Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
1936ko udazkena Gipuzkoan
Mikel Aizpuru (Director) / Urko Apaolaza
Jesús Mari Gómez / Jon Ordiozola, 2007

 

II.
GIPUZKOA
BIGARREN ERREPUBLIKAN
(1931-1936)

 

 

Errepublika

 

      Espainiako Bigarren Errepublika 1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zuten, alderdi errepublikarrek apirilaren 12ko udal hauteskundeetan hiri nagusietan irabazi eta gero. Data esanguratsua da geroztik apirilaren 14a; izan ere, Errepublikak aldaketa ugari ekarri zituen, ez bakarrik Espainiar Estatura, baita Euskal Herrira ere. Gorabehera askoko sasoiak izan ziren, kaos eta nahasmen urteak batzuentzat eta itxaropenez betetako garaiak besteentzat. Hala ere, hori guztia ez zen ezerezetik sortu, XIX. mende amaieratik abiatu zen prozesu sozial baten ondorio besterik ez zen izan. XX. mendearen lehen herena guztiz gorabeheratsua izan zen mundu osoan: mende zaharra utzi orduko, bazirudien denborak azkarrago egin zuela aurrera, eta horrekin batera gertakizunek. Aurreko mendean ernetzen hasitako masa sozialek eztanda egin zuten XX. mendean, eta, horrekin batera, klase borrokak, gerrak eta baita New York-eko burtsak ere. Aldi berean, ideia berritzaileak indartu egin ziren: sozialismoa, abertzaletasuna, faxismoa... Europa laborategi bilakatu zen eta laborategi horretako produktu guztietatik probatu zuen Gipuzkoa txikiak.

      Mende berriaren atarian, Gipuzkoako auzi nagusiena 1876an galdutako foruen ingurukoa zen oraindik. Hala ere, ideietan berriturik sartu zen Euskal Herria XX. mendera: alde batetik, Sabino Aranaren abertzaletasuna; bestetik, industrializazioaren eraginez sortutako sozialismoa. Baina karlismoak eta ideia liberalek (kontserbadore nahiz progresistak) nagusi izaten jarraitu zuten XX. mende-hasierako Gipuzkoan. Foruez gain, kezka gehiago zuten herritarrek, batez ere gazteenek. 1898ko Kubako gerran bezalaxe, Marokon hamaika sufrimendu pasa zituzten armak hartzera deituriko kintek, eta horietako askok, soldadutzatik alde egitearren, Ameriketara emigratu zuten. Hain zuzen, Afrikako gerrak diktadura ekarri zuen. 1921ean Marokoko Annual izeneko lekuan sekulako porrota jasan zuen gudaroste espainiarrak (9.000 soldaduk galdu zuten bizia bertan); gertaera horren ondorioz, Alfonso XIII.a Erregearen oniritziarekin eta iritzi publikoaren pasibotasunarekin, Espainiako agintea hartu zuen Primo de Rivera jeneralak 1923an.

      Rif inguruko marokoarren kontra egin zuen hurrengo urteetan jeneral kolpistak, Frantziaren laguntzarekin, eta gerrillarien buruzagia errendiarazi zuen. Kanpaina haietan ondú ziren 1936ko altxamenduan parte hartu zuten militarrak, horien artean Mola jenerala, errekete nafarrak Gipuzkoara bidali zituena. Alderdi politikoen jarduna debekatu zuen Diktadurak eta Unión Patriótica deituriko alderdi bakarreko sistema sortu. Lehenengo urte oparo batzuen ondoren, Primo de Riveraren diktadurak prestigioa galdu zuen, arazo ekonomiko eta militarrak tarteko, eta 1929an dimititu egin zuen jeneralak. Dámaso Berenguer-rek hartu zuen orduan agintea, hauteskundeak deitzeko konpromisoarekin. Baina ordurako, monarkiak indarrak xahututa zituen, erregezaleak zatiturik baitzeuden, eta errepublikarrak ugaritzen eta antolatzen hasita zeuden eskualde guztietan. 1930ean, hainbat alderdi errepublikarrek Donostiako Ituna sinatu zuten, Espainiako monarkia kanporatu eta Errepublika ezartzeko asmoarekin. Horretarako, bertan bildutakoek, Alcalá-Zamora eta Maura buru zutela, behin-behineko gobernu bat eratu zuten eta militarrekin harremanetan jarri ziren, altxamendu baterako prest egon zitezen. Hortik hilabete batzuetara, militarren altxamendu-saiakera bat gertatu zen: Jacako goarnizioa, Fermín Galán kapitainaren aginduetara, Huescara bidean jarri zen, baina gainerako tropek altxatuak geldiarazi eta Galán atxilotu zuten. Hurrengo egunean, kapitaina eta hainbat ofizial fusilatu zituzten Huescan. Fusilatze horiek eragin handia izan zuten sentimendu antimonarkikoa suspertzeko. Gauzak horrela, Berenguerrek udal hauteskundeak deitu zituen 1931ko apirilaren 12rako, monarkiaren eta errepublikaren arteko erreferendum bilakatu ziren hauteskundeak, hain zuzen.

      Monarkikoek boto eta zinegotzi gehiago atera zituzten, baina, egiaz, errepublikarrek irabazi zuten, hiri nagusietan, hauteskundeak askatasun osoz egin ziren tokietan, beraiek gailendu baitziren. Gipuzkoan ere antzera pasatu zen: monarkikoek 185 zinegotzi lortu zituzten, nazionalistek 110, ezkertiarrek 100 eta tradizionalistek 70; baina ezkertiar errepublikarrek hiri eta herri nagusietan irabazi zuten (Donostian, Irunen, Eibarren, Arrasaten...). Emaitzak jakin eta berehalaxe, apirilaren 14ko goizaldean, Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten Eibarren eta, egun berean, Alfontso XIII.a erregeak erbesterako bidea hartu zuen.

