Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
1936ko udazkena Gipuzkoan
Mikel Aizpuru (Director) / Urko Apaolaza
Jesús Mari Gómez / Jon Ordiozola, 2007
 III. GERRA ZIBILA GIPUZKOAN: ERRESISTENTZIAK ETA ERASOAK | IV. GERRA ZIBILEKO ERREPRESIOA BI ALDEETAN: EREDUAK ETA DATU OROKORRAK | V. FRANKISTEN FUSILATZEAK GIPUZKOAN 

 

IV.
GERRA ZIBILEKO
ERREPRESIOA BI ALDEETAN:
EREDUAK ETA DATU OROKORRAK

 

 

Sarrera

 

      Gerra oro eta, bereziki, gerra zibilak bataila-eremua gainditzen duten espazio ezberdinetan garatzen dira. Horietariko espazio bat borrokan dauden aldeentzat arriskutsuak diren edo potentzialki izan daitezkeen pertsonen edo taldeen kontrola, zainketa eta jazarpena da. Gerra garaikideak, borrokalarien eta borrokalari ez direnen arteko bereizketa lausotzean, ezaugarri hori nabarmendu egin du eta, zentzu horretan, Espainiako Gerra Zibila Bigarren Mundu Gerra izango zenaren aurrekari paradigma tikoa izan zen, II. Mundu Gerra izanik militarrak baino hildako zibil gehiago izango zituen lehen gatazka moderno handia. Gure Gerra Zibilean garatutako errepresioak alderdi eta eredu ezberdinak izan zituen, eta helburua aurkako pertsonek eta erakundeek erresistentziarako zuten gaitasuna deuseztatzea zen. Nahiz eta atal honetan Gipuzkoa errepublikarren eskuetan egon zen bitartean izandako errepresioa aztertuko dugun, gure arreta handiena matxinatutako militarren fakziotik sustatutako errepresioan jarriko dugu, biziena, luzeena eta ondorio gehien izan zituena izan baitzen. Erreboltarien errepresioak hiru ikuspuntu izan zituen: 1) menderatze soziopolitikoa 2) alde legitimoari erantzun posible bat emateko asmoa kentzea eta 3) militar matxinatuek eta beren laguntzaileek irudikatutako baloreen aurkakoa ordezkatzen zuen guztia fisikoki deuseztatzea. Kapitulu honetan, lehen bi modalitateak landuko ditugu bereziki. Horretarako, Pedro Barruso Baresen lana jarraituko dugu batez ere; bere 2005eko lanean, Violencia política y represión en Guipúzcoa durante la Guerra Civil y el primer franquismo (1936-1945), matxinatuek neutral edo altxatutako militarren aurka azaldutako eta altxamenduari batu ez zitzaizkion gipuzkoarren aurka errepresioa gauzatzeko erabilitako era desberdinekin mapa bat eratu zuen, besteak beste.

      Gaian sakondu aurretik, zalantzan jarri nahiko genuke gai hau landu duten historialari askok “errepresio ilegalaren” eta “legeztatutako errepresioaren” artean egiten duten bereizketa. Lehenengoa bortitza, basatia eta inongo kontrolik izan ez zuena, gerraren lehen uneetan garatu zena; eta bigarrena agintari berriek eta 1936ko urriaren 1ean autoizendatutako estatu berriak arautu zuena. Gero eta zentzu gutxiago duela bereizketak uste dugu (Vega Sombría, 2005, 83). Baieztapen hori egiteko bi arrazoi ditugu. Lehenik eta behin, badakigu militarrek zuzenduriko errepresio guztia argi eta garbi ilegala izan zela; izan ere, agintaritza zibil legitimoetatik (Gorteek gainbegiratutako Errepublikako Presidentea edo Gobernuaren dekretua) bakarrik bideratu zitekeen gerra-egoera, eta ez gertatu zen legez, eratutako gobernuari zin egindako leialtasunari muzin egin zioten militarren eskutik. Bando militarrek, gainera, segurtasun juridikorik eza sortzen zuten, ez baitzuten zehazten salbuespenezko legeriak indarrean noiz arte iraungo zuen. Berez, nahiz eta gerra 1939ko apirilean amaitu zen, gerra-egoerak 1948ko uztailera arte iraun zuen indarrean, une hartan 1946an jadanik ez zegoela indarrean adierazi bazen ere. Errepresio-ekintzaren zati bat ezarritako prozedura legalei jarraiki egin zela onartzeak, honako hau ekarriko luke: batetik, gerra-kontseilu batek (auzipetutako guztiei heriotza-zigorra jartzen ez ziena) epaituak izateko “zortea” zutenen defentsarik eza ontzat hartzea eta, bestetik, nolabait altxamendu militarra prozedura juridiko edo militar legitimoetan oinarritu zela onartzea.

      Bigarren arrazoia, gure aburuz, garrantzitsuagoa da: uztailaren 17tik aurrera Espainiako eskualde ezberdinetan jazotako gertakariek erakusten zuten gero eta argiago altxamenduko buruzagien aginduei erantzunez erabiltzen zutela indarkeria eta muturreko zapalkuntza mendekoek. Mola jeneralak gatazka piztu baino hilabete batzuk lehenago botatako esaldi batek —ondoren mila aldiz errepikatua— adierazten zuen indarrean jarri beharra zegoela muturreko indarkeria «acción en extremo violenta para reducir lo antes posible al enemigo...» eta, behar izanez gero, zigor eredugarriak aplikatu behar ziren disidentzia guztiak deuseztatzeko, «...castigos ejemplares». Ez bakarrik hori; Extremadura, Galizia, Segovia, Burgos, Errioxa, Nafarroa edo Arabari buruz egindako ikerketek adierazten dutenez, gerraren lehen hilabeteetako errepresio ilegal edo espontaneo hori agintari berriek kontrolatzen zuten —salbuespen batzuekin—, hala militarrek nola zibilek. Osterantzean, ez dago eten kronologiko zehatzik eredu “espontaneoaren” eta “instituzionalizatuaren” artean. Gipuzkoan bertan, kasu bat edo beste ezagutzen dugu, Ordiziako Antonio Murua Arruabarrena abertzalearena esaterako, 1936ko abuztuaren erdialdera exekutatua Nafarroako Etxarri-Aranazen, gerra-kontseilu bat izan ostean, eta, bien bitartean, beste hainbat exekutatu ziren urriaren edo abenduaren amaieran, inongo epaiketarik izan gabe.

      Zigor-jurisprudentziak bi esparru zituen. Lehena Altxamendu Nazionalaren aurka zeuden guztiei jazartzen zien errepresioa, gerra-auzitegi eta gerra-kontseiluen bidez kartzela eta heriotza-zigorrak ezarriz. Bigarrenak, alderdi errepublikarreko jarraitzaileak zigortzera bideratutako xedapenak biltzen zituen, esaterako, Ondasunak Konfiskatzeko Dekretua (1936/37), Erantzukizun Politikoen legea (1939) eta enplegatu publikoen garbiketa. Nahiz eta gu gerra-garaira mugatuko garen, erregimen frankista oinarritu zeneko indarkeriaren eta errepresioaren larritasuna bere osotasunean ulertzeko, gutxienez, berrogeiko hamarkadara arte luzatu behar da begirada. Hain zuzen ere, behin gerra amaitu zenean, ustez, kanpotik mota guztietako erakundeek babesten zuten barne-erresistentzia hipotetiko baten aurkako corpus legegilea eratu zen estatua “defendatzeko”, oinarrian 1940ko Komunismoaren, Masoneriaren eta Judaismoaren Errepresiorako Legea eta 1941eko Estatuko Segurtasunerako Legea zituena. Matxinatuek eratutako esparru “legaletik” kanpo, agintari berriak eta gerra irabazi zuten taldeak beren indarraz baliatu ziren mota guztietako burugabekeriak egiteko, garaituak publikoki iraintzetik hasi eta, haien aurkako indarkeria era ezberdinetan gauzatzeraino, heriotza barne.

      Alde errepublikarrean egindako errepresioak, jarraian ikusiko duguna, ez zien parametro berdinei erantzuten, nahiz eta erreboltariek egindakoaren aurrean indarkeriaz eta errepresaliaz beteriko jazoerak gertatu ziren; talde informalek edo Frente Popularreko sektore erradikalenei lotutakoek egindako ekintzak izan ziren. Agintari legitimoak, baita uztailaren 17tik aurrera sortutakoak ere, interes eta zorte handiago edo txikiagoarekin, ekintza horiek geldiarazten saiatu ziren, baina hainbat sektoreren erradikaltasunak eta sumindurak gainditu zituen. Denborak aurrera egin ahala, abuztuaren amaierarako, tresna juridiko normalizatua eraikitzen hasi ziren, baina pertsonal juridikorik ezak eta eginkizun horietarako aukeratutakoen prestakuntza eskasak zaildu egin zuen lana (Aróstegui & Godicheau, 2006, 45). Euskaldunen kasuan, herri-auzitegi errepublikarrak urte horretako urritik aurrera hasi ziren funtzionatzen eraginkortasun osoz Bizkaiko lurraldean.

      Hasierako erantzukizunak, planteamendu ezberdinek eta borrokan zeuden bi aldeetan gauzatutako errepresioaren neurri ezberdinak kontuan izan arren, ezin dugu ahaztu alde batean edo bestean legez edo legez kanpo, zapalkuntza eta zigorrak bizi izandakoek antzeko esperientziak izan zitzaketela. Días de Llamas, Juan Iturralde (1979) idazleak Madril errepublikarreko txeka komunista batean preso egondako epaile bati eskainitako eleberria, kalitateari eta sakontasunari dagokionez, Alberto Méndezen (2005) Los Girasoles ciegos lanarekin berdindu daiteke, 1939ko apirilean izandako errepresioari buruz idatzitako narrazioen multzoa. Manuel Chaves Nogales kazetari errepublikarrak (1936an erbesteratua bi aldeetan ikusten zuenak nazkaturik) 1937an A sangre y fuego idatzi zuen, Queipo de Llanoren Andaluzian eta Espainia errepublikarrean burututako sarraskiak gurutzatzen zituzten kontakizun laburren multzoa. Ikerketa honetan zehar, gutxieneko erreferentzia batek kointzidentzia hori nolabait azaltzeko balio diezaguke. Jean Pelletier industrial frantsesak (frankistek Galerna itsasontzia harrapatu ostean Ondarretako kartzelan preso izandakoa) aske utzi zutenean idatzi zuen aipatutako kartzelako patiora lehen aldiz atera zenean, bertako hormek odol-orbanak eta azalen hondakinak eta giza ehunak zituztela (Pelletier, 1937, 52). Urtebete geroago, kartzela berean, 1936ko uztail- amaieraren eta irail-hasieraren bitartean, preso izandako Simón Ezquiagaren Tolosa en el Alzamiento Nacional argitaratu zen. Ez dugu uste karlista tolosar honek Pelletierren liburua irakurrita zuenik, baina Ondarretan bizi izandakoa kontatzean, esperientzia berdina aipatzen du:

 

      Efectivamente: la pared frontera a nuestras celdas estaba acribillada de orificios de balas. La mayoría se hallaba a una altura de setenta centímetros del suelo. La sangre de los mártires coagulada, trozos de tejidos salpicados e incrustados en la pared, fragmentos de sesos... en fin un espectáculo realmente trágico.

