenarekin edo gabe. Lan horiek betetzea militarren ardura izan behar zuen, nahiz eta karlistek ahalik eta informazio gehien bilduko zuten atxiloketa ugari egon zitezen.

      Militarrek bat egiten zuten apaiz abertzaleak zigortu beharrarekin. Cabanellasek irailaren 17an Burgosen Gomári hori esan zion, izan ere «al aliarse los nacionalistas con los comunistas, habían obligado a intensificar y prolongar la lucha y a un mayor derramamiento de sangre» (Rodríguez Aisa, 1981, 47). Ordurako Gomá prest zegoen onartzeko Donostia altxatuen esku egon arren, Bizkaian egon zitekeen erresistentzia gainditzeak abertzaleen jarrera aldatzea eskatzen zuela. Bi bide erabili ziren horretarako, bata negoziazio isilen bidea, bestea, errepresio gordinarena. Lehen ahaleginek porrot egin zezaketela ikustean, urriaren hasieran gutxi gorabehera (egon ziren aurrerago beste batzuk) altxatuek bigarrenera jo zuten, presio egiteko edota beste biderik ez zutelako ikusten. Errepresioak hainbat bide izan zituen: erlijiosoei ezarritako isunak, atxiloketak, kartzelatzeak, erbesteratzeak eta heriotzak.

      Erlijioso abertzaleen aurkako jarreraren lehenengo adibideak Oiartzunen, bertako apaizekin, eta Hondarribiko kaputxinoekin gertatu ziren. Hondarribiko kaputxinoek arazoak izan zituzten Irungo milizianoekin eta Guadalupeko gotorlekuan egon ziren giltzapetuta gau bat, baina komentura itzultzeko aukera izan zuten kalte gehiegirik gabe, jeltzaleen presioari esker. Ondorengo egunetan, dena den, gorabehera dexente izan zituzten milizianoekin. Militarrak sartu ondoren, ordea, irailaren 8an, beste arazo batzuk hasi ziren, kaputxinoek prentsa abertzalea erosten omen zutelako eta ez zutelako agurtu Mola jenerala, nahiz eta kaputxinoek bere komentuaren solairu bat eskaini haren soldaduentzat eta tropa marokoarrei bazkari bat eman. Salaketa hori zela medio, Nafarroako kaputxinoen burua, Yabarreko aita Ladislao Hondarribira etorri zen eta erabaki gogor baten berri eman zien hango fraideei, guztiak Nagusia eta bikarioa izan ezik, preso joango zirela kaputxinoek Iruñeko kanpoaldean zuten komentura, abertzaleak zirelako. Handik egun gutxira bide bera hartu zuten bi horiek ere eta hurrengo egunean, bikarioa, Intzako aita Damaso euskaltzaina Altsasura bidali zuten eta handik Txilera. Haren atzetik beste zenbait fraidek ere erbesterako bidea hartu zuten (Inza, 1977).

      Oiartzunen aste batzuk lehenago, militarrak sartu orduko, lagun ugari atxilotu zituzten, tartean hiru apaiz: José Domingo Larrañaga (uztailaren 29an), Eustaquio Iriarte eta José Arin (abuztuaren 9an). Hirurak Iruñeko Ezkaba mendiko gotorlekura eraman zituzten eta geroago Iruñeko apaiztegira. Pío Barojak aipatzen duenez, Lesakan bost edo sei apaiz abertzale (hiru horiek izango ziren ziur aski) eta Lekarozen bi fraide ikusi omen zituzten eskuak lotuta (2005, 81). Idazleak Donostiako apaiz abertzale bat ikusi zuen Donibane Lohizuneko portura heltzen, irailaren hasieran, karlisten gorrotoaren beldur, umeei euskaraz abesten erakusten ibili zelako (2005,114). Apaiz abertzaleen aurkako salaketa ugari argitaratu ziren altxatuen aldeko prentsan. Kaleratu berri zen La Voz de Españaren irailaren 17ko zenbakian hau irakur zitekeen, «Guipúzcoa no se merece tanto sacerdote nacionalista. (...) La propaganda separatista se hizo en nombre de Dios y colaborando en ella hasta ministros del Señor». Valladolideko unibertsitateak egindako txostena (1938, 8) are gogorragoa izan zen

 

      El separatismo vasco, que es una de las más monstruosas aberraciones del espíritu humano, ha hecho posible el odio a España en gente nacida en territorio español, ha unido al sediciente católico con el sin-Dios, ha hecho posible la existencia de una parte inconsciente del clero regular y secular que asistía impasible a la profanación e las iglesias y ha permitido una desatada y especial propaganda que quería presentar al país vasco-separatista ante el Extranjero como un oasis de tranqulidad, respeto ideológico y normalidad civil, frente a los desmanes anárquicos de las demás repúblicas rojas.

 

      Irailaren 19an Erromara bidalitako txostenean Gomák onartu egiten du Gasteizko elizbarrutiko apaiz asko abertzaleak zirela eta batzuek armak hartu zituztela komunistekin batera (guztiz faltsua zen datua)[158]. Gertaera horren ondorioz, altxatu batzuek zera aztertu nahi zuten: «la cuestión de conciencia del fusilamiento de sacerdotes y religiosos que han incurrido en las sanciones del fuero militar»[159]. Hurrengo hileko txostenetan ideia bera agertu zen berriro. Ordurako militarrak hasita zeuden apaizak atxilotzen eta zigortzen. Berrogei bat bildu omen zituzten Ondarretako kartzelan eta San Joséko zaharren egoitzan. Salatzaileen artean, bat baino gehiago erlijiosoa zen, salatuen lanpostuak lortzeko itxaropenarekin edota elkarbizitzan sortutako gorroto eta ezinikusiak konpontzeko asmotan. Bat baino gehiago damutu zen, salatuak hil zituztela jakin zuenean.

 

 

Apaizen fusilatzeak

 

      Hernanin hildako apaizen ezaugarriak eta bakoitzaren ibilbidea eman aurretik, komeni da gertatutakoaren irudi orokorra eskaintzea eta ondorioak azaltzea[160]. Nafarroan hil zuten matxinatuek lehenengo apaiza: gizarte-kezka ugari zuen baina abertzalea ez zen Santiago Lucus 1936ko irailaren 3an hil zuten[160b]. Berehala, zurrumurru ugari zabaldu ziren, apaizen atxiloketen eta heriotzen inguruan, kopuru desberdinak plazaratuz Ipar Euskal Herrian. Hala, azaroaren 18an Berako kanposantuan 4 apaiz hilobiratu zituztela zabaldu zen, nahiz eta inoiz ez den horrelakorik konfirmatu. Hogeita hamar izan zitezkeela fusilatutakoak esan zuten iturri desberdinek. Guztira hamasei erlijioso hil zituzten matxinatuek Euskal Herrian. Horietako bat, Antonio Bombín, Errioxako Angucianako Frantziskotarren ikastetxeko irakaslea zen, baina Guardian hil zuten, separatista omen zelako eta gizarte-arazoez kezkatuta zegoelako (Iturralde, 1978, 390). Honako hauek dira hildakoak:

 

Lucus Aramendia, Santiago

Armadako kapilaua

38 urte

Iruñeko bidean

1936-09-03

Bombín, Antonio

Frantziskotarra

 

Guardian

1936-09-10

Albisu Bidaur, Gervasio

Errenteriako koajutorea

64 urte

Hernanin

1936-10-07

Lekuona Etxabeguren, Martín

Errenteriako koajutorea

29 urte

Hernanin

1936-10-07

Adarraga Larburu, José

Hernanira lotua

55 urte

Hernanin

1936-10-17

Ariztimuño Olaso, José

Donostiara lotua

40 urte

Hernanin

1936-10-17

Sagarna Uriarte, José

Berriatuako koajutorea

2 5 urte

Markinan

1936-10-20

Mendikute Lizeaga, Alejandro

Hernaniko kapilaua

45 urte

Hernanin

1936-10-23

Otano Mikeliz, José

Tolosako Korazonista

38 urte

Hernanin

1936-10-23

Arin Oyarzabal, José

Arrasateko arziprestea

64 urte

Oiartzunen

1936-10-24

Guridi Arrazola, Leonardo

Arrasateko koajutorea

38 urte

Oiartzunen

1936-10-24

Marquiegui Olazabal, José

Arrasateko koajutorea

38 urte

Oiartzunen

1936-10-24

Peñagarikano Solozabal, José I.

Etxebarriko koajutorea

64 urte

Hernanin

1936-10-27

Onaindia Zuloaga, Celestino

Elgoibarreko koajutorea

38 urte

Hernanin

1936-10-29

Iturricastillo Aranzabal, Joaquín

Marineko ekonomoa

34 urte

Oiartzunen

1936-11-08

Urtiaga Elezburu, Román

Zornotzako karmeldarra

49 urte

Zornotzan

1937-05-19

 

      Gipuzkoan hildako lehen apaizak Errenteriako parrokiko Gervasio Albisu eta Martín Lekuona izan ziren. Irailaren amaieran atxilotu zituzten eta handik astebetera, urriaren 7tik 8rako gauean fusilatu zituzten Hernanin. Haien atzetik beste sei erlijioso hil zituzten herri horretan eta beste lau Oiartzunen. Heriotzen berri berehala zabaldu zen, hilaren 1 Irako ezaguna zen Iparraldean zenbait apaiz atxilotuta zeudela eta batzuk, kopuru eta izenik ezagutu gabe, fusilatu egin zituztela. Urriaren 13rako, Albisuren eta Lekuonaren izenen berri eman zen[161]. Mugak eta egoerak ezarritako zailtasunak eta zehaztasun-falta gorabehera, informazio ugari heldu zen hurrengo egun eta asteetan Gipuzkoan gertatzen ari zenaren inguruan.