 

 

Errepublika-urteak, aldaketa-urteak

 

      Euskal Herriko Hegoaldeko probintzietan txikiena izanik ere, biztanle-dentsitate handiko lurraldea zen Gipuzkoa. 1930eko hamarkadaren hasieran, 1.237.000 biztanle bizi ziren Hego Euskal Herrian, horietatik 302.329 Gipuzkoan. Biztanle-kopurua gora zihoan gainera, besteak beste, heriotza-tasak izugarri egin zuelako behera mende hasieratik aurrera, nagusiki, medikuntzaren aurrerakuntzei esker. 1930eko hamarkadako Gipuzkoak zerikusi gutxi zuen aurreko mendeko probintziarekin. Bi aldaketa handi azpimarra daitezke: hiritartzea eta masa-gizartearen sorrera. Hiriak lekua jan zion baserriari eta biztanleen zati handi bat herriguneetan bizi zen: Donostiak 80.000 biztanle zituen urte haietan, 17.670 Irunek, 6.282 Hernanik eta Arrasatek, berriz, 7.720 biztanle.

 

Hego Euskal Herriko biztanle-kopuruaren bilakaera

 

1900

1930

Gipuzkoa

195.850

302.329

Bizkaia

311.361

485.205

Nafarroa

307.669

345.883

Araba

96.385

104.176

Iturria: Granja-Pablo, 2002, 150

 

      Urbanizazio-prozesu horretan zerikusi handia izan zuen industrializazioak. XIX. mende-bukaeran sortu eta hurrengo hamarkadetan finkatu ziren industriak Gipuzkoan, Bizkaiko ezkerraldean baino geroago. Gipuzkoako industria txikia eta arlo askokoa izateagatik nabarmendu zen: papera, ehuna, kimika, metalurgia eta elektrizitatea ekoizten ziren, besteak beste. Hau da, arlo ezberdinetara bideratu zuten produkzioa bertako eta kanpoko enpresariek (batez ere alemaniarrak, ingelesak...). Lantegiak txikiak ziren (1.000 langile baino gehiagoko bi lantegi zeuden bakarrik, Beasaingo CAF eta Arrasateko Unión Cerrajera), eta probintzia osoan barreiaturik zeuden gainera, ez baitzen industria-eskualde jakin bat nagusitu Bizkaian bezala. 1930. urtean Gipuzkoako gizonezkoen % 43 industrian zebilen lanean, % 27 zerbitzuetan eta % 30 arrantzan edo nekazaritzan (Valdaliso, 2002, 172). Baserritik bizi ziren oraindino Gipuzkoako toki askotan, nahiz eta gazte askok baserriko lanak lantegiko lanarekin tartekatu. Hala ere, landa-eremuak bazuen XIX. mendetik jasotako herentzia bat: baserrien erdietan baino gehiagotan, baserritarrak maizter ziren eta errenta ordaindu behar izaten zioten ugazabari.

      Errepublikako urteetan, modernizazioa etengabe zihoan aurrera. Autoen matrikulek, adibidez, gorakada ikusgarria izan zuten (Gipuzkoan 8.900 auto zeuden 1933an) eta ohikoa zen hiriburuko edo herri nagusietako kaleetan autoak aparkatuta ikustea (Pablo, 1995, 27). Hala ere, luxuzko produktua izaten jarraitzen zuten Cadillac, Citroen edo Fiat haiek. Masa-gizartearen sorreran, garraiobide publikoek zeregin handia izan zuten; trenbide nagusiez gain, tranbia-sare sendo bat osatu zuten Donostia inguruan (Hernanin, Tolosan, Errenterian...) eta, era berean, autobus-lineak ugaldu egin ziren; ahal zuenak bizikleta erosteko aukera ere bazuen. Garraio-mota merke horiei esker, herritar xeheak abarketak urratzeari utzi zion. Komunikabideei dagokienez, Bigarren Errepublikan egunkari asko argitaratu ziren, baina bizitza laburrekoak izaten ziren normalean eta gehienak oso politizaturik zeuden. Honako hauek izan ziren garai hartako egunkari garrantzitsuenak: El Día (abertzalea), El Pueblo Vasco (erregionalista), El Diario Vasco (katoliko eta monarkikoa, 1934an agertu zen, gaur egun arte) eta La Voz de Guipúzcoa (errepublikarra). Formatu handiko egunkariak zeuden modan, eta gero eta argazki gehiago ikus zitekeen haien orrialdeetan. Euskarazko prentsak oso leku gutxi zuen oraindik komunikabideen munduan, baina Argia aldizkariak, esate baterako, hedapen handia zuen, 10.000 irakurle, euskaldunen artean (Díaz, 1995). Irratiak, aldiz, ez zuen horrenbesteko garrantzirik, baina entzun, gero eta gehiago entzuten zen.

