Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

BERTSOZALE ELKARTEA

 

      (Elkartearen sorrera) Txapelketa bat antolatu nahi izan zuen Euskaltzaindiak, bertsolariak ez zeuden gustura hango araudiarekin, eta pentsatu zuten beren inguruko jendea bildu eta txapelketa beraiek antolatzea. Txapelketa hura bukatu zen, eta dirua gelditu zitzaien kaxan, eta horrek aukera ematen zuen jada egun hartatik Jexux Murua liberatuta jartzeko. Hasiera hasieratik Dokumentazio Zentroaren ideia ere hor egon zen, orduan Artxiboa esaten zitzaion. Bertsolarien artean ordurako antolatzen ziren omenaldiak eta Bertso Egunak hobexeago lantzen hasi ziren.

[Jokin Sorozabal]

 

      Elkartearen sorreraz (1986an) oso oroimen polita daukat. Imanol Lazkanok eta kuadrillatxo batek deitu ziguten, ordurako herri bakoitzean mugitzen hasiak ginen jendeari. Imanolek bururatzen zuen kuadrilla hori oso konbentzituta zegoen aldaketa egin behar zela bertso munduan eta bereziki txapelketen antolaketan. Euskaltzaindiak antolatutako azken txapelketarekin oso erreak geratu ziren, eta hortik abiatu ginen, konbentzimendu batetik. Euskal Herri osoko jendea bildu ginen eta hasierako helburua txapelketa zen. Eta handik aurrera, txapelketatik aparte, antolakuntza, Elkartea, eta hasierako abiada. Ez zuen etenik izan, eta hor etorri zen, alde batetik txapelketak, bestetik Elkartea, eta bestetik telebista saioen hasierako negoziazioak.

[Juanjo Uria]

 

      Finala Belodromora pasatzea apustu oso fuertea zen: areto batean 4.000 pertsona bilduz gero sekulako arrakasta dena, Belodromoan 4.000 bilduz gero frakasoa da. Hori asko eztabaidatu zen, baina azkenean ausart jokatu genuen, horrekin bezala beste gauza batzuekin, nahiz eta denean ez zen asmatu: esaterako, epaimahaiak puntuazioak ematerakoan txartela altxatzearekin. Loiolako bilera bateko irudia daukat buruan: herri kiroletan aritzen den Andres Osa Sakona aulkitik altxa eta nola esaten zuen: “nola ez garela ausartuko puntuak bistan ematen! Hau egin egingo diagu!”. Niri korapilatsua iruditzen zitzaidan, baina kontra ere ez nuen ezer esan, joera hori zegoen garai hartan.

[Juanjo Uria]

 

      Motor lana tokatu zitzaigun, bertsolaritza berritzeko garaia zen. Mugimendu guztiak bezala, bertsolaritza oso gurdi geldoa zen, hori mugitu eta astindu beharra zegoen. Bertso eskoletan ere saiakera egin zen, oso bitarteko gutxirekin, baina begira gero zer ekarri duen. Elkartearen inguruan berdin: ez zegoen ezer ere, hutsune handi bat besterik ez, sortu beharra zegoen, eta aldi berean oinarritxo bat jarri beharra ere bai, haren gainean arbola handi egiteko. Bertsolaritzaren barruan eta Elkartea ardatz dela, begira zer etorri den! Nola zabaldu den, prestigioa irabazten nola doan, teorizazioa zer mailetara iristen ari den...

[Juanjo Uria]

 

      Oso modu naturalean, tradizioarekin lotutakoekin talka etorri zen. Bertsolariak ez zeuden tradizioan trabatuta, aurrera begiratzeko zeuden. Aurrera begiratzeko zeudenez, bitarteko gutxi, diru gutxi, egoitzarik ez... baina bide bat egin zen, behar beharrezkoa.

[Juanjo Uria]

 

 

TELEBISTAREKIN TIRABIRAN

 

