Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

HERNANIKO TABERNETAKO TXAPELKETA

 

 

      Oso informala izaten da eta tabernako kutsua du erabat. Ez du araudirik izaten eta katxondeoa izaten da nagusi. Sekula izan naizen bertso saio “anarkikoenak” dira.

      Entzulegoaren gehiengoa ez zen bertsozalea, ez zen urtean zehar beste saiorik entzutera joango baina urtero hantxe zen saioaz gozatzeko prest. Epaileak ere beretsu. Azkenean, txapelketarena aitzakia bat baino ez zen. Bost inporta zuen txapelak, giroak eta disfruteak zuen garrantzia.

[Gorka Tolosa]

 

      Urte osoan ilusio handienarekin egiten dudan saioa izaten da. Ez da saioa bakarrik, afaria ere bada eta ondorengo parranda... bertsolariak ez dira betikoak, ia denek urtean behin kantatzen dute jendaurrean. Oso ondo pasatzen dut.

[Oier Iurramendi]

 

 

NONDIK ETORRI ZEN

 

      Nik Jon Garmendia “Txuria” eta Iñaki Iurrebaso ezagutzen nituen, Iurrebasok Mikel Alkorta ezagutzen zuen... 1994ko Gabon gauean nahiko “serio” aritu ginen Amara zaharreko Haritza elkartean. Hernaniko eta Donostiako 20 bat lagunek afaldu genuen bertan eta ondoren bi mahai elkartu genituen eta hori izan zen oholtza. Lau aulki jarri eta Jon Agirre “Triku” aritu zen gai jartzen eta lau bertsolarik bertsotan egin genuen: Jon Garmendia “Txuria”, Mikel Alkorta eta Iñaki Iurrebaso eta ni.

      Beste behin Besabiko Marizulo tabernan egin genuen eta beste bi-hiru urtetako Gabon gauetan, Donostiako Ikatz kaleko Beste bar tabernan egin genuen saioa.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Urte haietan Gabon gauean kalean ez zen inor ibiltzen. Tabernak erdi hutsik egoten ziren. Beste bar irekitzen zuen “Tino”k, eta bost bat lagun elkartzen ginen bertsotarako.

[Mikel Alkorta]

 

 

LEHEN TXAPELKETA JARKIN

 

      Donostiako Gabon gaueko saio horiek lagunartekoak ziren. Jarkin ere antzerakoa egin nahi genuen, tabernaren atzeko komedorean. Ordurako lau ez, sei bertsolari ginen. Beste saioetako lauak eta Xabier Santamaria “Xanta”, eta seigarrena behar genuenez, bertso eskolako Eñaut Agirreri esan genion. Hori ere itxia izatekoa zen, baina Jarki atzean zenez eta San Sebastian bezperan, tope bete zen. Iñaki Iurrebasok irabazi zuen.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Hasierako urteetan epaimahaian aritu izan ziren Jon Altzaga Greñas, Juanpe Plaza, Koro Etxeberria, Miren Etxenike, Josu Arrieta, Elias Miner... edozein hartzen zen “hi, libre al hago?” galdetu eta kito.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Urte askoan Goñi aritu zen gai-jartzen. Eta Mikel Arrieta. Eta Mikel Peruarena ere bai.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Lehen hiru urteetan Jarki atzean egin zen (1995, 1996, 1997). Jarki itxi zen, eta urte batean Iruntxin (orain Tripontzi den horretan) egin genuen (1998an). Eta handik aurrerakoak Garinen.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

 

      Txapeldunak      Partehartzaileak

 

1995

Iñaki Iurrebaso

Jon Altuna “Oxan”, Jon Garmendia “Txuria”, Mikel Alkorta, Xabier Santamaria “Xanta”, Eñaut Agirre.

1996

Juan Mari Olano

Iñaki Iurrebaso, Jon Altuna, Mikel Alkorta, Xabier Santamaria, Esteban Martiarena.