      Erlijioari dagokionez, fede katolikoa indartsu zegoen, bai behintzat Errepublikaren politika laikoari aurre egiteko moduan. Jaioberrien ia % 100 bataiatzen zituzten, eta herri txikietan, herritar guztiak biltzen ziren igandeko mezatara. Hala ere, hiri eta herri industrializatuetan, praktika erlijiosoa gainbehera zihoan. Irunen, adibidez, herritarren erdia joaten zen mezatara igandean, eta ezkerreko ideiak nagusitu ziren Donostiako zenbait auzotan gazteek ez zuten ezer jakin nahi Elizarekin. Orokorrean, erlijioaren inguruko iritzia polarizatu egin zen: fede katolikoa eta Eliza babesteko talde ugari sortu ziren; baina, aldi berean, Elizaren kontrako ideiak ere hedatzen hasi ziren pixkanaka hirietan.

      XX. mendetik aurrera gero eta eskola gehiago eraiki ziren Gipuzkoan, udalen eta Diputazioaren laguntzari esker. Hori dela eta, analfabetismo-tasa asko gutxitu zen gazteen artean, eta 1930eko hamarkadan, tasa horrek ez zuen % 15 gainditzen probintzia horretan. Madrilgo Gobernu errepublikarrak bultzada handia eman zion hezkuntzari, hezkuntza laikoari, hain zuzen. Horrek tentsioa eta ezinegona zabaldu zuen ikastetxe erlijiosoetan; izan ere, Euskal Herrian indar handia zuen hezkuntza-mota horrek. 1933an, Madrilgo Gobernuak debekatu egin zien kongregazio erlijiosoei klaseak ematea (tartean jesulagunei), baina, hala ere, eskolei izena aldatu eta zeregin horretan jarraitu zuten. Matrikulaturiko ikasle asko ez zen klaseetara joaten, ordea, etxean lagundu beharra zutelako, eta Lehen Hezkuntza bukatu orduko hasten ziren lanean gehienetan. Ikasleen % 6 baino ez zen pasatzen Institutura, bigarren mailako ikasketak egitera. Hezkuntza publikoa gaztelaniazkoa zen, baina, urte haietan, hainbat ikastola sortu ziren, batez ere hezkuntza erlijiosoa debekatu zutenetik aurrera. Gainera, Gipuzkoako auzo-eskola askotan, euskaraz ematen zituzten klaseak. Baina euskara ez zegoen osasun onean; izan ere, aurreko mendeetako joera areagotu egin zen XX. mendean eta Euskal Herriko eremu zabaletan, jadanik ez zen euskararik entzun ere egiten. Gipuzkoan, ordea, hizkuntza nagusi zen artean, batez ere nekazari-herrietan. Herri handiagoetan, gero eta maizago jotzen zuten gaztelaniara gazteek eta Donostian asko ziren euskaraz ez zekitenak. Hala ere, Errepublikak euskaltzaletasunaren loraldia ekarri zuen, Euskaltzaindiak edo José Ariztimuño Aitzol apaizak gidaturiko Euskaltzaleak taldeak eginiko lana da loraldi horren adierazle.

      Bestalde, moda eta aisialdirako ohitura berritzaileak gogotik sartu ziren Euskal Herrian Errepublikaren garaian, baina sektore kontserbatzaileek balore tradizionalak jarri zituzten haien aurrean. Bi pentsamolde edo mundu haien arteko talka dantzaldietan ikus zitekeen, esaterako: leku batzuetan debekaturik zegoen agarraoa dantzatzea. Abertzaleak kanpoko ohitura zelako zeuden kontra; Eliza aldiz, moralaren kontrakoa zelako. Hala ere, neska-mutilek gero eta maizago egiten zuten dantza elkarri helduta, baita herri txikietan ere. Are gehiago, Donostian cabaretak eta dancingak antolatzen zituzten areto itxietan, edo bestela Ameriketako jazza entzuten zuten. Ordurako Donostia hiri kosmopolita bilakaturik zegoen, azken hamarkadetako turismoak eman baitzion kosmopoli eta glamour kutsu hori: jatetxe eta ostatu modernoak igogailuarekin eta ur beroarekin, kanpoko sukaldaritza, Estatu Batuetako edo Frantziako jantzi-modak (txapelaren ordez kapela amerikarra eramatea, adibidez), emakume eta gizonezkoentzako ile-apaindegi sofistikatuak, zigarro-marka bereziak... Aurreko mendekoarekin konparatuta, beste hiri bat zen Donostia. Baina Donostiara ez ezik, Gipuzkoako herri nagusienetara ere iritsi ziren moda horiek, neurri txikiagoan gertatu bazen ere. Jarduera guztiz berritzailea zen kirola egitea, eta zinemarekin batera masa-gizartearen ikuskizun gogokoenetako bat bilakatu zen. Ordurako, futbola zen Euskal Herriko kirol erregea, baina horretaz gainera txirrindularitzak eta mendizaletasunak ere (mendigoizaleen ekimenari esker) jende asko mugitzen zuten. Tenisa, hipika eta automobilismoa (Donostia-Hernani-Andoain artean egiten zen sari garrantzitsu bat), besteak beste, elite-kirolak ziren. Kirolarekin batera, zinema zen jendeak gogokoen zuen beste ikuskizunetako bat: 1930eko hamarkadan, 56 zinema areto zeuden Gipuzkoa osoan, horietatik 15 Donostian. Zinema amerikarra zen nagusi eta familia dirudunetako gazteak laster hasi ziren amerikar aktoreak bezala janzten.

      Oro har, aldaketa handiak izan ziren Gipuzkoan urte haietan, baina aldaketa horietako asko aurreko urteetan hasi ziren antzematen. Nekazari-lurraldeetan, baserri eta herri txikietan, aldiz, geroago iritsi ziren aldaketa horiek eta, artean, sendo jarraitzen zuten XIX. mendeko ohiturek eta gizarte-egiturak.