      Hernanin hildakoak ikusi aurretik, eta beste erlijiosoei dagokienez aipatu dugu liburuaren sarreran zer nolako bertsio kontrajarriak eman ziren Sagarnaren atxiloketa eta heriotza zela eta. Bat gehiago aipatzearren, 1959an Francorentzat egindako txostenaren arabera, Markinako frontean hil zuten, bertan zegoen Iruñeko Falangeko Bigarren Zenturiako buruak errepublikarrei informazioa ematen ziela eta gudari jantzita fronteen arteko muga zeharkatzen zuela leporatu ondoren. Bertan egin omen zen gerra-kontseilua, heriotzara zigortu eta urriaren 20an hil. Egun gutxi batzuk geroago, 24an, hil zituzten Oiartzunen Arrasateko artziprestea, José Arin eta bi koajutore, Leonardo Guridi eta José Marquiegui. Hiru apaiz horien heriotzak Arrasateko herriak jaso zuen errepresioaren dinamikaren barruan ulertu behar dira. 1934ko urriko iraultza-saioak ondorio latzak utzi zituen herrian, bai orduan, baita 1936an ere, berrogei lagun baino gehiago atxilotu eta hil baitzituzten frankistek azken urte horretako udazkenean Debagoieneko herri horretan.

      Apaizen heriotzek, hala ere, mugarria ezarri zuten. Arin arziprestea oso ezaguna eta estimatua zen herrian, lan asko egina baitzen behartsuenen alde, gotzainaren estimua zuen eta ez zen nabarmendu politikoki. Hala ere, bazituen hainbat gabezia eta kulpa matxinatuen iritziz: Viteri eskolen alde agertu zen, karlistak aurka zeudela; eliza-erakundeek bultzatutako jarduera guztietan (meza, antzerki, kantaldi, jaialdi, eta abar) Espainiari buruzko erreferentzia guztiak kentzen saiatzen zen (Bayle, 1939, 196); 1936ko otsaileko hauteskundeetan, gotzainaren agindua jarraituz, zilegi zela abertzaleei botoa ematea azaldu zuen eta urte horretako udan, gerra hasi ondoren, Gipuzkoako hainbat artziprestek egindako hilera batean parte hartu zuen, altxatuen alde Múgicak eta Olaetxeak kaleratutako pastoralari nolabait indarra kenduz[162]. Ez da harritzekoa, beraz, militar matxinatuak Arrasaten sartu orduko, 1933ko hauteskundeetan hautagaia izan zen María Rosa Urraca Pastor andere karlistak Arin ikusi eta ¡Viva España! oihukatzera behartzea hiru aldiz eta honako esaldi hau botatzea, «Si de mí dependiera, ahora mismo sería fusilado»[163]. Hurrengo igandean mezatan hitz gutxi batzuk euskaraz esan eta hiru egun geroago atxilotu egin zuten bere bi laguntzaileekin batera. Marquieguiri abertzalea izateaz gain, mugimendu horren zabaltzailea eta Arrasateko gorri-separatisten erresistentziaren bultzatzailea izatea leporatu zioten[164]. Guridiren kasuan, aldiz, Múgicaren pastoralaren egokitasuna zalantzan jartzea izan omen zen bere hobena. Urriaren 22an sartu ziren Ondarretara eskuak lotuta eta bi egun geroago, “libre” zeudela esan, kartzelatik atera, Oiartzuneko kanposantura eraman eta bertan fusilatu zituzten, beste 20 bat lagunekin batera.

      Gipuzkoan fusilatuetako azken apaiza ere Oiartzunen hil zuten, baina oraingo honetan Artikutzako bidean, Joaquín Iturricastillo elgetarra, Eskoriatzako Marín auzoko abadea. Frontea, hain zuzen, auzo horren eta Gatzaga herriaren artean zegoen. Itxura guztien arabera, militarrek Marinetik Gatzagara joaten ikusi, meza ematera, eta espioitzat hartu zuten; berehala atxilotu zuten beste lau lagunekin batera. Beste kasu batzuetako moduan, ez ziren falta izan salaketa berriak apaizaren aurka: abertzalea omen zen (gezurra zena, Gil Roblesen CEDAtik hurbilago baitzegoen) eta dantza helduak kritikatu izana euskal usadioen aurkako ohitura zirelako. Herritar batek salatu omen zuen, denda bat zuelako eta Iturricastillok bultzatutako kooperatibak bezeroak kendu zizkiolako[165]. Gomák are salaketa gogorragoak egin zituen: «Era dirigente del partido nacionalista y tenía a su cargo el servicio de espionaje antes de que los nacionales se apoderasen del pueblo. Aconsejaba a los mozos de la parroquia que se alistaran en las filas de los rojos. Tenía relaciones con los dirigentes del Frente Popular» (Andrés-Gallego, 2002, 38). Azarearen 3 edo 4an eraman zuten Ondarretara eta nahiz eta bere arrebak eta beste apaiz batzuek hura askatzeko ahaleginak egin Gasteizko gotzaindegian, berandu ibili ziren. “Libre” utzi zutela esan eta haren ondasun apurrak eman zizkioten arrebari: apaiz-txapela, manteoa, aterki bat, eta liburu gutxi batzuk. Ordurako Artikutza bidean zegoen hilda, beste zazpi lagunekin batera.

 

 

Hernanin fusilatutako apaizen ezaugarriak

 

      Arestian aipatu dugunez, Hernani izan zen Gipuzkoan hildako apaiz gehienen bilgunea. Zortzi elizgizon (7 apaiz eta korazonista bat) hil zituzten bertan, nahiz eta kasu batean edo bestean (Otano eta Peñagarikanoren kasuetan) zalantzak dauden heriotzaren tokiaren inguruan. Hildako lehenengo bi apaizak Errenteriako bi koajutore izan ziren, Gervasio Albisu eta Martín Lekuona, herriko koajutore zaharrena eta gazteena, hain zuzen. Ez dirudi kasualitatea izan zenik beraien fusilatzeak urriaren 7an izatea, hots, Euzko Jaurlaritza osatu zen egunean. Badirudi frankistek abertzaleak erakartzeko edo makurtzeko zituzten balizko itxaropenak desagertu egin zirela eta haien ustezko zuzendarien aurka, hots apaiz abertzaleen aurka, gogor jotzea erabaki zutela. Albisuk Errenteriatik alde egin zuen gerrako egunetan, aurrena Donostiara eta gero Zumaiara, baina handik herrira itzultzea erabaki zuen. Heldu bezain pronto atxilotu zuten, irailaren 29an. Egun horretan bertan giltzaperatu zuten Martín Lekuona. Iritsi berria zen Errenteriako parrokiara eta gazteekin egiten zuen lan, gotzaindegirako hainbat ardura bete ondoren, besteak beste, Asociación Vasca de Acción Social Católicako Donostiako idazkaria izan zen. Ihes egiteko mandatua eman zioten, baina “nik ez diot inori kalterik egin” esanda gelditu egin zen herrian. Komandantzia militarrera deitu eta bertan aurkeztu zenean etxera itzuli eta kaleko arropekin itzultzeko eskatu omen zioten han zeuden falangistek eta hala egin zuen, ihes egiteko aukera izan arren[166]. Albisurekin batera Errenteriako batzokian (espetxe bihurtuta) egon zen preso irailaren 29tik urriaren 4ra arte. Bi omen ziren salaketa garrantzitsuenak: lehena karlistek antolatutako meza baten berri ematea Frente Popularrekoei, haiei erasotzeko; abertzale sutsuak izatea bigarrena. Horrela finkatu zituen salaketak Errenteriako buruzagi militarrak gobernadore zibilari bidalitako eskutitzean:

 

el primero [Albisu] fundador del partido en ésta y que ha manifestado siempre públicamente su desprecio a todo lo español no ocultando sus simpatías por el Frente Popular. Cuando el movimiento catalán de octubre del 34, se vanagloriaba de este movimiento y manifestaba sus deseos de que lo imitaran los vascos. Ha sido el brazo derecho y consejero de un tal Loidi, teniente-alcalde y presidente de la Comisión de Abastos y Finanazas de Frente Popular de Rentería (...).

      El segundo además de su exaltado nacionalismo hacía pública propaganda en la Escuela de una Sociedad que con el matiz de Social-Católica era vergonzante nacionalista, hasta el extremo que alguna vez los padres de familia han protestado porque entre otras cosas imponía multas por hablar el español...

      Los detenidos han sido ingresados en traje seglar en el día de hoy en la Cárcel de Ondarreta, donde se encuentran a disposición de su [neuk azpimarratuta] autoridad.

 

      Lehen salaketa gezurra zen, baina Círculo Carlista-ko idazkaria izan zen José María García Fuentes-en heriotzari mendeku emateko modua zen eta heriotzak justifikatzeko aitzakia egokia, gertatu ez zen gerra-ekintza batean nahastuz bi apaizak. Egia zen biak abertzaleak zirela, baina ez oso nabarmenak. Edozein kasutan, Loidi zinegotzi jeltzalearen bizilaguna zen Albisu eta Lekuonak euskararen alde gogor egiten zuen bere jardunetan. Julián, bere anaia, EAJko kidea berau, militarrek hil zuten Oiartzunen sartu zirenean. Adierazgarria da, era berean, ez zituztela beraien etxeak miatu. Nortzuk izan ziren salatzaileak? herrikoak izan beharko. Batzuen esanetan, bertako karlistak izan ziren, beste batzuek bi apaizen izenak eman zituzten (Gamboa-Larronde, 2006, 100). Beraien asmoa, Iturricastillorekin gertatu zen bezala, ez zen beraien kideak heriotzara eramatea, behin-behineko urruntze bat lortzea baino (EAT, 1981, 228). Inbidiak eta diferentzia politikoak zeuden salaketen atzean.