1997

Jon Garmendia “Txuria”

Jon Altuna, Mikel Alkorta, Xabier Santamaria, Esteban Martiarena, Iñaki Iurrebaso.

1998

Aritz Zerain

Joxe Mari Mujika “Anatx”, Esteban Martiarena, Jon Altuna, Mikel Alkorta, Xabier Santamaria.

1999

Esteban Martiarena

Jon Altuna, Jon Garmendia “Txuria”; Xabier Santamaria, Aitor Barrenetxea, Mikel Lujanbio “Xapo”.

2000

Gorka Tolosa

Itziar Eizagirre, Esteban Martiarena, Aitor Barrenetxea, Mikel Lujanbio, Xabier Santamaria, Jon Altuna.

2001
“Txapeldunen txapelketa”

Aritz Zerain

Jon Garmendia, Esteban Martiarena, Gorka Tolosa, Aitor Barrenetxea, Mikel Lujanbio.

2002

Jon Altuna “Oxan”

Aitor Barrenetxea, Mikel Lujanbio, Esteban Martiarena, Xabier Santamaria, Ibon Miner, Oier Aizpurua, Joxe Anjel Aranburu.

2003

Jon Garmendia “Txuria”

Jon Altuna, Xabier Santamaria, Aitor Barrenetxea, Mikel Lujanbio.

2004

Mikel Lujanbio “Xapo”

Jon Altuna, Xabier Santamaria, Iñaki Petxarroman, Aitor Barrenetxea, Katalo.

2005

Diego Riaño

Jon Altuna, Mikel Lujanbio, Aitor Barrenetxea.

2006

Angel Arruti

 

2007

Arnaitz Lasarte

Anjel Arruti, Iraitz Santa Kruz, Arkaitz Santa Kruz, Esteban Martiarena, Urko Kasado.

2008

Urko Kasado

Iraitz Santakruz, Jon Altuna, Angel “Abillats”, Aitor Barrenetxea, Igor Muñoa.

2009
Kopla lehiaketa

Jon Altuna “Oxan”

Aitor Atxega, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx”, Joseba Andoni Agirre, Mikel Lujanbio, Aitor Barrenetxea, Iraitz Santa Kruz, Iñaki Esnal, Igor Muñoa, Urko Kasado, Igor Garmendia, Oier Iurramendi...

2010
Kopla lehiaketa

Aitor Barrenetxea

Urko Kasado, Esteban Martiarena, Jon Altuna, Mikel Alkorta, Aitor Atxega, Joxe Mari Agirretxe, Joseba Andoni Agirre, Gorkita, Arnaitz Lasarte, Amaia Otxotorena...

 

 

 

2011
Kopla lehiaketa

Iñigo Ugarte.

Iraitz Santa Kruz, Oier Iurramendi, Mikel Lujanbio...

2012

Oier Iurramendi

Amaia Otxotorena (bigarren), Jon Altuna, Aitor Barrenetxea, Mikel Lujanbio, Joseba Agirre, Gorkita, Urko Kasado, Andoni Garmendia, Iñigo Ugarte...

2013

Eli Pagola

Aitor Barrenetxea, Oier Iurramendi, Joseba Andoni Agirre, Izarne Zelaia, Amaia Otxotorena, Eñaut Martikorena, Andoni Garmendia, Jon Altuna, Iraitz Santa Kruz, Gorka Etxeberria, Pello Basurto.

 

 

TXAPELKETAREN BILAKAERA

 

      Hasierako filosofia zen tabernetan egiten genuena txapelketa horretan egitea, lagunartean eta mozkorkerian.

[Esteban Martiarena]

 

      Aurreneko urteetan karga ideologiko handia zuten bertsoek. Egoera ere halakoa zen.

[Mikel Alkorta]

 

      Jarkin zerbezarik eta pururik gabe geratu ziren gau hartan. Kuadrila berak Amaxkarren (Oiartzun) eta Marizulon (Besabin) egindako beste bi saioetan ere botilatxo denak bukatu genituen.

