Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegaciķn [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

BERTSO JARRIAK ZERUKO ARGIAN IRAKURGAI

 

      (Basarri:) Ereņozu ballarako Luistar bat dezute ondoren irakurriko dituzuten bertsoen egille. Donosti’n izandako Aizkora Txapelketa gai artuta, ara zer lore sorta eskeintzen dion Polipaso’ri. Maiteak dira bertsolariak Zeruko Argian. Poz pozik ematen dio toki Ereņozu ballarako luistarrari.

 

             I

Milla urte ta bederatzireun

irurogei ta bostian,

ilbeltz illaren amazazpian

jokatu zan Donostian.

Aizkolarien zeingeiagoka,

nai zuna Espaņi guztian.

Ta sei euskaldun bildu ziraden

ango sarien eskian.

 

             II

Bizkaiatik bat, Gipuzkutik bi,

eta beste iru napar.

Seirak batera bota zituzten

neurtu zezatela alkar.

An egun artan gertatu zana

joko geienak or dakar,

onen guziak bilduta ere

batek irabazi bear.

 

             III

Amabiņa egur jarri zizkaten

irurogei ontzakuak.

Abildadiak neurtzeko, noski,

izango dira naikuak.

Danok ao batez esaten degu

ura ikusitakuak

iņork pentsatzen eztun tokian

kantatzen dula kukuak.

 

             IV

Gorritiarra gogor ari zan

lenbiziko egurretik

mutil bizkorra, ta nerbioak

irten zitzaizkan neurritik.

Amaikagarren puska ebaki

zuen bastantez aurretik

Ta azkenean txapela galdu

iru segundorengatik.

 

             V

Azkenengoan asi ziraden

gauzak zijoazen estu,

ordun daukana agertu bear,

geroko uzterik eztu.

Polipaso, zuk egin zenduna

nola ordea sinistu

lendabiziko egurra baņo

minutu bat leno moztu.

 

             VI

Ardi galdua bezela ibili

edade ederrenean,

ogeitamalau urte eginda

asi aizkora lanean.

Aurten berrogei ba-dituzu ta,

oraindik sasoi onean,

danen txapeldun jarri zerade

aitondu zeradenean.

 

             VII

Zartuta gero asi ziņaden

egur aiek ebakitzen,

olakoa izan zindezkeanik

etzitzaigun iruditzen.

Zenbateraņo irixten zeran

zalla dago igerritzen,

kolpe bizia, ta petxu ona;

indarrik etzaizu aitzen.

 

             VIII

Gorputz aundia daukazu baņa

eztezu oso motela,

len asko geunden orrelakorik

sinisten ez genduela.

Gaur ikusita aitortzen degu

onena zu zeradela,

Santo Tomas’ek Jesukristo’kin

egin zuena bezela.

 

             IX

Polipaso, zuk egin dituzu

marka ikaragarriak,

olako seme askorik eztu

mantendu Euskalerriak.

Baņa arbola zarran ondoan

ba-datoz gazte berriak,

ta oien aurka jun aurretikan

ondo garbitu begiak.

 

             X

Aizkolarien txapela dago

Ernaniarran eskuan

argi oneko eguzki printza

sartua da Gipuzkuan.

Jaungoikoaren saria da ta

gorde kutxa urrezkuan,

ta gaur daukazun sasoi orrekin

eduki urte askuan.

 

[Luistar bat, Zeruko Argia, 1963-2-21, 6. orria ]

 

 

 

ZERUKO ARGIAN BERTSOAK
ARGITARATU ZITUZTEN HERNANIARRAK
(http://argia.eus-en ikusgai)

 

 

60KO HAMARKADAN

 

            — Sebastian Salaberria (3 sorta)

            — Juan Marko (2)

            — Arruarte (8)

            — Florian Oiarbide (6)

 

      (Basarri:) Bere bizitza guzian izan du Salaberria’k bertsotarako zaletasuna. Entzutea, besteak jarritakoak irakurtzea, ta berak jartzea gustatzen zaio, beta dunean. Jun dan udazkenean Iturriotz gaņean jokatu zan sega-apustua, estua ta bikaņa izan zan gogotik. Bere entzuera urtetan izan dedin, ona emen Salaberria’k moldatutako bertsoak.

