Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

FLORIAN OIARBIDE

 

1944an jaioa, Abillatsen

 

Florian Oiarbide.

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

      Ni Abillatsen jaio nintzen eta 17 urterekin etorri nintzen Ereñozura: Txilibitaren frentean taberna hartu zuten gurasoek. Denda eta taberna, biak ziren. Eta horra biltzen zen kuadrilla: jai iluntzean afari mokoa egin eta bertso zaharrak kantatzen zituzten.

      Bertso ona bazen, gogoan erraz hartzen nuen orduan!

      Etxean bertso zaharrak kantatzen aritzen ziren gure osaba-eta. Bi osaba ziren bertsolariak: amaren anaia Juan Altxo, eta aitaren anaia Eduardo Oiarbide.

 

 

AITA, “TTANTTUA”

 

      Nire aitonaren aitari jarria da goitizena. Mutil-kozkorra zela, mandoaren gainera igotzerakoan edo, esango zuten “hau igoko ez diagu ba, ttanttu hau?”, ttikia alegia. Eta handik aurrera “ttanttua”.

      Gure aitak (Joxe Oiarbide, 1906an jaioa) Txirrita bizirik ezagutu zuen, gure aitak 29 urte inguru zituenera arte. Txirrita eta Paulo Txikiarekin kantatu zuen, gure aitak 23 urte zituen eta Paulo Txikiak 17. Gureak ez zuen segitu bertsotan.

      Bertso asko zekizkien buruz. Aita Zavalari Txirritaren bertso idatzi asko eman zizkion.

      Lehen ohitura handia zegoen puntuak jartzeko. Gure aitari edozer gauza esan, eta errimatuz erantzuten zuen: Jela hausten batean, eta lanean berarekin aritzen zen Joxe Luis Artolak: “Zer, Ttanttua, mailun?” (mailuarekin jela puskatzen), “bai, orain xamurtu da baina lehen zail hu(e)n!”.

 

 

EGINDAKO SAIOAK

 

      Soldaduskatik 23 urterekin itzuli eta 30 urte egin arteko tartean ibili nintzen bertsotan.

      Gaizki pasatzen nuen saioaren aurretik. Behin hasi eta pixka bat berotuz gero, hor nonbait!

      San Joan eskean atera nintzen Lexotiren partez, Igeldon. Igeldok baserri pila ditu, eta urruti, eta dena oinez egin genuen! Bi kuadrilla irten ginen, bertsolari bat bertakoa, Nikolas “Gorria”, soinujole batekin eta ni bestearekin. Soldaduskan lizentziatu berria nintzen, 23 urte edo nituen.

      Plaza-plazan lehenbizikoz Portun kantatu nuen. Jon Lopategi eta Jon Azpillagari galarazi zioteneko garaia zen. Portura ez ziren etorri, eta Manuel Huizi eta biak aritu ginen. Huizi jada Nafarroako Txapelketan zebilen, Goizuetan Xaltok irabazi eta berak bigarren egin zuen.

      Portuko saio horren ondoren Santa Barbarara joan ginen, San Inazio egunean. Joxe Ramon Marko lehengusua, eta biok moto Bultaco harekin. Gora joan gara, eta Anjel Osa etorri zitzaidan. “Hi, hola ta hola hituen etortzekoak, eta Abel Enbeita bakarrik bidali ditek!” gaizki ulerturen bat izan zen bertsolarien artean. “Ni nola aterako nauk bada?” Baietz eta baietz, hark. Abel Enbeitarekin aritu nintzen Santa Barbaran eta arratsaldean Hernanin kantatu genuen, eliz aurreko balkoitik.

      Ur-Mia sozidadeko bazkaria egiten da urtero, eta bazkalostean kantatu izan nuen. Manuel Huizirekin askotan. Beste batean Iñaki Otañorekin, beste batean Migel Arozamenarekin. 26 bat urte izango nituen orduan.

      Tturkorekin ere bastante aritua naiz. Plazan ez, e! Tturkok bertsotan egin egiten zuen, bertsotan aritzeko lagunik onenetako bat zen.