[Esteban Martiarena]

 

      Urte batean hasierako agurra kantatu nuen:

 

Emen ez du inporta zein degun onena

ni bakarrik nator hustutzera

Garineko almazena!

 

[Esteban Martiarena]

 

      Niretzako presio handia zen eta mozkortu egiten ginen. Eta bukaerarako, batzuek oso mozkorrak egoten “ziren”.

[Mikel Alkorta]

 

      Lotsa kentzeko mozkortu, eta gero ezin bertsoa osatu.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Anatxek Iruntxin kantatu zuen gurekin. Afarian urduri zegoen, ez gintuen ezagutzen... Txapelketako agurrak hasi zirenean, Oxan pasa-pasa eginda zegoen. Kantari hasi eta ez doinu... Anatx nuen ondoan “posible al da?!” esaten zuen, izutua. Esan nion: “hi, hau ez duk hik bertsoaz ulertzen dukana. Ahaztu hura”!

[Esteban Martiarena]

 

      Iruntxin kantatu genuenean, kartzelako ariketa egiteko Bodegara eraman gintuzten. Bodegan patxarana edan eta dantzan ari nintzela, halako batean Eñaut Agirre “hi, Esteban, benga!”, “Zer, benga zer?” “goazen!” “nora?”, “kantatzera!” “mekaguensos!”. Seko ahaztua.

[Esteban Martiarena]

 

 

TXAPELA ETA EZ DELA...

 

 

      Hasierako urteetan denek genuen sariren bat: bertsolari xalauena, astunena... Objektuak ematen ziren, destorniladorea, esposak, sukaldariaren txapela...

[Mikel Alkorta]

 

      Nik lehen urtean komoneko papera eraman nuen. “Kakalarri handiena pasa zuena”ren saria alegia.

[Esteban Martiarena]

 

      Urte batean Oxan epaimahaiko edo aurkezle edo aritu zen. Buruz-burukorako bigarren postuan enpate geunden Iraitz Santa Kruz eta ni. Oxanek hartu zuen mikrofonoa eta esan zuen “bueno, nola Estebanek jada txapela bat irabazi duen, bestea pasako dugu”. Horrela hartzen genuen.

[Esteban Martiarena]

 

      “Txuria” zen batean gai-jartzen eta: “Aurtengo txapelduna... Aitor Barrenetxea!” Joan, txapela jantzi, eta handik pixka batera “a ez, ez, ez, barkatu, nahastu egin gara... txapelduna Oxan”. Baina hori ez da okerrena! Berriz esan zuen gero: “a ez, ez, ez, nahastu gara, Aitor da...” Atzera jantzi berriz txapela, eta berriz, “a ez, Oxan”...

[Aitor Barrenetxea]

 

      Irungo bertso eskolakoak etorri ziren ikusle urte batean, eta haiek noski, beste ideia bat zeukaten. Eta esaten zidaten “ez etorri gehiago, Esteban, hona kantatzera. Ez ditek merezi”.

[Esteban Martiarena]

 

      Jada bost final jokatuta nentorren. Urte hartan pentsatzen nuen “nahiko ondo aritu haiz, aurten ba igual bai!” Maialen Lujanbiok Euskal Herriko txapela aterea zuen (2009an), eta buruan zapi bat jarri zidaten, gobara. “Me kaben la puta! Aurten ere bigarren?” pentsatu nuen. Beste finalista atera zuten eta “hau bigarren!” eta horren ostean txapela jantzi zidan Maialenek. A zer lasaitua hartu nuen!

[Aitor Barrenetxea]

 

      Txapela jantzi nuen urtean semea jaioa zen. Baina agurra desastrosoa bota nuen eta sukaldariari eskaini nion!

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Saioa bukatu eta Antiguora gindoazela, Oxan etxera joan zen. Eta gero Axunek (bere bikoteak) kontatu zigun Oxan komuneko ispilu aurrean topatu zuela txapela jantzita bere buruari begira!