      Ongi etorri, Sebastian, Zeruko Argiaren orrialdetara!

 

             1

Milla beatzireun irurogei ta

aurten laugarren urtean,

apustu latza ikusi degu

Iturriotz’ko partean.

Bi segalari janean zeuden

gutxiņez urtebetean.

Oien barrenak etzeuden lasai

alkar probatu artean.

 

             2

Ogeitazazpi egun agorrak

azkenengo igandia

goizean garaiz mendi aldera

abiatu zan jendia.

Modu artako giroak ere

gutxitan izaten dia,

otzaren beldur aundirik etzan;

ezin eskatu obia!

 

             3

Iritxi giņan Iturriotz’a

asmo au artu gendunak.

Eta biotza alaitzen zuen

emengo edertasunak

amabi milla kristautik gora

eta danak euskaldunak.

Maizago egin bear giņuzke

olako alkartasunak.

 

             4

Ezpadegu nai gure izkuntza

eta oiturak galtzea.

Gauzik onena dala uste det

mendiz mendi ibiltzea.

Zer atsegiņa Iturriotz’en

ainbat euskaldun biltzea

danen zaindari goien degula

Ernio’ko gurutzea.

 

 

             5

Sarrerak artu eskuetan da

sartu giņan belazera

berealaxe aitona zar bi

neregana jolasera

nork irabazi bear ote du?

lendabiziko galdera

erantzun nien: “kezka ortatik

laister aterako gera”.

 

             6

Bi segalari ain umill beren

maixuaren esanean

segak eskutan artu zituzten

ordua eldu zanean,

saio latzari ekin zioten

amaikak jo zutenean

ordubata arte an jardun ziran

gelditu gabe lanean.

 

             7

Zulaika degu Zarautz’koa ta

Aburuza Oiartzuarra

biak dirala segalariak

dago aitortu bearra.

Motorra duen tresnaren gisa

ebaki zuten belarra

txikia ona dagola baņa

aundia ere ez da txarra.

 

             8

Irabaztuna Zulaika degu,

jendeak jo dio txalo.

Marka polita jarri ote dun

artu degu errezelo.

Zortzi milla ta zazpireunekin

berrogei eta lau kilo,

belar mordo au botako bada

eztago egoterik lo.

 

             9

“Eun larogei eta amarri”

txikian alde trabesa.

Ori entzunda askok au zion:

“nai duenak artu beza”.

Irabaztuna nor izango zan

asmatzen etzan erreza

amabi kilo gutxiagokin

gelditu da Aburuza.

 

             10

Bi gizon bata bestean aurka

segan ziranetik asi.

Ezta burruka gogorragorik

Iturriotz’en ikusi.

Orrenbeste lan egiten dunak

galtzerik eztu merezi.

Baņa jokoak ori du txarra:

biak ezin irabazi!

 

             11

Bazkal ordua iritxi zan da

sabelak zeuden zimurrak.

Baņa jendea etzan egon an

jan da edateko beldurrak.

Mendi oietan zabaldu ziran

ogi ta ollasko ezurrak,

egun batzutan etziran gaizki

orgoiko artzai-zakurrak.

 

             12

Iturriotz’en joka izan da

makiņat sega-apustu.

Baņa gutxitan ibili dira

oraingoan bezin estu.

Bietan batek galdu bear du:

ez iņork kopetik beztu.

Alkarri eman bostekoa ta

gorroto txar danak aztu.

 

[Sebastian Salaberria, Zeruko Argia, 1965-loraillak 30]

 

* * *

 

      (Basarri:) Oso ondo ari zerate portatzen euskaldun bertsolariok. Zeruko Argiak eztauka asteroko bertso sail onen paltan gelditu beldurrik. Lan asko dauzkagu jasota, ta danak batera ezin argitaratu. Txandaren zai egon bearra dago oraingoz. Ez ordea estutu, denborarekin danak azalduko dira ta. Pozik gera ain langille agertzen zeratelako.

      Doinua: Ezkondu eta ezkongai.

 

        1

Guk ba-daukagu laguna

emen ondo zegoana

artzai Amerika joana.