      Txapelketako finala izan zen telebistaz botatako lehen emankizuna. Baina ikusten genuen maizago emateko moduko produktua egin zitekeela. Telebistako jendearekin harremanetan jarri ginen eta hasierak zailak izan ziren, negoziazio gogorrak... Anekdota batek marka utzi zidan: Telebistaren ordezkari Joxe Mari Iriondo zegoen, eta gure asmoak ez zituen inondik ere betetzen. Eztabaida publiko egin zen, prentsan azaldu zen, eta Herri Irratitik deitu ziguten debaterako. Telebistatik Iriondo eta Elkartetik ni joan nintzen. Berak Durangotik egin zuen, telefonoz. Hamar minutuko debatea behar zuena ordu erditik gorakoa izan zen, bera bereari eusten saiatu zen, eta iruditzen zait nik errazago neukala gure postura defendatzea. Ze beste gauzetarako hainbeste milioi gastatzen zituen erakunde batek (kirolerako eta abar), euskal kulturaren zatitxo den bertsolaritzara ia ia apurrekin etortzea, ez zen inondik ere itxurazkoa. Alde horretatik, bera inondik ere atakatu gabe gurea defendatu nuen. Kalentura pixka batekin joan nintzen, eta zeharo izerditan bukatu nuen, ez nintzen konturatzen ondo edo gaizki egin nuen... bukatu eta egun berean Sebastian Lizasoren deia izan nuen: “Juanjo, de puta madre egondu haiz!” Prentsako eta irratiko eztabaida publikoak bere ondorioak izan zituen. Durangora joan ginen, negoziatu genuen, eta telebista saioak ematen hasi ziren.

[Juanjo Uria]

 

 

ESKATU BAINO GEHIAGO EMAN

 

      (1989ko Txapelketan) Ez zegoen gaurko egiturarik, orduan lau katu ibiltzen ginen. Ni Harreman Publikoetan, Jaurlaritzarekin, Diputazioarekin, Udaletxearekin... Sebastian Lizaso eta Imanol Lazkanorekin joaten nintzen batera eta bestera. Oso harrera ona egiten ziguten leku guztietan.

      Gure dokumentazioekin karpetatxoa prestatzen genuen eta kasu honetan Donostiako alkatearekin, Ramon Labaienekin biltzekoak ginen. Larunbatean 12etan etortzeko esan zigun. Joan gara Sebastian, Imanol eta hirurok, eta sala batean kristoren jende pila topatu genuen, luntxean, denak han jan eta edanean... bilera formalean sartu gabe, jende guzti haren inguruan, Labaienek horrela bota zigun: “Uria, zera pentsatu dut, aurten 3 kilo ematea. Konforme al zarete?” Joe, eta guk karpetako idatzian 2 milioi geneuzkan eskatuta! Elkarri begira hasi ginen hirurok, eta “hau kanbiatu beharra zegok nola edo hala!” 10 minutu egin genituen han berarekin, eta nik berehala “bale, Ramon, gaur oso okupatuta zaude hemen, eta zuen erabakia hori izan bada, ba ondo dago, onartzen dugu. Orain egon lasai, eta ni hurrengo astean pasako naiz eta karpeta zure idazkariari utziko diot...”. Berak “ez, ez, ez, Uria, utzidak karpeta, hori jada erabakita zegok...” “Joe, Ramon, hemen hainbeste jenderekin, eta jada hire galdezka hari dituk eta zer ibiliko haiz hemen karpetarekin” nik karpeta etxera eraman nahi nuen! Eta azkenean kristoren tirabira, eta ez dakit tira egin zidan karpetatik edo zer, azkenean karpetarekin bera geratu zen. Hurrengo astelehenean, goizeko 9etan, bere idazkari Esteban Goikoetxeak deitu zidan “hi, Juanjo, zer moduz Ramonekin?” “Ba ondo, ondo...”. “Zer esan zizuen?” “Bueno, hiru milioi emango zizkigula...”, “bai, bai, bai, baina zuek bi eskatu dituzue”. “Bueno, bai, baina hi, Esteban, hemen alkatearen hitzak asko balio dik, e!” Hizketan egon ginen eta azkenean zera esan zidan. “Zuei defiziten bat sortzen bazaizue Txapelketa honetan, bi milioiren partez hiru emango dizkizuegu”. Baina diruz ez bazarete gaizki ateratzen, bitan utziko diagu”.

 

        1

Larunbata zen eta ordua

eguerdian hamabitan

eta hiruok txintxo geunden han

hamabiak bost gutxitan.

 

        2

Bizkartzain pare sendoa nuen

Imanol eta Lizaso

hainbeste jende dagon ezkero

hartuko gaitu akaso.

 

        3

Urrutitikan eskua altxaz

esan zigun hurbiltzeko

luntxa guretzat ere bazala

beldurrik gabe hartzeko.

 

        4

Gugana mantxo hurbildu eta

azkar jo zuen enbido:

lasai egon, ze aurten zuentzat

gorde ditut hiru kilo.

 

        5

Ta gu hirurok gelditu ginen

begiratuaz alkarri

holako pastel ederrarekin

ez gera topatu sarri.