[Esteban Martiarena]

 

      “Gaur da nere bizitzako egunik zoriontsuena!” esan omen nion. Ez zion noski grazia handirik egin...

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Joxe Mari Agirretxek kantatu zuen, nik txapela jantzi nuenean. Ondorenean joan gara Pirritx eta Porrotx ikustera, eta emanaldi ostean umeak musu ematera, eta alabari esan nion “esan Porrotxi zure aitak bertsotan irabazi ziola” eta berak esan!

[Aitor Barrenetxea]

 

 

 

      “Meritua duenetako bat Aritz Zerain da: bi aldiz hartu du parte eta bietan txapeldun geratu da. Iruntxin kantatu zuen eta irabazi, eta txapeldunen txapelketa egin zenean kantatu zuen bigarrenez, eta berriz irabazi”

[Jon Altuna “Oxan”]

 

 

ZAZPIGARRENA, TXAPELDUNEN TXAPELKETA

 

      Zazpigarren urtean “txapeldunen txapelketa” egin genuen, aurreko sei txapeldunekin. Lehen biak ez ziren agertu, Olano eta Iurrebaso, eta Aitor Barrenetxeak eta “Xapok” kantatu zuten, seikotea osatuz (Iñaki Iurrebaso, Juan Mari Olano, Jon Garmendia “Txuria”, Aritz Zerain, Esteban Martiarena eta Gorka Tolosarekin).

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Formaz ere berezia izan zen, bertso trama. Xantak egin zuen gai-jartzaile. Bakoitza etxe bateko pertsonaia bat zen (aita, ama, txakurra...) eta horren bueltan ibili ginen. Afaritan ez zuen ezer esan, eseri ginen tabladu atzean, eta orduan esan zuen trama zela. Eta “Txuriak” gaizki hartu zuen. Haserrean bukatu ez, haserrearekin hasi zen saioa!

[Esteban Martiarena]

 

 

URAK FILOSOFIA ZALANTZAN JARRI ZUENEKOA

 

      Garai batetik aurrera zailtasunak genituen benetan tabernetan ikasitako bertsolariak erakartzeko. Izena edo entzutea hartu zuen txapelketak eta erdipurdi aritzen zirenek beldurra hartu zioten.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Gure garaian bertso txarrak gehiago txalotzen ziren!

[Esteban Martiarena]

 

      Orduan erabaki genuen kanporaketa itxiak egitea, Kiden, Zumitzan, Iruntxin...

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Urte hartan parte hartu nuen eta hurrengoan ez. Iruditu zitzaidan filosofia galtzen ari zela. Ez zitzaian ongi iruditzen bertsotan ongi egiten dutenak (Xabier Legarreta “Arano”, Unai Agirre eta Joxe Luis Urdangarin...) eta txapelketetan ateratzen direnak, gure bertsoak epaitzen aritzea, beti izan direnean bai kantuan aritu direnak bai epaimahaian egon direnak ikaragarriak ez direnak.

[Aitor Barrenetxea]

 

Mikel Lujanbio “Xapo” eta Esteban Martiarena.

 

      Katxondeo puntua zuen lehenago epaimahaiak, eta ariketak ere ez ziren txapelketetakoak.

[Esteban Martiarena]

 

      Bertso eskolako jendea sartu zen, bertsotan dexente zebilena eta maila zeukana... final aurretik afaria izaten zen eta denok ateratzen ginen kaxkartuta, berotuta edo batzuek mozkortuta, eta etorri ziren gazte batzuek ura edanez, bertso guztiak neurrian txukun eginaz...

[Aitor Barrenetxea]

 

      2004-2005eko finalean, sei bertsolaritatik Mikel Alkortak bakarrik edan zuen! beste denak ura edaten aritu ziren! Hori zer tabernako txapelketa da! “Gaizki goaz” pentsatu genuen.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Lagun giroa ere hautsi egin zen han. Tentsioa, irabazteko grina hori sartu zen.