Kontatu nai det andik onera

abixatutzen duana

amets batzun eramana

itxutu diruangana...

eta sortu zaio lana!

 

        2

Euskalerri ontatikan

sei urte dira joanikan

supritzera Amerikan.

Ai, garai artan bere etxean

jan eta edanetikan

etzan ezeren paltikan

baņa asko nai patrikan

joan zan orretxengatikan!

 

        3

Iritxi zan egunetik

nagusi baten ondotik

abiatu zan barkotik.

Gutxienez joan ogei legura

auzorikan urrenetik,

esanaz bere burutik

zartu baņo lenagotik

eztiat ezeren paltik!

 

        4

Mendira igo zanean

asi baņo len lanean

ardien aldamenean;

nagusiakin tratua egin

oso soldata onean

seireun pezta egunean

ordaintzeko nai zunean

iru urte barrenean.

 

        5

Urteak joan dira errez

diru pozaren indarrez

gaņeztu zalako urrez.

Nagusia bai eztia bezin

goxo itzegiten aurrez,

ta orain idea txarrez

zor diona ordaintzen ez,

urtutzen dago negarrez!

 

        6

Dirua dala merio

mendi artaraņo io

orain an dabil serio.

Nagusiari soldata eskatu,

bueltan bereak aundio,

ikaratzeko, propio,

pistolakin desapio,

iltzeko egiten dio.

 

        7

Ainbat urtean lan egin

geroko esperantzarekin

orrek ematen dio min.

Orain gizon bat lagundutzeko

nun daukan nai luke jakin

saiatutzeko arekin

zerbait eskuratu dedin

utsikan nola aldegin?

 

        8

Berak, euskeraz aparte

eztu jakingo itz bat-e

nora emango du parte?

Nagusi arek morroi tontoa

izatea eztu kalte

debalde ainbeste urte

aurrera-re nai dan arte,

antxe edukiko dute.

 

        9

Era ortako nagusik,

enuke esan naiguzik,

baņa ba-dira ikusik.

Berak naiz bizi dirua edo

interesarekin josik,

eta tokatzen dan sosik

supritua irabazik

morroiei eman nai ezik.

 

        10

Pobrearen ibillera

jango badegu lanera

joan bear norabaitera.

Baņa pausoa ematerako

kontuak ondo atera

gure lagunaren era

orrenbeste supritzera

zertako joan apartera?

 

[Juan Marko, Zeruko Argia, 1966-azillak 20]

 

* * *

 

      (Basarri:) Irakurleok ondo dakizutenez, itz berdiņeko bi punturi “poto” esaten zaio bertsotan. Itzak berdiņan izanarren, oso esan-gai desberdiņekoak izan daitezke ordea. Orduan eztago “potorik”: merituzko bertsoak dira alakoak. Ernani’ko Arruarte’k burua nekatu du ontan.

      Lau ta bost puntuko bertsoak irakurriko dituzute. Itz berdiņak; esan-nai desberdiņak. Irakurri astiro.

 

 

NASKETA

 

        1

Apusturako neuzkan

jarriak bi ari,

batek ez du balio

albiņo bat ari.

Ta alperrik gastuan

ez nuke nai ari

pentsu asko ez diot

nik emango ari.

 

        2

Arrobin ari danak

baditu bi alde,

suertea aurka izan

edo izan alde.

Eta gorde lekurik

ezpadako alde

sua datorrenian

urrutira alde.

 

        3

Kanposantua dago

ornitua illez,

nola nere burua

bizarrez ta illez.

Asko baitira junak

abenduko illez,

ni ere makur baņa

oraindikan ill ez.

 

        4

Naparruan erri bat,

izena du Bera,

ta bertako jendea

oso biotz-bera.

Begiratu ezkero

ondo goitik bera,

danetan politena

izango da bera.

 

        5

Lagunak erregia

eztakit or duan,

baņan eztet utziko

oraingo orduan.

Ezpadegu botatzen

biar dan orduan.

Musian zertarako

ibilli orduan?

 

        6

Ni amerikatikan

etxera eltzian,

oi, gutxi gora bera,

bikuak eltzian.

