Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
1936ko udazkena Gipuzkoan
Mikel Aizpuru (Director) / Urko Apaolaza
Jesús Mari Gómez / Jon Ordiozola, 2007

 

SARRERA

 

      1936ko urriaren 15ean, Pierre Lhande jesulagun eta euskaltzainak Le moulin d’Hernani-ren hitzaurrea sinatu zuen Luxenburgon. Ipuin laburrez osatuta dago lana, eta horietariko lehena da izenburua eman diona liburuari. Le moulin d’Hernani ipuinean kontatzen den istorioa xumea da: Hernaniko lantegi batek ur-hornidura erregularra behar du bere jarduerari eusteko, eta lantegiko arduradun batek (ugazabaren alabaz maiteminduta dago) eta neska horrek aurkitzen dute iturburu bat Onyi mendiaren magalean.

      Lhandek oso ongi ezagutzen zuen Hernani, bertan izan baitzen irakasle Jesusen Konpainiak zuen ikastetxean, baina kontakizuna irakurtzen duenak, aldiz, nekez lortzen du herriko errealitate soziala ezagutzea. Lanaren sarrerak, ordea, interes handia pizten du, Espainiako Gerra Zibilaren lehen hilabeteetan idatzi zelako eta egilea euskal abertzaletasunaren pentsamendutik hurbilekoa izana zelako. Aitzitik, abertzaleek urte hartako uztailean hartutako jarreraren kontra azaldu zen jesulagun zuberotarra, jelkideak Bigarren Errepublikaren gobernu zilegiaren alde jokatu zutelako haserreturik.

      Sarreran, kontrajarri egin zituen Lhandek Jaizkibel mendiko gailur lasai eta harmoniatsuak, Irungo sutea eta mendikatearen iparraldean zegoen Guadalupeko gotorlekuko preso eskuindarrak fusilatzeko tiro-hotsak. Aldi berean, liburuko orrialdeetan deskribatzen zen paradisu antzeko Euskadiko giro zoragarriaren eta gerra berriak ekarritako egunen errealitate krudelaren arteko kontrastea nabarmendu nahi izan zuen. Baina, sarrera horren ostean, noren alde zegoen erakutsi zuen idazleak, gainera duda-mudarik gabe: haren ustez, euskal abertzaleek dena jarri zuten jokoan abentura zoro hartan. Zer eskubide zuten abertzaleek guztiz politikoa zen gai bati lehentasuna emateko interes erlijiosoaren gainetik? Gasteizko eta Iruñako gotzainak, aldiz, zuzen zeuden aho betean gaitzetsi zutenean euskal abertzaleek egindako hitzarmen zorigaiztokoa marxistekin, anarkistekin eta apaizak fusilatzen zituen Frente Popularrarekin. Euskal tradizioaren kontra egoteaz gain, zuhurtziaren eta gizarte-senaren oinarrizko legeen kontra ere bazegoen abertzaleek hartutako erabakia. Egoera egoki bideratuko zuen benetako agintari bat falta izan zen, hots, Frente Popularra desegiteko irrikaz zeuden nafar sutsuak eta autonomiak eroturik zeuzkan bizkaitar eta gipuzkoarrak baretu eta koordinatuko zituen norbait. Odol hotz pixka bat eta diplomazia asko aski izango ziren odolez, erlijioz eta hizkuntzaz ahizpak ziren bi euskal adar horiek batzeko. Funtsezkoena katoliko eta euskaldun mantentzea zen, osterantzean erlijioa, hizkuntza eta autonomia galtzeko arriskua zegoen. Euskal abertzaletasunak, bere aliantzen politikarekin, arriskuan jarri zuen, baita Ipar Euskal Herrian ere, arrazaren etorkizuna, segurtasuna eta milaka urteko hizkuntza. Autonomismoaren ameskeria baztertzea zen Sabino Aranak sortutako mugimenduak zuen aukera bakarra Loiolako San Inazio eta San Frantzisko Xabier sortu zituen tradiziora itzultzeko.