[Esteban Martiarena]

 

      Bertso eskolako jendea etorri da eta kristorena egiten dute bertsotan. Saioa, bertso aldetik, hobetu egin da, orain, beste xarma galdu du.

[Mikel Lujanbio “Xapo”]

 

      Orduan beste buelta bat eman genion eta berriro itzuli ginen hasierako formatora (tabernetako sei hartuta). Eta azken etapan (2008an hasita) erabaki genuen kopla lehiaketa egitea: 12-16 lagun atera eta kanporatzen joan. Ondo ateratzen ziren; txarra da norberarentzat, jende asko ateratzen denez, hiru kopla kantatu eta kalera joan zaitezkeelako. Baina horrela da!

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Bertso kategorikoak ez du balio. Hemen behar duguna da “danba!” Neurria fuera eta errima fuera.

[Joseba Andoni Agirre]

 

      2013an kanporaketak egin ziren, eta ondoren mugikorrera mezu hau iritsi zitzaigun: Barrenetxeak esan du finalaren aurretik ez bada jesukristoren poteoa egiten ez duela kantatuko.

[Joseba Andoni Agirre]

 

 

ANTOLAKETA

 

      Hasieran Jon Garmendia “Txuria”ren saioa zen. Harek antolatzen zuen dena, Oxan hasi aurretik.

[Esteban Martiarena]

 

      “Txuria”, Xanta, ni aritzen ginen ondoren antolatzen.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      2003tik antolaketaren pisua batez ere niri tokatu zitzaidan. Noski, denek laguntzen zidaten, bati esaten nion gaia jartzeko, besteari epaitzeko... eta 2013an erabaki nuen uztea eta bertso eskolari pasa diogu antolaketaren ardura. Oier Iurramendi, Amaia Otxotorena, Arnaitz Lasartek hartu dute.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

 

MOMENTU BITXIAK

 

      Bigarren urtean txiste bat eman behar genuen bertsotan. Publikoari paperak banatu zizkioten zenbakiekin, eta txiste bakoitzari puntuazioa ematen zioten, paperak altxaz. Ez dakit gero zer kaso egiten zitzaion publikoari... Nik irabazi nuen txiste onenaren saria. Bertso hauxe bota nuen:

 

Aita Santuak eta Ardantzak

gizon guztien antzera

pitilin bana ba omen dute

(behintzat horrela uste da)

batek luzea ezik, omen du

lodi-lodia gainera

ta hau da nere galdera:

bitan norena ote da?

Joxe Antoniok hola egiten du [hatz lodia eta erakuslea lotuz]

eskua gora ta behera

Aita Santuak berriz horrela [eskuak zabalik gora eta behera]

hortik kontuak atera.

 

[Esteban Martiarena]

 

      Txapela irabazi nuen urtean (2004an), txistean trabatu egin nintzen eta papera atera nuen. Amagoia Mujikak Garako atzeko orrian idatzi zuen “jendeak duda zuen aurretik egindako bertsoak ote ziren eta Xapok argi utzi zuen”. Hauxe zen bertsoa:

 

Behin batian okindegian

holako gauz bat tokatu

hantxe itxoiten ni nengoela

punky bat zan arrimatu

ia atzoko ogia dezu?

hark egin zion galdetu

okindegikok baiezkoa esan

ta punkya parrez lehertu

erantzun zion “hurrengo baten

hobexio kalkulatu”.

 

[Mikel Lujanbio “Xapo”]

 

      Nik txiste hau kontatu nuen bigarren txapelketan:

 

Lagun batek bestiai

zein da zure izena?

Jojojojoxe naiz ni

ta gizon zuzena.

Tartamutua beraz?

bestiak hurrena

ez naiz tartamutua,

baizik aita zena

eta registrokua

kabroi haundiena.