Or ikusiko dituk

urriak eltzian,

batzuek astintzeko

kasketak eltzian.

 

        7

Iru kapoi daduzkat;

emia ta bi ar,

ernegazi nautenak

makiņa bat biar.

Baņan salketa txarrik

eztet egin biar;

ta zuk oietakorik

ezpadezu biar

perira juango dira

gaur edo biar.

 

        8

Bide egiņan ibili

gerade aldian,

ala baita oitura

Ernani aldian:

orain obeto daude

len zeuden aldian

baņan nola etxetik

eztagon aldian,

galdezka asi ziran

bukatu al dian.

 

[Arruarte, Zeruko Argia, 1968-dagonillak 25]

 

* * *

 

MUTIL ZAR BATEN AITORKETA

 

        1

Aitorketa nerea

urtetik urtera,

ta bizi motxekoa

egiz esatera.

Lengo obenak berak

gaņean ostera,

damutasun sendoa

ote zan atera?

 

        2

Lengo penitentzia

egin nuan dana,

zerbait alderatzeko

Jaungoikoangana.

Ta saiatzeko parten

zuzentzen al dana

au da argaldadea

nik dadukadana!

 

        3

Egite onak aztu,

okerrean oitu,

gorputza baldanduta

anima ere loitu.

Bear ez dan moduan

diru danak aitu,

griņa txarren indarrak

menderatzen gaitu.

 

        4

Nere mingaņa dago

purgaren premian,

otoitz garbirik ez du

egin aspaldian.

Birau gaiztoak jarri

Jaungoiko aundian,

ez itzegingo banu

euskera garbian.

 

 

        5

Nere elizarako

gogorikan eza,

zertaraņo dan ez da

neurritzen erreza.

Egite txarretako

ainbesteko presa,

ta gerorako utzi

igandeko meza.

 

        6

Ez naiz oroitzen zerzor

diodan amari,

ain gutxi laguntzerik

premian danari.

ta eskerrak emanaz

osasun onari,

otoitz bat egin gabe

sekula Jaunari.

 

        7

Bosgarren agindua

iņor ill ez baņa,

gorrotoa bai, noski,

maitasuna aņa.

Eta bekaitza ere

zabaldua zaņa,

indar kaltegarriak

artu dutegaņa.

 

        8

Gorputza asetzeko

aragiak nastu,

eta anima berriz

deabruan esku.

Pekatura joateko

Jaungoikoaz aztu,

orrela dabillenak

azken onik eztu.

 

        9

Zerbait galtzen bazaio

bere jabeari,

jirako diotenik

ez geiegi ari.

Olakoan begiak

jartzen zaizkit argi,

ezer ez dan lekuan

atzaparrak garbi.

 

        10

Astean erdirako

patrikarak utsik,

biotzetik triste ta

doi doi ortxe zutik.

Billatu eziņikan

prestamo laguntzik,

merezi nuan parra

ez dit egin gutxik.

 

        11

Aurrezki kutxak daude

emengo ta ango,

sos batzuek sartzera

ote naizen joango.

Baņa egon ditezke

sinistuta ondo,

oiek nere kontura

ez dutela jango.

 

        12

Edanean sarritan

gaņez egin neurriz,

tamaņan ibiltzeko

nere gogo urriz.

Gero nere burua

esnatzean berriz,

zenbat aldiz obea

azarena balitz!

 

        13

Nun ote zabiltz nere

izar gidaria?

betik laņopean

al zaude jarria?

Eman zaidazu, arren!

bear dan argia,

ikusteko galdua

nabillen bidia.

 

[Arruarte, Zeruko Argia, 1968 urriak 6]

 

* * *

 

      (Basarri:) Ernaniko Ereņozu ballaran bizi dan Florian Oiarbide datorkigu bertso sortatxoarekin. Ogeitairu urte betetzera dijoan gaztea dala esaten digu. Ikusten eta somatzen ditun gauzak agertzen dizkigu itz neurtuz.

 

        1

Bertso berri batzuek

nua ni jartzera

orra, asiera!

egiak azalduaz

gutxi gorabera.

Ogeita iru urte

nua egitera,

orrengatikan nator

gauz au esatera,

gaurko gaztediaren

berri ematera.