 

 

Txikia, anitza eta dinamikoa

 

      Errepublika-garaiko Gipuzkoako erradiografia politikoa eginez gero, probintzia txikia bai, baina aldi berean probintzia askotarikoa eta dinamikoa zela ikusten da. Hiru multzo politiko nagusi ditugu urte haietako Gipuzkoan: alde batetik, eskuindar monarkikoak eta karlistak, bestetik, errepublikar ezkertiarrak, eta horien erdian, abertzaleak. Lehenengo biak etsai amorratuak ziren eta itunak egin zituzten abertzaleekin Errepublikaren une batean edo bestean (Rodríguez Ranz, 1995).

      Bloke eskuindarrak uste dena baino indar handiagoa zuen Gipuzkoan. Araban edo Nafarroan ez bezala, eskuindar blokea era askotakoek osatzen zuten probintzia honetan: alde batetik, karlistak eta integristak zeuden (karlismoaren banaketa bat) eta neurri txikiagoan monarkiko dinastikoak eta katoliko independenteak. Eskuindarren indarra nekazari-eremuan zegoen, batez ere garai batean karlismoaren feudo izan ziren guneetan (Tolosaldea, Azpeitia eta Azkoitia ingurua, Ordizia...), horretaz gain, herrietako eta hirietako familia boteretsuek osatzen zuten eskuindar bloke hori, hain zuzen, egitura ekonomikoak kontrolatzen zituzten horiexek. Eskuindarrak alderdi ezberdinetan biltzen ziren: ComuniónTradicionalista (karlistak, integristak...), Unión Regionalista de Guipúzcoa (Renovación Española), CEDA... Gipuzkoan, alderdi horiek batuta agertzea lortu zuten hauteskunde gehienetan (batzuetan abertzaleekin koalizioan) eta ez zuten Araban bezalako zailtasunik edo tirabirarik izan beren artean.

      Euzko Alderdi Jeltzaleak zatiketa eta batasun-prozesu sakonak jasan zituen Errepublika iritsi baino lehenago. Jeltzaleen barne-banaketa 1920ko hamarkadan hasi zen, orduan Comunión Nacionalista Vasca izena zuen alderdiak eta bere agintariek autonomismoaren alde egin zuten. Horren aurrean, alderdi bereko zenbait militante gaztek beste alderdi bat sortu zuten, Aberri aldizkariaren inguruan lan egiten zutenek, hain zuzen. Aberrianoek aurretik zetorren dinamika berrindartu zuten: beren inguruko taldeak sortu zituzten (Emakume Abertzale Batza, mendigoizale-taldeak...) eta alderdiari perspektiba herrikoiagoa eman zioten. Baina Primo de Riveraren diktadurarekin galarazita geratu ziren ekintza horiek guztiak. Diktadura erori eta Errepublikaren atarian zeudela, abertzaleak beren barne eztabaidak konpontzeko bidean jarri ziren. Comunión-ekoek eta aberrianoek bat egin zuten berriro 1930ean eta Euzko Alderdi Jeltzalea izena hartu zuten berriz ere, Aranaren doktrinetara gehiago hurbiltzearekin batera. Baina, aldi berean, beste zatiketa bat ere gertatu zen: abertzale talde batek “San Andres-ko manifestua” irakurri zuen azaroaren 30ean eta aldarrikapen horrekin sortu zen Eusko Abertzale Ekintza-Acción Nacionalista Vasca (EAE-ANV). Alderdi berriak ez zuen bat egiten JEL (Jaungoikoa eta Lege Zaharrak) ikurritzarekin: akonfesionala, ezkertiar-liberala eta errepublikarra zen.

      Beraz, abertzaleak bat eginda eta, aldi berean, banatuta iritsi ziren Errepublikaren garaira. Baina zein zen sektore horren indarra Gipuzkoan? Noraino iritsi ziren horien ideiak? Abertzaleen feudoa Bizkaia zen; hor sortu zuen Sabino Aranak alderdi jeltzalea. Baina Gipuzkoan ere barneratu zen ideologia abertzalea eta eremu zabaletan hedatu zen Bigarren Errepublikan; izan ere, Gipuzkoan nagusi ziren baloreekin bat egiten zuen EAJk. Herri industrializatuetan edo karlismoak oraindik indar handiegia zuen eskualdeetan izan ezik, gainerakoan abertzaleak ziren nagusi. Alderdi interklasista zela erakutsi zuen EAJk, nekazari-eremuetan eta hirian eragiteko gauza izan baitzen. Gainera, eskuineko nahiz ezkerreko alderdiekin egindako itunen bidez indar handiagoa lortu zuen Aranaren alderdiak. EAE-ANV, aldiz, ez zen herri txikietan nabarmendu, baina bai industria handia zegoen lekuetan, defendatzen zituen ideia progresisten erakusgarri.