 

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Hurrengo txapelketa batean ere eskatu ziguten txistea prestatzeko eta hauxe bota nuen:

 

Balkoi batetik salto eginda

hartzen da osti polita

bosgarrengotik o lehenengotik

desberdin dela ikusita

ze alde dagon azalduko dut

adibide bat jarrita:

ai, ai, ai, ai, ai, ai, ai, ai, ai pum!

bosgarrenetik jausita.

Eta pum! ai, ai, ai, ai, ai, ai, ai

lehenengotik erorita.

 

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Nik urte hartan hau bota nuen:

 

Athleticekoak garrantzia

eman nahian euskerari

erdal izenak euskalduntzeko

ekin diote lanari

Vales Balio, Kuko Kukua,

... (ez naiz oroitzen)

okerrena da orain Gerrero

egin zaiela Gudari.

 

[Esteban Martiarena]

 

      Sekula bota den agurrik onena Igor Muñoak bota zuen. Igorrek esan zuen Txirritaren erara egingo zuela saioa: sagardoa lepo edan zuen afaritan, kafea eta patxarana hartu eta saioan zehar sagardoarekin jarraitu zuen. Pasa egin zen pixka bat, mareatu azkenerako. Eserita zegoen, buru-makur eta gai-jartzaileak “Igorri emango diogu halako sari eta bota azken agurra”. Eta besoa altxa zuen luze luze eta kito.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      2002an buruz burukora iritsi nintzen. Xantak porro bat liatua zuen eta nik hura erre nuen. Kantatu nuen eta ikaragarri gustora geratu nintzen. Eta baten batek esan zidan “kaben sos, zer egin duk! Irabazia huen eta!”. Ikusten denez bertsoa doinu batean hasi nuen eta beste batean bukatu. Eta ez nintzen enteratu ere egin!

[Aitor Barrenetxea]

 

      2009an koplaka egin zen txapelketa. Oxan “xun xun xun” esanaz hasi zen. Aitor Atxegak Heineken kaja bat hartu zuen soinua balitz bezala eta Oxanek basoarekin panderoarena egin zuen. Saio hori eginda semifinalera pasa zen Atxega eta Aitor Barrenetxearekin tokatu zen. Atxegak kopla bota zuen eta Barrenetxeak zortziko txikian erantzun zion. Atxegak esan zion “hi, niri kopletan egiteko esan zidatek eta nik kopla bakarrik egiten zekiat...” Bakoitza neurri banatan aritu ziren.

[Joseba Andoni Agirre]

 

      Iraitz Santa Kruzek botea, atez atekoaz:

 

Amonarraiz una idea tuvo

un cuadrado al cubo.

[Joseba Andoni Agirre]

 

      2010ean koplaka egiteko denentzat gaia jarri zuten, atez-atekoa. Estribilloa asmatu genuen “erreziklatu, guztiok erreziklatu” eta denok kantatzen genuen. Ondo hasi ginen, baina gero Gorka Etxeberria “Gorkita”k estribilloa aldatzen zuen, segi eta segi ez zen isiltzen, eta bota nion:

 

Gustora erreziklatuko

nuke Gorka mutikoa

ba al dakizue zuek zer den

kartoia edo plastikoa?

 

[Esteban Martiarena]

 

      Behin gaia jarri zidaten Aritz Zerainekin. Bera txakurra zen, eta ni txakurra kotxean sartu eta akatzera eramatera nindoana. Lehenengo bertsoa bota nuen:

 

egun bateko negarra

ta betiko pakia.

 

      Eta bigarrena bota nuen:

 

Disekatuta jarriko diat

kotxean lepoa muitzen.

 

[Mikel Lujanbio “Xapo”]

 

      Bigarren urtean izan zen. Lehen urtean Iurrebasok irabazi zuen, poto batekin. “Txuria” agian hobeto ariko zen, bertsotan guk baino gehiago egiten zuen... eta haserretu egin zen. Bigarren urtean, Iurrebasok 22-25 puntuko agurra prestatu zuen “Txuria”ri egurra emanaz. “Ikoa” zuen errima:

 

hogeitabikoa

prehistorikoa

atipikoa

autentikoa

Txuriari gerra

sikologikoa (hori zuen bukaera).