 

        2

Gu gazte geradenok

geienean alai

al degunean jai,

beti jarrita gaude

igandearen zai.

Ederki jolastuaz

ibiltzeko nunai

zine ta billeratan

tabernan ere bai...

gabeko amabiak

alde arte, lasai.

 

        3

Alaitasuna dago

gure inguruan

bear dan moduan,

aurrekoak olaxe

ziraden munduan.

Baņa pentsatu onek

zer esan nai duan

etsaiak zirikatzen

dabiltza onduan,

txorakeri geiei

daukagu buruan.

 

        4

Oraingo neskatx askok

kalera juanda

billaturik denda,

galdetzen dute gauza

berririk bai al da?

An esaten diote:

au da orain moda,

laister artutzen dute

dirua emanda

danak jantzi nai dute

“ye-ye” “mini-falda”.

 

        5

Larri zegon jendea

moda jarri arte

artutzeko parte,

oraingo neskatillak

gona motzak maite.

Dutena azaltzeko

lotsarik ez bate,

orrela ibiltzea

berentzako kalte,

seigarren aginduan

utsegiten dute.

 

        6

Alde guzitan dauka

moda orrek sona

baņa ezta ona,

neskatilla gazteak

jantzitzen dutena

ikusitzen badegu

orrelako gona,

pentsamentu gaiztoa

dator guregana,

pekatuan jartzen da

jator dagoana.

 

        7

Ara oraingo beste

gauza bat berria

ain lotsagarria!

mutillak ille luze

ikaragarria.

Neri iruditzen zait

eztala garbia,

askori indartuko

zaiote zorria,

ori ere daukagu

gaur modan jarria.

 

        8

Askok egiņagatik

moda orri parra

ba-dauka indarra,

eztet esango danik

denentzako txarra.

Baņa bai al zegoan

gauz orren bearra?

zuk iritzia eman

euskaldun jatorra,

ez al degu obea

lengo lege zarra?

 

        9

Neskatx eta mutillak,

gazte geradenak

eta guk geienak,

biar edo etziko

andre ta gizonak.

Guretzat mesedea

itzatea onak,

adiskide, ezagun,

ta gure lagunak,

alkar lagunduz bizi

bear degu danak.

 

        10

Amar agindu onak

Jaunaren legean

gorde bearrean.

Berak jarri zituan

guretzat onean.

Danok ibilitzeko

oien esanean

saiatu gaitezen ba

bide zuzenean.

Agur gazte danori

nere izenean.

 

[Florian Oiarbide, Zeruko Argia]

 

 

70EKO HAMARKADAN

 

            — Juanjo Uria (sorta 1)

 

 

80KO HAMARKADAN

 

            — Julian Ezeiza “Aterpe” (sorta 1)

            — Joxe Mari Arrieta (3)

            — Beltza, espetxetik (2)

 

 

ZORION EGARRIA

 

        1

Bertso batzuek jartzera,

besteren beta artzera,

neretik egan nijoa zure

sukalde ertzera.

Biotzetikan ortzera

barruko kezkak lertzera...

Bakardadean sortzen diranak

zuri agertzera.

 

        2

Zelaietikan egira

gure pausoei begira,

jarri ezkero au galdetzen naiz:

beroiek zer dira?

Ondasunaren dirdira

bakoitzak bere zagira

sartu nai baņo denok osorik

iņork ez erdira.

 

        3

jartzen bagera gaņetik,

zeņen era apaņetik!

itzgozo eta lore ederrak

sobre mingaņetik.

Baņa zer da ezinetik?

arek dakarren miņetik?...

Zulatzen bada odola dator

bizi dan zaņetik.

 

        4

Gutxitik azkar askora

pasa nai ori kaskora...

Alde aundirik bai al da ortan

zintzotik gaiztora?

Begira bera ta gora,

galdetu nor dan gustora:

Aitzurrak sarde izan nai luke

ta segak aizkora.

 

        5

jaiotzen negar arrantza,

gero kezka ta zalantza.

Zer da ordea gizarte onek

jarri digun dantza?

Lore arteko arantza...

Nortasun ustelan gantza...