 

 

Errepresio errepublikarra
eskuineko elementuen eta
matxinatutako militarren aurka

 

      Gobernu errepublikarraren errepresioa pairatu zutenen ikertzaileek edo senitartekoek abantada triste bat dute: 1936ko uztaileko altxamendu militarraren hasieratik, hildakoak, zauritutakoak, atxilotutakoak, zigor fisiko, moral edo ekonomikoak jasan zituztenak zenbatzeko ahalegin handia egin zuten matxinatuek.

 

      Sería, por cierto, bien lamentable que de una revolución tan cruenta, de una cosecha tan riquísima de heroísmos y martirios como antes no se ha dado en nuestra historia y difícilmente se dará en la de país alguno, no se formara el inventario completo. Sería sensible que se perdiera la más pequeña parte de la eficacia de tan poderosos ejemplos, e injusto que cayera en el olvido un solo nombre al que no pudiera ser tributado el merecido homenaje de admiración y gratitud. Claro es que ante Dios no hay héroes anónimos; pero también la Patria y la posterioridad quieren y deben honrar a todos y cada uno de sus héroes.

(Echeandía, 1945, 20)

 

      Interes hori, gainera, administrazio berriak «ex-cautivos, caballeros mutilados e hijos de los mártires de la Cruzada»ri eskainitako lehentasunezko arretan gauzatu zen, haientzat lanpostu ugari edo era ezberdinetako sine curak gordez. Gerra-gatazka amaitu ostean, agintariek aipaturiko kontabilitatea Causa General-a izenaz ezagututako prozedura baten bidez sistematizatu zuten. Causa General-aren helburua oso sinplea zen: Espainiako eskuinak Gerra Zibila hasi zenetik pairatu zituen kalte pertsonal eta ekonomikoen zerrenda zehatza eskaintzea. Kasu batzuetan, zerrenda horrek, gainera, 1934ko urriko iraultza ere jasotzen zuen. Horretarako, Espainiako udalerri guztiei eskatu zitzaien informazioa, galdeketak bidali zitzaizkien bete zitzaten, eta Espainiako probintzia bakoitzarentzat txosten bat ireki zen. Bertan, atxilotu eta erail zituzten pertsonez gain, jasandako kalte ekonomikoak ere sartu ziren, eta hortaz, errepublikarrek 1936 eta 1939 bitartean zenbat edalontzi edo maindire bereganatu zituzten edo zenbat etxe suntsitu ziren jakiteko aukera badago. Dokumentuen bilduma amaituta, laburpentxo bat besterik ez zen argitaratu, agian “zuriek” ez zutelako gerran zehar behar adina sufritu “gorrien” gainean egindako errepresioa justifikatzeko. Dokumentuak, ehunka kaxatan gordeak, Estatuko Fiskaltza Nagusian egon ziren harik eta, duela bi hamarkada, Madrilgo Archivo Histórico Nacional-era eraman ziren arte. Teorian, hor egon beharko luke errepresio errepublikarrari buruz jasotako informazio guztia. Alabaina, Causa General-ak eskaintzen dituen datuen okerrak, errepikapenak eta orokorrean informazioa puzteko joera erakutsi dute azken urteotan egindako ikerketek.

      Gipuzkoaren kasuan, iturri horri, gerran zehar edo gerraostean, Gipuzkoa gobernuaren indarraren mendean egon zeneko hilabeteetan gertatutakoaren berri eman zuten hainbat liburu gehitzen zaizkio (Carasa, Echeandía, Ezquiaga, boyarte, Morales, Sainz de los Terreros, Runy eta Valladolideko Unibertsitateko txostena). Oro har, matxinatutako militarren aldekoek pairatutako sufrimenduak nabar mentzen dituzte testu horiek, “gorrien” eta “separatisten” izaera gaiztoa ere azpimarratzen dute, eta orrialde propagandistiko anitz dute, baina André Zwingelstein (1936, 223) publizista frantsesaren muturrera iritsi gabe; izan ere, horrek idatzi zuen frontetik zetozen milizianoek lau egunetan Tolosako familia onenetako hogei neska bortxatu zituztela. Pérez Madrigal (1936, 8) sozialista erradikal ohiak eskuin muturreko aliatu berrien iritzi ona lortzeko, honakoa azpimarratu zuen: gobernuko alderdiak hainbat preso bizirik erre zituela, apaiz bat laurdendu zuela, dontzeila bati bularrak moztu zizkiola eta Andaluziako haurrak burdin batetik zintzilikatu zituela. Egoera hauek gorabehera, eta iturri horiek euskal historialarien ikerketa ezberdinekin bateratuz, Gipuzkoan 1936ko udan jazotakoa eta pairatutakoa nolabaiteko erraztasunez kontabiliza daiteke. Zailagoa da, errepublikarren kasuan bezala, biktimen eta borreroen aurpegien berri ematea, indarkeriaren psikologia azaltzea, atxiloketen errituak, kartzelara sartzea, epaiketak, paseoak eta fusilatzeak edota senitartekoek edota protagonistek bizitako larritasuna adieraztea. Ez da batere xamurra azaltzea, Ledesma Vera-ren (2003) hitzak erabiliz, hiltzen nola ikasten den, edo nola helburu horretarako armak zituztenak gutxiengoa izanik, gizarteko sektore garrantzitsu baten babesa, laguntza eta estalketa zuten.

      Altxamendu militarraren ondorioz, lehenengo eta behin erakunde errepublikarrak bertan behera geratu ziren, ezkerreko masen dinamismoak gaindituta. Denbora batez, aipaturiko erakundeen ordez tokian tokiko defentsarako junta edo batzarrak sortu ziren. Gipuzkoako kasuan, Defentsa Junta 1936ko uztailean eratu zen, eta indarrean egon zen bitartean, irailaren erdialdera arte, bere mende geratu ziren probintziako gainerako erakunde eta organoak, eta horien artean egon ziren ia desagertuta zeuden egitura judizialak. Baina, ikusi dugunez, Defentsa Juntak zuen kontrolatzeko ahalmena ez zen nahikoa izan anarkisten, komunisten eta kidetasun politiko argia ez zuten taldeen ekintza autonomoak eragozteko. Momentuko anabasaz baliatuz, beren errepresio-politika gauzatu zuten, baita saltokietan eta etxebizitzetan konfiskazioak eta lapurretak egin ere. Kontuan hartzekoa da, gainera, altxamendu militarraren lehen unean bertan hasi zirela eskuindarren atxiloketak, eta hilaren 20an José María García Fuentes, Errenteriako Círculo Carlistako idazkaria, hil zuten[16]. Beste 150 pertsona hil ziren hil berean, gehienak Donostian. Irun, Arrasate, Tolosa, Deba edo Eskoriatzan gertaturikoa, esaterako, esanguratsua izan zen pairatutako atxiloketen kopuruarengatik. Tokiko atxilotuekin batera, Gipuzkoako kostaldeko udatiar askok etxe barruko arrestatzeak edo behin-behineko kartzelaratzeak jasan behar izan zituzten. Gerrako itsasontzi atzerritar batzuk euskal kostaldera hurbildu ziren beren herrikideak jasotzeko eta gehiegikeriak ekiditeko. Gutxi gorabeherako datuen arabera, 800 pertsona inguru atxilotu zuten Gipuzkoan abuztuaren erdialdera arte, eta horietatik 472 Ondarretako kartzelan sartu zituzten, 168 Kursaalen eta beste 100 Guadalupen (Barruso, 1996a, 158). Zehaztu gabeko preso-kopuru bat Deba bailaratik Bilboko kartzelara eraman zuten.

      Simón Ezquiaga tolosar tradizionalista preso egon zen, lehenik Tolosan, gero Ondarretan eta azkenik Bilbon. Berak idatzitako testu honetan oso era grafikoan adierazten da atxilotuekin izandako jarrerak eragindako sentimenduak nolakoak ziren:

 

cuando paramos en el trayecto a San Sebastián porque nos ahogábamos, las sucias mujerzuelas se amotinaban y nos querían matar. En Ondarreta, el gran cordón de salvajes, con ojos de hiena, acecha con ferocidad e insulta. Somos corderos acumulados en grave silencio. .. Los frente-populistas blasfeman, destilan odio por sus bocas y sus ojos. Cada uno de los tipejos asquerosos nos mira como eligiendo su víctima, en nuestra violenta entrada a Ondarreta. Los tiranos «manda-más» son incapaces de frenar los ímpetus canallescos y rastreros de la plebe, y ésta tira golpes a diestro y siniestro, confundiéndose con los condenados. Al nuevo suplicio suenan bofetadas y otros excesos de los chulos (...) amenazando volverían a segar nuestras vidas; y a beber nuestra sangre. ¡Locura de sanguinarios!

(Ezquiaga, 1938)

 

      Pedro Barrusok hiru indarkeria-mota bereizi ditu fase honetan: Justizia Espontaneoa, Justizia Iraultzailea eta Herri Justizia. Justizia Espontaneoak bere adierazlerik onena Ondarretako erasoetan eta Tolosa, Guadalupe, Donostia eta Azkoitiko preso eskuindarren hilketetan izan zuen. Kontrolik gabeko ekintzak ziren, matxinatutako indarren aurrerapenak eragindako frustrazioari erantzuteko, era berean, zibilen kontrako aireko eta itsasoko bonbardaketekin eragindako hilketei erantzuteko. Hiriburuan, ezkerrak indarra zuen herrietan eta anarkisten edo komunisten patruilak bisitan ibiltzen zirenetan (Hernani, Irun, Deba eta Arrasate) izan ziren atxiloketa gehien. Kasu batzuetan, altxamenduaren ustezko jarraitzaileak ziren pertsonen hilketak, horien jabetzen aurkako ekintzak eta elizaren ondasunen eta eraikinen kontrako ekintzak egiten zituztenak.