      Erradiografia politikoaren hirugarren atala errepublikarrak eta sozialistak dira. Alderdi errepublikarrak ziren, segur aski, sektore zatituena. Ez zuten Euskal Herrirako alderdi propiorik sortu eta Espainiako alderdi handien “sukurtsalak” besterik ez ziren. Ideia guztietako alderdiak aurki ditzakegu errepublikarren artean, eskuinetik hasi eta ezkerrera arte, hamaika izen: Partido Radical, Partido Radical-Socialista, Acción Republicana, Derecha Liberal Republicana... Sektore horrek ez zuen sekula indar handiegirik izan; baina Donostian eta Gipuzkoako herri nagusietan sortutako Centro Republicano edo Agrupación Republicana izeneko egoitzetan biltzen ziren eta horiek nolabaiteko sendotasuna ematen zieten. Garai bateko liberalen tradizioa jaso zuten; Hernanin, esaterako, Gerra Karlistan liberalek herria askatu zuten eguna ospatzen zuten bertako Centro Republicanoan, ekainaren 2an. Egoitza horiek nolabaiteko autonomia eman zieten herri edo eskualde bakoitzeko errepublikarrei. 1933tik aurrera hainbat alderdi indartsu sortu ziren Estatuan: Unión Republicana eta Izquierda Republicana nabarmenenak; urte horretatik aurrera, alderdi horien inguruan antolatu ziren Gipuzkoako errepublikarrak (Rodríguez Ranz, 1987, 372 eta 382).

      Sozialistek askotan egin zuten bat errepublikarrekin. Izan ere, Indalecio Prieto euskal buruzagi sozialistaren ideiek pisu handia zuten eta horrek errepublikar “burgesekin” kolaboratu nahi izan zuen. Sozialismoak tradizioa eta indar handia zuen Euskal Herrian, Bilbon sortu ondoren Ezkerraldeko lantegietara zabaldu zen eta gero Gipuzkoako herri industrializatuetara. Eibarren, Pasaian, Beasainen, Hernanin, Errenterian, Irunen eta Arrasaten, besteak beste, sozialistak nabarmendu, eta kasu batzuetan erabat nagusitu ziren beste alderdien aurretik. Oraindik ezkerrerago zeuden komunistak: baina PCEk ez zuen sekula lortu sozialistek adinako indarrik, nahiz eta militante gogotsuak zituen bere barnean. Euzkadi Roja aldizkaria kaleratzen zuten eta kalean pintadak edo ekintza armatuak egiten zituzten. Hasiera batean, komunistek gobernu errepublikarraren aurka gogor egin zuten, baina azkenean 1936ko Frente Popularrean integratu ziren.

 

 

Langile-borroka eta sindikalgintza

 

      Errepublikako langile batek egunean zortzi ordu egiten zuen lan, astean sei alditan; beraz, 48 lanorduko astea zuen. Gipuzkoako fabriketako langileek Espainiar Estatuko leku askotan baino soldata hobea jasotzen zuten. Lehen mailako makinista batek 12,5 pezeta kobratzen zituen eguneko eta peoi batek 8 pezeta inguru. Aitzitik, emakumeek askoz gutxiago kobratzen zuten, gizonezkoen erdia baino gutxiago. Ez zen denbora asko emakumeak industriako lan-merkatuan sartu zirela, batez ere ehungintza fabriketan eta eskulan bereziak egin behar ziren postuetan. Janariaren prezioari begiratuta ondoriozta daiteke, soilik soldata altuak jasotzen zituzten langileek ateratzen zutela aurrera hilabetea nolabaiteko erosotasunarekin. 1931 eta 1936 artean, soldatak ez ziren batere igo, krisi ekonomikoaren eraginagatik. Gainera, urtebete lehenago, New York-eko burtsaren deskalabruak gogor jo zuen Gipuzkoako industrian eta Gobernuak metalurgian zituen inbertsioak bertan behera geratu izanak krisia sakondu besterik ez zuen egin. Langabezia izan zen arazo larrienetako bat; 1932an ia 7.000 langabe zeuden Gipuzkoan, populazio aktiboaren % 15 inguru. Langabezia-mota ezberdinak zeuden: kasu batzuetan aldian aldiko langabezia zen, fabrikek produktibitate-garai ezberdinak izaten zituzten, eta horren arabera kontratatzen zituzten langileak.

      Bi sindikatu nagusitu ziren Gipuzkoan urte horietan (Barruso, 1996b): Unión General de Trabajadores (UGT) eta Euzko Langilleen Alkartasuna-Solidaridad de Trabajadores Vascos (ELA-STV). Horietaz gain, sindikatu komunista (CGTU), anarkista (CNT) eta baita sindikatu libre katolikoak eta nekazari-sindikatuak ere bazeuden. Errepublika iritsi aurretik, sindikatuen eragina oso eskasa zen Gipuzkoan; Donostian eta industria-tradizio handia zegoen herrietan lortu zuten antolatzea (Eibar, Arrasate...). Baina Errepublika iristearekin batera, sindikatuetan afiliaturiko langileen kopuruak izugarri egin zuen gora eta erakunde horien eragina Gipuzkoa osora zabaldu zen, baita herri txikietara ere (ELA-STV batez ere). Guztira, langileen % 30 inguru afiliatu zen sindikatu batera edo bestera.

