Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

Orduko Hernani

 

      1936ko irailetik aurrera kasik Gipuzkoa osoa atzeguardian geratu zen. Hernani errepresio gune nagusi bilakatu zen udazken horretan, gauero hamarnaka lagun fusilatzen baitzituzten kanposantuko paretan, gehienak Ondarretako kartzelatik “libre” atera eta gero. Ez dira gutxi gau zital horiez herritarren memorian gordetako istorioak: tiro hotsak, odol arrastoak, hilotzez beteriko zabor gurdiaren gurpil soinua... Beldurra, horixe sentitu zuten gehienek une horietan, nori aldaba joko, zein atxilotuko.

      Errepresioa jendarteko arlo guztietara iritsi zen: kartzela zigorrak, derrigortutako lanak, purgak, konfiskazioak... asko izan ziren euren etxeak eta ondasunak inkautaturik ikusi zituzten hernaniarrak. Emakumeek zigor espezifikoak eta umiliazio publikoak jasan behar izan zituzten. Gerraosteko urte horietan emakumeen papera oso garrantzitsua izan zen; kasu askotan eurak bakarrik atera zuten familia aurrera, gizona hilda edo kartzelan zelako. Arrazionamenduaren ondorioz sortutako gose eta beharrak merkatu beltza sustatu zuen eta estraperloan aritzen ziren emakume errekarderak asko ziren.

      Bigarren Mundu Gerran, Ipar Euskal Herria eta Frantzia osoa nazien esku geratu zenean, kontrabandoan aritzen ziren horien esperientzia oso baliagarri izan zen mugalari lanak egiteko. Hernanin, Comete sareak funtzionatu zuen 1941etik 1944ra. Abiadore ingelesak Belgikatik Espainiara eramatea zuen helburu erakunde klandestino horrek eta hainbat hernaniarren laguntza giltzarri izan zen, horietan ezagunena dugu Florentino Goikoetxea, Altzueta baserriko semea.

      Alemanen porrota gero eta gertuago zela, nolabaiteko esperantza zegoen aliatuek Francoren kontra egingo zutela. Baina ez zen halakorik gertatu. AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko tentsioa tarteko, Espainiako diktadurarekiko hasierako gogortasuna lausotuz joan zen, 1955ean Nazio Batuen Erakundean onartu zuten arte. Urte gogorrak izan ziren euskal erresistentzia antifrankistarentzat, are gehiago Jose Antonio Agirre lehendakaria zendu zenean. 1960an abertzaleek hondoa jo zuten.

      Hala eta guztiz ere, aparatu frankistaren kontrolpetik eta zentsuratik ihes egiteko moduak bazeuden. Herri gehienetan elizari loturiko taldeen bidez lortu zuten euskalduntasuna adierazteko ekitaldiak antolatzea. Hernanin luistarren kongregazioa izan zen aktiboen, bere inguruko taldeek pilota partiduak, jaialdiak, antzerkiak, koroak eta abar antolatu zituzten eta honen baitan batu ziren gerraurreko eta gerraosteko hainbat abertzale, Juanito Olano edo Tiburtzio Odriozola kasu. Azkeneko honen bultzadaz hasi ziren 1962an Santa Agedako erronda egiten, oraindik ere kopla bidez eskean segitzen duen abesbatza.

      Euskararen egoera tamalgarria zen frankismoaren urte ilunenenetan, etxeetan zokoratuta zegoen eta etorkizuna beltza ikusten zen. Euskal Herrian baziren hainbat erakunde gerraren ondoren berregituratu ahal izan zirenak, horietako bat Euskaltzaindia izan zen. Euskararen arauketa antolatzeaz gain, 1956ko biltzarretik aurrera zabalkundeaz ere arduratu zen eta horren ondorioz Bertso Txapelketa Nagusiak antolatzen hasi zen 1960an. Urte horietan Gipuzkoako Bertso Txapelketa ere ospatzen hasi ziren, 1962ko finala Hernaniko Aitor Zineman egin zen, jendez lepo zela.

      1960ko hamarkadan nolabaiteko euskal berpizkundea gertatu zen, lehen ikastolak sortu ziren Hernanin Enseñanzas Urumeak 1962an ireki zituen ateak, Elbira Zipitriaren arrastoari segika eta kantagintzan Ez dok amairu gisako taldeak agertu ziren. Arlo politikoan ere mugimendu nabarmenak antzematen ziren. Jeltzaleen katarsia ezin eramanik gazte ugarik sortu berria zen ETA erakundearekin bat egin zuen. Pintaketak egiten eta ikurrinak klandestinoki zabaltzen hasi ziren, herriko paretetan eta mendi ibilaldietan... ez gutxitan agertu zen Hernaniko hilerrian ikurrina honako leloarekin: Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren, Euzko Gogoan toki berezia daukazue.

      ETAk bere ekintzak bizkortu ahala, frankismoaren errepresioa basatiago bihurtu zen. 1970eko hamarkada Burgoseko prozesuarekin abiatu zen, hainbat preso politiko heriotza zigorrera kondenatu zituzten eta horri erantzunez mobilizazio handiak izan ziren Euskal Herrian eta mundu osoan. Hernanin istilu larriak gertatu ziren Santa Barbara inguruetan. Francok abenduaren 30ean indultua eman zuenean, erregimena garaitzeko aukera bazegoela ikusi zuten askok.

Urko Apaolaza Avila