      Ondarretan lau egun baino ez zuten egin, familiak jana eta koltxoiak eraman zizkien, baina ez zuten beraiekin hitz egiteko aukerarik izan. Urriaren 8an Albisuren iloba bat (Fernando Garaicoechea apaizaren arreba) bazkaria eramatera joan zenean, libre utzi zituztela esan zioten zaindariek, aurreko eguneko saskia itzuliz. Han, berriz, afaria zegoen ukitu gabe eta Martín Lekuonaren erlojua. Zer gertatu zen? Julián Legarra apaiza izan zen lekukoa. Gaueko hamaika eta erdiak aldera, San Juan abizeneko zaindari bat agertu zen 16. gelan eta Albisuri eta Lekuonari prestatzeko esan zien, kartzelatik ateratzeko. Hala egin zuten bi apaizek, pozik, askatuko zituztelakoan. Askatasuna lortzeko ahaleginak egingo zituztela esanez agur egin zioten Legarrari. Hurrengo goizean, espetxeko garbitzaile batek, Legarraren ezaguna, abadea ikustean, atzamarrak lepora eraman zituen, bi apaizak hil zituztela adierazteko keinua eginez (Iturralde, 1978, 361-362). Errenterian egindako lehen itaunketa salbu, ez zituzten berriro galdekatu, are gutxiago epaitu. Familiei, hauek hainbat gestio egin ondoren, era estraofizialean, zera esan zieten, Hernani inguruan fusilatu zituztela beste 14 lagunekin batera. Ezin izan zituzten gorpuak berreskuratu eta haien aldeko meza ospatu nahi izan zutenean agintariek baimena ukatu zuten, apaizak beharbada bizirik zeudelako aitzakia jarrita. Handik gutxira, Gervasio Albisuren etxeko ondasunak lapurtu zituzten.

      Hamar egun geroago, urriaren 17an beste bi apaiz hil zituzten, nahiz eta beraien arteko loturarik ez egon. Bata, José Adarraga hernaniarra dugu. Apaizen hilketek azalpen gutxi baldin badituzte, Adarragarenak are gutxiago, bere bizitzaren zatirik handiena Mexikon pasatu zuelako eta ez zuelako inoiz inongo sinpatia politikorik azaldu. Bere errugabetasunaren eta garrantzi politiko ezaren adierazlea da 1959an Francori aurkeztutako txostenean ez ziotela ezer leporatu eta ez zutela berari buruzko inongo daturik, ez baitzekiten noiz fusilatu zuten (abuztuan jartzen zuen txostenak), ezta non hil zuten ere. Hernanin lurperatu zutela baino ez zekiten. Arrazoi bakarra aurkitu da Adarragaren heriotzari azalpenen bat emateko eta familiaren bidetik etorri zen. Bere anaia bat, Juan Adarraga, Izquierda Republicana alderdiko kidea zen eta parte-hartze zuzena izan zuen Autonomia Estatutuaren eztabaidan eta garaiko hauteskunde-kanpainetan. Bere koinatu bat Gipuzkoako Diputazioko Comisión Gestora-ko kidea izan zen eta ordurako fusilatua zuten militar matxinatuek. Arrazoi eskasak dirudite, baina ez da besterik aurkitu.

      Bigarren apaiza askoz ere ezagunagoa genuen, José Ariztimuño Aitzol. Azaldu ditugu aurreko atalean bere atxiloketa eta heriotza. Bizirik zegoen bitartean zuen oihartzunak eta polemikarako gaitasunak heriotzaren ostean ere lagundu zion, «En torno a él se ha tejido una amplia novela, que ya pocos días después de su muerte desmintió el P. Juan Urriza, de la Compañía de Jesús»[167]. Izan ere, hil bezain pronto zabaldu ziren lehen zurrumurruak:

 

      Hoy nos basta saber que José de Ariztimuño fué hecho prisionero y que, cruelmente tratado, vejado y escarnecido se le encerró en la cárcel de Ondarreta.

      Horas después, con solo tomarle unas declaraciones en las que ratificó y confirmó sus firmes convicciones patrióticas; sin formársele sumario, sin proceso sin sentencia, dándosele tan sólo el tiempo justo para recibir los santos sacramentos, la madrugada de un día que no puedo precisar con certeza, pero que quedará grabado para siempre en la memoria de Euskalerria, fue fusilado en las inmediaciones de Euzkadi.

      (...)

      Se ha sabido que Ariztimuño abrazó y perdonó al jefe del pelotón que iba a ejecutarle. Murió como un santo y un héroe aclamando a Euzkadi y pidiendo a Dios, al expirar, piedad y misericordia.

      Cuentan testigos próximos al lugar del suceso que el cuerpo de Aitzol desapareció misteriosamente a las dos horas de haber exhalado su último suspiro[168].

 

      Gertaera horien iluntasuna zurrumurru ugariren iturburu izan zen eta gehienek apaizen balentria eta abertzaletasunari eskainitako atxikimendua aipatzen zituzten. Baina ez ziren errepublikarrak bakarrik kontuak horrela haizetu zituztenak. Gomá kardinalak Pacelliri bidalitako eskutitzean zera zioen: «Murió gritando Gora Euzkadi, “Viva Euzkadi libre’’. (El P. Lacoume dice que al morir le dijo que sentía pesar sobre sí la mano de Dios y que ya barruntaba debía ocurrir algo)» (Andrés-Gallego, 2002, 38). Ez zen hori Urriza jesulagunaren iritzia:

 

      Ningún género ha sido más propicio que éste para hacer circular bulos de todo género. Alguien me contaba que cuantos han muerto, fieles a sus ideales separatistas, lanzaban un gora euzkadi, por la que sacrificaban gustosos sus vidas. Si a V. le cuentan eso, no lo crea V. No son momentos que dejen tiempo para muchas cosas. El adiós supremo a la vida, y la inminencia de la eternidad llenan totalmente el alma. No le daré datos, porque deben guardarse en secreto. Muy pocos, poquísimos se han acordado en esos instantes de sus ideales políticos. Se lo asegura a V. quien lo sabe de visu y ex auditu propiis. ¿Quiere V. Una muestra típica? Varias veces visité a Aitzol estando detenido en la cárcel. No me habló jamás de ideales políticos. Estaba convencido de la proximidad de su muerte. Nuestras conversaciones —únicas que parecía admitir— se ordenaron exclusivamente a eso. Conmigo recitó, dictándosela yo, porque no la podía recordar, la oración de Pío X que encierra la aceptación de la muerte; en castellano. No en vascuence. En la para ellos despreciable lengua maqueta invocaba al Señor, como si para obtener el perdón del cielo fuera la llave la lengua de España[169].

 

      Ez dugu inoiz benetan jakingo zer gertatu zen, ezta egia ote ziren ere zabaldutako hainbat zurrumurru, hala nola, pelotoiak tiro egin zuenean, zauritu baino ez zutela egin eta min-oihuen artean, ofizial bat hurbildu zitzaiola, Bilboko jauntxo gazte bat, azken tiroa ematera[170].

      Militar altxatuen egarria ez zen asetu Ariztimuñoren heriotzarekin. Astebete pasa baino lehen beste bi erlijioso heldu ziren kanposantuko hormetara. Alejandro Mendikute apaiza eta José Otano korazonista. Mendikute abertzale sutsua zen, «De uno solo de ellos, Alejandro Mendicute, llegó a mí, estando aún en Vitoria, el rumor de que había hecho algo, muy al principio, en contra del ejército blanco, cosa que no fue posible comprobar. Si fue verdad, lo condeno categóricamente; por lo demás, él era buen sacerdote»[171]. Mendikutek hainbat ekitaldi jelkidetan hartu zuen parte Errepublikako urteetan. Besteak beste, Zegaman egindako mitin batean. Bertan, herri hartako paper-lantegiko jabeetako bat zen Aseginolaza jaunaren aurka mintzatu zen eta berari leporatu zion Mendikutek gertatu zitzaiona. Izan ere, Mendikute bitan atxilotu zuten. Lehenengo aldian Hernaniko kartzelan sartu zuten, baina hamar egun barruan pasatu ondoren askatu egin zuten Miguel bere anaiari esker, Hernaniko parrokoa berau. Urriaren 14aren inguruan, ordea, falangista-talde bat azaldu zen bere etxean eta preso eraman zuten, irain eta mehatxuen artean[172]. Egun berean, sartu zuten Ondarretako kartzelan, gobernadore zibilaren aginduz, «a disposición del juez militar de esta Plaza». Hainbat egun egin zituen bertan, lehenik 11. ziegan eta gero 10.ean, Lekuona eta Albisuk erabili zuten berberean, Otanorekin batera. Maitekiro azaldu omen zen bere erasotzaileekin eta beraien alde egiten omen zuen otoitz. Azkenean, urriaren 24an eraman zuten, itxuraz galdeketarik eta epaiketarik egin gabe, «Puesto en libertad por orden del comandante juez instructor Ramiro Llamas, se une al expediente de José Otano». Izan zituen kontsolamendu bakarrak bere anaia berarekin egotea azken momentuan eta bere herrian hil zutenez, familiaren panteoian atseden hartzeko aukera edukitzea izan ziren. Ez dakigu zer pentsatuko zuen anaiak, handik hilabetera, Hernaniko udaletxeko balkoitik hitz egin zuenean, hernaniarren sinismena goraipatu, Jaungoikoa bera, Armada Salbatzailea, Franco jenerala eta haren laguntzaile guztiak egoera berriaren bultzatzaileak zirela esan eta garaipen osoaren aldeko otoitza eskatu zuenean[173].

