Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

Orduko Hernani

 

      Gerraosteko hurrengo hamarkadetan Euskal Herriko beste hainbat herrien gisan Hernanin ere bigarren industrializazio prozesu indartsu bat jarri zen habian. 1953an Orbegozo metalurgia fabrika eraiki zuten, 1.000 lagun ingururi lana ematen ziena, eta paper lantegiak ere ugaritu egin ziren. 1970eko hamarkada amaitzerako zenbait auzotan industriara bideraturiko lur kopurua hirukoiztu eta laukoiztu egin zen. Zikuñagan, esaterako, % 8tik % 29ra igaro zen bigarren sektoreak okupaturiko lurra.

      Barrio horretan ospe handiko erromeria egin ohi zen irailaren 8an, ermita eta Hernaniko zaindari den Amabirjiñaren inguruan, dantzari, txistulari eta bertsolariekin. Baina Elizak ermita zegoen lurrak saldu zizkion aldameneko paper lantegiari. 1979ko apirilaren 12an ezezagun batzuek Zikuñagako Amaren irudia lapurtu zuten eta horren ondoren erromeria galdu egin zen eta ermita zaharraren harriak gordeta daude egun. Hernaniar askoren iritziz lapurreta hura interes ilunek bultzatu zuten.

      Zikuñagako kasua Hernaniko beste hainbat auzoren antzekoa da, etxe andana egin baitzuten bertan, batez ere Andaluzia eta Extremaduratik etorritako beharginentzat. Portun, Elizatxon, Lizeagan, Sagastialden... Hasierako urteetan, etorkinak urbanizatu gabeko kale artean eta egoera kaskarretan bizi behar izan ziren. 1970eko hamarkadan Karabeleko eta Etxeberriko blokeak izan ziren eraikitzen azkenak. Langile auzootako fisionomia eta giroa erabat aldatu zen; kanpotik etorritakoek gizarte mugimendu bizia sortu zuten, festak indartu, kultur ekitaldiak ugaritu...

      Donostia inguruko industria gerrikoa osatzen duten beste hainbat tokitan bezala, Hernanin, gerraosteko etorkinen eta bertakoen arteko harremanak pixkanaka indartzen joan ziren, eskolak, lantegiek eta giro politiko antifrankistak lagunduta. Esaterako, asko izan ziren euskarara hurbildu eta ikasi zutenak gau-eskolen bidez.

      Alfabetatzeak eta euskalduntzeak sekulako indarra hartu zuen 70eko hamarkadan. Hala, euskarak galdutako prestigioa berreskuratu zuen apurka, kaxeroen hizkuntza izateari utzi zion. 1976an AEK sortu zen, orduko euskaltegien sare nagusia, eta 1988an Hernanin lehen AEK Eguna ospatu zen. Hasierako urte horietan Euskal Herri osoan 40.000 ikasletik gora izan zituen AEK-k. Udal euskaltegia, berriz, 1991n sortu zen.

      Kultur giroa ere nabarmen zihoan gora. Floridako eliz-parrokiaren egoitzan, Padres de Familiakoan, Harri-Burniren lokaletan eta Mendi Gain elkartearenean hamaika kultur ekitaldi antolatu zituzten garai horietan. Bestalde, Hernaniko sozidade zaharrenak 1940 eta 1950eko hamarkadetan sortu ziren, eta hasierako lagunarteko bilgune funtzioaz gain, ekitaldiak antolatzen hasi ziren urteak aurrera joan ahala: danborrada, kaldereroak, txarangak, txapelketak... Herriko kultur giroaren euskarri handietako bat bilakatu ziren. Hain justu, Hernanin bertsolaritza suspertzeko lehenengo txapelketak sozidadeetan egin ziren: lehena 1979an Elur Txorin eta bigarrena 1980an Peña Otañon. Dena den, sozidadeak gizonentzako eremua ziren oraindik; gezurra badirudi ere, elkarte gastronomiko gehienetan emakumeek ez dute sarbiderik eta bazkide izateko eskubiderik izan atzo arte.