      Urtebete eta hilabete eskas batzuk igaro ondoren, ordea, arestian azaldutako lerroak idatzitako Lhandek berak aurkeztu zituen Elai-Alai abesbatza eta dantza-taldea, Mercier gotzainaren eta Pariseko gizarte katolikoaren aurrean. Hain zuzen ere, jesulagun zuberotarrak hainbeste iraindutako autonomiari esker eratutako Eusko Jaurlaritzak sortutakoa zen orduan berak aurkezten zuen taldea. Zer gertatu zen bere jarrera, itxuraz behintzat, errotik aldatzeko? Berak hitz gutxitan laburbiltzen zuenez, hondamendia eta amesgaiztoa izan zen euskaldunei gertatutakoa.

      Gerra Zibileko lehenengo gertakariek oihartzun handia izan zuten gure mugetatik haratago, eta, besteak beste, honako informazio hau zabaltzen zen: nahasmenak agintzen zuela erregimen errepublikarrari leialak zirenen eremuan, eta alderdi eskuindarretako kideen hilketen berri ematen zuten; era berean, matxinadarekin hein handiago edo txikiagoan konprometitutako militarren eta klero katolikoko kide ugariren hilketen albistea hedatzen zen. Errealitate hura izan zen, hain zuzen ere, aipatutako sarrera idaztera bultzatu zuena aita Lhande. Matxinatutako taldearen atzeguardian arnasten zen lasaitasuna nabarmentzen zuten Europako komunikabide kontserbadoreek, errepublikarren arteko anabasaren kontrako aurpegia erakutsi nahian. Baina Lhande Luxenburgoko Ikastetxe Jesuitan bere osasun kaxkarra hobetzen ahalegintzen zen bitartean, herrikide lapurtarrak oso errealitate ezberdina ezagutzen hasi ziren. Hain zuzen ere, altxamendu militarraren hasiera-hasieratik Ipar Euskal Herrira Gipuzkoa eta Nafarroatik errefuxiatu asko heldu baziren ere, irailaren amaieratik aurrera arras murriztu zen kopurua, eta mugaz beste aldetik zekartzaten berriak ere aldatu egin ziren. Militar erreboltariak eta beren aliatu zibilak, karlistak eta falangistak bereziki, ehunka, milaka nafar eta gipuzkoar fusilatzen ari ziren.

      Onyi menditik jaitsiz hartu zuten Hernani tropa matxinatuek, gero Donostia okupatzeko, eta Urumeako hiribildua izan zen aurkari politikoak exekutatzeko aukeratu zuten tokietako bat, 1936ko irailaren amaieratik azaroaren hasierara bitartean. Zenbat pertsona hil edota hobiratu ote zituzten Hernanin? Lan honetan zehar ikusiko dugun legez, baliteke inoiz ere ez jakitea zehatz-mehatz. 1958ko ekainaren 17an, Hernaniko Guardia Zibilaren komandantziaren postuko buruak Gipuzkoako Gobernu Zibilari bidalitako mezu batean adierazten zuenez, frankistek hildako zazpi pertsona zeuden lurperatuta herriko kanposantuan: Martin Lekuona, Gervasio Albisu, José Ariztimuño, José Adarraga eta Celestino Onaindia apaizak. Ez dakigu zergatik erantsi ziren José María Elizalde donostiarraren eta Aiako alkate Gabino Alustizaren izenak. Jarraian, txostenak honela zioen:

 

      Se hallan enterrados juntamente con los reseñados anteriormente unos 190 individuos más aproximadamente, cuyos nombres se desconocen totalmente, los cuales también fueron ejecutados por las Fuerzas Nacionales.

 

      Testua eta kopuru hura idatzi zituen ofizialordearen iturria nor edo zein izan zen ez dakigu, baina bildu ditugun datu gehienek norabide hori adierazten dute. Guztira 8 apaiz eta gutxienez 130 pertsona hil ziren Hernaniko leku ezberdinetan 1936ko udazkeneko hilabeteetan. Ez dugu uste Lhandek ezagutzen zituenik Hernanin lurperatutako apaizak, José Adarraga salbu, herriko parrokiari 55 urtez atxikia egon zena, baina ziurrenik José Ariztimuño Aitzol izena ezaguna egiten zitzaion, euskal abertzaletasunaren ideien apaiz propagandista. Lhandek bere sarrera sinatu eta bi egun geroago fusilatu zuten Aitzol, eta berri horrek jesulagunaren burua astindu omen zuen eta bere ekintzen bitartez Le moulin d’Hernani-ren sarrerako hitzak eguneroko jokabidean berridaztera bultzatu omen zuen exekuzio hark.