      Elizaren estamentuaren eta bere ondasunen aurkako erasoei dagokienez, aipatu beharra daukagu Gipuzkoan eta euskal probintzietan estatuko gainerakoetan baino eraso gutxiago gertatu zirela eta ahulagoak. Gipuzkoan lau erlijioso bakarrik hil zituzten. Horietariko lehena Pasaiako apaiz ekonomoa izan zen, Felipe Goena, uztailaren 27an eraila[17]. Horren atzetik Ricardo Vázquez mertzedarioa, Ondarretan preso egon ondoren, uztailaren 30ean hil zuten. Hirugarrena José María Alcibar, Itziarreko apaiz laguntzailea, anarkista-talde batek erail zuen abuztuaren 10ean. Azkenik, Eibarko apaiza, Eulogio Ulacia, irailaren 4an hil zuten. Euskal Herrian, guztira 45 apaiz eta erlijioso hil ziren errepublikarren esku. Hainbat eliza, komentu eta eskola erlijioso kuartel, kartzela eta biltegi moduan erabiliak izan ziren. Apaiz askok kaleko arropa erabiltzen zuten segurtasun-neurri moduan, baina herri gehienetan, elizkizunak normaltasunez ospatzen jarraitu zen.

      Errepublikarren aldiko gertakari larrienak Donostian jazo ziren, non León Carrasco gobernadore militarra hil ostean, talde komunista batek kartzela eraso zuen uztailaren 30ean, eta 53 pertsona hil, gehienak militarrak. Ordurako, indar erreakzionarioak Tolosako inguruetan zeuden; iraultza-batzorde batek boterea eskuratu zuen uztailaren 31n, eta abertzaleak eta errepublikarrak bazterrean geratu ziren[18]. Abertzaleen ekintzari esker, preso asko aske utzi baziren ere, gau hartan bertan hamalau atxilotu (denak tradizionalistak) hiriburura eraman zituzten eta Pasealeku Berrian fusilatu zituzten. Gertakari hartatik aurrera, abertzaleek, errepublikarrek eta sozialista batzuek lortu zuten gehiegikeriak eragoztea. Presoen hilketak geldiarazi ziren; eta gatazkaren azken uneetan errepikatu ziren berriz Gipuzkoan, erretiratuz zihoazen milizianoen eskutik. Hala ere, ekintza bidegabeek jarraitu zuten, kasu bakan batzuk izan baziren ere (hilketak, konfiskazioak, miaketak eta abar). Norteko Ferrokarrillaren Burdinazko Zubiaren inguruan exekutatzen zuen talde batek Atotxako frantziskotarren komentuan zuen egoitza. Felipe Mujika abertzalearen arabera,

 

      Allí estaban unos individuos indeseables, desarrapados cuya sola presencia me hizo pensar que si nuestra causa estaba encomendada a tales sujetos, era preferible que vinieran los fascistas (Gamboa-Larronde, 2006, 407).

 

      Larritasun handiko hurrengo gertakariak irailean izan ziren, Irun erori zenean; Hondarribiko Guadalupeko fortea izan zen istiluen gune nagusia. Gerrako lehen egunetatik aurrera, Guadalupeko fortea, uztailaren 24tik aurrera hain zuzen, kartzela moduan erabiltzen hasi ziren. Hara eraman zituzten Hondarribian atxilotutakoak, eta atxilotu horiei batu zitzaizkien Irunen eta Donostian atxilotutakoak abuztuaren amaieran. Bestalde, altxatutako tropen helburu militarretariko bat izan zen, eta hori agerian geratu zen Almirante Cervera eta España erreboltarien flotako itsasontziek abuztuaren amaieran hasita bonbardatu zutenean. Bonbardaketen eta matxinatutakoen erasoen errepresalia bezala, abuztuaren 19an, forteko hamahiru presori heriotza-zigorra ezarri zitzaien, baina sei bakarrik fusilatu zituzten. Irailaren 5ean, fortea zaintzen zuten abertzaleek utzi egin zuten; José Múgica abertzalea zen buru une horretan, eta EAJtik jasotako aginduak jarraituz, kartzela horretako ateak zabaltzeko ordena eman zuen. Atxilotutako gehienek eskainitako aukera aprobetxatu zuten eta gutxi batzuk geratu ziren barnean, muturreko elementuak kanpoan aurkituz gero, eraso egingo zieten beldur[19]. Hondarribi inguruko baserrietan ezkutatu ziren ihes egin zutenak. Nahasmen handiaren erdian, handik denbora gutxira, miliziano anarkisten talde bat heldu zen, eta tentsio handiko uneetan —atxilotuetako batzuek dirua eskaintzen zieten laguntzeagatik (Runy, 1938)— hamar bat preso fusilatu zituzten Donostiara ihes egin baino lehen. Nazionalak heldu zirenean, bost miliziano hartu zituzten preso fortean eta berehala fusilatu zituzten.

      Fronte garbirik gabe gertatzen ziren borrokek sortutako nahasketek behin baino gehiagotan pasarte ilunak sorrarazi zituzten. Lezon, adibidez, itxuraz euskal abertzaletasunaren aldeko lau lagun hil zituzten uztailaren 29an: María Oyarzabal Lekuona 48 urtekoa, eta hiru semeak Domingo Usabiaga Oyarzabal 24 urtekoa, Crisóstomo 21ekoa eta Sebastián 17koa. Matxete batekin egindako zauriak zituen amak eta hiru semeek suzko armak egindako zauriak. 1941. urtean Causa General-erako egindako aitortzan, Francisco Usabiagak, hildakoen alargun eta aitak, zera adierazi zuen, hilketen egunean tiro batzuk entzun zituztela eta baserritik irten zirela Huescan. Harrezkero ez zituen gehiago bizirik ikusi etxekoak. Datak kontuan hartuta, ingurutik pasa ziren miliziano anarkista batzuengana zuzendu ziren susmo guztiak[20]. Beharbada, Pío Barojak CNTko kideek baserritar ugari mehatxatu zituztela eta haien aurka tiro ere egin zutela idatzi zuenean Lezoko gertakizun horretaz ari zen. Barajaren hitzetan:

 

      Lo que pasa es que esta gente de la CNT que anda por estas tierras vascas son gallegos, asturianos, navarros de la Ribera y aragoneses, los cuales se nota que sienten odio por el país (2005, 80).

 

      Bien bitartean, Gipuzkoako Defentsa Juntak, gerra-komisarioaren bidez, era irregularrean eraturiko auzitegi mistoak, zibiko-militarrak, ezarri zituen (Barrusok justizia iraultzailea deiturikoa) Loiolan errenditutako militarrak eta Ondarretako kartzelan zeuden herrikide batzuk epaitzeko. Abuztuaren 14an, itsasoko bonbardaketa baten ostean, 8 militar epaitu eta exekutatu ziren, eta beste 7 hilaren 19an, matxinatuen ontzidiaren beste ekintza baten ostean. Abertzaleek eta, bereziki, Manuel Irujok egindako ahaleginek (diputatua eta geroago ministroa) ez zuten ezertarako ere balio izan. Donostian altxamenduan inplikatutakoen kontra egindako azken prozesua abuztuaren 26an izan zen. Bertan epaitu zituzten Musiera jenerala eta Baselga teniente koronela eta biak kondenatu zituzten heriotzara; 1936ko abuztuaren 27an exekutatu zituzten.

      Ordena Publikoko Komisaria abertzaleen esku egon zen, eta eskuindarren bizitza bermatzera eta kultu katolikoaren defentsara bideratu zituen bere ekintzak. Berez, abuztuan egindako atxiloketa askoren helburua atxilotuak babestea zen, kontrolik gabeko patruilek ez zitzaten atera pertsona horiek beren etxebizitzetatik. Era berean, Ondarretako edo Tolosako kartzelei egindako erasoen moduko gertakariak ez errepikatzeko ahaleginak egin ziren, eta hainbat saiakeraren eta komisario aldaketen ostean batzorde eta junten kontrolik gabeko ekintzak etetea lortu zen. Izan ere, horien esku zeudenez ordena mantentzeko lanak, tokiko buruzagi eskuindarrak atxilotzen zituzten, etxebizitzak arakatzen zituzten eta abar, askotan inongo justifikaziorik izan gabe. 1936ko abuztuaren 23 eta 25eko dekretuei jarraiki, estatuko kanpo-segurtasunaren kontrako delituen, sedizioaren eta iraultzaren aurkako Auzitegi bereziak eratu ziren, eta “matxinadarekin eta sedizioarekin erlazionatutako kausak” aztertzen zituzten. Horiek eratzean, Gipuzkoako Defentsa Juntak eskumenak galdu zituen eta Herri Justiziaren faseari eman zitzaion hasiera. Nahiz eta ez dakigun aldaketa legalaren ondorio edo ekintza espontaneo bat izan ote zen, Herri Auzitegi batek, geroago desagertu zenak, 22 pertsonaren exekuzioa epaitu eta agindu zuen, hiriburuaren ebakuazioa baino egun batzuk lehenago; horien artean pertsona ezagunak zeuden, Víctor Pradera eta Javier bere semea, Jorge Satrustegui eta Pedro Soraluce, besteak beste.

      Une hartan, Donostiako azken egun “errepublikarretan” ahaleginak errepikatu ziren Guadalupeko fortean jazotakoa saihesteko. Horrela, presoak itsasontzi batean sartu eta Bilbora eraman zituzten irailaren 8an, tropak Donostiatik ebakuatu zituzten egun berean. Horietariko batzuk kartzela-ontziei eta Bilboko kartzelei egindako erasoetan hil zituzten 1937ko urtarrilean, beste batzuk, aldiz, Euzkadiko Herri Auzitegiak epaitu zituen, eta zigor desberdinak erabaki ziren haientzat. Beste hainbat ez zituzten epaitu eta kartzelan egon ziren tropa nazionalek 1937ko udan Bizkaia okupatu zuten arte, une horretan militante nazionalisten laguntzari esker aske geratu ziren, batzuk Bilbon eta beste batzuk Turtziozen (Carasa, 1938, 323).

      Causa General-aren arabera, errepublikarren kontrolak iraun zuen bitartean, Gipuzkoan 343 pertsona hil ziren, nahiz eta horietariko batzuk ez ziren probintzian bizi, eta biktima horietariko batzuk Bilbon arestian aipatutako erasoetan hildako gipuzkoarrak izan ziren. José Echeandía apaizak (bera ere gatibu egon zen) esan zuen errepublikarrek Donostian egindako hilketen kopurua ezin zela era zehatz batean argitu, baina hirurehun inguru izango zirela (Echeandía, 1945, 267). Azken ikerketen arabera (Egaña, 1998), 280 hildako izan ziren. Datuen arteko ezberdintasuna ulergarria da, egun horietan Gipuzkoan udatiarrak eta biztanleria mugikorra zeuden eta. Polloeko hilerri donostiarrean ezarri zen oroitzapenezko hilarriak ere agerian utzi zuen informazio zehatzik ez egotea.