      Mendikuterekin batera, José Otano lekaimea hil zuten. Nafarra zen jaiotzaz, baina Tolosako Corazonisten komentuan zegoen gerra hasi zenean, Bilbon eta atzerrian hainbat urte pasa ondoren. Adarragaren kasuan bezala, ez da erraza jakitea zergatik atxilotu eta hil zuten. Isilean bizi zen, ez zen ezaguna eta ia inork ez zuen ezagutzen euskal abertzaletasunari zion sinpatia[174]. Musikaria zen eta euskaldun berria, eta bi elementu horien batuketak zerikusia izan omen zuen bere salaketan. Elizako organista izanik, euskarazko kantuak sartzen saiatzen zen, gaztelaniazkoak eta latinezkoak baztertu gabe. Gerra hasi zenean, Bilbora joateko aukera izan zuen, baina nahiago izan zuen Donostian geratu. Urriaren 12an atxilotu zuten. Salaketa, antza, anaidi bereko fraide batek egin omen zuen, aita Julio Ramírezek. Otanok “gorriek” arrazoi zutela eta gustura joango zela haiekin esan omen zuen[175]. Otano eta Mendikuterekin batera hainbat seglar ere hil omen zituzten. Bi erlijiosoak Hernaniko Villa Trinidad etxera eraman zituzten azken aitortza egitera, ondoren guztiek jauna hartu zuten eta kanposantuaren ateen ondoan zegoen horman jarri zituzten fusilatzeko. Hil aurretik, antza, Otanok ez sufriarazteko eskatu omen zuen eta bere heriotzarekin zerikusia zuten guztiak barkatu zituen (EAT, 1981, 309).

      Hernanin hildako azken bi apaizak José Ignacio Peñagarikano eta Celestino Onaindia izan ziren. Lehena Bizkaiko Etxebarri herriko koajutorea zen; Onaindiak, berriz, Markinakoa izan arren, oso hurbilekoa beraz, Gipuzkoako Elgoibarren egiten zuen lan bera. 64 urte zituen Peñagarikanok eta 38 Onaindiak. Celestinok bi anaia zituen apaiz, Domingo eta Alberto. Azken horrek protagonismo handia izan zuen gerra-garaiko bi aldeen arteko elkarrizketetan eta gerra osteko abertzaletasunean. Peñagarikanoren parrokia frontearen ondoan geratu zen 1936ko urriaren hasieran eta milizianoek haren etxea hartu zuten. Gertaera horrek apaiza asaldatu eta mendira ihes egitera eraman zuen eta hainbat egun pasatu zituen inguruko baserrietan ezkutatzen eta baselizetan mezak ematen. Ibilera horiek susmagarri bihurtu zuten eta badaezpada ere, militar matxinatuen aurrera aurkeztea erabaki zuen, Urkarregiko gainean. Bertan zegoen agintariak, Gortázar kapitainak, markinarra jatorriz, igarobide bat luzatu zion eta Elgoibarrera jaitsi zuen; Onaindia bizi zen etxera, hain zuzen; urriaren 21a zen[176]. Berehala heldu ziren Onaindiaren etxera zelatariak, apaizen gelak miatu (Peñagarikanori ez zioten ezer aurkitu eta Onaindiari Frantziatik heldutako bi eskutitz, baina zentsuraren oniritziarekin), preso hartu eta Donostiara eraman zituzten. Ez zegoen Peñagarikanoren aurkako salaketarik, abertzaleen aldekoa zela eta bere anaia bat gudariekin ari zela borrokatzen salbu[177]. Onaindiari zegokienez, oso iritzi kontrajarriak bildu ditugu. Múgica gotzainak Alberto anaiari bidalitako eskutitzean zera esan zion «era uno de los mejores, (...) Mira que fusilar a un ministro tan excelente de Jesucristo! ¡Qué pecado más terrible!». Frankistek kontrako iritzia zuten: «En la localidad de Elgoibar observó mala conducta, y estaba conceptuado como extremadamente separatista, hablando públicamente en contra de la Causa Nacional. Se le acusó también de espionaje»[178]. Horretaz gain, Peñagarikano ezkutatu eta babestu izana leporatu zioten.

      Atxiloketen berri eduki bezain pronto, Elgoibarren batzorde bat osatu zen, alkatea eta parrokoa buru zituela, eta Donostiara abiatu ziren agintari militarrekin hitz egitera. Onaindia oso ezaguna eta maitatua omen zen herrian eta jarrera ezin hobea erakutsi zuen. Eskuineko preso ugari askatu zituen eta bere abertzaletasuna euskaltzaletasuna baino ez zen, mitinetan edo jaialdi abertzaleetan parte hartu gabe. Alferrikakoa izan zen ahalegina, Ondarretako 5. ziegan sartu zituzten bi apaizak, Oiartzunen hil zituzten Arrasateko hiru erlijiosoekin batera. Horiek atera zituztenean, Andoiango parrokoa, Joaquín Bermejo, eraman zuten bertara eta hori askatu zutenean, Astigarragako parrokoa. Bestelako informerik gabe, galdeketarik egin gabe eta epaitu gabe, urriaren 27ko gauean atera zuten ziegatik Peñagarikano eta, itxura guztien arabera, Hernanira eraman eta fusilatu zuten. Onaindia beste ziega batera eraman zuten, Juan José Olazabal arkitektoarekin batera[179], besteak beste, eta hurrengo egunean Urriza jesulagunak bisitatu zuen, hil egingo zutela aditzera emanez, baina zuzenean esan gabe. Gaueko hamaikak aldera etorri ziren bere bila, manteoa ahaztu zuen eta gogorarazi ziotenean, zera esan omen zuen, “ez dut behar, badakit nora eraman behar nauten”. Eskuak bizkarrera lotu eta kamioi batera igo zuten beste hamabi lagunekin batera, tartean Donostiako sozialista gaztetxo bat. Hernaniko kanposantura eraman zituzten. Hil aurretik bere betaurrekoak kendu zituen eta Te Deuma errezatu zuen. Hilerriko atarian lurperatu zuten sasi artean.

      Apaizen fusilatzeak laburbiltzeko beren kideek jasotako testigantzen sintesia egingo dugu. Hil aurreko egunetan eskutitzak idazteko aukera izan zuten apaizek, nahiz eta oraindik ez jakin zer gertatuko zitzaien. Janaria kanpotik eraman zieten, familia edota ezagunek bidalita eta otoitz ugari egin zituzten preso eraman zituztenean hartutako eliza-liburuak irakurriz. Ateratzeko agindua jaso zutenean, jarrera desberdinak izan zituzten, hasierakoek libre zeudela uste zuten eta pozik irten ziren; azkenekoek, jesulagun baten bisita izaten zuten ordu batzuk lehenago, garai zail haietan prestatuta egon behar zutela adieraziz. Itxaropenik gabe, zituzten ondasun apurrak banatu edota etxera bidaltzeko ahalegina egin zuten, nahiz eta hori kasu bakan batzuetan baino ez gertatu, adiskideei egindako erreguei esker. Bekatuen aitortza egin eta duintasun handiarekin abiatu ziren kanpoaldera, kristau-fedearen testigantza irmoa eskainiz.

      Fusilatzeei buruzko erreferentzia garrantzitsuena, nahiz eta ez izan oso fidagarria, Urriza jesulagunarena da, lekuko zuzena izan zelako, nahiz eta bere testigantza militarrek egindakoa zuritzera zuzendu zen. Erlijioso horrek 1937ko urtarrilean aita Adurizi bidalitako eskutitzean, besteak beste, honakoak azaldu zizkion:

 

      En lo que había ciertamente deficiencias es en el modo de la ejecución: la justicia se hacía en aquellos días segura pero prontamente y no había al principio ni abundancia de vehículos para conducirlos (apaizak) al lugar de la ejecución —por eso algunos fueron mezclados en el coche de los demás reos—, ni sobra de verdugos o fusileros, ni de enterradores —por eso cayeron y fueron enterrados mezclados con los rojos y los nacionalistas—, permitiendo así Dios que sus cuerpos cayeran en la misma fosa con los que iban o aconsejaban estar unidos en la guerra. Pero soy testigo de la pena con que actuaron siempre los mismos ejecutores, y lo vieron sacerdotes también; que por eso, viendo tan conmovido al que mandaba el pelotón de fusileros uno de los sacerdotes le dio un abrazo; y cuando pudieron los llevaron en coche aparte; y finalmente los mismos ejecutores retrasaban si podían de un día para otro la ejecución y destacaron sus jefes hacia las alturas para poner un remedio, que ha sido, se lo aseguro, definitivo.

 

 

Fusilatzeen amaiera

 

      Gomák, itxuraz, apaizen fusilatzeen lehen berria urriaren 26aren inguruan izan zuen, Iruñetik Toledora abiatzeko zela. Data horretan José Angel Lizasoain Palaciosek, Donostiako Acción Católicako lehendakariak jakinarazi zion matxinatuek bederatzi apaiz hil zituztela. Lizasoainen ekintzaren iturburua Julián Pereda jesulaguna izan omen zen, Donostiako San Ignacio ikastetxeko errektorea (Sierra, 2001, 415)[180]. Gertaera hau, berez, oso larria zen, baina bazegoen are larriagoa egiten zuen ezaugarria Elizaren agintariaren begietara: ez zietela beraiei inongo baimenik eskatu, izan ere Estatuarekin sinatutako agiri guztiek elizgizonen zigorra araudi bereziaren esku uzten zuten. Arrazoi hori asko erabili zuten bai Múgicak berak, baita erbesteratutako apaizek ere, alegia, matxinatuek ez zutela errespetatu Elizaren autonomía. Gomáren kasuan, nahiz eta pentsatu errepresio-mota hori gehiegizkoa izan zela, batzuetan bazirudien garrantzi gehiago eman ziola baimen-faltari, heriotzari berari baino. Edozein modutan, horiek gelditu egin behar ziren, baina frankismoaren aurkako tresna bilakatu gabe, diskretuki, alegia. Nabarmena da, bestetik, Elizak bi irizpide desberdin erabili zituela neurtzeko, hildakoak apaizak baldin baziren protesta egin zitekeen, laikoak izanik ez zen beharrezkoa, militarren “legalitateak” bermatzen zituelako ekintza horien zuzentasuna.

