Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

Orduko Hernani

 

      1980ko hamarkada hasieran benetako izualdi bat gertatu zen Hernanin eta inguruko herrietan, talde parapolizialek sortua. Batallón Vasco Españolek hainbat atentatu eta ekintza armatu egin zituen herritarren kontra. 1980ko apirilaren 20an Felipe Sagarna “Zapa” hernaniar danbor jole ezaguna hil zuten tiroz eta hortik hilabete batzuetara Miguel Mari Arbelaitz eta Luis Mari Iriondo gazteak erail zituzten.

 

 

AGUR LAGUNAK!

 

      1980.eko irailaren 7an Hernanin eskuindarren esku hilda gertatu ziren Luis Mari Elizondo eta Migel Arbelaizi eskainitako bertsoak.

 

Euskalerri zauritu

erdi puskatua

au da au gorrotoa

ezin bukatua

euskaldun izatea

zuten pekatua

odolaren zigorrez

biek pagatua

.

Izen gabekoa da

olako ekintza

odol biurtu zuten

goiz aldeko intza

zertarako aitatu

pakearen itza

gorrotoaren billa

baldin ba-dabiltza.

 

Senide gurasoak

negarra ugari

emazte eta lagun

malkotan igeri

itzez ezin agertu

barruko miñ ori

agur, agur eta agur

Mikel ta Luis Mari.

 

[Joxe Mari Arrieta, Argia 1980-10-05]

 

      Herri Batasuna udal gobernuan zen une horietan eta gauetan zaintzak antolatu zituzten, poliziak “inkontrolatu” horiekiko zuen utzikeriari aurre egiteko. Bestalde, ETAren adar ezberdinek eta Autonomoek militarren eta polizien kontra egindako ekintza ugariek ez zuten etenik eta ia egunero izaten zen hilketaren bat. Espainiako koarteletan arnasten zen kirats faxista izugarria zen, Estatuaren aparatuen iragan frankistak pisu handia baitzuen oraindik. 1981eko otsailaren 23an estatu kolpea gertatu zenean, euskal herritar askok ihes egin zuen badaezpada, horien artean hernaniarrak ez ziren gutxi izan.

      Sozialistek 1982an Espainian agintea hartu zutenean gerra zikina ez zen baretu, alderantziz, 1983an GAL sortu zuten, Ipar Euskal Herrian atentatu ugari burutu zuen taldea; lehenengo ekintzetako bat Joxe Mari Larretxearen bahiketa saiakera izan zen. 1984a urte gogorra izan zen: GALek Rafa Goikoetxea hil zuen Arrosan eta hortik gutxira poliziak Hernaniko Nafarroa kaleko etxe batean hainbat lagun inguratu zituen eta tiroak eta lehergailuak jaurtiz Agustin Agirre “Txuria” eta Juan Luis Lekuona “Kattu” hil zituen, beste hainbat atxilotzeaz gain. Frantzia euskal herritarrak estraditatu eta deportatzen hasi zen, eta atxiloketak eta torturak eguneroko ogia ziren.

      Bistan zen Estatua militarki garaitzeko ahalmenik ez zela, baina KAS alternatiba negoziatzera behartzeko adina indar, ustez bai. 80ko hamarkadaren azken urteetan ETA eta Espainiako Gobernuaren artean Algerren izandako elkarrizketa antzuen aurreko pausoak ematen hasita zeuden. Aitzitik, ordukoa da baita ere Ajuria Eneko Ituna, euskal jendartea are gehiago zatitu zuena.

      1980ko hasieran bestelako buruhausteak ere bazeuden. Euskal Herri osoan gertatzen ari zen industriaren desegiteak bete betean jo zuen Hernani. 1984an Orbegozoren birmoldaketa hasi zen, 1.400 lanpostu zuzen zituen fabrika hark 1992an itxi zituen ateak behin betiko. Grebak eta protesta gogorrak izan ziren arren, langileek ezin izan zieten euren lanpostuei eutsi. Hernanin hamarnaka enpresa zeuden metalgintzari lotuak, horietako asko ere desagertu egin ziren, baita papergintzako beste hainbat ere (Norteko papelera, Biyak Bat...). Hala, hamarkadaren amaieran langabezia tasa % 30era iritsi zen, Euskal Herriko altuenetakoa.

      Panorama ilun horretan, gazteen artean drogaren problematika ugaldu zen. Hainbat substantziaren erabilera 70eko hamarkadatik zabaltzen hasia zen arren, Hernanin 80ko hamarkadan eragin zuen gehien, batik bat ezezagutzak eraginda. Belaunaldi oso bateko hogeitaka lagun hil ziren heroinaren ondorioz. Hasierako laguntza taldeetatik, prebentzioa eta hezkuntza lantzeko elkarte berriak sortu ziren, Askagintza gisakoak. Geroztik, Hernanin makina bat jardunaldi eta topaketa egin izan ditu talde honek. 1992an inkesta bat egin zuen hernaniarren iritzia jasotzeko: % 92a “Corcuera Legearen” kontra azaldu zen —epailearen agindurik gabe etxeetan sartzea baimentzen zuena—, baina era berean, gehiengo zabal batek uste zuen poliziak ez zuela behar beste pertsegitzen droga trafikoa.

      Borroka antinuklearra, antimilitarra, aldarrikapen feministak eta abortoaren aldeko manifestazioak, okupazioak, gaztetxeak eta autogestioa... Aurreko urteetan ikusi gabeko mugimendu alternatiboek indarra hartu zuten 80ko hamarkadan. Belaunaldi berriek munduaren beste ikuskera bat zuten, batik bat estetikaren eta musikaren bidez adieraziak: “Identifikatu nahi gaituzu? Arazo bat duzu!” zioen orduko abesti ezagun batek. Euskal Rock Erradikala hamarkadaren erdialdean gorpuztu zen La Polla Records, Kortatu, Hertzainak, RIP, Potato, Zarama... eta beste talde oso anitzen ekarpenarekin. Jendartearen zati handi baten inkonformismoari ahotsa jarri zioten, antisistema ziren, eta batzuk “heriotzarekin maiteminduta” zeuden.

      Doinu horiek Molotoff Irrati jaio berrian edo kaseteetan entzuten zituzten gazteak, mugitzen hasi ziren Hernanin. Hala, Heroína y policía la misma porpuería edo Orbegozo despidoen aurka, pin pan pun! pintadek frontoiko paretak apaintzen zituztela, lehenengo Gazte Olinpiadak antolatu zituzten arrakasta handiz 1986an eta hurrengo urteetarako erreferentzia bilakatu ziren; Akelarrea ere orduan sortu zen, herriko gazteak biltzeko intentzioz... 1990eko hamarkadan loratuko zen gazte mugimenduaren hazia ereinda zegoen.

Urko Apaolaza Avila