Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ipunpetik argitara
Maialen Apezetxea Lujanbio / Mikel Ozaita Azpiroz, 2016

 

HITZAURREA

 

      Jakina da historian murgiltzea denboran bidaiatzea dela, atzera begira jartzea denbora makinan sartuta. Ikuspuntu horretatik, eskuartean duzun liburu hau bidaia agentziek eskaintzen dituzten katalogo gisa ere irudika dezakezu. Hernanin kokatuta, herria utzi gabe, iraganera doan ibilbidea eskaintzen digu liburu honek.

      Hernaniko iragana ezagutzeko gonbita egiten digute egileek, baina bidaia agentzien katalogoen ideiaz baliaturik, esan daiteke, kasu honetan, proposamen ezohikoarekin egingo dugula topo. Izan ere, arrazoi ezberdinengatik, bestelako bidaia batez hitz egin dezakegu, ez baitira betiko monumentuak bisitatuko, ezta betiko ikusgarriak ere; proposamen honen protagonistak ez dira bisitatu gabe geratu ezin diren horiek. Halere, Hemen daudenak ere badira; hemen daudenak denbora makinan sarturik ikusiko dugun errealitate horren parte dira.

      Maiuskulaz idazten den Historia txikiz idatzitako hamaika istoriok ahalbidetzen dute, gehienetan hala aitortzen ez bada ere. Zintzoak bagina, Gure Historia ez ezik, gure istorioak ere ezagutu beharko genituzke, denek, letra larriz zein xehez idatzitakoek, osatzen baitute iragana; egungo egoera zein etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko baliabide dira.

      Monumentuak, estatuak, etxe dotoreak, jauregiak... izaten dira turisten helburu eta helmuga, herri horren historiako hainbat pasarteren erakusle. Elementu horiek aitzakia izanda, gida turistikoek iraganeko pasarteak ekartzen dituzte gogora, herri edo hiri horren gertaera historikoak behin eta berriz oroitaraziz. Turista profesionalak eskuratutako planoaren gainean nahitaez bisitatu beharreko guneak ezabatzen joango dira, banan-banan, borobilez zein X handi batez, bat gutxiago! edo beste bat eginda! pentsatuz.

      Liburu honek eskaintzen duen bidaia, ordea, oso bestelakoa da, hain zuzen ere, bidaia ezberdin baterako gida litzateke. Ez du ezer ordezkatzen, dagoena osatu eta aberastu baizik, baina badu ausardia, badu ikuspegi original bat eta baita hainbat erronka ere. Egileek esploratzaileen gisara jardun dira eta hortik egiten diote irakurleari gonbita.

      Arkeologia lanetan ere ibili dira; artxiboak, dokumentu ofizialak... alde batera utzi, eta frankismo garaian Hernanin zegoen bizimoduan eta egunerokotasunean murgilduz. Horretarako, asko sakondu behar da, estalita geratu diren bizimoduak, egoerak, bizipenak, kontakizunak, pasadizoak... aztertu behar baitira. Hauek, gehienetan, ez dira idatziz jaso; ez daude herriko kroniketan. Oroimenak gorde ditu eta oroimenari galdetu behar zaio zuzenean horien berri izateko. Eta itzali baino lehen egin behar da. Hori da egileek egin dutena: herritarrak elkarrizketatu eta beren kontakizunak jaso. Memoriaren arkeologia egin eta gero, testigantzak jaso eta ikusgai jarri dituzte erakustoki den liburu honetan.

      Herriko bizitza, eta bereziki frankismo garaiko bizimodua, dugu ibilbide testu honetan, eta, gutxitan gertatzen den moduan, emakumeak dira nagusiki horretan erreferentzia eta mugarri. Beren begiradaz baliatu dira egileak herriko errealitateaz eta garapenaz jabetzeko, eta modu honetan, ikusezinak diren hainbat arlo, ekintza edo jardun mugarri bihurtzen dira. Hernaniko emakumeen oroimenek eta testigantzek monumentu berriak sortu dituzte bidaiari ausartak asebetetzeko. Bizitzari aurre egiten ahalegintzen diren ekimenak dira hauek, eta xumeak badira ere, frankismoa bezalako garai gogorrenean egin izanak, bihurtzen ditu, bereziki, azpimarragarri.

      Testigantzak izan dituzte bidelagun egileek, baina, batez ere, irudiez baliatu dira beren azterlana egiteko. Horrek originaltasuna eta berezitasuna ematen dio lan honi. Bizitzako arlo ikusezin eta xume horiek, errutinak, iraganeko ohiturak eta bizimodua(k) erakutsi nahi izan dituzte argazkien bitartez.

      Emakumeei euren bizipenen inguruan galdetzeko, memoria grafikoa da abiapuntu, baita, ondoren, diskurtso edo istorio osatu eta mamitsua eskaini ahal izateko ere. Irudien kontsumoa eta kontsumismoa bultzatzen den aroan, irudien gaineko begirada geldoa proposatzen da, iraganak utzitako arrastoak bildu eta aztertzeko asmoz.

      Emakumeen bizitzak eta testigantzak, beren bizimodua eta errutinak (lana bere zentzu zabalean oinarri izanda), eta emakumeek argazkietan utzitako arrastoak izan dira testu honetarako langaiak. Lan sakona eta mamitsua egin dute egileek. Azkenean, liburu hau, egindakoaren lagin bat da, laburtua eta egokitua, herritarrei zabaltzeko eta partekatzeko. Turismo agentziek egiten duten antzera, testu honek bidaia baterako gonbidapena izan nahi du, baina aitortza ere egin nahi izan zaie emakumeei, emakumeen lanari eta horren erakusle diren irudiei. Hemen bildutakoa Hernaniko ondarea ere badenez, mugarri gisa uler daiteke, eta herriko planoan agertu beharko luke kanpokoen, baina, batez ere, bertakoen gozamenerako.

      Eta bukatzeko, bestelako aitorpen bat egin nahiko nuke, izan ere, liburu honek irakasle bati egin dakiokeen oparirik ederrena biltzen du: zure ikasle ohien eskutik jasotako irakaspena; ikasleak irakasle bilakatuta. Zorionak Maialen eta Mikel! Zorionak Hernani eta bertako emakume langileak.

Jone M. Hernández García