 

      Txuria Gipuzkoako txapelketan atera zenez, tabernetakoan aritzeko onegia zela esan genion eta gai-jartzaile aritzeko. Iurrek hori ikusi zuenean, beste agur bat bota zuen, Mahai Nazionalari eta Olanori buruzkoa, baina hogeitabiko hori hor zeukan. Saio bukaeran “Txuria” hasi zen sari banaketa egiten eta saioa bera baino luzeagoa izan zen sari banaketa, bakoitzari bederatzi puntuko bertsoa bota baitzion saria ematerakoan. Iurrebasori ere bederatzi puntuko bat bota zion eta pare-parean etorri zitzaion, eta hogeitabiko bertsoarekin erantzun zion.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Beti jartzen zizkiguten lan zailak: neurrian sartzen ez zen bukaera bat, edo lotu ezin ziren lau errima... eta urte batean jarri ziguten “bota bertsoa doinu berri batean”. Neu lehenengo, eta zer egin pentsatzeko ere denborarik ez. Pentsatu nuen “hasiko naiz doinu batean, botako ditut puntu motz batzuek eta zelabait bukatu”. Hasi nintzen:

 

Aspaldi etorri nintzan

ni neu Hernanira

batian Jarkira

bestian Txilira

edo Zintzarrira

Bodega erdira...

 

      Halako batean begiratu nuen, paper bat neukan eskuan eta “aiba, gaia neukan eta!” eta irakurri nuen: Bilboko Metroa. Nola bukatuko eta:

 

Hernanin ere metro

asko e(g)iten dira.

 

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Mikel Alkorta izan zen doinua atera zuen bakarra. Koplak uste dut zirela. Eta Esteban Martiarenak txandaka, puntu bat doinu batean eta bestea bestean, bi doinurekin bertso bikoitza osatu zuen. Iñaki Iurrebasok Donostiako doinuan egin zuen.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Juan Mari Olanok “cara al sol” doinuan egin zuen, ukabila altxatuarekin, erabat mitinero.

[Esteban Martiarena]

 

      Doinu berria asmatu behar genuenean, niri jarritako gaia zen AHT. Justu aurreko bertsoaldi batean hanka-luzea atera zitzaidan eta horrelakoetan beti botatzen nuen “zazpi astoren gainean!” Bertsoa gaizki bukatuta ere hura bota eta jendea parrez hasten zen. AHT gaiari bota nion, bi doinuak nahastuta:

 

ni ez naiz joango trenian

askoz nahiago baitut ibili

“zazpi astoren gainian!”

 

[Esteban Martiarena]

 

      2004an “Txuriak” ez zigun Zigor Iriondo eta niri parte hartzen utzi. Eta tarteka sartu eta kantatu egiten genuen, espontaneoen saioa egin genuen.

[Esteban Martiarena]

 

 

 

FANS KLUBAK

 

      Oxanek bazuen bere fans kluba: “sun, sun, sun, sun, sun, sun, Oxanguren txapeldun!” esaten zioten.

[Jon Altuna “Oxan”]

 

      Iraitzek ere bai: “kutz, kutz, kutz, Santa Kruz”!

[Aitor Barrenetxea]

 

      Nik orduan burua galdu nuen, hainbeste “sun, sun, sun, Oxanguren txapeldun”! Oso gaizki portatu nintzen urte hartan. Audioa grabatuta zegoen eta entzuten hasi eta ordu erdi bakarrik aguantatu nuen. Mikroa kentzen nien besteei kantari ari zirela, nik bukatzen nuen besteen bertsoa... Lotsatuta geratu nintzen entzundakoan.

[Jon Altuna “Oxan”]