Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

Orduko Hernani

 

      Soldadutza bada gizon egiteko / ez dut gizona izan nahi, halaxe kantatu zuen Aitor Sarasuak Antzuolan 1990eko otsailean egindako bertso jaialdian. Bertan zen Hernaniko Anatx, soldadutzatik libratzeko eginahalak egin zituen bertsolaria. Urtebete lehenago aurreneko intsumisoak Bilboko Gobernu Militarrean agertu ziren zerbitzu militarrari ezetz esateko. Eredugarri bihurtu zen protesta baketsu, original eta desobedienteari hasiera eman zioten.

      Hernanin soldadutzaren kontrako jarrera oso irmoa izan zen. 1988an hainbat lagunek euren burua objektore izendatu zuten eta mugimendua pixkanaka indartuz joan zen. KEM-MOCek emandako datuen arabera, 1990ean bost hernaniar egin ziren intsumiso, 1991n 16,1992an 22 eta 1993an 36 lagunek egin zioten uko zerbitzu militarrari. Euskal Herrian 8.000 intsumisotik gora zenbatu ziren 90eko hamarkadan, horietatik 150 inguru hernaniarrak. Lehenengo epaiketak eta espetxeratzeak 1993an hasi ziren Nafarroan, eta Hernanin ere urte horren amaieran epaitu zituzten lehen intsumisoak; zenbaitek Martutenen amaitu zuten. Lehenik kartzelarekin, eta ondoren, kode penal berriak zekartzan isun eta inhabilitazio luzeekin, halaxe erantzun zion Estatuak erronkari. Baina horrek ez zituen gazteak kikildu. Mobilizazio ugari egin ziren epaitegien aurrean, akanpadak, parodiak, ekintza ikusgarriak, abestiak... ekimen sozial guztietan presente zegoen gaia zen. Soldadutzaren eta militarismoaren kontrako iritzia jendarte osora zabaldu zen, eta azkenean, Aznarren gobernuak nahitaezko zerbitzua bertan behera utzi zuen 2001ean.

      Beste talde asko bezala, urte horietan sortu zen Hernaniko Gazte Asanblada ere soldadutzaren kontra jardun zen buru-belarri, baina horrez gain, herriko kuadrillen arteko harremana dinamizatzen saiatu zen. 1995eko udan eraberritu zuten taldea hainbat gazte kuadrillek eta hortik gutxira sexualitateari buruzko ikastaroa antolatu zuten Gazte Topaketen barruan. Iker Amiama eta Jon Benito ereñozuarren heriotza kolpe gogorra izan zen arren, asanbladak aurrera segitu zuen, play back herrikoiek ehundaka lagun bildu zituzten Tilosetan. 1997ko IV. Olinpiadak izan ziren mugimendu horren kolofoia, 20 taldek eta 300 lagunek parte hartu zuten bertan. Gazte Asanbladaren eskaeretako bat zen euren jarduerak antolatzeko lokala izatea, orduko udal gobernuarekin ika-mika dezente izan zuten horren harira.

      1991ko udal hauteskundeen ondoren Jose Antonio Rekondo izendatu zuten alkate, EA, EAJ eta PSE-EEren arteko ituna baliatuz. Herriko hainbat talderen eta Udalaren arteko harremana berehala mikaztu zen. San Joanak izan ziren egoera horren ispilu —banderen jaitsierako istiluak tarteko—; azkenerako Jai Batzordea festa alternatiboak antolatzen hasi zen.

      Giro politikoa ere halakoxea zen. Aljerreko elkarrizketen porrotaren ondoren ETAk jarduera armatuarekin segitu zuen, bahiketa luzeak egin zituen eta politikariak eta kazetariak jomugan jarri zituen. Jendarteko sektore bat ekintza horien kontra mobilizatzen hasi zen; Hernanin ere izan ziren kontzentrazioak eta istiluak. Urte horietan kale borroka ekintza ugari izan zen, politikarien kontrako erasoak ere bai, Ertzaintzaren oldarraldiak, debekuak, kaleen okupazioa, sarekada masiboak, torturak, heriotzak, omenaldiak... Bestalde, presoen sakabanatzearen amaiera izan zen aldarrikapen politiko nagusietako bat. 150 lagun inguruk Hernaniruntz plataforma sortu zuten eta Ereñozuko Etzakit musika taldeak herriko jai guztiak alaitu zituen Gurekin kantu ezaguna zabalduz.

      Artean, gertaerak ez dira gutxi herrian. 1991n futbol taldea Bigarren B mailara igo zen; 1992an Frantziako Tourrak bisitatu zuen herria; urte berean hasi ziren Urumea ibaia bideratzeko obrak, baita Ertzaintzaren komisaldegikoak ere, eta amaitu zituzten anbulategi berriarenak; ospakizunak ugaldu egin ziren

      90eko hamarkadan (Txakolin Eguna, Mikologia astea, Dantzari Festa...); 1996an Tolarea sagardoaren kofradia sortu zen, eta parrondotarrak Segurako dantza txapelketan garaile izan ziren; 1998an Agustin Iturriaga eta Karmelo Labaka institutuek bat egin zuten...

      1998an merkatari eta herritarrek garaipen garrantzitsua lortu zuten. Galarreta inguruan egitekoa ziren merkatal gune erraldoiaren proiektua bertan behera geratu zen, Prycak atzera egin eta gero. Herrietako merkataritza gainbeheran sumatzen zen azken urteetan —hain justu hura biziberritzeko jaio zen 1993an Hernaniko Berriak merkatarien elkartea— eta lege eta hiri ordenamendu berriek etorkizun iluna zekartzaten, herrietatik kanpo hipermerkatu eta gune handiak irekitzeko aukera zabalik utzi baitzuten. Tamalez, Hernanikoa atzera bota bazuten ere, beste hainbat tokitan (Urbil, Garbera...) ez zen halakorik gertatu.

      70eko eta 80ko hamarkadetan euskararen ezagutza izan zen euskalgintzaren erronka, baina 90eko hamarkadan jadanik bistakoa zen erabilera ere sustatu beharra zegoela —1992an Udaleko Euskara Batzordeak eta Siadecok hitzarmena sinatu zuten, erabileraren inguruan ikerketak eta kanpainak egiteko—. 1993an Dobera Euskara Elkartea sortu zen, batik bat kale erabilera sustatzeko helburuz. Hasieratik hainbat ekimen bultzatu zituen Doberak euskararen inguruan eta herriko beste elkarteekin ere itunak sinatu zituen konpromisoak batuz. Doberaren proiekturik arrakastatsuena baina 2000. urtean irten zen argitara: Hernaniko Kronika. Denbora gutxian egunkari hori hernaniarren informazio iturri erreferentzial bilakatu zen euskara hutsean, eta oraindik ere hala segitzen du. Azken urteetan, gainera, Doberak aisialdiaren inguruan antolatutako ekimenek indarra hartu dute.

      Euskararen erabilerak ez du nahi adina aurrera egin azken hogei urteotan Euskal Herrian (% 10,8tik % 13,3ra igaro da); Gipuzkoan aldiz gorakada nabarmena izan da (% 23,3tik % 32,7ra) eta Hernaniko datuei erreparatuz ere halako zerbait ikus liteke: 1989an hernaniarren % 21,30ek hitz egin ohi zuen euskaraz eta 2011n % 39k. Aitzitik, azken urteetan oro har geldialdia nabaritu da erabileraren gorakadan eta eragile ugarik hausnarketa orokor baten beharra azaldu dute.

Urko Apaolaza Avila