 

        6

Bat-batez gure begirada ze

elkarren magnetismoa

nolabait altxa behar diagu

jarritako minimoa.

 

        7

Guk eskaeran bi genituen

ta berak eskaini hiru

sekula inork ez digu eman

hain erraz hainbeste diru.

 

[Juanjo Uria]

 

      Juanjo Uriak oso paper garrantzitsua izan zuen Elkartearen sorreran, eta entzuna dudanez ez dut uste sorrera oso erraza izan zutenik.

[Aritz Zerain]

 

 

TXAPELA ETA LEHENDAKARIA

 

      Elkarteak 86an erabaki zuen, eta geroztik oinarri honi jarraitu dio, txapela ematen duena bertso munduko norbait izan behar zuela. Kasu hartan motibo guztiak zeuden, Don Manuel Lekuona oraindik bizi baitzen. Erabaki hori hartu eta Don Manuel Lekuonari esateko intentzioa genuen. Eta tarte horretan hitz egin genuen bai telebistako jendearekin, emankizunaz, eta bai Jaurlaritzakoekin, diru kontuez. Jaurlaritzatik esan zitzaigun guztiarekin ados zeudela, baina txapela lehendakariak jarri behar zuela. Jose Antonio Ardantza zegoen orduan. Guk erantzun genien errespetu osoa jasoko zutela, eta protokolo guztian lehen mailan egongo zirela, baina gure barne erabakia zela eta ulertu behar zutela, kultur ikuspegitik hartutako erabakia zela. Oso postura makurra hartu zuten, ezezkoan zeuden, telebistak ere mehatxu egin zuen atzera botako ote ziren... Polemika kalera atera zen, eta guk duda genuen Don Manuel ausartuko ote zen txapela janztera, erakundeei errespetu handia zielako eta ikuspegiz ere oso tradizionala zelako... Berarengana joan beharrean, ilobari esan nion, Joan Mari Lekuonari: “pentsatu dugu Don Manuelek jantzi behar duela, baina arazo hau dago. Garbi esan nahi dizugu”. “Bueno, bueno, lasai egon. Osaba etorriko da, e!” Lehendakaria ez zen azaldu.

[Juanjo Uria]

 

 

90EKO HAMARKADA

 

      Bertsozale Elkartean egin daitekeen ekarpenik handiena bazkide aktibo izatea dela sinisten dut. Ni Jexux Muruak sartu ninduen, Tolosako bertso eskolan nire irakasle zela. 1994an gertatu zen Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta laurok bertsotan ari ginela ETBko Debaldeko Festa programa eten ziguteneko hura, eta horri buruzko bilerarekin eta bata eta bestearekin, han sartu ginen.

[Jexux Mari Irazu]

 

      1998 aldera nirekin harremanetan jarri ziren Koldo Tapia eta Jexux Murua, aholkularitza eske. Antolaketa aldetik, edo bideragarritasuna lortzeko moduak topatzen laguntzeko. Horietako bat izan zen Lankuren sorrera. Bere garaian hiru gabezia ikusten ziren Bertsozale Elkartean: besteren esku egonik ezin zela saioak baldintza egokietan antolatzea bermatu, produktu berriak lantzeko plataforma bat behar zela, eta hirugarren helburua zen, Bertsozale Elkartea izaeraz defizitarioa izanik, diru-iturri gehigarri bat sortzea. Oraindik ere Lankuko proiekturen inguruan aholkulari paperean aritzen naiz tarteka. Bertsolaritza garai berrietara egokitzen laguntzeko eta berrikuntza sustatzeko tresna izan beharko luke.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      1999ko Herriarteko Txapelketa antolatzeko Gipuzkoako Elkartean eragile edo liberatu bat behar zuten, eta hartu egin ninduten. Oso gustura aritu nintzen eta asko ikasi nuen. Txapelketa ere oso ondo atera zen. Txapelketa bukatu eta gero aukera izan nuen liberatu segitzeko. Baina utzi egin nuen: bertsoa niretzako plazera izan da beti, eta konturatu nintzen erre egingo nintzela. “Bide honetan joaten bahaiz, lana bukatu eta ez duk bertsorik aditu nahiko sekula santan” pentsatu nuen.

[Unai Agirre]

 

 

2000KO HAMARKADA

 

      Euskal Herriko sustapen arduraduna izan nintzen. Niretzat interesgarriena izan da Elkartea, funtzionamendua eta hor dagoen jendea ezagutzea eta elkartea egiten ari den lanaz jabetzea. Harrigarria da Mintzola Etxera joan eta zenbat jende ikusten den han bueltaka. Hori da bizia. Ikasketa da hor pasa den jendearen filosofia eta kulturgintza ikuspegia jasotzea, bertsolaritza ulertzeko modua eta lanerako borondatea...