 

 

LEXOTIREN GONBIDAPENA

 

      Kotxea ekarri berria nuen, 26 urterekin eta behin Lexotik esan zidan: (ez dakit nongo herritan, Saldias, Ituren edo...) “hi, hara biok joan behar diagu! Mitxelenak ez omen zaukak joaterik, okupatua zegok...” “Ni nola joango nauk ba! Ni ez nauk ibili eta...”, “baietz-ba, erraz egingo diagu!” Gero behintzat Lexoti gaixotu egin zen eta saioa besteren bati utzi edo ez dakit zer egingo zuen.

 

 

BERTSO JARTZEN

 

      Imanol Kamiori askotan jarri dizkiot bertsoak berak musikarekin kantatzeko. Maiatz batean hiru jarrialdi eginarazi zizkidan. “Mutila Goizuetakoa eta neska ez dakit nongoa, horrela ibiltzen dena...” pistak ematen zizkidan, eta nik jarri, ezkontza bukaeran atera eta kantatzeko. Zilarrezko eta urrezko ezteietan... honezkero jarriko nizkion 60 aldiz, eta agian motz geratuko naiz.

      Behin Aita Zavala etorri zitzaidan. Bertso liburua osatzeko erdia baino gehixeago baneukala esan zidan. Zavalak nik ateratako bertso jarri denak bilduta zeuzkan! Zeruko Argian eta La Voz de Españan Basarriri bidalitakoak ere bai. Baina ez neukan gogorik, erabat utzi nion.

 

Joxe Luis Lekuona Garayar “Lexoti”
bertsolariaren erretratua 1985. urtean.
Argazkia: Rafael Labandibar.

Iturria: Oiartzun; Udala Informatzen Aldizkaria.

 

      Liburu hauetan argitaratu ditut bertso jarriak:

— Txabolategiren liburua.

— Txirritaren 50. urteurrenean Juanjo Uriak idatzitako liburua.

— “Pelota, euskal jokoa”.

— Bilintx-en 100. urteurrena ospatzeko antolatutako bertso sariketako liburua.

 

 

SARIKETETARA BIDALIAK

 

      1976an Bilintxen 100. urteurrenean omenaldia egin zioten Donostian. Bertsoak jarri behar ziren maitasunaren gainean. Xalbadorrek irabazi zuen. Bigarren Inozentzio Olea izan zen eta hirugarren Aietekoa, Segundo Kalonje. Laugarren sarirako hiru berdinduta geunden: Pello Esnal, Xanti Zabala “Lexo” eta ni.

      Makinaz pasatzeko ere lanak izaten ziren, orain alabak pasatzen dizkit baina... Batean Juanjo Uriak pasa zizkidan eta poto egin zidan! Eta gero konturatu nintzen, sariketara bidali eta gero!

 

 

ZERGATIK UTZI BAT-BATEAN KANTATZEARI

 

      Ereñozuko Santa Agedako errondan 17 urterekin hasi 14 urtean atera nintzen. Lehenbizi Manuel Huizirekin, orduan Nafarroako Txapelketan atera berria. Baina mendiko lanean nola aritzen zen, eta askotan etorri ezina izaten zuen, gero bakarlari aritu nintzen. Bakarlari eta koplari ere bai. Koplari 8-10 bat urte egingo nituen.

      Urte hartan ama apendizetik operatuta geneukan, klinikan. Eguerdian arreba gazteena eta biok joan ginen bisitatzera, eta etxera etortzeko zain zegoen, oso ongi, ustez. Benta Berrin ari ginen santa eskean, eta bakarlari kantatzen ari nintzela, atzetik Joxe Mari Miner zenak “hi, ama hil dala” esan zidan. Gazterik joan zen, 59 urte zituen. Nik 29.

      Handik urtebetera berriro ere Santa Ageda. Atera eta berriro bakarka koplari neroni. Martzelina Otxotorena Epelekoa, Otxotorena futbolariaren amona, nire amaren izeba zen. Ama hil zenean, hura zegoen erietxean. Santa Agedara kantatzera joan nintzenean, Martzelina gaixo zegoen. Gauza sentimentalekin oso bera naiz, aise emozionatzen naizena. Kopla kantatzen hasi eta bete egin nintzen. Denak batera etorri zitzaizkidan gogora, hari kantatzen ari nintzela. Bukatu nuen bertsoa, egina neukan eta, baina nahiko lotsagarrikeria eginda. Orduan esan nuen “ez dut gehiago nire ahotik bertsorik kantatuko”. Geroztik aritu izan naiz lagun artean eta zeozer, baina jende aurrean ez.

