Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 MIGEL AROZAMENA LARRALDE | MANUEL HUIZI LEGARRETA | HERNANI 

 

bertsolariak

MANUEL HUIZI LEGARRETA

 

1932an Aranon jaioa

35 urtez geroztik Ereñozun bizi da

 

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

      Gure osaba Ramon Huizik eta auzoko batek bertsotarako afizio handia zuten. Osaba Hernanin aritzen zen lanean eta asteburutan joaten zen Aranora. Ferietan erositako bertsopaperak ekartzen zituen.

      Xabier Legarretaren aita eta ni lehengusu propioak gara. Xabier Legarretaren aitona eta nire ama, anai-arrebak.

 

 

FELIPA HUIZI

 

      Nik arreba bat neukan, lau urte zaharragoa, Felipa Huizi (Olazaharrera ezkondua, Amaia Otxotorenaren amona). Nik ez dut dudarik egiten, gaur 20 urte balitu hura bertsotan ibiliko zela. Irakurtzeko zuen afizio bat! eta kantatzeko ere bai. Orduan pentsatu ere ez zen egiten emakumeak bertsotan egiterik. Ikasitako bertsoak kantatzen aritzen zen eta gu hari entzunaz.

 

 

ARTOZURITZEAK

 

      Etxeetan biltzen ziren artoa zuritzera. Ni ere ailegatua naiz, Aranon, arrebekin, besteen etxeetara. Txistea kontatu, bertso zaharrak kantatu... horretan aritzen ziren gure arreba eta ere, baina bat-batean ez.

 

 

ARANO

 

      Anaia Ramon eta biok bertsotan aritzen ginen, geure kasa. Aranon ez zen bertsotarako halako afiziorik, tabernan ez zen bertsotan egiten. Urte zahar gauean kopla kantari aritzen ginen baserriz baserri. Soinuarekin joaten ginen eta koroak “dios te salve” kantatzen zuen eta nik atzetik bertsoa, etxe bakoitzari buruz. 24 urterekin hasiko nintzen kopla kantari. Horrela hasi nintzen bertsotan.

 

 

LANA

 

      Consorcio Comunal Basozale bazkide talde bat zen, mendiak erosi eta pinuak aldatu zituena. Soldaduskatik etorri eta haiekin hasi nintzen lanean. Handik pare bat urtera Leizaran erosi zuten eta hara pasa ninduten. 45 urte egin nituen nagusi berekin. Gero Foru Aldundiari saldu zitzaizkion lur horiek denak, eta nik jada 62 urte nituen eta erretiratu egin nintzen. Ni ez naiz aldundiko basozain izandu, beti partikular ibili naiz.

      Garai hartan ez zegoen adelanturik saioz saio ibiltzeko. Apaizak eta udaletxeko sekretarioak zuten Aranon telefonoa, eta lokutorioak. Hara iristen zitzaizkidan abisuak, eta handik oinez etortzen ziren abisua ematera. Kotxea banuen eta harekin joaten nintzen.

 

 

NAFARROAKO TXAPELKETAN

 

      Hiru aldiz atera nintzen Nafarroako Txapelketan (1962, 1963 eta 1966an). Hiruetan finalera pasa nintzen. Beti hirugarren-laugarren ibili izan naiz.

      Iruñeko “Vianako printzea” saria ematen hasi ziren eskoletan. Euskaraz zekien ume bakoitzari 40na duroko kartila irekitzen zioten. Gero egun bat ospatzen zuten, Ezkurran eta Eratsunen egin genuen urte batean. Umeei sariak banatzen zitzaizkien, hamaiketakoa izaten zen, eta bertsolariok joaten ginen. Niri askotan deitu zidaten hara joateko.

      1966tik aurrera ez zen Nafarroan txapelketarik gehiago antolatu. Jarri balute agian ez nintzen aterako edo agian bai, ez dakit. Baina orduantxe tokatu zitzaidan nerbioak pasatzea, hortzetatik operatzea eta bertsoa utzi egin nuen.

 

 

PLAZETAN

 

      Txapelketatik hasi nintzen. 1963ko udan dei batzuk izan nituen. Garzaronen (Nafarroa, Basaburua) frontoi berria egin zuten eta Anjel Aldaz eta biok kantatu genuen Santiago egun batean. Etxalarren bitan izan nintzen, batean Lazkao Txiki, Migel Arozamena, Bautista Madariaga eta laurok aritu ginen. Nafarroako Zubietan, Berastegin, Leitzan... Aranatzen jaialdi batean Manuel Lasarte, Andres Narbarte “Xalto”, Bautista Madariaga eta ni jardun ginen.

      Beste batean Florian Oiarbide eta biok Urnietan Bentan aritu ginen bertsotan afalostean, Paulino Beasaini soldadu joaterako egin zioten despedidan.

 

 

IRRATITIK

 

      Irratia oso goiz erosi nuen, eta Basarri aditzeko pozez egoten zen mendian jendea. Orain ere irratitik jarraitzen ditut bertsoak. Ez naiz plazara joaten entzutera, irratitik hobeto entzuten ditut, arreta osoa bertsoei jarriz. Gainera ederki grabatzen dituzte!

 

 

XALTO

 

      Santiotan Aranon seguru izaten geunen berarekin bertso atakea. Gero Goizuetako festetara joaten nintzen ni eta han ere aritzen ginen.

      Nik Xaltorekin amistadea eduki nuen. Konfiantza bai, elkarri bertsotan handiak esateko. Baina handik aurrera elkarri errespetua.

      Ereñozuko elizak ehun urte betetzea zuela eta Xalto eta biok jardun ginen.

 

 MIGEL AROZAMENA LARRALDE | MANUEL HUIZI LEGARRETA | HERNANI