      Gomák Toledora egin beharreko bidaia erabili zuen Burgosen Dávila jeneralarekin biltzeko, hori baitzen altxatuen Junta Teknikoaren burua eta honek hitz eman omen zion «que interpondría su autoridad para que no se vulnerara ningún fuero». Egun berean, urriaren 26an, Gomá Francorekin bildu zen Salamancan:

 

ante quien hice valer las razones de justicia, de antipatía que se engendraba contra el ejército, de aumento de la aflicción de la Iglesia ya tan afligida por tanta desgracia, y especialmente apuntando la posibilidad de una reclamación por parte de la Santa Sede, por haber sido vulneradas las disposiciones canónicas en este punto.

 

      Francok, han esandakoaren arabera, ez zuen gertatukoaren berririk, eta hitz eman zion kardinalari, horrelako ekintzak ez zirela errepikatuko, «Tenga Su Eminencia la seguridad de que esto queda cortado inmediatamente». Handik egun gutxitara, Francoren Kabinete Diplomatuaren buruak, J. Antonio Sangronizek adierazi zion Gomári neurri azkar eta sendoak hartu zirela gertatutakoa ez errepikatzeko. Francok, antza, telegrama bat bidali zion Dávila jeneralari eta honek beste bat Llamasi apaizen fusilatzeak geldiarazteko aginduz. Llamasek aginduak ez zuela Iturricastillo apaizaren kasua hartzen harrotu zuen, eta fusilatzea agindu zuen. Handik gutxira, lehen ikusi dugun moduan, Gipuzkoako agintari militarrak kargutik kendu zituzten eta apaizen fusilatzeak amaitu egin ziren[181].

      Hildako apaiz gehienek antzeko ezaugarriak zituzten: nahiko gazteak ziren, baina ez nabarmen, gehienak 40 urte ingurukoak, euskaldunak, euskaltzaleak, oso aktiboak gizarte-arloan, Euzko Langilleen Alkartasunaren bultzatzaileak eta, politikoki, Euzko Alderdi Jeltzalearen hurbilekoak; baina beraien kideek azpimarratu zutenez, ordea, bazekiten bereizten politikaren eta erlijioaren esparruak eta bortxakeriaren etsaiak ziren (Azpiazu, 1965, 38). Múgica gotzainak, bere aldetik, gogor gaitzetsi zituen heriotzak eta apaizen kalitatea, errugabetasuna «Sagarna e Iturricastillo que apenas llevaban unos meses en sus puestos, ni se agitaron, ni pudieron siquiera agitarse contra España» eta politikarekiko mantendutako urruntasuna nabarmendu zituen, «Sólo Ariztimuño y Mendicute faltaron alguna vez a mis órdenes en relación a estos asuntos» (Múgica , 1945, 14).

      Gomák azaroaren 8an jakinarazi zion Pacelli kardinalari gertatutakoa. Adierazgarria da bere hitzetan ikustea apaizak beraien iritziengatik hil zituztela, “han sucumbido víctimas de sus opiniones políticas», militarrek abertzaleei leporatzen zietelako Gipuzkoak eta Bizkaiak erakutsitako erresistentziaren ardura. Baina kardinal espainiarraren esanetan, Aitzolek baino ez zuen, agian, heriotzara zigortzeko beste ko inplikazioa. Llamasek zuen gertatutakoaren erantzukizuna eta haren ekintza gelditzeko Davilarekin eta Francorekin bildu zela jakinarazi zion Vatikanoko kanpo-arazoetako arduradunari. Gomáren ustez, eta bere esku-hartzearen ondorioz ez zegoen ezer konpontzeko aukerarik:

 

aún siendo muy lamentable lo ocurrido, por considerarse como un abuso de autoridad por parte de un subalterno y por la formal promesa del Jefe del Estado de que no ocurrirá fusilamiento alguno de sacerdotes sin que se observen juntamente con las leyes militares las disposiciones de la Iglesia, no procede por ahora, salvo el mejor parecer de Vuestra Eminencia, reclamación alguna por la vía diplomática.

 

      Are adierazgarrigoa da ikustea, hil horren 23an Gomák El caso de España liburuxka argitaratu zuela eta bertan bertsio hori leundu egin zuela. Bertan esaten denez, ez zen euskal apaiz bakar bat ere erlijio-arazoengatik fusilatu, (Casanova, 2001, 105). Ideia hori azpimarratu zuen hurrengo hilabeteetan, gai horri eskaini zizkion eskutitz eta agirietan, publikoetan bereziki: fusilatutako euskal apaizak abertzaleak zirelako edota gerrako-krimenak egin zituztelako hil zituztela, ez ordea, apaizak zirelako, errepublikarrek egin zuten moduan. Are argiago azaldu zuen auzia 1961ean Pérez de Urbel fraideak, «fueron sacerdotes que se valieron de su autoridad para engañar a sus feligreses, para llevarles a la muerte, para luchar en unión de los enemigos de la Fé, traidores a su Patria y, lo que es peor, todavía, traidores a su Dios»[182].

      Gomák bere liburua kaleratu zuen garai bertsuan, 1936ko azaroaren 1 Sean, egin zuen bere diskurtso famatua Iruñeko gotzainak, Marcelino Olaecheak “No más sangre’’ izenburuarekin ezagutzen dena. Bertan, egun batzuk lehenago Tafallan karlistek egindako sarraskia zuzenean aipatu gabe (28 lagun atera zituzten kartzelatik eta inguruetan hil), epaiketa gabeko heriotzen aurka mintzatu zen. Hitzaldiak aurkako erreakzio ugari sortu zituen eta gotzainak hainbat mehatxu jaso zituen. Hori zela medio, ez zuen salaketa gehiagorik egin (Raguer, 2001 eta Sevillano, 2004, 82-84). Iñaki Azpiazu jesulagunaren esanetan, azaroaren 24an, berarengana hurbildu zenean Ceferino Isasaren aldeko laguntza eskatzeko baiezkoa erantzun zion, baina hurrengo egunean itzuli zenean, Olaechearen jarrera aldatu egin zen, hasierako berotasuna epeldu ondoren. Bi egun geroago, Múgica gotzainak Alberto Onaindiari eskutitza idatzi zion Erromatik bere anaia Celestinoren heriotzagatik doluminak emateko eta bere jarrera azaltzeko. Izan ere, Múgicak misiolarien kongresuan parte hartu zuenean, “gorrien” gehiegikeriak baino ez zituen salatu. «Del otro asunto (Apaizen heriotza antza, laikoei buruzko aipamenik ez dagoelako) escandalosísimo y gravísimo no había por qué hablar en el Congreso; pero he informado de palabra y por escrito ampliamente y en audiencias personales al Papa, a Sus Eminencias C. Pacelli; C. Bisletti, Tedeschini; y a los señores Pizzardo, Tardini y al general de los jesuítas: todo está hecho y allá donde única y eficazmente pueden poner remedio al mal de esos incalificables fusilamientos»[183]. Elizgizonek militarren jarreraren aurrean eduki zezaketen kritikak edota ñabardurak isilpean geratu ziren.

 

 

Apaizen kanporatzeak

 

      Heriotzen ondoren, giroa ez zen gehiegi baretu, militarren presioak bere horretan jarraitu zuelako. Horren lekuko dugu Pérez Ormazabalek Luis Valdés Cabanilles, Brigada jenerala eta azaroaren Setik aurrera Francoren gobernuko Gobernadore Orokorrarekin izandako elkarrizketa. Valdések euskal apaiz abertzale guztiak, moderatuak eta erradikalak, kanporatu nahi zituen, beraien ordez, Gaztelako apaizak jarriz. Horretarako euskalduna ez zen gotzaina behar zen (Múgica ezin zen itzuli), bigunegia izan ez zedin, «porque la justicia tenía que ser tranquila y serena, pero severa». Elizako jarduera osoa gaztelaniaz egin behar zen hori zelako Espainiako hizkuntza ofiziala eta ez zekienak ikasi egin behar zuen. Pérez Ormazabalen esanetan, Valdések nahastu egiten zuen euskararen erabilera zuzena eta gehiegizkoa eta uste zuen, oker, separatismoak lotura zuzena zuela bertako hizkuntzarekin. Ormazabalek horrela laburbildu zuen egoera: Gomák Francorekin edota Dávila jeneralarekin bildu behar zuen irizpideak finkatzeko; Valdésen jarrera aurrera ateraz gero, abertzaletasuna hil ordez, indartu egingo zelako; apaiz abertzaleen kanporaketei berehalako irtenbidea eman behar zitzaiela eta bera ordezkatuko zuen Administradore Apostolikoa izendatu zedila, militarrekin ondo konponduko zena eta ahal izanez gero, kanpotarra[184].

