Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

PORTUKO BERTSOLARIAK

 

      Jesus! Makina bat saio eginak gara hor, (Portu auzoko Shangai tabernan)! Elizara baino horra txintxoago joaten ginen. Uztapide, Zepai, Txapel... ere etorri izan ziren. On horiek bakarrik ez, orduan baserrietan bertsolari koskor asko zen, tabernan bilduta bertsotan egiten zuena.

[Paulo Txikia, Argia 1831 zenbakia, 2001eko azaroaren 25a]

 

 

FERNANDO ITURRALDE “ANDOAIN”

 

      Beste bertsolari bat bazen oso polita, “Fernando Andoain” deitzen genion, Portun bizi zen. Gizaseme bikaina zen, kolore gorriak izaten zituen. Lehengo bertso zaharrak asko zekizkiena, Portuko festetan bertso kantuan nabarmentzen zena.

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

      Uztapide askotan joaten zen Xoxokara. Bakarrik edo bestela Fernando “Andoain”ekin. Behin gure aita joan zen entzutera, eta berak ekarri zuen Fernando “Andoain” etxera. Bidean esan omen zion: “bertsotan ederki egiten duzu, Fernando! Sekula ez zintudan hain ondo aditu!” “Baita berriz ere, Uztapideren ondoan! Bidea jartzen baitu!”

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

      Hark bai egiten zuen bertsotan! Uztapiderekin ikusia daukat, ederki egiten. Boza airean jartzen zuen.

[Pedro Joxe Mujika “Anatx”]

 

 

GRAXIANO ZUBELDIA

 

      Graxiano Zubeldia, Portukoa, Txirritarekin aritzen zen bertsotan. Tobera jotzen aritzen ziren bi anai, Portuko eta Oialumeko Goiarrotarrak.

[Juanjo Uria]

 

      Portuko ballarako Graxiano bat, eta Makala, ta Maldaburu, eta Eltzekondo ta aiek, egun guzian egongo zitezkean bertsoak aditzen. Eta bertso zarrak ere bai, bazekizkiten aiek egun baten kantatuko etzuten ainbat. Gizon galantak ziran, baña abots ederrarekin kantatu ere egingo zituzten aiek.

      Graxiano zanarena badakit bat, bertsoa alegia. Elgoibarren zegoan klinikan, beiak bota ta belaunean min artu ta Arrillaga’ren klinikara eramanda. San Isidro aurre ori zan.

      Joan giñan, ba, eta an zegoan gure Graxiano ori. Ia zer moduz ta ondo zegoala, baña lenago ederrak ikusi zituala, eta, ala, arek sei bertso etzituan ortik onerakoak kantatu; baña neri bat ez besteak aztu egin zaizkit, eta au, bisitatzera joan zanean, semeari kantatua:

 

Naiko janaia badaukak eta

ez akela egiñ olerik;

bei eru arek egiten al dik

len bezelako boterik?

Nik etzedukat etxe onetatik

puska batean joaterik;

etxeko lanak eiñ itzik zintzo,

bestela ez daukak doterik.

 

      Orrelakoxe aitonak ziran aiek; beti umore onean.

[Manuel Uztapide, Lengo egunak gogoan]

 

      Behin Ereñozun gaiak jarri nituen. Bukatutakoan Xalbadorrek ekarri gintuen kotxez Hernanira Uztapide eta biok. Halako batean Uztapide Portura begira jarri zen. Eta esan zuen: “Ño, hamaika egun gozo pasatako parajea horixe!”. “Bai, e?” esan nion. “Bai, Egañarenean izaten nintzen. Graxianoren etxean!”; “Mekasuen! Lehengusua genuen hori! Graxiano Zubeldia”. Egaña etxe hori Portun zen. Zubia pasa, hartu segituan eskuinera eta azkeneko etxea zen, erreka bazterrean. Uztapide askotan egona zen etxe horretan.