 

      De Julio a Septiembre de 1936, durante la dominación de la ciudad por los elementos del Frente Popular y sus adeptos, se cometieron en esta plaza multitud de asesinatos en personas, algunas de ellas ilustres, de San Sebastián, que están enterradas en este cementerio.

 

      Gerra-garaiko bortxakeria ez zen izan gatazka militarraren gailurra, besterik gabe, ezta iraultza-garaiko nahasketaren berezko adierazlea ere. Ledesma Vera-ren ustez (2003), bortxakeriaren erabilera ez zen izan kasu guztietan Errepublika-garaiko gatazken jarraipena, matxinatuek armekin altxatzean sortutako botere-hutsunearen ondorioa baizik. Botere-hutsune horrek indarraren erabileran zegoen monopolioa desegin zuen eta gertaera horrek ateak ireki zizkion iraultzari eta bortxakeria kolektiboari. Ledesmaren iritziz, bortxakeria ez zen izan gerraren arrazoia, estatu-kolpearen ondorioa eta adierazlea baino. Kolpe-saiakerak huts egiteak, bestetik, ateak ireki zizkion gerra zibilari, eta aurretik zeuden talde guztiak bitan, edo bi bandotan, banatu ziren. Beraz, botere-hutsune hori ezinbesteko baldintza izan zen, bortxakeria eragin eta bizkortu zituzten bestelako arrazoiek ateak zabalik aurkitzeko. Horien artean daude errepublika-garaiko gizarte-gatazkak, tokiko boterearen inguruan izandako borrokak eta iraultza-ahaleginen aurkako erresistentzia. Bortxakeria-mota horrek Frantziako eta Errusiako iraultza-saioetan izandakoaren antza du, baina ez zen boteretik antolatutakoa eta bultzatutakoa izan. Horrela, estatu errepublikarra berrantolatu eta egonkortu zenean, berezko bortxakeria horrek atzera egin zuen, baina Gipuzkoan beranduegi gertatu zen hori. Beraz, bortxakeria-mota hori ez zen sistemaren parte, eta ez zuen agintari legalen babes eta bultzadarik izan. Ez zen Estatu totalitario baten emaitza, Estatuaren gabeziarena baino.

 

 

“Beste” errepresio frankista:
konfiskazioak, isunak eta abar

 

...creen que todos los crímenes que se han cometido en nuestro país y que se trata de juzgar y sancionar por esta justicia inicial han sido debidos exclusivamente a la pasión política, y esto no es cierto, la mayoría de ellos han sido hijos de impulsos bastardos, de envidias y venganzas personales, de malquerencias anteriores y casi todos han sido inspirados por un bajo espíritu de odio, de represalia, que nada tiene que ver con la pasión política que puede ser noble y grande[21].

 

      Bigarren Errepublikaren aurkako altxamendu militarra gertatu eta hilabete gutxi batzuetara, ia Gipuzkoa osoa matxinatuen esku zegoen. Horiek, aipatu dugun legez, errepresiorako estrategia eta makineria garatu zuten lehen egunetik, eta garaitua fisikoki deusezteaz gain eta “atzealdea” garbitzeaz gain, corpus legegile sui generis bat eratu zuten, garaituei bizirauteko askatasuna, ondasunak eta bitartekoak kenduko zizkiena. Azken finean, edozein disidentzia ezabatzea zen helburua. Errepresio-prozesu hauek gizarte-maila guztiei eragin zieten, garbitzeko ahaleginean; izan ere, azken finean, gizartea berriro hezi nahi zuten balore tradizionaletan oinarrituz. Jarduera horretan, zeregin garrantzitsua bete zuten armadak —bere esku zituen ordena eta justiziaren administrazioa—, Eliza Katolikoak eta matxinadaren inguruan zebiltzan erakundeek. Apaizek, alkateek eta Comunión Tradicionalistaren eta Falange Españolaren tokiko batzordeek egindako txostenak oinarrizko piezak ziren militarren errepresiorako. Horiek guztiek, hein handiago edo txikiagoan, hartu zuten parte zigor-ekintza, fusilatze eta exekuzioetan; era berean, “zerrenda beltzen” eraketan, konfiskazioetan, isunetan, langileen kaleratzeetan, erbesteratzeetan, zapalkuntza publikoetan, ile-mozketetan eta beste hainbat zigorretan. Gipuzkoako populazioaren zati handi bat, gehiena euskal abertzalea edo errepublikarra, errepresioaren biktima zuzena edo zeharkakoa izan zen (seme-alabak, emazteak, gurasoak), nahiz eta kasu askotan ez dagoen 1936ko gerran, gerraostean eta Francoren diktaduran bizitakoa eta sufritutakoa jasotzen duen dokumenturik.

      Matxinatutako alderdiaren jarraitzaile batzuk saiatu ziren errepresioaren ondorioak apaltzen, baina horrelako kasuak ez ziren asko izan. Gipuzkoak, beste hainbat probintziak bezala, zapalkuntzazko eta beldurrezko erregimena bizi izan zuen, nahiz eta beste leku batzuetan baino hildako gutxiago izan ziren. Justo Mokoroa eskolapioak, Tolosan eta Iruñean hilabete batzuk ezkutaturik egon ostean, 1936an erbestera egin behar izan zuen alde, eta honela deskribatu zuen egoera:

 

      Desbordados completamente los jefes por los subalternos y por la gentuza armada nada valen las recomendaciones, ni las promesas, ni siquiera los salvoconductos oficiales. (...)

      No ha sonado una voz compasiva en nombre de la caridad cristiana. Por todas partes se percibían en cambio incitaciones a la venganza y al exterminio. Destacan (los periódicos) Arriba España y Unidad.

(Gamboa-Larronde, 2006, 11 eta 114)

 

      Ignacio Arrieta erreketeen tenienteak (1937ko abuztuan Frantziara egin zuen ihes) honela definitu zituen erreketeak: «fieras sedientas de sangre humana. El espíritu que los anima se condensa en estas frases que se oyen en cada momento: “hay que matar a todos los rojos, a todos los nacionalistas vascos y simpatizantes, a todos los sospechosos’’» (Gamboa-Larronde, 2006,166). Urtebetelehenago, falangistek eta karlista nafarrek Gaztelu herria hartu zutenean, 1936ko uztailaren 24an, estatutuaren aldekoak deuseztatzeko asmoa azaldu zuten, «esos vascos» ziren erditik kendu behar zirenak (Gamboa-Larronde, 2006, 148). Bi egun geroago, Ataun okupatu zutenean, bi neskatilak uko egin zioten besoa altxatzeari eta biak fusilatzekotan eta haien etxea erretzekotan egon ziren, baina apaiz baten bitartekotzari esker saihestu zen tragedia. Boluntario horiek berek Tolosan sartu zirenean, beraiekin batera heldu ziren arpilatzeak, isunak, atxiloketak eta exekuzioak. Ignacia Marquet tolosarrak Frantziara ihes egiteko aukera izan zuen José Arámburu Gipuzkoako Gerrako Junta Carlistako presidente ohiak eskainitako laguntzari esker; abertzaleen aurkako gorrotoa azpimarratzeko honako hitz hauek erabili zituen Marquetek adierazpen batzuetan: «los tradicionalistas rezuman odio contra los nacionalistas». Egoera horretan, nahiz eta komandante militarrek hilketen errudunak atxilotzeko ahaleginak egin, erreketeek presioa egin zuten exekuzio irregularrengatik atxilotutakoak aske utzi zitzaten (Gamboa-Larronde, 2006, 337). Irailaren 13an hartu zuten Pasaia erreboltariek, eta kapilau errekete bat Gelasio Arámburu apaiza lasaitzen saiatu zen, esanez, ez zituztela abertzale guztiak hilko, buruzagiak bakarrik, «únicamente a los dirigentes» izan ziren hitzak (Gamboa-Larronde, 2006, 514). Karitatea aldarrikatzen zuten erlijiosoak abertzale susmagarriak ziren eta, hortaz, jazarri zitzaketen. Errepublikarrak indarrean zeudela abertzaleen laguntza jaso zuten eskuindarrek isilik geratu behar izan zuten gero, haiekiko lotura edo esker ona azaldu nahi izan arren, abertzaleen kontrako kanpaina prentsak hasi zuenean, lurraldean gertatzen ari ziren zoritxar guztien errua abertzaleena zela hedatzen hasi baitziren.

      Errepresio frankistaren muturreneko kasuak edo adierazpiderik gogorrenak matxinatuen bandoaren aurka egin edo laguntzarik eman ez zioten pertsonen hilketen inguruan gertaturikoak izan ziren. Hurrengo kapituluan aztertuko ditugu arreta bereziz, baina beharrezkoa iruditzen zaigu azpimarratzea militar erreboltarien eta beren akolitoen ekintza beldurrarazlea ez zela “bero-beroan egindako errepresiora” mugatu edo indarrean zegoen erregimen konstituzionalari leial zitzaizkion pertsonen aurkako gerra-kontseiluetatik ondorioztatutako errepresiora. Franco hil eta ondorengo urteetan, errepresio frankistaren inguruan egindako ikerketek fusilatzeak eta exekuzio sumarioak izan zuten jomuga; 1990etik aurrera, aldiz, konkistatutako herria menderatzeko matxinatuek erabilitako bide ezberdinak azaltzen zituzten lehen ikerketak argitaratu ziren (Alvaro Dueñas, 1990, 1994, 1996; Mir, 1994). Gipuzkoako kasuan, Pedro Barrusok (2005) egin du gaiaren inguruko ikerketarik sakonena.

      Donostia eta ia Gipuzkoa osoa okupatzen ari ziren bitartean, matxinatuen ekintza sistematizatuko zuen egitura “juridikoa” garatzen ari ziren. Donostia, gainera, erresistentzia luze baten ostean frankisten esku erori zen lehen hiriburuetako bat izan zen eta, hortaz, gainerako Espainia errepublikarrak Gipuzkoa izan zuen gertatuko zitzaionaren eredu.