[Maialen Lujanbio]

 

      Bai Euskal Herrikoa eta bai Gipuzkoako elkartea, niretzako lanerako eskola izan ziren. Bileretan parte hartzen ikasten duzu, zerbait ateratzea nahi baduzu etxean lan egin beharra dagoela, beste jendearekin adosten...

[Estitxu Eizagirre]

 

      Elkarteak balore handiak ditu. Zerbait egin nahi baduzu ateak zabalik dituzu. Potentzial handia ikusten diot. Bertsolaritzako erreferente nagusia da. Eskertzekoa da horrelako elkarte bat edukitzea, zerbait martxan jarri edo zabaltzeko nukleo bat edukitzea, jende pila bat biltzen duena eta legitimotasuna ematen dioguna. Hori oso ona da denontzako, sektore guztia antolatzeko.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Jexux Mari Irazu eta biok Gipuzkoako Elkarteko zuzendaritzan ibili ginenean, asko hitz egiten genuen bertso eskolako irakasleez, erreleboaz, pena zela irakasleak beti zerotik hasten zirela eta esperientzia bildutakoan uzten zutela... Elkartetik Gipuzkoako bertso eskolen sarea osatzen saiatu ginen, materialak trukatzeko, formazio ikastaroak antolatzeko, irteerak elkarrekin egiteko... Eta hezkuntza arautuan ere orduan hasi ziren Gipuzkoan klaseak ematen, Aitor Mendiluze eragile zela. Garbi genuen ikastoletan bertsolaritza epe luzera lantzen hasiz gero emaitza antzemango zela, bertso eskolara ume gehiago eta oinarri batekin etorriko zirela.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Gipuzkoako Elkartean ikuspegi bat finkatu genuen, bai 1999ko Herriarteko Txapelketa antolatzean, eta transmisio politika definitzeko bidean (Estitxu Eizagirrerekin). Esaten zen Gipuzkoan bertsolariak berez sortzen zirela, ez zegoela ezer egin beharrik. Bitartean, errealitatea zen Eskolarteko Txapelketan hiru bertsolariko taldeak ateratzeko eskualdeak elkartu egin behar zirela, eta ez edozein eskualde, Goierri bezalako eskualde oso bat Urretxu-Zumarragako bailararekin elkartu behar zen.

      Bertso eskolak asko famatzen ziren baina ez zuen inork benetako apusturik egiten, mugimendu hori bultzatzeko ez zen dirurik jartzen. Gure apustua hau zen: benetan garrantzia baldin badu hor inbertitu egin behar da, eskola arautura iritsi behar da, ikusi baita eraman den garaitan emaitzak eman dituela. Horrek gero herrian artikulatu egin behar du. Eta aisialdian bertsoa beste era batera bizitzeko aukera eman. Gu gehien saiatu ginen Gipuzkoako ikastetxeetan bertsolaritza ikasgaia sartzen eta gero hortik herriko bertso eskolak elikatzeko bidea izaten.

[Jexux Mari Irazu]

 

      Euskal Herriko transmisio arduradun lan egiten dut. Saiakera da nola eman koherentzia gehiago bertso eskolan egiten den lanari, ikastetxeetan bertsolaritza erakusten egiten den lanari, eta aisialdiko (topaketak, udalekuak...) ekintza osagarriei. Hiru eremu horien artean zubiak nola jarri, baliabideak ere optimizatzeko. Eta hainbat beharrei erantzuna ematea (irakasleen formazioa dela, materialgintza...) zazpi lurraldeetan. Eta generoa kontuan edukitzea.

      Hori Hernanira ekarrita: definitzea Bertsozale Elkarteak bertso eskola autonomoei (“autonomo” deitzen diegu herri mugimendutik sortu direnei, beren kasa antolatu eta dinamika propioa dutenei) lagunduz zer proiektu aurrera eraman ditzakeen herri mailan, zer eskualde mailan, herrialde mailan eta Euskal Herri mailan. Oso garbi edukitzea Elkarteak Hernaniko bertso eskolari zertan eskaini ahal dion laguntza.

      Elkarteak ziurtatuko du eskola guztietan bertsolaritza landuko dela. Gero eskoletan zaletzen ditugun umeak bertso eskolara bideratzeko. Harremana egiten dugu ikastoletako eta bertso eskolako irakasleekin eta haurrak bideratu.