      Fusilatze berriak saihesteko eta Elizaren eta agintari militarren arteko talkak alboratzeko, Gasteizko Elizak gogortu egin zituen apaiz abertzaleen aurkako neurriak, apaiztegian eta beste eliza-etxe batzuetan sarraraziz. Diziplina gogortzea eta aginduak zorrotz betetzea ziren lortu nahi ziren beste helburuak. Hurrengo hilabeteetan, apaizen kanporaketak izan ziren eliza-agintarien kezka nagusia. Gomáren hitzetan, militarrek gehiegizko zorroztasuna erabiltzen zuten euskal apaizen aurka, froga gabe edota garrantzi gutxiko salaketen ondorioz apaiz ugari atxilotu eta zigortu zituztelako, izan ere, batzuek jasotako salaketen jatorria auzokoak ziren «que aprovechan la actual situación para sus ruines venganzas». Horregatik iruditu zitzaion beharrezkoa eliza-agintarien baimena apaiz horien aurka jo aurretik. Atal honen sarreran aipatu dugunez, ehunka izan ziren bide hori hartu zutenak, batzuek euren kabuz, arriskua saihesteko, derrigorrez beste askok, militarrek Pérez Ormazabali bidalitako zerrendetan agertzen zirelako. 30 probintzia desberdinetan egon ziren Euskal Herritik kanporatutako apaiz eta erlijiosoak. Beste zenbait Espainiatik kanpo erbesteratuak izan ziren. Bestalde, lan horiek hainbat tentsio sortu zituzten Alfonso Velarde Gipuzkoako Gobernadore Militar berriaren eta Antonio Pérez Ormazabal, Bikario Nagusiaren artean, baita elizbarrutia desegiteko mehatxuak zabaltzea ere. Velardek apaizen hainbat zerrenda bidali zizkion haien kontrako neurriak hartzeko eskatuz. 1937ko urtarrilaren 20an, adibidez, 185 apaiz eta beneditar gutxi batzuen izenak bidali zizkion Velardek, kanporatzeko neurria eskatuz.

 

      Lo triste fue entonces que se dieron nombres que jamás debieron tildarse de tal mancha, como al fin de algunos se vino a reconocer el error que procedió de la pasión política de algunos exagerados y de la malevolencia de otros[185].

 

      Pérez Ormazabalek salaketen frogak eskatu zituenean, Velarderen erantzuna oso adierazgarria izan zen:

 

...sabe V. que es imposible reunir [frogak] pues claro es que ninguno de ellos deja pruebas materiales de su gestión. Pero tenemos que convenir que si preguntamos los nombres de aquellos destacados que hayan laborado activamente es seguro que coincidirán en los mismos nombres de Sacerdotes. Por eso no he podido conseguir más que los nombres y filiación que le he enviado. (...) Es que V. mismo no podría con plena justicia señalar los nombres de los más destacados?

 

      Tirabirak apirilean jarraitu egiten zuen eta mehatxua garbia izan zen Velarderen eskutik, zigorrak ez baldin baziren betetzen arriskua zegoen

 

      ¿No teme Vd. Que este impunismo pueda traer como consecuencia que, al tomarse Bilbao haya el peligro de que se repitan sucesos lamentabilísimos que con nuestra justicia tenemos el deber de evitar?[186]

 

 

Fusilatzeen inguruko polemika

 

      Apaizen heriotzek sortutako tentsioa baretu zela zirudien, baina Agirre lehendakariak 1936ko abenduaren 22an egindako diskurtsoan Elizari leporatu zion isilik geratzea apaizen fusilatzearen eta erbesteratzearen inguruan. Gomák Respuesta obligada. Carta abierta, al Sr. D. José Antonio Aguirre lanarekin erantzun zion 1937ko urtarrilaren 10ean. Bertan zera esaten zion, eliza ez zela isilik geratu, egin beharreko ahaleginak egin zituela, arrakastaz gainera, eta apaizak ez zituztela hil Euskal Herria maitatzeagatik. Hori gutxi balitz zera jakinarazten zion, altxatuen agintari gorenek ez zutela ontzat eman ekintza hura.

 

      Yo le aseguró, señor Aguirre, con la mano puesta sobre mi pecho de sacerdote, que la jerarquía no calló en este caso, aunque no se oyera su voz en la tribuna clamorosa de la prensa o de la arenga política. Hubiese sido menos eficaz. Pero yo puedo señalarle el día y el momento en que se truncó bruscamente el fusilamiento de sacerdotes, que no fueron tantos como se deja entender en su discurso.... aquellos sacerdotes sucumbieron por algo que no cabe consignar en este escrito, (neuk azpimarratua) y que el hecho no es imputable ni a un movimiento que tiene por principal resorte la fe cristiana de la que el sacerdote es representante y maestro, ni a sus dirigentes, que fueron los primeros sorprendidos al conocer la desgracia.

 

      Múgica gotzainak Gomáren agiriaren berri izatean, idatzi bat bidali zuen Vatikanora (Múgica, 1937) bat egiten zuela Gomák esandakoekin azalduz, puntu batean izan ezik, «discrepamos totalmente en una cosa, y mi conciencia y mi condición de prelado de los sacerdotes asesinados en la diócesis de Vitoria, provincia de Guipúzcoa (..) me obliga a dirigir este escrito a la Santa Sede; ya que, como merecía de suyo el caso, no me parece edificante dar a la luz pública otra carta mía, rectificando lo que a todo trance debo rectificar»[187]. Múgicaren ustez, ez zen egon inongo arrazoirik apaizak hiltzeko. Are gehiago, berarekin hitz egin zuenean, Gabon aurretik, argi azaldu omen zion «que desde Franco hasta el último soldado debieron, no matar al venerable y ejemplarísimo arcipreste de Mondragón, sino besar las huellas de sus plantas». Gomák kanporatu beharreko apaizen zerrenda aztertzea eskaini zionean, uko egin omen zion lan horretan parte hartzeari[188].

 

      Sólo los nuestros, los que no han hecho del púlpito una trinchera, como ha ocurrido con los púlpitos y los boletines eclesiásticos de España en favor de los militares, sólo los nuestros que han estado en sus ministerios sacerdotales hasta última hora, sólo éstos mueren sin recuerdo de piedad, ni de la Santa Sede, ni de su Obispo. Hay una consigna de dejar en el secreto estos crímenes; pero no podemos tolerarlo. Todo se sabrá. Todo se publicará. Hasta el silencio estudiado de sus superiores de Vitoria que, en el Boletín, no han dedicado un R.I.P. a sus hermanos muertos y muertos como santos.

 

      Múgicaren salaketa gogorra zen, baina ez da ulertzen zergatik erabaki zuen berak ere isilean egitea, beharbada, testu berean esaten duenez istilu gehiago saihestearren, «me temo que salgan a la luz muchas cosas que convendría quizá silenciar para evitar el escándalo de gentes sencillas».

      Handik egun gutxira, 1937ko urtarrilaren 30ean, Gomák eskutitz bat bidali zion Múgicari, argibideak emanez. Bere hitzetan, «Aquellos sacerdotes sucumbieron por algo que no cabe consignar en este escrito» idatzi zuenean zera esan nahi zuen: «Lo que no cabía consignar en este escrito era el uso arbitrario de su autoridad, por parte de quien la ejercía, al fusilar a los sacerdotes, abuso desautorizado ante mí por el Jefe del Estado y que posteriormente lo ha sido de forma más enérgica y total» (Rodríguez Aisa, 1981, 197). Múgicak martxoaren 9an erantzun zion, zeharkako hitzak erabiliz, baina polemikarik zabaltzeko asmorik ez zuela adieraziz: «Con respecto al asunto consabido he resuelto callar»[189]. Izan ere, «Un ruego, que yo no podía desatender, me fue transmitido para que callara “por el momento”»[190]. Bi aste geroago, Pacellik idatzi zion Gomári Aita Santuaren zorionak emanez Espainiako arazoaz informazioa prestu bidaltzen ziolako, baina era berean Pio XI.aren sentimendua adierazi zion Gipuzkoako gobernadore militarrak euskal apaiz ugariren aurka hartutako neurriak zirela eta. Horren ondorioz, kezka horren ondorioz, biziki eskatu zion (astebetera beste eskutitz bat bidali zion) apaiz horien aldeko lana egin zezala[191].

      Gomák, lehen ikusi dugunez, bi argudio erabili zituen Agirre Lehendakariaren salaketa alboratzeko. Bata Urriza jesulagunaren eskutitz luzea izan zen:

 

      Yo he visto bastantes expedientes: depone el acusado y varios testigos; falla el juez. (...)

      El Card. da la cifra exacta de los sacerdotes fusilados; son 14. Sé de este asunto más de lo que debo decir. De uno ciertamente dicen que no era digno. Los demás, si han muerto no ha sido por ser sacerdotes ni por ser dignos sacerdotes, al menos en lo que se refiere al amor patrio. (...) Uno era sumamente ligero, y muy capaz de las faltas que se le probaron. Otros con sus consejos fueron legalmente verdaderos inductores para el alzamiento en armas, y, si no incurrieron ante su conciencia en culpa moral, fueron verdaderos inductores, y la inducción la castiga la ley con la pena de muerte. Otros se prestaron a señalar el lugar donde se hallaban los requetés, a los que se les preparó una emboscada. Etc. (...) A todos se les formó proceso. De él bien claro me dio a entender que estaba enterado el limo Sr. [Gasteizko Bikario Nagusia] a quien antes me he referido.

      (...) Termino este punto con una sola idea fruto de las informaciones serias que he recibido: todos los sacerdotes fusilados incurrieron en un crimen que la ley española —como la de todos los países— castiga y debe castigar con la muerte; traidores o desertores de España incurrieron en el crimen de lesa patria.