      1936ko irailaren 15ean, La Voz de España tradizionalistaren lehen alean (La Voz de Guipúzcoa errepublikarra ordezkatu zuen egunkaria), 1936ko uztailaren 28ko bandoa argitaratu zen, zeinaren bidez Junta Nacional de Defensa izenekoak gerra-egoera aldarrikatu zuen. Hortik aurrera, Kode Militarraren mende geratzen zen justizia. Defentsa Batzar Nazionalaren 108. dekretuak (irailaren 13koa) legaltasun errepublikarrari leial izandako alderdi guztiak legez kanpo utzi zituen, eta “Estatu berria” bihurtu zen aipaturiko erakundeei eta beren kideei konfiskatutako ondasunen administratzaile eta titular. Okupatuz zihoazen herrietan “Estatu espainola” ezarriz joan ziren, matxinadari leial zitzaizkion pertsonak agintari izendatuz eta matxinadaren kide ziren erakundeetan kokatuz. Lehenengo unetik bertatik ekin zioten garaituaren jazarpen sistematikoari eta zigor-justiziari. Horretarako beharrezkoak ziren mekanismoak Estatuko Batzorde Teknikoa eratu zenean garatu ziren, 1936ko urriaren 1ean, “Estatu berriak” garatutako corpus legegile berria ezarri zenean, garaipenaren osteko bizitza arautzeko asmoz.

      Gipuzkoa okupatu zuten lehenengo uneetan, beste probintzia batzuetan bezala, frankisten errepresioak oinarrizko bi foku izan zituen: “aurkako” pertsonak eta “aurkakoen” ondasunak. Pertsonei zegokienez, errepublikarrak, abertzaleak edo horien lagun ziren susmoa zutenak atxilotu egiten zituzten eta, sarritan, gero exekutatu. Horretarako “aurkakoen” zerrendak egin ziren eta honako irizpide hauek jarraitu zituzten etsaia definitzeko:

 

      Actuaron en las diferentes comisarías creadas durante el dominio rojo-separatista.

      A partir de octubre de 1934 hubieran desempeñado cargos directivos, o actuado como asesores políticos en las organizaciones políticas integrantes del Frente Popular y del nacionalismo vasco.

      Habían desempeñado cargos similares en las asociaciones inspiradas por las aludidas organizaciones.

      Se levantaron en armas contra el ejército español.

      Fueron proclamados candidatos a Diputados a Cortes por los aludidos partidos en las elecciones de febrero de 1936.

      Hicieron públicamente campaña a favor de los dichos partidos o de sus candidatos.

      Fueron designadas, por los aludidos candidatos, como apoderados en las dichas elecciones así como los que en su representación actuaron como interventores en las mesas electorales. Protegieron a los partidos políticos integrados en el Frente Popular y del nacionalismo vasco, especialmente mediante aportaciones económicas.

      A partir de febrero de 1936 hubieran desempeñado cargos públicos en representación de los aludidos partidos.

      A partir de 1934, hayan figurado como afiliados a los dichos partidos.

 

      Errepresioaren bigarren fokuari dagokionez, errepublikari leial zitzaizkion alderdi, erakunde eta kideen ondasun higigarri eta higiezinak konfiskatzea zen helburua. Aldi berean, propaganda-materiala eta liburutegietako fondoak jende aurrean erretzen ziren (ez zirenean lapurtzen). Gerrako Junta Carlistak edo udal berriek hartzen zuten erabakia. 108. dekretuak zilegitu egin zuen “de facto” gertatzen ari zena tropa erreboltariak okupatuz zihoazen herrietan, hau da, banakakoen, erakunde politikoen eta horien buruzagien ondasunak konfiskatzea edo desjabetzea. Neurri horiekin batera, isilpeko konfiskazioak heldu ziren: altxamendua babesten zuten erakunde eta taldeek sustatutako harpidetza anitzen bitartez, borondatezko ekarpenaren izenean mozorrotutako estortsio ugari egin ziren. “Aurkakoengandik” eskuratutakoarekin gatazkak eragindako gastuak ordaindu nahi zituzten agintari berriek; eskudirutan edo jenerotan egin behar zuten ekarpena, eta jasotakoa, ustez, tropak hornitzeko erabiltzen zen. Jakina, inoiz ez zitzaien itzuli ezer ordaindu behar izan zutenei.

      Ez ziren bakarrak izan. Altxatutako militarrek eta beren aliatuek aurrera egin ahala, zuten guztia zegoen-zegoenean utzi eta jasan zitzaketen zigorren beldurrez atzerrira ihes egin zuten pertsonei ere eragin zien. Kontuan hartu beharra dago, Beasaingo gertakarien ondorioz (1936ko uztailaren amaieran), tropak hurbildu ahala populazioaren exodoa etengabea izan zela. Andoain, Hondarribi, Hernani edo Donostiako ebakuazioek, besteak beste, herri horien populazioa erdira murriztu zuten eta agerian utzi zuten gipuzkoarrek erreboltarien etorreraren aurrean zuten beldurra. Horietariko asko Ipar Euskal Herrira abiatu ziren eta sektore garrantzitsu bat Kataluniara joan zen, alderdi nazionalaren kontrako borroka jarraitzeko, harik eta 1939ko otsail-apirilean azken exodoa egin arte. Baina, hasiera batean erbesteratze labur baten moduan planteatzen zen hura, askorentzat atzerriko egonaldi luze bilakatu zen, horrek zekartzan zailtasunekin, hala militantzia politikoari buruzko arrazoiengatik nola agintari berriek muga ixterakoan ezarritako zailtasunengatik. Atzerrian geratzea “borondate txartzat” jo zen eta, hortaz, hori egiten zuenak erregimenak martxan jarritako errepresio-legeek prozesatua izatea merezi zuen. Gerra-kontseilu batetik pasa zitekeen edo armada nazionalaren lerroetan erroldatuz edo langileen batailoietara bidaliz zigor zezaketen. Horri lan-garbiketa edo lanpostu bat eskatzerakoan baztertua izatea gehitu behar zitzaion. Horrela, probintziatik ihes egin zuten gipuzkoar asko erbesteratzera behartu zituen gatazkarekiko beldurra askorentzat zigor gogorra izango zuen delitu bihurtu zuen Frankismoak.

      Hainbat erakunde eta pertsonarengana jotzen zuten ondasunik zegoen eta zer-nolakoak ziren egiaztatzeko. Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Nagusiak eratzeko 1937ko urtarrilaren 10eko dekretuaren bidez sistematizatu ziren ekintza zigortzaileak, gutxi gorabehera espontaneoak. Aipaturiko 108. dekretuan jasotako erakundeen kontra eta Mugimendu Nazionalaren garaipenari aurka egiten zioten pertsonen kontra jardutea zen Batzordearen helburua. Urtarrilaren 26an Gipuzkoako Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Probintziala (CPIB) eratu zen eta ordura arte “de facto” egiten ari zirena ofizial bihurtzeko erakundea izan zen. Ondasunen konfiskazioak hiru helburu nagusi zituen: aurkari politikoak zigortzea; bigarrenik, bere ondasunak kentzean, erresistentziarako edozein borondate uxatzea; eta, azkenik, gerraren gastuak ordaintzeko fondoak biltzea (Vega Sombría, 2005, 153).

      1937ko apirilean hasi ziren espedienteak bideratzen. Baten bat Mugimendu Nazionalaren kontrako kausaren batean sartuta zegoela pentsatzen bazuten, espedientea irekitzen zion Batzordeak eta pertsona horren ondasunak zerrendatzen ziren bertan, instantzia posible guztietan informazioa jasoz. Instrukzioaren ondoren, epaileak txosten bat azaltzen zuen bere epaiarekin. CPIBek Burgosera bidaltzen zuen, non eskualde militarreko jeneral buruak, zigor bat ezartzeko kasuan, kantitatea zehazten zuen, espedientedun pertsonaren ondasunen bahiketa agintzearekin batera.

      Hiri-lurreko ondasun higiezinak, landa-ondasunak (baserriak, lanerako lurrak, pinudiak...) eraikin industrialak, bankuko kontuak edo baloreak izan ziren konfiskatutako ondasun nagusiak. Auzipetutako pertsonen ondasunak, prozeduren pean zeudenenak edo ihes egindako pertsonen ondasunen inbentarioa egiten zen, eta gero bahitu edo desjabetu egiten ziren. Agintari berrien esku geratzen zen horien administrazioa, eta gehienetan udalek egiten zuten lan hori. Estatu berria finantzatzeko —hori zen helburua— erabiltzen ziren desjabetutako ondasunak. Batetik, gatazkako gastuei aurre egiteko, bestetik, matxinoen aldekoei kalte-ordainak emateko eta, batzuetan, oraindik “liberatu” gabeko lurraldeetatik heldutakoei ematen zitzaizkien ondasun horiek alokairuan. Batzordearen esku geratzen zen jasotako errentaren % 15. Gipuzkoako Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Probintzialaren jardunaren ondorioz, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako datuen arabera (Pedro Barrusok sakon azterturikoa), guztira 2.481 pertsonari ireki zitzaien espedientea, eta etxe, ondasun, fabrika, lur-eremu eta akzio ugari konfiskatu ziren. Batzordeak berak 4.000 espediente baino gehiago zenbatu zituen 1937tik 1939ra bitartean, eta bere menpe egindako operazioetan lortutakoak 7.000.000 pezeta inguru izan ziren. Gipuzkoako 76 udalerritan izan zuten eragina desjabetzeek.

      Batzordeak bere jarduerak 1940ko otsailera arte luzatu bazituen ere, 1939ko otsaileko Erantzukizun Politikoen Legea indarrean jarri zenean amaitu zen berez haren zeregina, eta Erantzukizun Politikoen Auzitegiei transferitu zitzaizkien bideratutako auziak. Gipuzkoako errealitate soziologikoaren ezaugarrien ondorioz, goi-mailako asko zeuden errepublikarren aldean, eta, beraz, legeria frankista aplikatu zitzaien horiei guztiei. Gauzak horrela, prozesatuen eta administratu beharreko ondasunen kopurua ikaragarri handia zen, eta horrek ezinezko egiten zuen guztien tramitazioa. Eskualdatzeko unean, batzordea 4.000 espediente inguru tramitatzen ari zen: Donostian ehun hiri-finka baino gehiago administratzen zituen eta probintzian laurehun, eta horri bi mila landa-finka eta ehun hipoteka-kreditu gehitu behar zitzaizkion. Azkenean, ezintasun horri irtenbidea emateko, egoitza Iruñean zuen Erantzukizun Politikoen Auzitegi Probintzialak jaso zituen ia 2.000 espediente.

      Erantzukizun Politikoen Legearekin, altxamendu militarraren hasieratik ezarriz joan ziren neurriak maila gorenera iritsi ziren, osatu egiten baitzituen, baliogabetu gabe. Legearen atzeraeraginezko izaera zela eta, auzitegi berezien jurisdikziopean geratzen ziren honako egoera hauetan zeudenak: auzitegi militar batek kondenatu izana, baimenik gabe atzerrian bi hilabete baino gehiago igaro izana eta 1936ko irailean legez kanpo utzitako erakunde politiko edo sindikaletan karguak izatea edo Mugimendu Nazionalari aktiboki aurre egin izana. Erregimen errepublikarrean guztiz zilegi izandako ekintzak epaitzen ziren oraingoan, altxamendua legitimotzat eta ezinbestekotzat hartzea baitzen helburua. 1934ko urritik aurrera, era batera edo bestera legeak deskribaturiko egoeraren batean izanez gero, espedientea irekitzeko arriskua zuten. Horren ondorioz, aipatutako legearen arabera auzipetu beharreko pertsonak asko ugaritu ziren.