      UGT zen, II. Errepublika hasieran, Gipuzkoan, afiliatu gehien zituen sindikatua. Donostian, Eibarren eta beste zenbait hiri industrializatutan goraka egin zuen nabarmen sindikatu sozialistak eta Errepublikako urteetan 10.000 afiliatu izan zituen batez beste. Hala ere, UGTk ezin izan zuen eremu industrialetatik harantzago joan. ELA-STVk, aldiz, Gipuzkoako gune gehienetan nagusitzea lortu zuen urte gutxiren buruan; hau da. Errepublikaren hasieran ez zituen 5.000 afiliatu baino gehiago sindikatu abertzaleak eta hiru urtean kopuru hori hirukoiztu egin zuen. Solidarioen arrakastaren arrazoia, gizarte fededunarengana iristeko izan zuen erraztasunean datza; lehenago aipatu bezala, Gipuzkoan industria oso sakabanaturik zegoenez, nekazaritza eta industria uztartzen zituzten herriak gehiengoa ziren probintzia txiki honetan. ELAk nolabaiteko indarra bazuen hirian, baina babes gehiena nekazaritza eta industria biltzen zituzten eremuetan lortu zuen, batez ere 1933tik aurrera (1933 arte SOV Solidaridad de Obreros Vascos, izena izan zuen). 1932an CGTU sortu zuen Alderdi Komunistak; afiliatu gutxi zituen sindikatu horrek, baina zarata handia egin zuen hasierako Gobernu errepublikarraren aurka. Anarkisten feudo nagusia Pasaiako Avance Marino sindikatua izan zen (750 afiliatu), CNTn integratua. Pasaia eta Donostia arteko auzoetan finkatu zen CNT batez ere, baina horretaz gain, Tolosan ere bazuen eraginik, Beasainen eta Bergaran bezalaxe.

      Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi sindikatu katolikoak eta libreak, eta nekazari-sindikatuak. Egia esan, ezer gutxi dakigu sindikatu libre eta katoliko horien inguruan. Industrializazioak ekarritako aldaketei eta ezkerreko ideien bultzadari aurre egiteko sortu ziren, 1910eko hamarkada inguruan; Bigarren Errepublika iritsitakoan afiliatutako langile-kopurua nahiko altua zen (5.500 afiliatu). Donostiako emakumezkoen Nazaret sindikatua zen katolikoetan indar handiena zuena, Azkoitian, Tolosan eta gune tradizionaletan ere nabarmentzen ziren horrelako sindikatuak. Hala ere, Errepublikak aurrera egin abala, afiliatu-kopuruak behera egin zuen, ELAk lekua kendu baitzien. Azkenik, nekazari-sindikatuak aurkitu ditugu Gipuzkoako sindikalgintzaren panoraman. Nekazari-eremuetan, kooperatibak eta mutuek (aseguruak) izan zuten sindikatuek baino garrantzi handiagoa. Alkartasuna eta San Isidro izenpean (baserritarren zaindaria izaki), elizaren inguruan egiten zuten lan, pentsua saltzeko, edo ganadua aseguratzeko. Errepublikako urteetan egon zen, hala ere, berrikuntzarik esparru horretan: Euzko Nekazarien Bazkuna sortu zen, jeltzaleek sustaturiko sindikatua. Aipatutako lanak bultzatzeaz gain, baserritarrak euren etxaldeen jabe bilakatzea nahi zuen, horretarako Errepublikak onartutako legeaz baliatuz. Asmo horrek, zenbait kasutan, tentsio bat baino gehiago sortu zituen baserri-jabeekin.

      Oro har, Gipuzkoako sindikatu nagusien jarrera nahiko moderatua izan zen, langileen bizi-baldintzek okerrera egin zuten arren. UGTri dagokionez, Madrilgo gobernuaren lagun izan zen Errepublikaren lehenengo bi urteetan, eta gatazkak ahalik eta modu baketsuenean konpontzen saiatu zen. ELA-STVren kasuan, “harmonia sozialaren” alde egiten zuen. Dena den, grebak eta aldarrikapenak behin eta berriro errepikatu ziren, batzuek sona handia izan zuten gainera.

 

Grebak Gipuzkoan

Urtea

Greba-kopurua

1931

13

1932

16

1933

12

1934

26

1935

3

1936

27

Iturria: Barruso (1996c, 99).

 

      Esaterako, Pasaian 1931n egin zen greba. Komunistek kontrolaturiko La Unión arrantzale-sindikatuak borroka gogorra egin zuen. Gatazkaren jatorrian aldarrikapen laboralak zeuden, baina egoera zailduz joan zen eta Alderdi Komunistak, Astigarribia buru zuela, kalera atera zituen arrantzaleak. Egun beltza maiatzaren 28a izan zen, Guardia Zibilaren karga baten ondorioz zortzi manifestari hil zirelako. 1933an ELAk Eibarko arma-lantegietan egindako greba ere esanguratsua izan zen; halaber, 1934ko greba iraultzailea. Orokorrean, greba gehienak lan-egoera hobetzeko borrokak izan ziren, baina kasu batzuetan kutsu politiko nabarmena zuten edo beste langile batzuekiko elkartasunez egin zituzten.

 

 

Hamaika bide politikan

 

      Bigarren Errepublikak iraun zuen urteetan, gorabehera handiak izan ziren, eta eztabaida politikoa, batez ere, bi ildo nagusitan oinarritu zen: Estatutua eta erlijioa/laikotasuna. II. Errepublika aldarrikatu eta berehala, Estatutuaren auzia azaleratu zen Hego Euskal Herriko lau probintzietan. EAJ izan zen auzi horretan buru-belarri sartu zena. Ekainean, udal korporazioen bilkura bat antolatu zen Lizarran eta Estatutu proiektu bat onartu zuten, jeltzaleen, karlisten eta katolikoen babesarekin. EAEk ez zuen babestu eta errepublikar eta sozialistekin batera aurkeztu zen hauteskundeetara. Izan ere, 1931ko apirilaren ondoren, Alcalá-Zamoraren gobernu berriak hauteskundeak deitu zituen, ekainean, Madrilgo Gorteetara. Espainian, errepublikar-sozialisten koalizioak irabazi zuen, baina, Euskal Herrian eskuindarrak, “Lizarrako Estatutua” babestu zuten horiexek, atera ziren garaile (hiriburuetan eta herri nagusietan izan ezik). Bi alde bereizi ziren 1931ko uda hartan: Lizarrako blokea (Estatutu katoliko baten eta “ordena sozialaren” aldekoa) eta bloke ezkertiarra (laikoa eta antimonarkikoa). Egoera horretan, alderdi bakoitzak bere interesen arabera egin zuen bataren edo bestearen alde.

