Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ipunpetik argitara
Maialen Apezetxea Lujanbio / Mikel Ozaita Azpiroz, 2016

 

1.2.
EGINDAKO LANAREN
KRONIKA LABURRA

 

      Ikerketa honen ardatz nagusia irudi grafikoak dira, lan esparru ezberdinetako argazkiak alegia. Hauek lortzeko bi bide jarraitu dira. Batzuetan, kontaktu batzuen bitartez argazkiekin topo egin da. Hauek, emakume konkretu batzuengana eraman dute. Beste batzuetan, pertsonak identifikatu dira, esparru batzuetan lan egin zutela jakin eta berengana jo da elkarrizketa egin eta argazkien bila.

      Bi bideak jorratu arren, ez da batere lan erraza izan. Frankismoa deritzan garaia izan da aztergai, gerra baten ondorenaren diktadura aldia. Gerra oste guztiak bezala, egoera larria izan zen. Egoera horretan beraz, ez zen batere ohikoa egun gertatzen den moduan, norberak argazki kamera bat izatea, hori luxua zen. Argazkilari profesionalak izan baziren, baina guztiek ez zuten horretarako aukerarik. Hau guztia dela eta, ez zen batere ohikoa argazkiak ateratzea, are gutxiago lan esparruetan. Garai horretan gehienbat ospakizun bereziak gogoan izateko ateratzen ziren argazkiak, ez egunerokotasunean, ez lan egoeretan.

      Hernaniko artxibora ere egin da bisita baina bertan ez dugu aurkitu ikergai izan den garaiko emakumeen argazkirik. Hau horrela, Hernaniko Udalarekin batera deialdi publiko bat egin zen argazkiak eskuratzeko asmoz. Oso argazki gutxi jaso arren, gehienak baliogarriak izan dira, argazki horien atzean ezkutuan zeuden testigantza ezberdinak jasotzeko aukera eman dutelako.

      Bestalde, lan esparru ezberdinetan jardun zuten emakumeak identifikatzeko, hernaniar emakume baten laguntza berezia izan da. Emakume hau jaiotzez hernaniarra eta oso herrikoia izateaz gain, argazki zaharrak asko gustatzen zaizkio eta hainbatetan jarri izan ditu ikusgai lan egiten duen tabernan erakusketa moduan. Horrez gain, herriko jende asko ezagutzen du, eta harreman handia du adinean aurrera doazen emakumeekin. Berak ireki ditu elkarrizketatuak izan diren emakume askorengana iristeko bideak.

      Denera 19 elkarrizketa egin dira. Guztiak emakumeei egin zaizkie. Halaber, elkarrizketa hauetan parte hartu duten emakumeen izenak ez dira errealak, asmatutako izenak baizik, euren anonimotasuna errespetatze aldera. Izan ere, elkarrizketa batzuetan hainbat gai delikatu egon dira, eta askotan esan dute “esan deten hori ez jarri e?” eta horrelakoak. Hori dela eta, nahiago izan da benetako izenak ez erabiltzea elkarrizketetatik ateratako testigantzetan. Argazkietan aldiz, argia da hori ezin dela egin, eta beraz, hemen benetako izen-abizenekin ageri dira emakumeak; euren baimenez, noski.

      Elkarrizketez gain, eztabaida talde edo taldekako elkarrizketa bat egin da. Bertan hamabost bat gizon-emakumek hartu dute parte, adinez nagusiak denak ere, eta baserri ingurukoak.

      Elkarrizketa guztiak bereziak izan dira bere horretan, eta hemendik eskertu nahi da etxeko ateak ireki dituztenen prestutasuna euren bizitzak kontatzeagatik eta euren familia albumetan muturra sartzen uzteagatik.

      Azkenik, argazki eta elkarrizketen bitartez lortutako informazioa borobiltzeko asmoz iturri ezberdinetara jo da: datu demografikoak, historia dokumentuak, datu estatistikoak..., eta bereziki Hernaniko historiaren inguruan idatzitako hainbat lanetara jo izan da, zeinetan emakumeen ahotsa entzuteko parada izan baita, orain urte batzuk horrelako beka batean argitaratutako lana esaterako, “Ahotsak”.

      Bilaketa eta bilketa horren emaitza ikerketa luze eta sakonago batean bildu bazen ere (Hernaniko Artxiboan, Udal Liburutegian eta Berdintasun Arloan jasoa dagoena), Jone Miren Hernández Garcíaren laguntzaz, berau laburtu eta egokitu da, argitalpen dibulgatibo gisara.. Horren gainean, azkenengo ohar bat. Bibliografia eta elkarrizketa gehienak gazteleraz jaso badira ere, ikerketa euskaraz egitea deliberatu da, hautu pertsonalarengatik eta euskara normalizatze bidean, ikerketa alorrean ere, ekarpena egin nahi izan delako. Halere, bibliografiako erreferentzia eta elkarrizketatuen pasarte ugari jatorrizko bertsioan bildu dira, hitzen esana eta esateko modua errespetatzeko asmoz. Barkatu horrek endredorik sortzen badu.