 

      Dena den, Urrizaren testigantzak hainbat arazo planteatzen ditu. Lehena, pertsonaren inpartzialtasuna, anaia galdu berria baitzuen, gorrien eskuetan, Agirre lehendakariaren ardurapean zegoenean eta garbi azaldu zuen militarrekiko atxikimendua. Bigarrena zalantza ugari sortzen dituen baieztapena dugu; «Y nosotros fuimos los que después de otros, como Fal Conde, hicimos cuanto estuvo en nuestra mano para impedirlo [apaizen fusilatzeakj». Baieztapen harrigarria aurretik ikusi dugunean Fal Condek bultzatu zuela apaiz abertzaleen aurkako jazarpena. Are gehiago, Fal Conderen jarrera hori ulertzeko egon daitekeen arrazoi bakarra epaiketa-falta dugu, Segura kardinalarekin izandako karta-trukean garbi baitzegoen karlistek apaizak epaitu ostean hil nahi zituztela, eta aldiz, militarrek, isilpean. Hirugarren arazoa, jaso dugun aipuaren azken aurreko lerroan dago, «a todos se les formó proceso». Prozesatuak egoteak ez baitu esan nahi epaituak izan zirenik. Urrizak, Gomák bezala, gerra-kontseiluetan zigortuak besteekin nahasten ditu, nahita edo nahi gabe. Egoera are garbiago dago lehen lerroan, «falla el juez» idatzi zuenean. Epaiketa egon izan balitz, erabakia ez zuen epaile instruktoreak hartuko, tribunalak baino. Garbi dago, beraz, prozedura bat egon zela, baina inolaz ere ez epaiketa zuzena, ezta militarrek finkatutako araudi berri, berezi eta legez kanpokoa (matxinatuak ziren) jarraituz egindako gerra-kontseilurik ere.

      Kardinalaren bigarren argudioa, Donostian apaizez arduratu zen Epaitegi Bereziko idazkariarekin Gomák berak izandako elkarrizketa dugu. Pradok, antza, espedienteak erakutsi zizkion (berriro diogu, ez halabeharrez epaiketaren akta) eta hainbat agiri kopiatzeko baimena eman zion. Agiri horiek, ordea, ez dira inon ageri, orain arte, bederen[192]. 1937ko otsailaren 20an idatzitako txostenean bi ondorio atera zituen Gomák. Lehenengoa, epaiketak egon, egon zirela. Bigarrena, ekintza tamalgarria izan zela, heriotzak beste zigor batzuengatik ordezka zitezkeelako eta Múgica gotzainaren ustezko abertzaletasuna ez zelako arrazoi nahiko Elizaren araudiei muzin egiteko. Hala ere, badirudi kardinalaren ondorengo hitz hauek gehiago zuzentzen zirela hildakoei hiltzaileei baino:

 

      Es ello una lección terrible que deberán aprender cuantos, más atentos a las humanas banderías que a los sagrados deberes de su ministerio, comprometen gravemente el bien de las almas y el prestigio de la Iglesia.

 

      Ez da harritzekoa horrelako gauzak irakurtzea. Eliza Katolikoaren gehiengoak Francoren aldeko ahalegin handia egin zuen, laizismoarekin bukatzeko tresna zelakoan, eta hark eraikitako errepresio-sisteman hartu zuen parte, salaketak eginez edota erabilitako prozedurei bermea emanez. Gerra bukatzear zegoela, 1939ko otsaileko Ardura Politikoen legea onartu zenean, herrietako parrokoak poliziaren laguntzaile ziren. Era horretan, adiskidetzeko tresna izan ordez, Espainiako Elizak eta apaiz gehienek nahiago izan zuten mendekuaren eta gorrotoaren tresna izaten jarraitu.

 

 

 

 

[119] Hilabete batzuk geroago Virgen del Carmeneko marinelek itsasontziko ofizialak atxilotu eta Bilbora joan ziren, Errepublikarekin bat eginez (Iñurrategui, 2006, 104).

[120] Abertzaletasunaren Agiritegia. GE-KOO382-C.1 (eranskina). Baionako kontsula Pedro Lecuona zen eta berak sinatu zuen txostena. Horretaz gain, beste zerrenda bat ere ageri da Euzkadiko Jaurlaritzak egina: “Relación de las personas que vienen en el vapor Galerna cuando fue apresado, y que se encuentran en San Sebastián”.

[121] Tripulazio barruan Salvador Echenique Gobernuko delegatua zihoan, 3. ofizial.

[122] María Asunción Elizalde eta Conchita Elizalderi elkarrizketa, José Mari Elizalderen alabak (2005. urtea).

[123] Dokumentua oso-osorik irakur daiteke, Iturralde, 1978, 354.

[124] Ikus. Elixabete Garmendiaren artikulua Argia astekarian: «Aitzol, izen propio arrakastatsu bihurtu da azken urteotan. Izen eufonikoa sortu zuen Ariztimuño apaizak eta hortik datorkio onespena, ziur, eta ez horrenbeste Euskal Pizkundeko protagonista eta gerrako martiri izatetik» (2002ko apirilak 28).

[125] Bere lan idatziak bilduta daude, J. Ariztimuño, Obras completas = Idazlan guztiak, San Sebastián, Erein, 1986.

[126] Buenos Airesko Nación Vasca aldizkarian, esaterako, bere izenean sinaturiko artikulu bat kaleratu zuten Sabino Aranari buruz, jadanik fusilatua zegoenean (1936ko azaroaren 25a).

[127] Azurmendi, Javier: “Aitzol, ilustre héroe de Euzkadi”, in Insausti, 1990, 25.
     
Aitzolek Iparraldean egindako ibilbideari buruz jakiteko Bidasoa Institutuak berriki atera duen liburu bat ikusi (Gamboa-Larronde, 2006, 88-90), bertan Aitzolen testigantza agertzen da, Barandiaranek jasoa.

[128] Landin, Maite: “Gakoa”, in Torres, 2003, 79-102.

[129] Manuel Guruceaga Arruabarrenari elkarrizketa, fusilatuaren iloba (2005eko azaroa).

[130] Abertzaletasunaren Agiritegia. Irujo Fondoa, K.00075, C.2.

[131] Ibid., GE, K.000 13 c.l. Dokumentuan jartzen du: «Navarra San Cristóbal, 1.300 presos. Están en esta cárcel los supervivientes del Bou Navarra, con los tripulantes de los V/ Galerna y Galdames, trasladados todos ellos de la cárcel de Ondarreta» (Nafarroa, San Cristóbal 1.300 preso. Espetxe honetan daude Navarra bou-tik bizirik atera zirenak, Galerna eta Galdames-en tripulazioarekin batera, horiek guztiak Ondarretako espetxetik eramanak).

[132] AHN. Madrilgo Artxibo Nazionala. Alberto Lores-en anaia, Claudio, fusilatua izan zen.

[133] Militarrek ez zuten jarrera bateratua izan harrapatutako itsasontzien eskifaiekin. Garai bertsuan atzemandako Udando baporeko 40 lagunak fusilatu zituzten. 1937an atzemandako AGr Cantábricon 25 hil zituzten eta 20 kartzelera bidali (Suárez, 2004).

[134] Abertzaletasunaren Agiritegia. GE-K00382-C.1

[135] AGMA (Zona Nacional, Ejército del Norte, 2. sekzioa 15/45/9). Gómez kapitainak Galernarekin egindako ibilbidearen berri ematen du, gerra hasi eta harrapatu zuten arte, eta epe horretan anarkistek bere etxea erregistratu zutela salatzen du. Horretaz gain, Bilbon zein egoeratan zeuden azaltzen du Gomezek deklarazio honetan, informazio militar esanguratsua emanez.

[136] AGA-Asuntos Exteriores, C.258. José Seoane Cortés-en deklarazioa, Virgen del Carmen ontziko marinela. Errepublikarren bandora pasa zen gero.

[137] Gamboa, 2004, 38. Halaber ikusi, Romaña, 1984, 516-521.

[138] Landin, Maite: “Gakoa”, in Torres, 2003, 86.

[139] Pedro Barruso historialariak hainbat datu ematen ditu ontzia entregatzea paktatu zela azaltzeko: Barruso, 2001, 100-101.

[140] La Voz de España, 1936ko urriaren 16a.

[141] Josebe Goyari elkarrizketa. Dobera Euskara Elkartea (200X-JGZ-01).

[142] Josebe Goyari elkarrizketa. Dobera Euskara Elkartea (200X-JGZ-01).

[143] Hernaniko Udal Artxiboa, E/5/V/7.

[144] Odriozola, Jon: Hernaniko Aiene eta ajeak Gerra Zibilaren altzoan, lan argitaragabea, Hernaniko Udal Artxiboa, 2. eranskina. Hernaniko alkateari zuzenduriko gutuna da, 1936ko abenduaren 13an idatzia eta Joaquín Arruek sinatua.

[145] Euzkadi (Santiago de Chile), 1943ko urria.

[146] Pelletier, 1937, 56-59.
     
Iñaki Egañak zuzenduriko 7936. Gerra Zibila Euskal Herrian (Aralar liburuak) bildumako IV. tomoan Francisco Saizarren izena azaltzen da Gipuzkoan fusilaturikoen artean. Bertan jartzen duenez, 1936ko urriaren 5ean hil zen Donostiako mediku hau, heriotza-akta idatzi zuenaren akatsa izan daiteke hori. Horretaz gain, Tomas Larrinagaren heriotza-eguna ere azaltzen da, 1936ko urriaren 20a, hau da, Aitzol eta gainerakoak baino bi egun geroago fusilatu zuten Galernako bidaiari hori.

[147] Nación Vasca (Argentina), 1937ko otsaila.

[148] Ibid., in Euzkadi (Bilbo).

[149] Ikusi: Batasuna (1941eko abendua), Euzkadi (1943 eta 1946ko urria).

[150] 1937ko urtarrilaren 1eko Gomáren txostena, (Rodríguez Aisa, 1981, 100).
     