      Estatutuaren auziak, bestetik, laikotasunari buruzko eztabaida suspertu zuen. Gipuzkoa ez zen tentsio horretan aparte geratu, eta horren adibide garbia Ezkioko amabirjinaren agerpenak dira. Milaka fededun bildu ziren Ezkioko magaletan amabirjina hura ikusteko, eta askok diote Madrilgo asmo laizismozaleei erantzuteko modu bat izan zela hura. Urte bereko irailean, Lizarrako Estatutua baztertu zuen Madrilgo Gorteak, Euskal Herria “Gibraltar Vaticanista” bat bihurtu nahi zuelako, Indalecio Prietoren arabera. Horren ordez, errepublikarrek kontrolaturiko Diputazioek (ez zen hauteskunderik egin erakunde horiek berritzeko eta gobernuak izendatu zituen kideak), Estatutu berri bat diseinatu zuten: “Gestoren Estatutua”. Euskal udalen bilkurak eman behar zion onarpena Estatutu horri eta horren ondoren onartuko zuen Madrilgo Gorteak. EAJk sistema hori babestu egin zuen, baina Nafarroako eskuindarrak ez zeuden prest ezkertiarren Estatuturik ontzat hartzeko eta nafar udalek, hainbat gorabeherarekin, ez zuten parte hartu udalen bilkuran. Estatutua onartzeko prozesuak bi urte iraun zuen; artean, abertzale katolikoen eta ezkertiarren arteko liskarrak etengabeak izan ziren Gipuzkoan. 1933ko azaroan Estatutuari buruzko erreferenduma egin zen herritarren artean: Gipuzkoan botoen % 89,5 lortu zuen baietzak eta Bizkaian % 88,4; Araban, berriz, botoen % 46 izan zen baietzaren aldekoa.

      Baina bi aste geroago, Gorteetarako hauteskunde orokorrak egin ziren. Gipuzkoan EAJk irabazi zuen, Bizkaian bezalaxe; Araban Oriol-en Comunión Tradicionalistak gehiengo osoa lortu zuen eta Nafarroan eskuindarren koalizioa atera zen garaile nagusi. Espainian Lerroux-en Partidu Erradikalak eta eskuineko alderdiek irabazi zuten, eta emaitza horrek ateak itxi zizkion Estatutuari, agintari berriek ez baitzuten ezer jakin nahi Estatutuaz; izan ere, 1931n babestu zutenean, erlijioaren defentsan egin zuten, baina, orduz gero, egoera erabat aldatuta zegoen.

 

Hauteskundeak Gipuzkoan II. Errepublikan

Iturria: De la Granja 1986

 

      Abertzaleen eta gainerako eskuindarren eta katolikoen arteko diferentziak (Comunión Tradicionalista, monarkistak, erradikalak, CEDAkoak...) gero eta nabarmenagoak ziren. EAJk ikusi zuen eskuindarren aldetik ez zuela lortuko Estatuturik eta Agirrek eta Irujok Gorteetan esan bezala “Estatutua emango digun eskua bedeinkatuko” zuten. Beraz, Sabino Aranaren alderdia bira egin eta ordura arte etsai izan ziren sozialistengana hurbiltzen hasi zen. Horren erakusgarri da “Ardoaren Gerra” deiturikoa. 1934ko udan, Madrilgo Gobernuak ardoaren zerga, Kontzertu Ekonomikoaren eta udal autonomiaren zutabeetako bat, kendu nahi izan zuen. Erantzuna berehalakoa izan zen: abertzaleek eta ezkerreko alderdiek kontrolaturiko “udalen altxamendua”. Udal horiek bilkura bat egin nahi izan zuten Zumarragan, baina Gobernuak gogor erantzun zuen: alkate batzuei kargua kendu zieten eta hainbat zinegotzi atxilotu zuten. Horren aurrean, dimisio kolektiboa aurkeztea erabaki zuten abertzale eta sozialisten esku zeuden udalek.