      30 urterekin utzi nuen, gazterik. Jarraitu banuen ere ez nintzen bertsolari handia izango.

 

 

ESPERANTZAN

 

      Sagardo lehiaketa batean Julian Ezeiza Aterpe eta Tturkorekin aritu nintzen, Elur-Txorin. Diario Vascon orduan Jose Luis Gonzalezek idazten zuen herriko kronika. Eta jarri ere bai “Ttanttua debería seguir porque el bersolarismo ganaría”, eta nire artean “ba leku ederrean zegok, nire esperantzan baldin badago!”

 

 

LEHEN HERRI MEZETAN

 

      Frankismo garaia zen, baina jada bete-betean ez, pixka bat irekitzen hasia zegoen. Zerbait nahi zuena lotan ez, eta herri mezak egiten hasi ziren.

      Lehenbizikoa Floridako elizan izan zen, oraingo San Jose Obrero horretan ez, beste eliza txiki bat bazen, eta hantxe. Hango apaiz zegoen orduan Don Jose Luis Goikoetxea, Astigarragakoa, gero obispoaren txofer ibili zena. Hark behintzat herri meza egiteko trabak jarri zizkien.

      Inzatarrak ziren antolatzen, Floridako Benta Berri taberna zeukatenak, eta nire bila etorri ziren. Eta apaizak galdetu zuen “y el bertsolari qué va a cantar?” (hura ere gu bezala euskalduna zen, baina...) eta “no sabemos, el bertsolari tiene que improbisar” esan zioten. Eta txalapartarik ez jotzeko agindu zien.

      Komeriak ziren apaiz horrekin eta nik bertsoak kantatu nituen politikan ezer sartu gabe. Eta gero apaizak “el bertsolari muy bien” esan zuen, ez nintzen ezertan sartu eta! Baina besteak txalaparta bai jo ere bere garaian! “dije que no, pero ha tocado!”, kontu harekin komeriak izan genituen.

      Gero Hernanin egin zen herri meza eta Manuel Huizik eta biok kantatu genuen. Eliza betea zen. Han ere ezertan sartu gabe kantatu nuen, orduan hitz bat ateratzea, larria zen! Jendea gustura geratu zen, ordura arte dena itxia zegoen eta. Jendeak antsia zuen.

 

 

LATXE FABRIKA

 

        1

Bertsoz esango det zer zan

nik Latxeko fabrika:

pago ta haritz egurrez

egiten zan kimika.

Hango labe ta kaldera,

bidoi eta barrika,

hogei bat langilerentzat

zegon lana jarrita.

 

        2

Nagusia xahar-xaharra zan,

izena zun “On Pepe”

bere garaian izana

Hernaniko alkate.

Langile ta auzotarrak

guztiok gendun maite.

Bera bizi zan artean

dana egon zan tente.

 

        3

Goizeko zortzitan xuxen

jotzen zuten kanpana

orduan hartu aizkora

zerra edo arpana

beste batzuk bizkarrean

bakoitzak borra bana

burni ziriz egur hausten

bazuten nahiko lana.

 

        4

Gauza askoren artean

lortzen zuten ikatza

langileak jasan behar

gero beraren hautsa

zaku zahar bat mantal gisa

eta aurpegi beltza,

euskaldunak izan arren

afrikatarren antza.

 

        5

Nahiz ta etzuten jasoko

gehiegizko soldata,

beti umore onean

buila ta zalaparta.

Lana ere era hortan

arinagoa da ta,

beraien artean zuten

oso giro aparta.

 

        6

Gogamen politak ditut

fabrikaz oroitzean

aspaldin geldirik dago

ta erori antzean

orain bere aurretikan

pasatze bakoitzean

halako tristuratxo bat

sortzen zait bihotzean.

 

[Florian Oiarbide, 2003an, Joxe Legarretaren omenez
Ereñozun egindako bertso musikatuen-emanaldirako jarriak]