Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

ESTEBAN MARTIARENA

 

1965ean Oiartzunen jaioa

 

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

      Gure auzoan bazen bertsozale amorratu bat, Martin Urtegi “Beltza”, eta hark bi-hiru mutil kozkor hartu gintuen (10-11 urte genituen). Bertsoak paperean idatzita ematen zizkigun eta doinua kasete batean grabatuta. Guk buruz ikasten genituen bertsoak eta plazetan aritzen ginen, baserritarrez jantziak eta Ducados itzali bat eskuan: Oiartzungo auzo guztietan, Oreretan... horrela ibili ginen hiru-lau urtean.

      Uztapideri plaza jarri zioten Ergoienen, bera bizi zen auzoan. Inaugurazio egunean Euskal Herriko bertsolari onentsuenak han ziren, eta gu mutil kozkorrak eraman gintuzten bertso batzuek botatzeko. Ondoren Mitxelenaren jatetxean zen bazkaria. Bazkalostean bertsolari guztiak hasi ziren kantatzen, mikrofonoa gugana iritsi zen eta guk ordurako ez geneukan bertsorik prestatuta! Eta nik aurreko saio bateko agurra bota nuen.

      Ondoren parrandetan hasi ginen bertsotan. Hogeita piku urterekin aukera izan nuen Oreretako bertso eskolan hasteko, eta orduan eskema guztiak hautsi zitzaizkidan: orduan jakin nuen zer zen zortziko txikia, nola errimatzen zen... Orduz geroztik bertso eskolan aritu nintzen, eta 2000. urte ingurutik bertso irakasle nabil Irunen eta Oiartzunen.

 

 

HERNANI

 

      90eko hamarkada hasieran etortzen nintzen. Xabier Santamaria “Xanta”rekin egoten nintzen batik bat, gero Oxan eta Xapo ezagutu nituen... Nire lehenengo bat-bateko jendaurreko saioa, Hernaniko Tabernetako Txapelketan egin nuen. Orduan bertsoa denerako erabiltzen genuen. Jexux Mari Irazuk esaten zidan “hirea ez duk zaletasuna, hirea gaixotasuna duk, motel!”.

 

 

BERTSO JARRIAK

 

      Niri idaztea gustatzen zitzaidan. Edozein tokitan, serbilleta batean...

      Sari batzuk baditut irabaziak: Zapirain Anaiak bi urtez segidan irabazi nuen eta Manuel Lekuona sarian hirugarren egin nuen.

      Kantuetako hitzak egin izan dizkiet Alaitz eta Maiderri eta bertso musikatuekin diskoa grabatu genuen Oiartzungo bertso eskolak.