      Akusatu-pilo horrek ez zuen epailearen aurrean inoiz azaldu beharrik izan, deskargu-orri bat idatzi behar zuten beren alde eta abalak bilatu (erregimenaren aldekoek sinaturikoak ziren lagungarri). Zigorrak zibilak izan ohi ziren: jarduerak murrizten zituztenak (lanpostu zehatzetarako gaitasun-gabetzeak), bizileku-askatasuna mugatzen zutenak (erbesteratzea, Afrikan zituzten eremuetara atzerriratzea, konfinamendua edo deserriratzea) eta, batez ere, ekonomikoak (ondasun guztiak galtzea, batzuk bakarrik konfiskatzea edota isunak). Auzitegiek prozesatutakoen erantzukizunak hiru mailatan sailkaturik zeuden: larriak, ez hain larriak edo arinak, eta gertakariei jarritako kalifikazioaren arabera ezartzen zituzten zigorrak. Gipuzkoari dagokionez, 1941eko irailean, Iruñeko Erantzukizun Politikoen Auzitegiak 1.832 kausa baino gehiago zituen. Erantzukizun Politikoen Legeak jasotzen zituen zigorren artean Gipuzkoan gehien aplikatu zirenak ekonomikoak izan ziren, atzetik bizileku-askatasuna mugatzea eta gaitasun-gabetzeak zeudelarik. Kasu gehienetan militantzia abertzaleko pertsonen kontra zeuden zuzenduak. 19 izan ziren beren ondasun guztiak galdu zituzten prozesatuak (atzerrian zeuden pertsonen kasua) eta gutxi batzuek ikusi zuten mugatuta bizilekua aurkitzeko askatasuna.

      1943ko urrian, bederatzi mila kausa baino gehiago zeuden hasteke, baina gehienak ez ziren inoiz hasiko, bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, bideratutako espedienteen kopuru handia: asko izaten ziren prozesatuaren aurrekariak eta ondasunak zeintzuk ziren ezartzeko helburuarekin eskatutako txostenak; horrek luzatu egiten zuen espedienteen tramitazioa; jurisdikzioa berritzeko unea heldu zenean, bideratzeke zeuden espedienteak bideratuak baino gehiago ziren, eta nola ez, ebatzitakoak baino gehiago. Bigarren arrazoia erreforma legala izan zen; horrek pertsona bat auzipetzeko kausak murriztu egin zituen. Dena den, legea ez zen 1966ko azarora arte guztiz ezabatu. Agintari frankistek hogeita hamar urtez erabili zituzten errepresio-legeak legaltasun errepublikarrari leial izandakoen aurka, nahiz eta 1945eko apiriletik aurrera legea indargabeturik egon eta prozesatutako askoren espedienteak artxibatu. Datu sinboliko batek azaltzen digu agintari frankisten anbibalentzia eta arbitrariotasuna: José Antonio Agirre, Euzko Jaurlaritzako lehendakaria, 1966ko otsailean indultatu zuten, hil eta sei urte geroago.

      Frankismoaren makineria zapaltzailea beste eremu batzuetara ere heldu zen; errepresioaren ezaugarri izan ziren epaiketaz kanpoko exekuzio eta hilketak, atxiloketak, Ondasunak Konfiskatzeko Batzordearen lana edo Erantzukizun Politikoen Legearen jurisdikzio berezia, baina ez ziren ezaugarri bakarrak izan. 1936ko bailaren 15eko dekretu batek legez kanpo utzi zuen masoneria, eta bertan sartuta zegoen pertsona oro erreboltaritzat hartzen zen. Gerra-egoera aldarrikaturik zegoenez, agintari militar batek epaitzea izan zitekeen ondorioa edota gerra-kontseilu batean heriotza-zigorra jasotzea. Gipuzkoako kasuan, xedapen horien ondorioak ez ziren oso larriak izan, masoneria gutxi errotuta baitzegoen lurraldean.

      Frankismoak martxan jarritako zeregin zapaltzaileen artean lan-garbiketak ere egon ziren: arlo guztietan gauzatu ziren, enpresa pribatutik hasita Administrazio Publikoa, diplomazia, epaileak, heziketa publikoa eta eskola profesionalak harrapatu zituen, besteak beste. Altxamenduaren aurkakoak zigortzeaz gain, iritzi politiko zehatzik ez zuten horiek beldurtzea eta jarraitzaileak sustatzea izan zen garbiketaren helburua, eta, hortaz, Mugimenduaren jarraitzaileak jartzen zituzten lanpostu estrategikoetan. Era horretan, matxinadaren garaipenaren alde borrokatu zirenei ordainsariak ematen zizkieten (Vega Sombría, 2005,197). Langileei eragiteaz gain, 1939ko otsailetik aurrera, neurriak zerbitzu publikoak eskaintzen zituzten enpresen administrazio-kontseiluei eta zuzendaritza-batzordeei ere eragin zien[22].

      Administrazioaren garbiketa oso goiz hasi zen eta udalak izan ziren lehenak beren karguak autogarbitzen eta legaltasun errepublikarrari leial izandakoak postuetatik kentzen. Lehen aran garbitzailea 1936ko uztailaren 27an plazaratu zen, zeinaren bidez okupatuz zihoazen herrietako alkateek eta zinegotziek beren kargua utzi behar zuten. Irailaren 3an hasi zen administrazioaren benetako garbiketa: Mugimendu Nazionalaren kontra zeuden funtzionarioen bereizketa. Gainera, tokiko eta probintzietako erakundeak estutu ziren, tropa salbatzaileak herrira sartu eta hurrengo 48 orduetan beren karguetara azaldu ez ziren funtzionarioei lanpostua kentzeko. Horren ondorioz, aldizkari ofizialetan eta prentsan kargurik gabe geratutako funtzionarioen zerrenda luzeak argitaratu ziren; eta horrek areagotu egin zuen agintari berrien eta beren jarraitzaileen eskutik edozein gehiegikeria jasateko beldurra. Kargua berreskuratzeko, abal batzuk behar ziren espedientatuarenganako konfiantza bermatzeko eta, kasu askotan, kolpe militarra babesten zuten taldeetan eman behar zen izena, militantzia azaltzen zuen ziurtagiriaren bidez lanpostua berriz lortzeko. Erakunde askok lekuak gorde zizkieten gatibu eta soldadu ohiei, eta horrek erregimen berriaren aldeko administrazioa eratzen lagundu zuen.

      Matxinatutako alderdiaren asmo garbitzailea hezkuntzaren esparruan nabarmendu zen gehienbat. Hemeretzigarren mendetik aurrera tentsioak izandako alorra zen hezkuntzaren mundua; alde batean eliza-hierarkia eta sektore kontserbadoreak zeuden eta, bestean, sektore aurrerakoiak edo liberalak. Aipaturiko tentsioak Bigarren Errepublikaren garaian areagotu ziren, Instruzio Publikoaren Ministerioak ahaleginak egin baitzituen aldaketarako tresna moduan hezkuntza laikoa sustatzeko, eta horrela, Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa indartzeko. Neurri horrek, besteak beste, Elizaren gaitzespena eragin zuen eta muturreko diskurtsoa garatzea; izan ere berrikuntza horiek Espainia katoliko eta tradizionalaren kontrakoak zirela uste zuten. Errepublikaren porrotaren ondorioz, Elizak aurretik zuen lekua berreskuratu zuen berriro. Integrista katolikoen diskurtsoa bere gain hartu zuen Francok, eta bere agintaldi diktatorialak iraun zuen bitartean atzerriko indarrak eta masoneria akusatu zituen Espainian sartzeagatik, desordena sozialari bide eman zion hezkuntza ekartzeagatik eta Aberria suntsitzeko mehatxua egiteagatik. Horrela, Espainia onera ekartzeko asmoarekin, librepentsamenduaren gaixotasunetatik, ideia liberaletatik eta Errepublikaren aurka matxinatu zen koalizioa defendatzen zuten ideal erreakzionarioen kontrako izan zitekeen hartatik askatuz, egin zen hezkuntza-esparruko garbiketa, Frankismoak martxan jarritako errepresio-prozesuen artean eragin handiena izan zuena. Maisu-maistrek talde txikia, kontrolatua eta oso definitua zuten, eta lehen unetik ikusi zuten beren burua mehatxatuta. 1936ko abuztuaren 31n Gipuzkoako Gerrako Junta Carlistak adierazi zuen nolakoa izan behar zen irakaskuntza: «ha de ser en lo sucesivo fundamentalmente católica y netamente españolista sin paliativos, sin remilgos de ninguna clase (...) conscientes de la decisiva importancia que ella tiene cara a la formación del espíritu de la nueva España. Cuantos obstáculos dificulten este sentido, claro y rotundo, que se quiere dar a la formación de las nuevas generaciones serán apartados inexorablemente». 1936ko irailaren 26an, Gobernu Zibilaren Instrukzio Publikoaren ordezkaritzatik FETEra (UGTren Federación Española de Trabajadores de la Enseñanza) afiliatutako irakasleen zerrenda bidali zen Valladolideko Unibertsitatera, hots, 1936ko abuztuaren 19ko agindu bati jarraituz kargurik gabe utzitakoak ziren zerrendakoak. Agindu horren arabera, unibertsitateetako errektoreek ahalmena zuten irakasleak beren kargutik kentzeko, baldin eta beren jarduera “aztoratzailea” izan bazen.

      Horrela, udaletatik jasotzen ziren txostenen arabera egin zen irakasleen lehen garbiketa. Matxinatuen aurkako ideologia zuten irakasleak zerbitzutik kentzea zen helburua. Lehenengo urratsa baino ez zen izan, berehala osatu zuten lehenengo garbiketa hori irakasleak sailkatuz akusazioaren larritasunaren arabera: larriak, ez hain larriak eta kargurik gabeak. Azken finean, irakaslearen jarduera pertsonala, profesionala eta politikoa aztertzen dira espedienteetan. Prozesu horretan, oso garrantzitsua da inplikazio soziala, bestela esanda, garrantzia handia zuten apaizaren, familia edo gurasoen, FET-JONSen eta Guardia Zibilaren txostenek.