      Urte luzez, Hernaniko hilerria Aitzolen heriotzaren sinonimo izan zen; eta hildakoei lehen omenaldi publikoa egin zitzaienean Hernanin 1977an, hildako apaizek izan zuten protagonismoa zegokiena baino handiagoa izan zen, exekutatutakoen kopuruari bakarrik begiratuz gero, behintzat. Franco jenerala desagertu zenetik aurrera, eta hurrengo hogeita hamar urteetan, 1936an gertatutakoaren oroitzapena hein handi batean hildakoen senitartekoen memoria isilean gordeta geratu zen, eta oso gutxitan agertu zen publikoan, talde ezberdinek antolaturiko ospakizunen batean soilik. 2002an, ordea, eta memoria historikoa berreskuratzeko mugimenduarekin batera, Hernaniko udalak han lurperatutakoen izenak eta gorpuak berreskuratzea erabaki zuen, eta liburu honen bidez emango zaio nolabaiteko amaiera prozesu horri, lanean zehar ikusiko dugunez, oraindik erantzunik gabeko galdera asko gelditzen badira ere.

      Lehendabizi, Aranzadi Zientzia Elkarteak hartu zuen identifikazio-lanen ardura, baina zailtasun handiak izan zituen kanposantuko hilobi komunetan topatutako gorpuzkiak identifikatzeko, hilerriko lur-azpiko egitura sakonki mugituta baitzegoen kanposantuko obren ondorioz. Hori dela eta, udal agintariek ikerketa historikora zuzendu zuten begirada, eta 2004an hitzarmen bat sinatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidearen Sailarekin. Aipaturiko hitzarmenaren ondorioz, unibertsitateko irakasle den Mikel Aizpuruk gidatutako ikerketa-taldea sortu zen: Jesús Mari Gómez, udal artxibozaina, Urko Apaolaza, Historian lizentziatua eta kazetaria, eta Jon Odriozola kazetaria eta Soziologian lizentziatua aritu dira ikertzen.

      Zereginari ikuspuntu bikoitza eman zitzaion. Lehenik eta behin, Gerra Zibilean zehar jasandako errepresioaren eta horrek euskal kasuan izandako ezaugarrien testuinguruan kokatu behar ziren Hernaniko hilketak. Horrek, gure aburuz, gaur egun errepresioaren eta memoria historikoaren inguruan dagoen eztabaida laburki azaltzea zekarren; halaber, Gipuzkoak gerra aurretik zituen ezaugarri soziopolitikoak aztertzea; gerrak lurralde honetan izandako bilakaera laburbiltzea eta heriotza-kondenekin edo hilketekin amaitzen ez zen errepresioaren modalitate ezberdinak erakustea. Gerrako borroka-lerroaren bi aldeetan aztertu dira faktore horiek, nahiz eta, bere handitasuna eta iraupena dela eta, garrantzi handiagoa eman zaion matxinoen aldekoek ezarritako errepresioari. Baliteke irakurlea errepublikarren errepresioari egindako aipamenarekin harritzea, eta horrek azalpen bat merezi du.

      Guk ez dugu uste bi aldeetan indarkeria-mota bera erabili zutenik, nahiz eta biek erabili gogorkeria, pertsona ugari hil eta askori sufriarazi baitzieten. Era berean, ez dugu uste kuantitatiboki edo kualitatiboki aldera daitekeenik batzuek eta besteek eragindako kaltea; izan ere, María José Souto-k zioenez, gutxi gorabeherako aritmetikak ziren iturri, metodo eta egoera ezberdinetatik bildutako datuak. Baina bat gatoz Santos Juliá-rekin baieztatzen duenean ezin dela, besterik gabe, indarkeria faxista aurretik landutako ekintzatzat hartu, indarkeria iraultzailea horren aurrean emandako erantzun gisa ikusten den bitartean. Gerra aurrekoa zen bi aldeetako indarkeria, eta aurkaria berariaz deuseztatzea bilatzen zuten guztiek. Ildo horretatik, guk uste dugu errepublikarren ekintzen krudeltasunak izua zabaldu zuela jarrera jakinik gabekoen artean eta beren laguntza behar zuen Errepublikatik urrundu egin zituela. Bestalde, errepresio frankistaren basakeriak sortutako gaitzespena ahulegia izan zen gerraren bilakaeran eraginik izateko. Iragan krudel hori saihesteak erremindu egin ditzake nahigabea bizi izan zutenak edo beren familiak, baina beharrezkoa da benetan gertatu zena ulertzeko.