Juxtu egun horietan Burgoseko gobernua eta EAJ elkarrizketa ofiziosoak egiten ari ziren. Vatikanok ezezkoa eman zion jeltzaleen jarrera gaitzesteari, baina posible ikusten zuen bitartekaritza egitea, Franco abertzaleen eskakizun batzuk onartzeko prest egonez gero. Elkarrizketa horien inguruan, honako lan hau ikusi, Marquina (2006).

[151] Lan garrantzitsuenak honako hauek dira: Iturralde (1978) eta Euzko Apaiz Taldea (1981).

[152] Abertzaletasunaren Agiritegia. Irujo Fondoa, 10-2.

[153] Honda deskribatzen du Gomá kardinalak hilera hura: «A mediados de septiembre se celebró una junta de algunos arciprestes, en la que llevaron la voz cantante los arciprestes de Mondragón, Joaquín Arin, y de Eibar, Eugenio Urroz. El primero afirmó que la pastoral era de dudosa autenticidad y que la guerra era justa, porque era contra un injusto invasor. El de Éibar dijo que la guerra contra los españoles era obligatoria para los vascos» (Andrés-Gallego, 2002, 101-102).

[154] 1937ko urtarrila arte gutxienez altxatuen aldeko mezuak idatzi zituen Gasteizko gotzainak, baina 1945ean idatzitako agiri famatuan (Por imperativos de mi conciencia) zera argitu zuen, berak pastoralari baiezkoa eman ziola, baina hainbat gauza konprobatu arte ez zuela argitaratu nahi. Gomák, ordea, berehala argitaratu zuen egiaztatzea amaitu aurretik.

[155] 1936ko abenduaren 29an izandako bileran Francok zera eskatu zion Vatikanori, «porque el poder civil (sic) no podría hoy garantizar la seguridad personal de dicho Sr. Obispo, ruega a la Santa Sede que se difiera sine die el regreso a España de dicho prelado y la consiguiente ausencia de su diócesis» (Rodríguez Aisa, 1981, 96). Múgica 1947an itzuli zen Espainiara, Donostiara. 1968an hil zen Zarautzen.

[156] La Voz de España, 1936-10-14.

[157] Manuel Fal Conderen agiritegia. 1936ko irailaren 2ko eskutitza. Martínez, 2004, 377-397. Hurrengo aipamenak bertatik atera ditugu.
     
Ezin izan dugu Fal Conderen agiritegia erabili (Nafarroako Unibertsitatean dago gaur egun), berrantolatzen ari dira eta.

[158] Otsailean bidalitako txostenean apaiz baten izena eman zuen, Ramón Labordarena, Pradok Donostian ikusi omen zuen errebolberra eskuan zuela, gudariekin batera. Ez du zehazten zertan. Andrés-Gallego, 2001, 38, documento anexo 4-20.
     
Aitzoli gertatutako pasartearen berri eman zuen bere liburuan Iturraldek: Belloc-en zegoela, bertako beneditar batek zera esan omen zion Aitzoli, Ariztimuño izeneko apaiz bat une hartan bertan, Donostian, pistola eskuan, Francoren katolikoen aurka ari zela borrokan (Iturralde, 1978, 363).

[159] Goma kardinalaren txostena Vatikanora, 1936ko irailaren 19koa (Rodríguez Aisa, 1981, 49).

[160] Apaiz eta erlijioso bakoitzaren berri zabalagoa nahi duenak jo beza Euzko Apaiz Taldeak kaleratutako liburuetara, 1981ekora bereziki.

[160b] Irailaren 12an Kasedako parrokoa, Eladio Celaya, 72 urtekoa, hil zen Azkoienen. Zenbaiten ustez eraila. (Altafaylla, 2003, 508).

[161] Labayru Ikastegiko Agiritegia. Onaindia Fondoa.

[162] Fundación Francisco Franco, 4128.

[163] Bertsio desberdinak daude pasarte horri buruz, baina oinarrian bat egiten dute. Ikusi, adibidez, Luis Arrizabalaga eta Juliana Guridiren testigantzak Gamboa-Larronderen liburuan.

[164] Markiegiren anaia, Polentzi, Debako alkate jeltzalea, hurrengo urtean hil zuten frankistek Santoñan.

[165] Handik urte batzuetara, bere nahia ez zela izan apaiza fusilatzea aitortu omen zuen (Domingo, 2004, 321).

[166] Artecheren arabera falangistak ziren (1970, 51), Pelletierrek lehenik falangistak aipatzen ditu, ondoren karlista bat izan zela dio (1937, 66).

[167] Fundación Francisco Franco, 4128.

[168] “A la memoria imperecedera de Aitzol”, Euzko Deya 5, 1936-11-13.

[169] Andrés-Gallego, 2002, 409-411.

[170] Abertzaletasunaren Agiritegia. Irujo Fondoa, 76.

[171] Múgicak Vatikanora 1937ko urtarrilean bidalitako txostena (Esnaola & Iturraran, 1994, 805).

[172] Pelletierren testigantzaren arabera, Juan José Pradera zen atxiloketaren arduradun zuzena, «recuerdo deliberadamente su nombre» (1937, 67), baina handik urte batzuetara Praderak ukatu egin zuen heriotzarekin zerikusirik izan zuenik (EAT, 1981, 305).

[173] La Voz de España, 1936-12-1.

[174] Abertzaletasunaren Agiritegia. Irujo Fondoa, 76.

[175] Andrés-Gallego, 2002, 39-

[176] Jerónimo Magureguik 1936ko azaroaren 7an Gomári bidalitako eskutitzetik hartu ditugu datu horiek, (Andrés-Gallego, 2001, 275-277).

[177] «De ideas nacionalistas», Fundación Francisco Franco, 4128. Anaiarena, Abertzaletasunaren Agiritegia, Irujo Fondoa, 76-3.

[178] Fundación Francisco Franco, 4128.

[179] Honen testigantza (Arteche, 1970, 111).

[180] Hurrengo egunetan gutxienez beste eskutitz bat jaso zuen fusilatzeen berri emanez, Jerónimo Maguregui eibartarrak bidalitakoa, hain zuzen, azaroaren 7an. Zehaztu gabeko datan Urriza jesulaguna ere Gomárekin elkarrizketatu zen. Lacoumek bidalita, «para resolver aquel conflicto de poderes».

[181] Hildako azken erlijio-gizona, aita Román karmeldarra, Zornotzan hil zuen 1937ko maiatzaren 19an Donostiako Oriamendiko errekete-talde batek, norbaitek abadea hiltzeko agindua eman ondoren.
     
Bilbo erori ondoren bi heriotza-zigor erabaki ziren: Fracisco Errazti karmeldarrarena eta León Aranguren apaizarena, 1937ko uztailaren 30ean. Errazti Olaechea gotzainaren laguna zenez, lortu zuten honek Gomárekin hitz egitea eta horrek Francorekin. Matxinatuen buruak, nahiz eta ordurako sinatuta eduki zigorraren konfirmazioa, atzera egin zuen. Labayru Ikastegiko Agiritegia. Onaindia Fondoa, 16. kutxa, 2. karpeta.

[182] AAW, La Guerra de Liberación Nacional, Zaragoza, Universidad de Zaragoza, 1961. Julián Casanovaren aipua (2001, 141-142).

[183] Múgicak ez zuen aukera galdu, Euzko Jaurlaritzaren jarrera kritikatzeko: «entendiéndose con los rusos que quieren borrar la idea de Dios en el mundo; matar, desde el Papa hasta el último católico; destruir desde el Vaticano y S. Pedro hasta la última ermita: todos están faltando mucho y la ruina absoluta de todo alcanzará a todos». Labayru Ikastegiko Agiritegia. Onaindia Fondoa. 11. kaxa, 1. karpeta.

[184] Andrés-Gallego, 2001, 378-379.

[185] José María Lacoumeren eskutitza, 1937-1-30, (Andrés-Gallego, 2002, 481).

[186] Andrés-Gallego, 2003, 215.
     
Valverde ez zen mehatxuak egin zituen bakarra. Antza, 1937ko martxoan Burgoseko apezpikua, Manuel Castro saiatu zen Pacelli kardinalari bidalitako eskutitzean, apaiz abertzaleak eskomulgatzea lortzen. Aberásturi, 2003, 126.

[187] Múgicaren idatzia, Exposición que el Obispo de Vitoria presenta a la Santa Sede en orden a los sacerdotes fusilados por los franquistas, honako liburu honetan dago jasota (Esnaola & Iturraran, 1994, 803-816).

[188] Múgicak informazio berriak jaso ahala bere iritzia aldatzen joan zen eta frankistengandik aldentzen. Horrela 1939an eskutitz berri bat bidali zion Aita Santuari, aurreko urteetan esandakoak zuzenduz. Múgicak horren berri eman zion Agirre lehendakariari 1946. urtean. Urtebete lehenago, aita Barandiaranen bitartez bere jarreraren berri eman zuen (Múgica, 1945).

[189] Andrés-Gallego, 2002, 155.

[190] Múgica, 1945, 11.
     
Euskadiko Partidu Komunistak gogor kritikatu zuen isiltasun hori. “¿Qué hace el obispo de Vitoria?’, Erri 19, 1937-5-22.

[191] Andrés-Gallego, 2002, 262.
     
Vatikanoko agiriak ikusteko aukerarik izan ez dugun arren, badirudi Gomák ematen zuen irudia, hots, Pio XI.a Francoren aldekoa zela, ez dela zuzena. Hilari Raguer historialari beneditarraren ustez, Aita Santuak euskal katolikoen aldeko sinpatiak zituen. Beste kontu bat da hurrengo Aita Santua izango zen Pacelliren jarrera. “En busca de los secretos vaticanos”, El País, 2006-9-30.

[192] Fernando De Meer historialariak ere duela hamabost urte ahalegin bera egin zuen hainbat agiritegitan eta ez zuen ezer aurkitu (Meer, 1992, 199).