Berak nai gabe ernaldutako

emearen antza.

 

        6

Nork du nai ainbeste zori?

Arre erantzun isori,

lenez gaņera indartu zaigu

naikoa gaitz ori.

Denok, beltz, zuri ta ori

orra aazturan erori:

leoiak leoi bear duela

ta txoriak txori.

 

        7

Soro batetik bestera

larre obeen eskera

gabiltzan ardi artaldekoak

baizikan ez gera.

Biar guztiok ostera

atzo moztuak moztera,

albokoaren samiņarekin

geronak poztera.

 

        8

Bei bide errezean

artzaiaren babesean,

lasto apur bat eman dezaigun

larrerik ezean.

Arkumeak jolasean,

ardi zarrak solasean,

aotik jaten ez dan bazkatik

ezin txit asean.

 

        9

Artaldetikan igesi

joateko ezgiņan ezi,

ez bai da errez austea zerbait

langa eta esi.

Ametsa edo eresi

zer dan nik ezin berezi,

baņa gizonak ari izaterik

ez luke merezi.

 

        10

Zorionaren atean

norbait egunen batean

sartuko balitz, aurki dedilla

betiko pakean.

Luzaroko illunpean

bizi osoko epean

erori gabe topatzen bada

illargi betean.

 

[Joxe Mari Arrieta, Argia 1985-5-26]

 

* * *

 

LEIHOTIK BEGIRA GILTZAPEAN

 

      Doinua: Bart arratsean etorri nintzen... (Txirrita)

 

        1

Orain pentsatzen jarri naiz eta

nik hitzegin nahi dutela

tapaturik ohean gorriak

ikusten ari naizela

leihotikan kanpora begira

nahiko bero dut odola

kaiolan sarturikan txoriak

egoten diren bezala.

 

        2

Txoriek ere atea noizko

dioten ba irikiko

beharra gaur ere horretan lo

hartzea nik nerekiko.

Gauean ametsetan goizean

berri ona izateko

eskerrak amets hauekin poza

izaten den bizitzeko.

 

        3

Egunekoa amaitu eta

orain nago txapaturik

leihotik begiratutzen nago

ez dago argi pizturik

ohean etzan buelta ta bira

ez dut batere logurik

umoreari esker ari naiz

bertsotan bakar bakarrik.

 

        4

Gaur ere ni sartu naizenean

hemengo mantape hontan

eguneroko izarak ditut

bakarrik nago hizketan

begientzako bista alaia

zeruko izar hoietan

lagunak lo daude gehientsuak

bakoitza beraren kotan.

 

        5

Askok nahi digute betirako

preso ta gainez lotuta

gogoan izan dezaten hauek

ez gaudela gu galduta

momento askotako txarrenak

pasatzen gaude ohituta

jende askok uste duen baino

hobeto gaude zailduta.

 

        6

Entretenigarri haundirikan

ere ez dugu txabolan

gauza urriak izaten dira

gu gabiltzan lekuetan

komon eta arraska txiki bat

ohea ta mahaia burnitan

jantziak txukun izatearren

balda eskas batzuetan.

 

        7

Erratza bat ere badaukat nik

txabola ez dut hain garbi

mahairen gainean liburuak

hiztegi bat, lapitza bi

beste muņeko bat zintzilikan

bere bibote ta guzti

horrela edukiko nituzke

kartzelero hauek beti.

 

        8

Aitortu nahi dut ere amets bat

gertatzen dena sarritan

teorikan izadia maite

dut bihotz bihotzetikan

ikusi gabe urteak hemen

belar eta zuhaitzikan

ala ere poztutzen naiz eta

ikusirik telebistan.

 

        9

Euskal Herriak ez gaituela

nahi gu hemen betirako

espainolak ez badute argi

errez dute ikasteko

beren iritziz ekarri gaitu

hemen gogor zigortzeko

euskaldunak Euskadirengatik

ez dugula guk etsiko.

 

        10

Amaitu behar dut gaurkoz ere

nere saiotxo ttipia

gorantziak bidaliz gogotik

hor zauden lagun maitia

zuk utzitako txabola daukat

berriro hemen betia

zorion aspaldiko lagunak

Piti Sarrionaindia.