[Itziar Eizagirre]

 

      Gu bertso eskolako irakasle ginenean, lan asko gestio hutsa ziren baina 15 urterekin militantziaz ari zarenean, lana eskatzen dute: autobusak lotu, aterpetxeak hartu, gurasoentzat oharrak idatzi... horrelako hainbat gestio lan Elkarteak hartu ditu beregain: topaketetarako aterpetxea hartu, Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunerako autobusak jarri... Eta bertso eskolako irakasleei formazioa eta materiala eskaintzen dizkie.

[Itziar Eizagirre]

 

      Lankun lanean aritu nintzen, oso bolada motzean. Hiru hilabeteko ordezkapen txiki bat egin nuen, komertzial gisa udaletxez udaletxe Lanku eta Bertsozale Elkartea zer ziren azaltzen, eta bertso saioak eta ekoizpen bereziak saltzen.

      Dezente saldu nuen, asko, esango nuke. Batez ere ekoizpen bereziak saldu ziren: “Inaxitoren ametsak”, “Bertso magia”, Amurizaren Lazkao Txikiri buruzko emanaldia, Enbeitatarren emanaldia, eta bertsolaritzaren erakusketa.

[Gorka Tolosa]

 

      Iker taldean nabil. Mintzolarekiko harremanak lantzen aritu gara, udako ikastaroak antolatzen EHUn eta UEUn, eta bertso estrofak izendatzeko irizpideak jartzen.

[Beñat Gaztelumendi]

 

      Koordinatzailea naiz. Elkarteko lanak asko baldintzatzen du bertsotako ibilera. Ase ere bai, batzuek taula gainetik egiten dute ekarpena eta beste batzuek atzeko lanetik. Denak dira beharrezkoak. Nik ez dut Bertsozale Elkartekoa lan soil kontsideratzen, badu borondatezko partea, eta horrek dezente asetzen nau.

[Aritz Zerain]

 

      (Elkartean lanean hasi nintzenean) Gehien harritu ninduena izan zen autoantolaketa horretan zer garbi zeuden landu beharreko ildo nagusiak: transmisioa, sustapena eta ikerkuntza. Eta bakoitzaren papera zein garbi zegoen eta elkarren artean duten lotura.

      Elkarteak bertsolaritza geroratzea, zaintzea eta etorkizuna bermatzea du helburu eta horretarako hiru alor horietan aritzen da. Transmisioan ekosistema osoa birsortu behar du, ez bertsolariak bakarrik, bertsozaleak, antolatzaileak, gai-jartzaileak... denak behar ditu ekosistema osatzeko, eta horretarako lan bat egin behar da transmisioan. Gero egin behar da beste lan bat sustapenean, bertsolaritza zabaltzeko, hedatzeko, plazatan, medioetan, eta hirugarrenik ikertu egin behar da, ezagutzan sakontzeko eta hobetzeko helburuarekin. Oso garbi zegoen bakoitzean nola lan egin behar den, dena lotu eta kate bat osatzeko.

      Eta gainera hori islatzen da herrialdeetan. Herrialde bakoitzean oso egoera diferentea bizi du bertsolaritzak baina baita euskarak ere orokorrean, eta herrialde bakoitzaren egoera herrialde bakoitzak daki. Hiru ardatz horietan herrialde bakoitzak non eragin behar duen edo non jarri indar handiagoa, bakoitzak erabakitzen du.

      Eta hartu nuen beste sorpresa on bat izan zen bertsolariek proiektuarekiko duten inplikazioa, askotan beren proiektu pertsonalaren gainetik. Eta bertsolari-bertsozale binomio hori nola uztartzen den Elkartean. Bertsolaritzan sortzaileak eta hartzaileak daude eta bertsolaritza zaindu behar bada, biek jokatzen dute paper garrantzitsua. Hor bada anekdota bitxi bat, Bertsolari Elkartea izenarekin sortu zela, eta berehalaxe Bertsozale Elkartea izatera pasa zela, bien beharra handia dagoelako.

[Aritz Zerain, Argia, 2338. alea 2012-09-30]

 

      Hernaniko bertso eskolako kide asko pasa dira sailetatik eta zuzendaritzatik. Elkartea bertso eskoletako jendez hornitzen da. Bertso eskolek osatzen duten sare hori guztia da elkartearen ondarerik garrantzitsuena.

[Aritz Zerain]

 

Imanol Lazkano sari banaketan.
Atzean Juanjo Uria Kontxako barandatxoa eskuan.