Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

SOZIDADEKO BERTSO ESKOLAK

 

Ereñozuko eskolan entrenatu ostean.

 

      1999an etorri zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Talde handia ginen eta bertso eskolan erabaki genuen prestatzeko taldeak egitea, eta horrela hasi ginen bakoitza bere aldetik biltzen. Gure taldean Iker Alustiza, Ibon Miner, Estitxu Eizagirre eta ni ginen eta Ibon Ereñozukoa izanik, han biltzen ginen askotan.

      Hurrengo txapelketa (2001ekoa) prestatzeko talde horiei eutsi genien. Orduan hasi ginen bertso eskola ez Biterin biltzen. Batzuk Ereñozun biltzen ginen, beste batzuk Peña Otañon, gero gurutzatu egiten ginen, azkenean denak denera joan izan gara. Gero Ereñozuko taldea Aranon hasi ginen biltzen.

[Unai Agirre]

 

      1999ko txapelketaren aitzakian hasi ginen sozidadetan biltzen. Guztion bizitza planaren arabera moldatu beharra zegoen elkartzen jarraitzeko modua. Asteartetako bileraren gainbeherari eusteko modu bat izan zen.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Txapelketa prestatzeko Ereñozuko eskolan eta elkartean biltzen ginen. Aritz Zeraini eta bioi asko eman digu horrek, eta auzoko jendeari ere bai. Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze... horiek denak hemen ikusita gertukoago sentitzen ditu. Beti gogoratzen da bat nola bertsolari horiek 2001eko Txapelketa Nagusitarako entrenamenduak hemen egiten zituzten. Guretzat berezia izan zen.

[Ibon Miner]

 

      Peña Otañon inguruko mahaietan beste afaltiarrak zirela kantatzen genuen: batzuetan entzutera, gaia jartzera edo kantatzera ere inguratzen ziren. Giro berezia sortzen zen, aste pare bat azaldu gabe pasa ezkero baita kargu hartu ere.

[Iñaki Zelaia]

 

      Gipuzkoako nire lehen txapelketa (2003an) prestatzea tokatu zitzaidan, artean, hura zer zen oso ongi jakin gabe. Joxe Anjel Aranburu eta biok ordu asko pasa genituen elkarrekin, baina ohartu ginen, beti elkarrekin jardunda ez genuela mejorarik egiten. Hala, bertso eskolako arrain potoloengana hurbildu ginen. Urratsa guk eman genuen. Elkarri esan: “joango gaituk?” eta non eta noiz biltzen ziren galdetu eta juntatzen hasi.

      2003ko txapelketa hura 2 elkartetan bereizita prestatzen zuten, tarteka elkartzen baziren ere. Egokieragatik, Joxe Anjel Peña Otañora gehiagotan joaten zen Iñaki Zelaia, Iker Osa, Jon Iraola eta Joxe Luis Urdangarinengana. Ni berriz, Ereñozura gehiago, Unai Agirre, Aritz Zerain, Eñaut Agirre, Estitxu Eizagirre...

      Urteekin, arrain potoloen bizitza fase aldaketak (umeak ekarri izanak alegia) Peña Otañoko taldea desegitera bultza zuen. Ereñozuko taldea berriz, Aranora igo da azken boladan, baina ez asteroko maiztasunarekin. Maizena biltzen garenak Iñaki Zelaia, Aitor Mendiluze, Unai Agirre, Xabier Legarreta “Arano”, Aritz Zerain, Eñaut Agirre eta neroni izango gara.

      Faltan sumatzen ditut belaunaldi berriak, guk 18 urterekin esan genuen “joango gaituk?” hori esango dutenak.

[Agin Laburu]

 

      Orain helduen taldea horrela dago banatua. Eta gero gazteagoak daude: bidea irekita dute, baina kontua da ezordutan ibiltzen garela askotan.

[Unai Agirre]

 

      Aurreko belaunaldiarekin lotura izan dugu. Euskal Herriko txapelketa preparatzeko Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta horiekin kantatu izan dut. Sozidadetako taldeetara joan izan gara, Oier Iurramendi Peña Otañokora eta ni Ereñozukora...

[Arnaitz Lasarte]