 

[Beltza, Argia 1985-X-14]

 

 

2000KO HAMARKADAN

 

            — Jexux Mari Irazu (15 sorta)

            — Maialen Lujanbio (10)

            — Unai Agirre (4)

            — Aitor Mendiluze (1)

 

      Argian “Bertso berriak...” atala izan zen 2006tik 2012ko uztailera. Astero, sei bertsoko sortak argitaratu ziren bertan.

      Hernaniko bertso eskolan sortu zen ideia. Merezi duela bertsoak iritzi sailean leku bat. Jendeari eman behar zaiola bertso jarriak garatzeko toki bat, bere funtzioa duena: argitaratu eta onak badira jendeak komentatu eta ikasi egiten dituela.

[Estitxu Eizagirre]

 

 

DOPINARI JARRIAK

 

      Doinua: Juana Bixenta Olabe.

 

        I

Bizitzak zenbat gurpila ditu?

Bi beharrean hiru balitu!

Zenbat ziaboga, zenbat palada

itsas olatu, uhin balada

muskulu masa

odola, hormona edo arnasa...

baina ez da deus berririk pasa.

 

        II

Zergara geurez, zer da laguntza?

Nondik aurrera ezin da bultza?

Estutu eta behartzen baitu

zerk eraginda nork jartzen gaitu

lehia hutsean

dopina bera ere funtsean

buruan dago ez gorputzean.

 

        III

Zer eskandalu, zer harridura,

hutsa urruti balego hura.

Etxean nola ote gabiltza?

Guztia al da pasta ta pizza?

Giharrak sutan

afizionatu eta heldutan

eta edozein asteburutan.

 

        IV

Muga-helmuga arteko herrak

ta interesen arteko gerrak.

Orain gurpilak haizez hustuta

baloia berriz puztu-puztuta

borobil, bitxi

nahiz Europan ez aterik itxi

Alemaniara ez da iritsi.

 

        V

Antidopina, famatu bila

langilea izorra dadila!

Alemanian putetxe berria

Mundialen aitzaki jarria

larrua uzten

analisitan ez al da ikusten

zer hartu beharko ote zituzten?

 

        VI

Ta politikan ba al da dopinik?

Garbitik zenbat duen jakinik...

Berdin du legez zein legez kanpo

gehienak ere hartzeko pronto.

Ta bertsogintzak?

Ba al du dopinik ahozko hitzak?

Analisitan ez dator behintzat.

 

[Jexux Mari Irazu, Argia, 2.049. alea 2006-07-16]

 

* * *

 

ZUBIETAKO ERRAUSTEGI PROIEKTUARI JARRIAK

 

      Doinua: Iparragirre abila dela.

 

              I

Urnietan zen hasieran ta,

Arizetara hurrena

Landarbasora eraman gero

Zubietara azkena (?)

Gipuzkoa Hiria?

Ez, gaitz sirimiria

hondakinetan barrena

zer komon klase jarri bakarrik

ote da gure problema?

 

              II

Ez noski baina, hori ere bai

ta sudur puntan duguna

lehendik ere Gipuzkoan dena

ez baita larros lurruna

San Markos edo Lapatx

ingurua zabor hats

inzineradora suma

ta proiektua bera da orain

kiratsa botatzen duna.

 

              III

Hiri zaborren tratamentua

bada arazo itzela

alternatibak aurkeztu baina,

onartu ez badaudela

erre egin behar erre

ezin beste ez erre

ezin dela, ezin dela

aberasteko beste modurik

ez baleukate bezela.

 

              IV

Organikoa ongarri egin

ta konpostajea labe

begiratu nahi duenarentzat

adibideak badaude

ta Gipuzkoan bertan

politikaren bueltan

ikusi berriak gaude

nola erre ta desegin leiken

erraustegirikan gabe.

 

              V

Zaborrei beste tratamentua

emateko ahalegina

aldika gogor, hurrena damu

ardurei uko egina.

Erakundeei kaņa

kulpak besteri bana

geuk sortzen dugu zikina

ta politikan ere batzutan

ez da oso desberdina.