      Udal abertzaleek eta ezkertiarrek Madrilgo Gobernuarekin izandako pultsua momentu horretan zegoen tentsioaren adierazle izan zen. Izan ere, 1933an eskuindarrak agintera iritsi zirenetik, egoerak okerrera egin zuen, bai Estatutuaren inguruan, baita Patronalaren jarrerari zegokionez ere. Patronalak presioa egin zuen aurreko gobernuak ezarritako hainbat lege progresista atzera botatzeko. Sozialistek moderazioari eutsi zioten ordura arte, baina Gobernutik kanpora posturak gogortu egin zituzten, grebak ugaritu, eta horrekin batera etorri zen 1934ko urriko iraultza-saiakera. Urriko iraultzan, sozialisten eta UGTren eskua ikus daiteke, baina EAEko edo ELA-STVko zenbait kidek ere parte hartu zuten. Espainian, Asturias izan zen iraultzaren nukleoa, bertako meatzeetan langileen eta soldaduen artean izandako borroken ondorioz ehunka lagun hil baitziren. Gipuzkoan, hilaren 5ean hasi zen mugimendua Guardia Zibilaren eta grebalarien arteko tiroketa bat gertatu zenean Eibarren. Herri horretan bi lagun hil zituzten, Carlos Larrañaga enpresari eta buruzagi karlista izan zen bat. Egun horretan bertan amaitu ziren borrokak. Arrasaten, aldiz, gogorragoak izan ziren enfrentamenduak. Grebalariek 60 lagun inguru atxilotu eta horietako bi, Marcelino Oreja diputatu karlista eta Dagoberto Rezusta erradikala, hil egin zituzten. Gasteizetik etorritako tropek zapaldu zuten iraultza-saioa. Gipuzkoako beste herri batzuetan greba nahiko baketsua izan zen, Tolosan izan ezik, hildako bat egon zen, eta Pasaian, hilaren 8an, grebalariek armadari aurre egitean, 6 hildako izan ziren (AAVV, 1984). Urriaren hamaikatik aurrera egoera bere onera etortzen hasi zen, eta, aldi berean, gobernuaren eta agintarien errepresioa gogortu egin zen. Lan hori sozialisten aurka zuzendu zen bereziki, nahiz eta beste erakunde batzuen aurka ere jo, abertzaleen aurka esate baterako. Urriaren amaierarako, 420 lagun atxilotu zituzten Gipuzkoa osoan eta gehienak Hondarribiko Guadalupe gotorlekura eraman zituzten. Errepresioa ez zen nola-halakoa izan: Salbuespen Egoera, torturak, erbestea, kaleratzeak, UGTren eta CNTren egoitzak itxi egin zituzten eta ia urtebete jarraitu zuten horrela. Ezkertiarrek jasan zuten gogorren errepresio hori, baina abertzaleek ere nabaritu zuten; izan ere, Gobernuak zaku berean sartu zituen ezkertiarrak nahiz abertzaleak, azken finean, eskutik helduta ibili ziren hilabete batzuk lehenago. Bestalde, azaroan bertan, hasi ziren atxilotuen aurkako epaiketa militarrak (Barruso, 1996b, 342-343). Epaile batzuek hor izan zuten 1936ko jardunerako lehen prestaketa. Gehienetan, epaiketa bakoitzean herri bateko auziperatuen aurkako salaketak aztertzen ziren; horietako garrantzitsuenak Lasarte, Hernani, Arrasate eta Beasaingo kasuak izan ziren. Lasarteko 29 auzokidek zigor txikiak izan zituzten, hiru lagunek salbu, horien artean Victoriano Vicuña komunista ezagunak, zortzi urteko zigorra jaso baitzuten. Hernaniko kasuan, UGTko 39 kideri armak eskuratzeko lapurretan ibili izana leporatzen zitzaien eta Guardia Zibilarekin tiroka ibiltzea udaletxea hartzeko ahaleginean. Gertaera horren ondorioz, 16 kide libre geratu ziren, beste 23 lagunek 14 urte eta hamar hilabeteren tarteko salaketak jaso zituzten 1935eko udaran. 1936ko udaberrira arte egon ziren espetxean, beste asko atzerrian ziren bitartean.

      1935eko urtea gogorra izan zen, errepresioaren urtea. Baina hilabeteek aurrera egin ahala egoera normalizatuz joan zen; urriko iraultzan atxilotutakoen amnistiaren aldeko kanpaina bati ekin zioten oposizioko taldeek, eta 1936an Frente Popularra izeneko blokea osatu zuten errepublikarrek, sozialistek, komunistek eta aeneubezaleek otsaileko hauteskundeei begira. Bloke ezkertiar horretatik kanpo geratu zen EAJ eta bakarrik aurkeztu zen hauteskundeetara. Karlistek, aldiz, gero eta maizago ateratzen zituzten beren erreketeak mendira, altxamendua gertu zegoen, eta hura piztuko zuen pospoloa besterik ez zuten behar. Ez zen beharrezkoa gizarte-liskarrak, bortxakeria edota iraultza-mehatxuak benetakoak izatea, nahikoa zen mehatxua jasan zezaketenak horrela sinestea. Horrela, 1934ko urriko iraultzak, Eibar eta Arrasate kenduta, eragin txikia izan zuen Gipuzkoan, baina nahikoa izan zen bortxakeriaren mehatxuaren mezu kontserbadorea hedatzeko eta gizarte-sektore zabalak bat egiteko mezu horrekin, pentsatuz iraultzaren arriskua hurbilekoa eta benetakoa zela eta horren aurkako borrokak erabatekoa izan behar zuela.

      Otsaileko hauteskundeak benetan lehiatsuak izan ziren. Gipuzkoan, EAJ izan zen berriz ere garaile, baina bai ezkertiarrek eta bai eskuineko bloke “kontrairaultzaileak” ere gora egin zuten nabarmen. Jeltzaleek botoak galdu zituzten, gipuzkoarren botoen herenak jaso zituen eskuineko koalizioaren mesedetan eta ezkerra izan zen nagusi Donostian, Irunen, Eibarren, Pasaian, Hernanin eta Beasainen; Errenterian jeltzaleen atzetik geratu ziren eta Tolosan eskuineko koalizioaren aurretik. Espainian Frente Popularra atera zen garaile, nahiz eta tartea ez izan oso handia. Hurrengo hilabeteetan indar berriarekin ekin zioten lanari sindikatuek; alde batetik amnistiari esker, bestetik komunistak UGTn sartu zirelako eta egoerak langileen eskakizunak bultzatzen zituelako. Garaipen hura eta giro berria izan ziren, hain zuzen, errekete nafarrek eta Marokoko militar kolpistek erabili zuten pospoloa. 1936ko uztailaren 17an piztu zuten sua.