      Garbiketaren bigarren fasea 1936ko azaroan hasi zen, Estatuko Junta Teknikoaren Irakaskuntza Batzordeak dekretu baten bidez araupetu zuenean hezkuntza-esparruko irakasle guztien garbiketa. Zeregin horretarako, batzorde batek aztertu behar zituen Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeetako irakasleak, Eskola Normaletakoak, Merkataritza Eskoletara esleituriko langileak, ikuskatzaileak, administrazioko langileak eta abar. 1942ra arte luzatu zen Batzordearen jarduera, eta Gipuzkoako kasuan, garbiketa Eskola Normaleko langileetan nagusitu zen. Probintzian lanean ari ziren maisu guztiak kargurik gabe utziz basten zen garbiketa-prozesua. Horrela, lanpostua berreskuratzeko eskaera egin behar izaten zen, eta ondorioz, automatikoki zabaltzen zitzaien garbiketa-espedientea.

      Gipuzkoako kasuan, jokabide politiko eta erlijioso kontserbadorea zuen probintzia izan arren, zigortutako pertsona ugari egon ziren. Askorengan izan zuen eragina prozesuak eta luze jo zuen —espediente batzuetan hirurogeiko hamarkadara arte luzatu zen—. Gipuzkoako maisuen % 27 zigortu ziren garbiketa-prozesuaren ondorioz, horien % 13 zerbitzutik kendu zituzten betiko; andereñoen % 80 eta maisuen % 56 berriro hartu zituzten beren lanpostuetan. Bigarren Hezkuntzaren kasuan, zigortutakoak % 26-27 inguru izan ziren, eta kargutik betiko kendutakoak (% 15), maisuena baino kopuru handiagoa. Hamaika emakume besterik ez zen sartu garbiketa-prozesuetan, eta horietatik bi zigortu zituzten eta, azkenean lanik gabe utzi.

      Baina errepresio “espontaneoa” eta “legala” ez ziren uztailaren 18az geroztik tropa matxinatuak okupatuz zihoazen herri horiek jasan behar izan zituzten bakarrak izan. Errepresiorako beste bide batzuk ere izan ziren, inongo dokumentutan jaso ez direnak, baina jasan zituztenen gogoan geratu zirenak, eta ahozko berreskurapen lanei esker ezagutu ditzakegunak. “Soziala” dei diezaiokegun errepresio horri buruz ari gara, gizarte garailearen barnean —baita gizarte garaituaren barruan ere— garaileen kontrako pertsona guztiak “markatzen” zituena; gerraren ondorioz, aitaren, amaren, anai-arreben, seme-alaben galera pairatutako pertsonak markatu zituena; errepresio honek exekuzioa, kartzela-zigorrak, kontzentrazio-esparruetan sartzea, edo behartuta armada nazionalean edo langileen batailoietan sartzea jasan zuten pertsonak eta beren familiak seinalatzen zituen; seinalatze horrek beren ondasunak edo karguak galdu zituztenei ere eragin zien, baita “borondatez” erbesteratzera behartuak izan zirenei eta beste askori. Justo Mokoroa eskolapioak adierazi zuenez:

 

      Sobre la memoria de los muertos, que casi siempre dejaban a la familia en la miseria, se concitaba la maledicencia pública, haciendo correr la voz de que se les había encontrado documentación comprometedora, para disculpar el crimen y deshonrar a la víctima y a sus familiares.

(Gamboa-Larronde, 2006, 110)

 

      Biolentzia sinbolikoaren eta subliminalaren artekoa zen, beldurtzean, etengabeko mehatxuetan, eguneroko bizitzaren edozein arlotan gauzatzen zen indarkerian oinarrituta zegoena; garaituak eta beren senitartekoak izutzea eta iraintzea ziren biolentzia horren helburuak. Milizia armatuen presentziak edozein unetan zigor bat jasan zitekeela gogorarazten zuen. Milizianoek eta segurtasun-erakundeetako kideek etxebizitzak oso maiz bisitatzen zituzten bertan bizi zirenak kontrolatzeko, eta bereziki kanpokorik zegoen ikusteko. 1936ko azaroan, esate baterako, Donostiako udalak zaintza-zerbitzu bat antolatu zuen, eta horren bitartez hiriburuko etxebizitza bakoitzari arduradun bat jarri zitzaion (Jabetza hiritarreko Ganbera Ofizialaren oniritzia behar zuen arduradunak)[23]. Pertsona horrek uneoro jakin behar zuen nortzuk bizi ziren egokituriko etxean. 1938ko otsailean, Pasaiako Ikerketa eta Zaintza Ikuskaritzak txosten bat igorri zion gobernadoreari zera adieraziz: herri horretara eta bereziki, Trintxerpeko auzora jende ugari heldu zela lan bila militarrek kontrolatzen zituzten probintzietatik, Galiziatik bereziki; eta horien etorrerarekin batera hasi zirela agertzen auzo horretako etxe batzuetako atarietan, kaiko biltegietan eta beste toki batzuetan zenbait graffiti (UHP, Viva la FAI, CNT, Viva la revolución, eta abar). Gertaera horren aurrean, Ikuskaritzak lanik gabe edota epe motzean lana aurkitzeko aukerarik ez zuten pertsona guztiak beraien herrietara itzul zitezela eta etorkizunean etorriko zirenek ugazabak emandako agiriarekin etor zitezela proposatu zuen. Donostiako Poliziak, bere aldetik, 1941ean, plan bat diseinatu zuen polizia bakoitzak Gipuzkoako hiriaren banaketa egitean egokitu zitzaion eremuko etxebizitza guztiak kontrola zitzan,

 

para descubrir a los enemigos de nuestra Santa Causa Nacional, los cuales constituyen un constante peligro para la sociedad y por ello hay que tenerlos continuamente vigilados y controlados para hacer fracasar en el acto cualquier maquinación o plan de carácter derrotista o subversivo que traten de cometer, entregándolos a las autoridades competentes, pues no cabe duda que lo mismo en San Sebastián que en las demás poblaciones liberadas por nuestro Glorioso ejército existen muchos individuos desafectos a nuestra Causa, seguramente responsables de hechos delictivos, los cuales permanecen ocultos y amparados quizás por personas desaprensivas, al objeto de librarse de ser denunciados y tener que responder de sus actos ante los Tribunales correspondientes[24].

 

      Batez ere gerrako lehenengo hilabeteetan, kalean zihoan edozein oinezko behartzen zen kanta nazionalak abestera, besoa altxatuz agurtzera edota Viva España oihukatzera, besteak beste. Herritarrek derrigorrean hartu behar zuten parte desfileetan eta ekitaldi publiko faxistetan, erlijiosoetan zein zibiko-militarretan, eta bandera nazionalak zintzilikatu behar zituzten leihoetan. Gainera, debekatu egin zuten paperezko farol jakin batzuen erabilera, koloreak ez zirelako garai berrietarako egokienak; ez dakigu gorria, berdea eta zuria (ikurrina) edota gorria, morea eta horia (bandera errepublikarra) izaten ziren. Arestian aipatutako “legezko” errepresio ekonomikoaz gain, beste adierazpen batzuk ere bazituen indarkeriak, esaterako, isunen mehatxuak, diskriminazioa zenbait agiri edo laguntza lortzeko (diru-laguntzak, dokumentu ofizialak, familia-sorospenak eta errazionamendu-liburuxkak) eta matxinatuek oso maiz egiten zituzten diru-bilketetan derrigorrez lagundu beharra (Plater Bakarreko Eguna, Postrerik Gabeko Astelehena, Soldaduen Aldeko Diru-laguntza, Soldaduaren Gabon-saria, etab). Azken kasu horiei dagokienez, diru-bilketak alderdi frankistaren baliabide ekonomikoak areagotzeko tresna izateaz gain, gizartea kontrolatzeko era bat ere baziren, ordaintzen ez zuten pertsonak susmagarri bihurtzen baitziren berehala.

      Euskal Herriaren kasuan, Katalunian eta Galizian bezala, garaituen aurka zuzenduriko errepresioak teorialari frankistek bultzatutako beste aurpegi bat ere bazuen: ama-hizkuntzaren erabileraren debekua, kasu honetan euskara, batez ere espazio publikoetan. Desagertu egin ziren hizkuntza horretan argitaratutako aldizkariak, euskaraz idatzitako atalak edo zutabeak zituzten egunkariak, egiten ziren irratsaioa gutxiak, euskarazko antzezlanak edota eliztar gehienen hizkuntza zen horretan egindako sermoiak. Bigarren Errepublikan Gipuzkoako udal batzuetan edo lehen hezkuntzan euskararen erabilera normalizatzeko egin ziren ahaleginak deuseztatu egin ziren. Agintariek euskaraz idatzitako errotulu komertzialak kentzeko agindu zuten. Kalean erabiltzea ere debekatu zen. Berez, Donostian, tropa frankistak sartzean, euskararen erabilera areagotu egin omen zen protesta moduan, baina horrek euskara debekatzea ekarri zuen eta kalean erabiltzen zutenei isunak jartzea. Beasaingo komandante militarrak espresuki debekatu zuen Ave María otoitza euskaraz hastea, hots, Agur Maria esaerarekin. 1938ko udaberritik aurrera lasaitu egin zen presioa erabilera partikularraren esparruan eta parrokia batzuetan berriz erabiltzen hasi ziren, baina betiere gaztelaniarekin batera.

      Ziurrenik, emakumezkoak izan ziren “irain sozial” gehien jasan zituztenak. Ildo horretan, jarrera oso desberdina izan zuten bi aldeek. Osatu berri zen Euzko Jaurlaritzak emakumeak gatazkatik aldentzeko ahaleginak egin zituen, preso hartutako emakume gehienak aske utzi zituen eta Bizkaitik ihes egiteko baimena eman zitzaien (150 emakumek alde egin ahal izan zuten Baionara, Britainia Handiaren eta Nazioarteko Gurutze Gorriaren babespean), alderdi nazionalean preso zeudenekin aldatuko zituztela aginduz. Baina azken horrek ez zuen bere hitza bete eta askatutako emakumeak Euskadi autonomoan integratzea galarazten saiatu zen. Hainbat emakume fusilatzeaz gain eta, abenduan, ehunka emakume, zahar eta haur kanporatzeaz gain, zilegitasun errepublikarraren jarraitzaileak ziren emakumeak iraindu egiten zituzten: ilea moztu edo kaskamotz uzten zituzten, gero herriko leku jendetsuenetatik “paseatzeko”, errizino-olioa (purga) edatera eta soinean ikur faxista-falangistak eramatera behartzen zituzten, publikoki ideologia horretako aldarrikapen eta esloganak adierazi eta oihukatzera derrigortzeaz gain. Batzuetan ile-matazatxo bat uzten zizkieten lazotxo monarkiko bat lotzeko.