      Bide honetatik, Hernanin gertatutakoa kontatzea eta azaltzea da gure lanaren asmoa. Ez, Enrié Ucelay-k behin esan zuen legez, fusilatutakoen hezurrak ateratzeko eta aurkari ideologikoen aurpegira jaurtitzeko, baizik eta historialari garen heinean, bi sentimenduren artean mugitu behar dugulako: batetik, bere berezko zentzugabekeriarengatik, Gerra Zibileko basakeriak ez diola inongo logikari erantzuten pentsatu behar dugu; eta, bestetik, aldi berean, kontrakoa pentsatuz ikertu behar dugu, hau da, gertatutakoa logika krudel baina arrazional baten testuinguruan kokatzen saiaturik.

      Bigarrenik, Hernanin hildako eta lurperatutako pertsonen kopururik handiena identifikatzea genuen helburu. Gerra Zibilean desagertutako pertsonen familiei ahalik eta informazio gehien eskaini nahi izan diegu; izan ere, ez frankismo-garaian ez eta hurrengo hogeita hamar urteetan ere, ez zuten beren senitartekoei buruzko informazio ofizialik jaso, ez zergatik hil zituzten, ez non edo nola, ezta non dauden lurperatuak ere. Erakunde ofizialez gain, historialariok, altxor publikotik kobratzen dugunok behintzat, eta Aro Garaikidean adituak garenok, nolabaiteko zorra daukagu aipaturiko pertsonekin, zailtasun handiko gai polemiko eta korapilatsu honen ikerketa alde batera utzi izan dugulako. Orain arte ikertu den kasuetan, amateurrak edo unibertsitate- eta ikerketa-zentroetatik urrun daudenak aritu dira. Lan honen xederako, Guardia Zibilak 1958an idatzitako txostena izan zen egile-taldeak ezarritako abiapuntua, eta une horretatik bertatik egoera paradoxikoa planteatu zitzaigun. Itxuraz, hildakoen kopurua ezagutzen genuen, baina ez beren identitatea; bagenekien non zeuden lurperatuak, baina ez nondik zetozen. Gerra Zibileko hilketen eta desagerpenen inguruko ikerketa gehienetan, ordea, hildakoen izenak eta beren jatorria ezagutzen dira, baina desadostasunak daude beren kopurua eta hildako lekua finkatzeari dagokionez. Gure lanak, hortaz, alderantzizko berreraikitzea egitea inplikatzen zuen: Hernaniko kanposantutik abiatuta, hildakoak leku horretara eraman zituen bidea topatu behar genuen. Zeregin horretan, hasieran uste genuena baino zailtasun gehiago izan ditugu, eta horrexegatik dira halabeharrez behin behinekoak liburu honen orrialdeetan azalduko ditugun ondorioak.

      Hiru dira Gerra Zibileko errepresioaren gaia lantzen duten historialariek erabili ohi dituzten iturriak. Hildako pertsonen senitartekoen edo gertakariak bizi izan zituztenen lekukotasuna da lehena. Funtsezko kanala da, kasu askotan pertsona baten desagerpenaren berri eman diezagukeen iturri bakarra delako, horrelako gertakariak sarritan ez ziren agiri ofizialetan jasotzen eta. Senitartekoekin izandako harremanak, gainera, aukera eman digu beren atsekabea ezagutzeko eta gerra hasi eta 70 urte geroago zauriak itxi gabe daudela ikusteko; izan ere, Ignacio Martínez de Pisón-ek zioenez, hildako askoren familiak ezin izan dira lutoz jantzi, eta ezin izan zuten etxeko exekutatuengatik negarrik egin bere garaian. Aukerarik ere ez zuten izan senarraren, aitaren edo anaiaren azken gutuna berriro irakurtzeko, kasu gehienetan ez baitzekiten gau hartan bertan hilko zituztenik. Baina gure kasuan, ez dira nahikoak hurbilenekoengandik jasotako datuak, eta zaila da kontatutakoa egiaztatzea. Gurekin edo Aranzadi Zientzia Elkartekoekin —Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailarekin sinatutako hitzarmenaren bidez gerran desagertutakoen auzia zentralizatu duen elkartea— harremanetan jarri diren pertsonek badakite beren ahaideak atxilotu edo beren etxeetatik indarrez atera zituztela, baina kasu askotan ez dakite zer gertatu zen haiekin eta, gainera, ezin dute ziurtatu Hernanin hil zituztenik ere. Oiartzunen edo Ulia mendian fusilatu zitzaketen, horietan ere hainbat exekutatu baitzituzten garai bertsuan.