      Kirol elkarteak ere indartuz zihoazen. Errugbi elkartea 1965ean sortu zen eta 1978an lortu zuen lehen aldiz ohorezko mailara igotzea; arraunean 1971n debutatu zuen Hernanik, hainbat denboraldiz Kontxako estropadetan aritu zen hamarkada horretan —1978an, Elorrabiko zubian zorigaiztoko istripua izan zen urtean, sailkatu zen azkenekoz Kontxarako—. 1970ean Galarreta Jai-alai frontoia inauguratu zen, erremontearen katedrala. Udalak konbenioa sinatu zuen Galarreta kudeatzen zuen enpresa pribatuarekin, urteko kuota bat kobratzeaz gain, Udalak eskubidea izango zuen instalazio horietan hainbat ekitaldi antolatzeko, tartean bertso saioak. 1980an 1.000 lagunetik gora bildu omen ziren Usurbilen kontrako desafioa ikusten, eta Errege Eguneko lehen bertso saioak (1992an) ere taulatu horretan egin ziren. Bertsolaritzaren eta pilotalekuen arteko harremana, ordea, aspaldikoa da, Tilosetan erreboterako frontoia zenean, koplatan aritzen omen zen Josefa Zubeldia bertsolaria, aulki batean eserita.

      Giro politiko nahasia bizi izan zen 1970eko hamarkadan. Frankismoaren azken urteak gogorrak izan ziren, salbuespen egoerak ugaritu eta errepresioa jasan zuten euskal herritarrek. 1975ean Franco hil zenean egoerak ez zuen hobera egin, langileen kontrako erasoaldiak bortitzagoak ziren, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia da horren erakusgarri. Baina aldarrikapenak etengabeak ziren, alde batetik lan arlokoak —CCOO, ORT eta LAB gisako sindikatu eta mugimendu asanblearioen eskutik— eta bestetik politikoak, presoentzako amnistia kasu.

      Testuinguru horretan sortu zen Alkateen Mugimendua deiturikoa. 1976ko uztailean Bergaran bildu ziren hainbat udalerritako alkateek eskaera zehatz batzuk egin zizkioten Madrilgo gobernuari, tartean euskararen ofizialtasuna eta baita ikurrinaren legeztapena ere. Fraga Iribarnek Venezuelako telebista kate batean esana zuen ikurrina “bere hilotzaren gainetik” legalizatu beharko zela, baina alkate taldea Madrilen izan zen Martin Villarekin negoziatzen, Hernaniko alkate Ignacio Iruin barne, eta azkenerako lortu zuten ikurrina udaletxeetan jartzeko baimena. 1977ko urtarrilaren 16an Etxarri Aranatzen ikurrina jaso zuten lehen aldiz ofizialki, hortik egun gutxira Hernanin gauza bera egin zuten. Ikurrinaren aldeko oihartzunak 1980an jo zuen goia, Martin Zabaletak eta Pasang Tembak Everesteko gailurrean jarri zutenean.

      1977an Txibertan abertzaleen artean izandako negoziazioek ez zuten fruiturik eman eta ezker abertzalea osatzen zuten mugimendu anitzek eta EAJk bide ezberdinak hartu zituzten. Batzuk hausturaren aldekoak, besteak erreformistagoak. 1978an Espainiako Konstituzioak ez zuen euskal herritarren babesik izan, abstentzioa gailendu zen. 1979ko udal hauteskundeetan sortu berria zen Herri Batasuna koalizioa atera zen garaile Hernanin eta Juanjo Uria izendatu zuten alkate. Urte berean Gernikako Estatutua onartu zen. Baina askorentzat ez zegoen bermerik euskal herritarren subiranotasuna, lurraldetasuna, hizkuntza eta eskubide sozialak errespetatuak izateko. ETAren bi adarrek —miliak eta polimiliak— jarduera armatuarekin segitu zuten, indar polizial eta parapolizialek inpunitate osoz odoldu zituzten kaleak, eta ilusioz hasitako hamarkada hark norabide ezezaguna zeraman beste hamarkada bati egin zion toki.

Urko Apaolaza Avila