 

              VI

Hiri hondakinak ez erretzea

ez da aterako merke

legeak asko lezakeenik

sinestea bera neke.

Hauteskundeetan zer

aldatuko al du ezer

kalea ere trabaz bete...

Baina denetan indarra eginda

buelta etorri liteke.

 

[Jexux Mari Irazu, Argia, 2.080. alea 2007-03-18]

 

* * *

 

KALE BIZHITSARI JARRIAK

 

      Doinua: “Errota zahar maitea”.

 

           I

Hauxe egun motela...

denbora ez-gauza.

Tabernako barraren

kanpoaldean dautza

erratzak daramala

harlauzaz harlauza

astelehen akitu

zahar baten zerrautsa.

 

           II

Ez du aste hasieran

jotzen eguzkiak,

astelehen ta astearte

astelehenduz biak.

Herri ilun, kale isil,

espaloi bustiak,

sotoek irentsiak

bizidun guztiak.

 

           III

Sortu asteazkena,

ta noizko adio...!

Bar-man bakartuari

luze dohakio.

Pintxoari mahonesa

tanta bat dario...

goizez jausten hasi ta...

eutsi egin dio.

 

           IV

Ostegun mortuetan

hego-bako hontza,

eskuak patriketan,

zeharrean poltsa,

gau hutsari eztula

egiteko lotsa.

Etxe zuloetatik

“teleberri” hotsa.

 

           V

Egun anfibio bat

bi jaien gerizan,

promesa eternoa,

biharko peskizan.

Jausi da ostiral bat

asteroko gisan,

zerbait zirudiena

ta ez zena izan.

 

           VI

Azkenik larunbata!!

ta antsia jasa!

Whisky, insalus, rona,

kubata, gin-kasa,

WC ta WC

pasa, pasa, pasa!

Izerdia, musika,

tabako arnasa,

litroak, isuriak,

humanoide masa,

jendetza, uholdea,

kaosa, anabasa.

farra, farranda, besta,

manboa, desfasa,

aluzinantea txo!

topea, demasa!

Kristoren martxa dabil!

Tumatxa gaupasa!

 

Hauxe egun motela...

denbora ez-gauza.

...

 

[Maialen Lujanbio, Argia, 2.129. Alea 2009-03-23]

 

* * *

 

URUMEARI JARRIAK

 

      Doinua: Zaldi zuriarena.

 

          I

Ezkurran sortu eta

bidea badaki:

Goizuetan barrena

sartzen da aurki.

Donostiraino doa,

luzea izaki.

Ibai edo errio

zuek erabaki.

Harrien tapaki

ta zentralen jaki.

Moztu ta ebaki

mila adabaki.

Aurten makina bat ur

badaramaki.

 

          II

Urumea dijoa

neurritik irtenda

azken astetakoak

nola zerrenda?

Inguruko ur denak

irentsi ta benga!

Aldeginda hor dabil

handi egin zen da.

Bidea ta xenda

garaje ta denda

maite ditun prenda;

guk nola defenda!

Atea ireki gabe

bera sartzen da.

 

          III

Karabelgo zubitik

jarri naiz begira

—ez dakizuenontzat

hau Hernani da—.

Errioa hor dator

karga eta tira

futbol zelaian sartu

rugbykoan jira.

Beste alderdira

antzeko dizdira

txikitik handira

aldatu da di-da

baratzeak arrozal

bihurtu dira.

 

          IV

Urumea ibaiak

baditu bi parte

diferenteak nola

hau eta Marte.

Zikuņagaz goikoa

jotzen det aparte

baina behera ditu

hamaika aldarte.

Gure estandarte

Donosti bitarte

ia etxe tarte

batean dakarte...

Zuzen joaten da baina

aspertu arte.

 

          V

Arkitekto, sailburu

tekniko, apaizik

arrastoan sartzeko

ez da kapazik.

Urak ez du ezagutzen

regla ta konpasik,

bide berririk edo

milagro errazik.

Ez dauka jolasik

ez dauka arnasik

ez du egin kasik

ez dakien gauzik

lehen kendutakoa

eskatu baizik.

 

 

[Unai Agirre, Argia 2.174. alea, 2009-03-01]