      Bigarren iturria historialarien lana da. Nahiz eta lan ugari dauden Euskal Herrian gauzatutako Gerra Zibilaren inguruan, oraindik ere ikerketara zabalik dagoen alorra da, duela gutxira arte hutsune garrantzitsu bat izan baitu: errepresioaren auzia. Euzko Apaiz Taldeak eta ikerketa-gai Nafarroan fusilatutakoak eta desagertutakoak zituzten lanak genituen, baina egungo Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, presoen lekukotasunen liburuetara edo tokiko kasuetara mugatzen zen ikergaien zerrenda, esaterako, Arrasateko eta Andoaingo kasuak aztertu izan dira. 1998an hasi zen aldatzen egoera, Iñaki Egañak zuzendutako taldeak La Guerra Civil en Euskal Herria argitaratu zuenean, non espazio zabal bat eskaini zitzaien militar matxinatuen eta beren laguntzaileen ekintzen ondorioz hildako pertsonei. Aurrerago aipatuko ditugun salbuespenekin, gure ikerketarako oinarrizko iturri izan da Egañaren lan hori. Pedro Barruso-k funtsezko beste lan bat argitaratu zuen 2005. urtean, Gerra Zibilean eta lehen frankismoan Gipuzkoan izandako indarkeriari eta errepresioari buruz. Era berean, Araban, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle batzuek idatzitako artikulu batzuk argitaratu ziren 80ko hamarkadan, eta errepresioak lurralde horretan izandako garrantzia nabarmendu duten lanak ere egin dira. Horien artean argitaratutako azkena Txema Flores eta Iñaki Gil Basterrak egindakoa da. Bizkaia, oraindik ere, umezurtz dago alor honi dagokionez. Nolabaiteko dedikazio-falta honek euskal lurralde historiografikoan izan dituen hutsuneek Gipuzkoako egoera bertsua bizi izan duten beste probintzia batzuetan egindako ikerketetara eraman gaituzte behin baino gehiagotan. Errepresioari buruzko lan orokorrez gain, guretzat erreferentzia saihetsezinak izan dira Santiago Vega-k Segoviari buruz, Carlos Gil Andrés-ek Errioxari buruz eta Julio Prada-k Ourenseri buruz idatziko liburuak.