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

      Grazianok (Pedro Mari) Otaño ere ezagutu zuen. Baita bertan ikusi ere, Ernani’ko Karabel’go tabernan gure aitonarekin. Eta Grazianori aditu nion, bein Amerika’tik etorrita nola aritu ziran bertan. Orain dana ez naiz gogoratzen. Baiñan Otaño’k, saioa eginda, azkeneko bertsoa onela kantatu omen zuen:

 

Errera’ko ondoan

antxe dago Pasai,

aurrak eta emaztea

an daduzkat nik zai,

beste egun batian

kantako deu lasai.

 

      Ori kantatuta partitu omen zan.

[Paulo Zubiarrain, Gaziak eta gozoak]

 

      Bazuen terreno bat Akarregi aldean, eta Portutik etortzen zen, astoarekin eta karroarekin janari bila. Joaterakoan gure tailerraren parean pasatzen zen eta bueltakoan, Karabelgo tabernan geratzen zen zerbait hartzen, eta astoa bakar bakarrik pasatzen zen janariarekin gure tailerraren aurretik. Igual geratuko zen bertsotan tabernan! eta astoak bidea jakin.

[Antton Garin]

 

 

JERONIMO MAKALA

 

      Batean, kalean berandu bai omen zebillen, da ura orduan ere umore onean kantuan. Lo egiteko ere etzan izango garai txarra, eta serenoak txistu jo omen zion. Bestea irrintzika asi omen zan orduan, da serenoak txalo jo. Makalen aldera abitu omen zan, eta, bada ezpada ere, etxera joan omen zan Makala. Serenoak, urruti izan arren, ezagutu, eta urrengo egunean topo egin du serenoak Makalarekin. Ia zer formalidade zan esan omen zion, bart arratsekoa alegia.

      — Zer ba? Nik zer egin nuan, ba?

      — Kantuan ordu aietan! Nere txaloak eta txistuak ez al zinduzen aditu?

      — Bai, ba! Ondo ari nintzalako jotzen zenduala txalo pentsatu nuan nik, eta orduan da aundiagoak egiten nituan ujuak! Atzenean irrintzika ere jarri ninduzun! Serenoa ez omen zan oso gustora ere geratu, baña atzenean ere barkatu egin omen zion beintzat.

[Manuel Uztapide, Lengo egunak gogoan]

 

        1

Lengoan egon nintzan

Portu’ra begira,

gaztetan ibillitzen

giñaden tokira,

galdetuaz: «Orduko

aitonak nun dira?»

Joan ziran emendikan

oso urrutira.

 

        2

Graziano zarra ta

Joan Jose Andola

goratuko nituzke

banekike nola.

Iduritzen zait beren

ondoan nagola,

ezin baititut aztu

nik aiek iñola.

 

        3

Bat izaten zan beti

kuadrillako buru,

an alkartuko ziran

lau aiton inguru.

Aiekin alkartzean

bertsoak seguru,

Makala aterea

makiña bat orru.

 

        4

Jerolimo Makala

zalarik burua,

ura zan pakea ta

ura zan zerua.

Gaur ere artu leike

alako girua,

bañan mudatu zaigu

ederki mundua.

 

        5

Maldaburu ere etzan

izan lagun txarra,

gaur badago alako

batzuen bearra.

Bertsoa ta txistea,

broma eta parra,

ura zan Euskadi’ko

lengo lege zarra.

 

        6

Ia etxero bazan

sagardotegia,

bakallo errea ta

etxeko ogia.

Berriz noiz ezagutu

ain mundu garbia?

Parra egiten ere

aztu zaigu ia.

 

        7

Ernani’ko Portua’n

Sanghai’ko taberna,

ta nagusia Jose

izena zuena.

Antxen bilduko ziran

aiton jende dena,

erriak eman zuen

jenderik onena.

 

        8

Arratsaldea pasa

nola edo ala,

etzuten osatutzen

laukote makala.

Nik uste det zeruan

sartuko zirala,

ta an ere kantari

ariko dirala.

 

[Paulo Zubiarrain, Gaziak eta gozoak]