      Irunen, emakume abertzale bat kaskamotz utzi eta asto baten gainean herri guztian zehar paseatzera derrigortu zuten. Zarautzen, neska abertzale bat, Gipuzkoako Bankuko zuzendariaren alaba, kaskamotz utzi zuten bere aitak ihes egin zuelako hartutako errepresalia moduan, eta karlistek aire zabaleko meza batera eramateko egin zuten ahaleginaren ostean, denen aurrean erakusteko, fruta-saltzaile bat haren etxera joan zen neska ikusteko asmoz, eta etxeko gela guztietatik bere atzetik ibili zen (Gamboa-Larronde, 2006, 118 eta 361). Gainera, eskualdeko faxista ospetsuen bulego ofizialak eta etxebizitzak garbitzera eta hareaz igurztera behartu zituzten edota erreketeentzat jostera. Era berean, kalean beren auzokideek irain gisa esandakoak ere entzun behar izaten zituzten, hala nola, “gorria”, “masoi-judua”, “fusilatuaren emaztea (edo alaba, arreba)”, etab. Horren guztiaren ondorioz, pertsona horiek bizilekuak aldatu behar izan zituzten, ezagutzen ez zituzten lekuetara alde egin edo erbestean beren bizitza berregin.

      Kaskamotz utzitako ehunka emakumerekin batera, irain publikoak jasan zituzten gizonezkoak ere egon ziren. Mokoroak Tolosako kasua aipatzen du:

 

también se ha afeitado a hombres, un socialista que se quedó, pero que se había caracterizado por contener a los extremistas. Le afeitaron el pelo, dejándole un mechón ridículo en la coronilla y envuelto en una especie de dalmástica de papel lo pasearon por las calles haciéndole gritar Cristo Rey. A un simpatizante nacionalista llamado Felipe Pérez, padre de varios escolapios, también le afeitaron su larga barba y su bigote.

(Gamboa-Larronde, 2006, 111)

 

      Frantzian Bigarren Mundu Gerran, alemanen okupazioaren ostean gertatu ziren kasuak aztertu zituen Fabrice Virgili-k (Aróstegui & Godicheau 2006), eta horren arabera, kaskamotz utzitako emakumeak ez ziren errepresio espontaneo baten biktima, baizik eta emakumeen kontrako zigor-mota jakin batena, askotan auzokoek berek gauzatzen zutena eta indarkeria txikiagotzat jotzen zena. Ilea mozteak konnotazio sexual inplizitua zuen, izan ere praktika hau jasan behar zutenek beren emakumezko itxura galtzen zuten. Ikuspuntu fisikoa kontuan hartuz gero, ilea mozteak, berez, ez du odol-isurketarik eta izaera horrek eragin du bigarren mailan uztea, ikerketa historikoaren eta biktimen talde-oroimenaren bigarren arloan geratzea. Aitzitik, harrigarria da kartzela frankistetatik igaro diren gizon eta emakumeek beren istorioa kontatu duten bitartean, kaskamotz utzitako emakumeak isilik geratu izana. Alabaina, horrek ez du inolaz ere esan nahi gertatutakoa ahaztu dutenik protagonistek. Ilea moztu zieten uneaz gain, emakume horiek pairatutako indarkeria eta irainak denboran zehar iraun dute, trauma handiagotuz eta barneratuz.

      Aita Barandiaranek jaso eta José María Gamboak eta Jean-Claude Larrondek argitaratutako zenbait txostenetan, nabarmendu gabe utzi diren beste irain-mota batzuk jasotzen dira. Gizarte tradizional eta kontserbadorea izanik, tropa frankistak egon ziren bitartean ez ziren falta izan bortxaketak, orgiak eta moralaren aurkako jarrerak, «violaciones, orgías y desórdenes morales» Mokoroaren hitzetan. Beren kontzientzia zela eta lotuta dantzarik egiten ez zuten neskatxa abertzaleak dantza lotuta egitera behartu zituzten errekete nafarrek (115). Euzko Jaurlaritzaren txosten baten arabera, Irungo karlistek ama-alabak atxilotu zituzten eta behin eta berriro bortxatu zituzten atxiloturik egon ziren bitartean. Txosten anonimo baten arabera, Azpeitian moraltasun eza gailentzen zen, militarren eta milizia eskuindarren jokaera zela eta, askotan eskandaluzko kasuei bide emanez. Parrokoak gomendatu zien gurasoei ez uzteko beren alabak militarrekin eta miliziekin ibiltzen, inor ez baitzen ausartzen gertakari horiek salatzen. Ataungo apaizak lan berdina egin zuen. Gipuzkoako Goierriko herrietan, borrokaldien artean atseden hartzen zuten soldaduek haurdun utzi zituzten neskato ugari egon ziren. Miseria gorriak hainbat emakume behartu zituen prostituitzera, batez ere Donostian, aurrera jarraitzeko baliabide ekonomikoak lortu ahal izateko (671). Azkenik, bere hizkuntzak inongo biraorik ez zuelako harro zegoen herriak asaldatuta ikusi zuen ustez erlijioa eta Eliza defendatzen zuten horiek ordura arte herri horietako askotan entzun ez ziren biraorik handienak esaten zituztela.

      Errepresioak eta gizartea garaileen parametroetan “indarrez” berriro hezteko ahaleginek mota guztietako adierazleak izan zituzten: hainbat eratako irain publikoak, familia aurrera atera ahal izateko lanpostua ezin lortzea, edo norberaren printzipioen aurka Mugimenduari edo Falangeari men egin beharra lana lortzeko, II. Errepublikan ezarritako demokraziaren eta askatasunaren arrasto guztiak ezabatzea, askatasun-falta, zentsura, gizarteko uniformetasuna eta abar. Lehen ere esan dugunez, errepresioaren beste mota batzuk izan ziren, hau da, zapaltzeko beste modu batzuk, era batera edo bestera berrogei urtez jasan direnak, nahiz eta nabarmenago eta gogorrago gerraosteko lehenengo urteetan.

      Federico Zabalaren aipu batekin eman diogu hasiera atal honi, eta amaiera ere era berean emango diogu; jurista eta abertzale bilbotar honek gerraosteko urte batzuk eman zituen erbestean, eta 1945ean Justicia inicial lana idatzi zuen nahiz ea inoiz argitaratu ez. Ikerketa honen bidez, diktadura frankistaren ostean normaltasun juridikora itzultzeko jarraitu beharreko ildo nagusiak zeintzuk izan behar ziren zehazten saiatu zen[25]. barrera ezin zitekeen esplizituagoa izan, eta hortik ateratako bi zati ekarriko ditugu hona, atal hau amaitzeko.

 

      Un verdadero cúmulo de crímenes, de expoliaciones y de arbitrariedades, cuya consideración anonada y conturba el ánimo más templado, ha venido a crear en nuestro país una situación inconcebible que no puede menos que preocupar con obsesionante insistencia a todo espíritu recto amante de su pueblo.

      La terrible situación tiene, sin embargo, exteriormente un aspecto de normalidad, que se cultiva con cuidado, mientras se ahogan violentamente las manifestaciones de la verdadera situación de congoja, de dolor, de muerte, tratando de ocultarlas desaprensivamente hasta con el sagrado manto de la religiosidad.

      (...)

      Y esta Justicia, (...) es absolutamente necesaria, imprescindible, ineludible; sin ella, sobre una sociedad afectada por tanta iniquidad, tanta arbitrariedad y tanto desmán, no es posible cimentar una obra de regeneración, nada en ella sería persistente y fundamental y de nada habrían servido los sufrimientos, las lágrimas, los sacrificios y los trabajos pasados, que en cualquier momento podrían reproducirse al socaire de la impunidad en que prácticamente se hubiere incurrido.

 

 

 

 

[16] Egun horretan bertan, Mola jeneralak Iruñetik ihes egindako “komunisten” talde bat fusilatzeko agindua eman zuen (Iribarren, 1937).

[17] Egun batzuk desagerturik egon ostean, bere parrokiara itzuli zen; Bidebietan atxilotu zuten, sindikatuen lokaletara eraman eta gero kaleetatik paseatu zuten, non emakumeek iraindu zuten eta tratu txarrak jaso zituen. Jotzeko ahaleginetan zebilen taberna bateko jabea lurrera erori zen, eta hil zezaten eskatu zuen. Hala egin zuten. Mendizale-talde bat heldu zen orduantxe, eta gorpua kalerik kale arrastaka eramatea eragotzi zuen (Gamboa-Larronde, 2006).

[18] Tolosako fusilatuak eraman zituzten milizianoek Gerra Komisarioaren ofizio bat zeramaten, Jesús Larrañagak sinatua, hainbat preso entregatzeko agindua emanez, eta horien izen-abizenak argi eta garbi zehaztuz. Alkateak eta zinegotzi gehienek dimisioa aurkeztu zuten, «aun a sabiendas de estar exponiéndose a la represalia de quienes consideraban más fácil y menos arriesgado matar en la retaguardia que en el frente. Y así, sintiéndose un poco culpables, salieron avergonzados del pueblo y buscaron acomodo en los pueblecillos de la costa, creyendo encontrar en ellos el medio de huir de aquel ambiente de sobresalto...» (Iñurrategui, 2006, 67-68). Urte batzuk geroago, Larrañagak bere inplikazioa ezeztatu zuen, horretarako norbaitek berak sinatutako orri zuri bat erabili zuela adieraziz. Simón Ezquiagaren iritziz, Larrañagak abuztuaren 24an Ondarretako kartzelaren aurkako eraso berri bat saihestu zuen (Ezquiaga, 1938).

[19] Abertzaletasunaren Agiritegia,1940.

[20] AHN, Causa General 1335.

[21] Federizo Zabala Allende: Justicia inicial. 1945, argitaragabeko lana. Abertzaletasunaren Agiritegia. Federico Zabala Fondoa, 0010, c.l.

[22] AHN, Fondos Contemporáneos. B-71991, Gobernación.

[23] La Voz de España, 1936-12-5.

[24] AHN, Fondos Contemporáneos. B-753038, Gobernación.

[25] Federico Zabala Allende: Justicia inicial. 1945, argitaragabeko lana. Abertzaletasunaren Agiritegia. Federico Zabala Fondoa, 0010, c.l.

 

 III. GERRA ZIBILA GIPUZKOAN: ERRESISTENTZIAK ETA ERASOAK | IV. GERRA ZIBILEKO ERREPRESIOA BI ALDEETAN: EREDUAK ETA DATU OROKORRAK | V. FRANKISTEN FUSILATZEAK GIPUZKOAN