      Dokumentuen ekarpenek osatzen dute iturrien hirugarren taldea. Gure etsipen handienak alor honetan jasateaz gain, Gerra Zibilean gure artean gertatutakoa kontatzean beti gailentzen den teorietako baten konfirmazioa ere aurkitu dugu: gertatutakoari buruzko dokumentazio eza da Hernaniko kasuak dokumentuen ikuspuntutik eskaintzen duen ezaugarri nagusia. Ez agiritegi zibilek, ez militarrek ez eta erlijiosoek ere ez dute ehunka pertsonaren atxiloketa, espetxeratze eta ondorengo hilketen inguruko dokumentaziorik gorde. Egoera arras desberdina da beste probintzia batzuetan, non auzipetutakoen aurkako gerra-kontseiluen aktak, Gobernu Zibilen gutunak, kartzeletako espedienteak edota espetxeetako kapilauek edo Instituto Provincial de Higiene zeritzon erakundearen oharrak gorde egin diren. Gipuzkoako kasuan, kartzeletako espediente batzuk baino ez dira gorde (Martuteneko kartzelan daude) eta gerra-kontseiluei buruzko paperak (El Ferroleko Archivo Militar-rean), baina azken horietan ez dago Hernanin hil zituztela dakigun pertsonei egindako erreferentziarik. Baliteke dokumentaziorik ez egotea, Espainian, normalean, agiriak utzikeriaz tratatu izan direlako, tradizioz; edo, agian, 1976tik 1980ra bitartean erregimen frankistako ekintzak ezkutatzen saiatzeko dokumentuak deuseztatu eta suntsitu zirelako. Gure ustez, aurrerago xehetasunez azalduko dugunez, Hernanin hildako gehienek ez zituzten gutxieneko berme prozesalak izan, eta horregatik, data ezezagun batean, baina ziurrenik Gerra Zibilean bertan, aipaturiko dokumentazioa suntsitu edo ezkutatu egin zen. Hortaz, bat gatoz gerra-kontseiluak jasan behar izan zituzten errepresaliatuekin, beste asko, Hernanin fusilatutakoak besteak beste, ez zirela epaituak izan eta beren heriotza ilegalki erabaki zela baieztatzen dutenekin; eta hori guztia, xehetasun bat alde batera utzita, hots, 1936an legez eratutako Gobernuaren kontrako altxamendu batean sortu zela legaltasun frankista. Topatu duguna, aldiz, zeharkako informazioa izan da, kasu ezberdinen zerrendak eta salaketak jasotzen dituzten artxiboak, baina ez zuzeneko material dokumentala. Beste bide batzuetatik jaso dugun informazioa berresteko, baztertzeko edo zehazteko balio izan digute agiri ofizialetan lortu ditugun datu eskasek.

      Ezin izan ditugu Eliza Katolikoaren agiritegi ofizialak kontsultatu, bere araudiek, salbuespenak salbuespen, informazioa sortu zenetik 75 urte igaro arte ezingo dela kontsultatu xedatzen dutelako, eta 70 urte besterik ez da igaro Gerra Zibila hasi zenetik gaur arte. Gasteizko Elizbarrutiko Artxiboak (gutxienez fusilatutako apaizei buruzko dokumentazio garrantzitsua izan beharko luke) eta Iruñekoak ere ateak itxirik dituzte ikertzaileentzat. Informazio hori existitzen ote den ere ez dakigu. Nafarroako kasuan, Olaechea gotzainak matxinatuek atxilotutako pertsonen familiei eta lagunei laguntzeko bulego moduko bat eratu zuen, eta berarekin eraman zituen dokumentu horietariko asko Valentziako gotzain izendatu zutenean, eta gaur egun, hiri horretako artxibo salestarrean daude, gotzaina hil zenetik 50 urte betetzen diren arte, hau da, 2022ra arte. Vatikanoko Agiritegi Sekretuaren jarrera bestelakoa da, azken horrek 2006ko amaieran jarri baitzuen ikertzaileen eskura 1939an hildako Pio XI.ari buruzko dokumentazioa; Argentinako Elizak ere gordetegiko erreserba hogeita hamar urtera mugatu du.

      Erakunde ofizial ezberdinen arteko koordinazio-falta eta, aldi berean, ikerketarako berria eta tentuz ibili beharreko auzian sakontzeak dakartzan mesfidantzak gehi diezazkiekegu orain arte aipaturiko zailtasun guztiei; baina hala eta guztiz ere, ez ditugu ahaztuko guk uste baino luzeagoa eta zailagoa suertatu den bide honetan lagundu diguten pertsonak eta erakundeak. Eskerrak eman nahi genizkieke, lehenik eta behin, hildako pertsonen senideei, izan ere, beren ekarpenik gabe, beren lekukotasunik gabe edo utzitako dokumenturik gabe, lan honek ezin izango zukeen bere helburu nagusia bete: 1936ko urte krudel hartan hildako pertsonen berri ematea. Uneoro Hernaniko udalaren eta, bereziki, José Antonio Rekondo bertako alkatearen laguntza izan dugu, eta mota honetako lanek izan ohi dituzten atzerapenen aurrean oso ulerkor azaldu dira beti. Juantxo Agirrek, Paco Etxeberriak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko taldeak erraztu dute gure ikerketaren zati handi bat, aurretik egindako lanei esker eta gure lanean zehar izandako dokumentazio-trukeari eta elkarrizketei esker. Abel López de Aguiletak, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendariak, lagundu digu bide batzuk sasiz garbitzen. Bidasoa Institutuko José María Gamboak eta Jean-Claude Larrondek jarri zuten gure eskura beren liburuaren ale originala, artean argitaratu gabe zegoen eta. Ikerketa-lanaren inguruko aholkuak eman dizkigu Pedro Barrusok eta topatzen zailak diren datu batzuk lortu dizkigu. Agirizain eta liburuzain askok lagundu dute era askotako materiala gure eskuetara hel zedin. Bereziki, Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Kanpuseko Liburutegiko Cristina Diazen laguntza nabarmendu nahiko genuke, Abertzaletasunaren Agiritegiko Iñaki Goioganarena, Labayru Ikastegiko Ander Manterolarena eta Madrilgo Agiritegi Historiko Nazionaleko Carmen Alonsorena. Harrigarria dirudien arren —bere irudi publikoa kontuan hartuz gero—, Francisco Franco Fundazioak ez zuen inongo trabarik jarri bere fondo digitalizatuak ikusteko, nahiz eta Franco jeneralaren mahaitik pasatu ziren hainbat dokumentu non ote diren galdetzen jarraituko diogun geure buruari. Agiritegi militarretan izandako arreta ere erakunde horrek hoberantz izandako aldaketaren adierazgarri da. Egileen azalpenak, neurak eta kezkak sufritu behar izan dituzte lagunek, senitartekoek eta adiskideek, liburu hau burutu bitartean. Horiei guztiei, eskerrik asko. Baita Usoa Wyssenbach-i ere, zortzi eskuz eta bi hizkuntzatan idatzitako liburu honetako atal batzuk itzuli ditu eta.

      Sarrera honetan bi aldiz adierazi dugu ikerketa honen emaitzak behin-behinekoak direla eta balitekeela inoiz ere zehaztasunez ez jakitea zenbat pertsona hil zituzten Hernanin. Ez genuke haien senitartekoen itxaropena inolaz ere desagerrarazi nahi, ezta gure lana gutxietsi ere. Gure eskura zeuden iturri guztiak erabili ditugula uste dugu, baina jakinaren gainean gaude oraindik ere badirela auzi honen inguruan informazioa biltzen duten agiri publikoak edo pribatuak. Badakigu ezinezkoa izango dela izen guztiak berreskuratzea, informazioa ezkutatu delako edo izenak idaztean akatsak egin direlako. Ez genuke nahi hildakoen zerrenda artifizialki eta era interesatu batean puztea. Hildakoen kopurua bezain garrantzitsua da beren oroitzapena ez desagertzea, hori baitzen uztaileko 17ko matxinatuek legez kanpoko hilketen bidez jarraitzen zuten helburuetako bat. Ahal izan dugun neurrian, gure eskuen artean genituen datuekin egiaztapen kritikoa egin dugu, eta horren ondorioz, beste hainbat lanetan edo dokumentutan “Hernanin hildakoen’’ moduan azaltzen ziren izenak gure zerrendatik desagertu egin dira. Horrek ez du esan nahi militar matxinatuen errepresiorik bizi izan ez zutenik, baizik eta ez zela Hernanin gertatu. Hortaz, ez gaude norbaitek mespretxuz “hildakoak zenbatzea” bezala definitu zuen horrekin obsesionatuta. Ez dugu uste hildako guztiak aurkitu ditugunik, baina aurkitu dugun izen bakoitza, hilobi anonimo batetik ateratako gorpu bakoitza bezala, esperientzia ikaragarria bizi izan zuen belaunaldi eta gizarte baten ordezkari izateaz gain, hildakoari eta bere familiari horrela hil eta lurperatu zutenek kendu nahi izan zieten duintasuna itzultzea dela pentsatu nahi dugu. Izan ere, Bordagain idazle anonimoak Euzko Deya egunkarian Jose Markiegi apaizaren hilketaren berri ematean zioen moduan,

 

      Ainbeste gizon argi ta biozdun galtzen ari gera guda zital au militar españarrak piztu zigunetik, nun, ez bai dakigu oraindik galeraren aundia neurtzen; ez bai dezakegu —gure naigabe ta oñazeen erdian— joan zaizkigun adizkide guztien izenak aipatu bederik[1].

 

 

 

 

[1] Bordagain, “José Markiegi, Apaiza”, Euzko Deya 44, 1937-4-22.