Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JOXE MIEL OTXOTORENA

 

Osinagako Bortoluene baserrian jaioa

Epele-torre etxean hila

 

Antonio Zubiarrain:
“Bortoluene Osinagatik gora igota dago.
Handik Epelera ezkondutakoa zen aitona”.
Iturria: http://mendienartean.blogspot.com

 

      Txirritaren bertsokoa gure aitona zen: “Joxe Mielek atera digu oso hizketa leuna”. Gure aitona Epelekoa zen eta “Bortto” deitzen zioten. Baina aitonaren etxea Epele-torre da. Arrebari galdetu nion: “Gure aitonari Bortto zertarako deitzen zioten?” “Borttolonekoa zelako!”. Aitonik ez nuen ezagutu nik.

[Antonio Zubiarrain]

 

 

JOAKINA ETXEBERRIA

 

      Aitona bertsolari ederra zen. Serioa, eh! Amonak ere egiten zuen bertsotan. Joakina Etxeberria, zabal-zabal bat zen. Gizona Fagollagara joan eta pixka bat deskuidatzen bazen bertsotan aritzen zen, Artzai Txikia eta beste bertsolariekin. Hala failatzen bazion gizonak, amonak sega-potoa bizkarrean hartu, behiak lotu eta janaritara joaten zen. Bertsotan ederki egiten zuen.

[Antonio Zubiarrain]

 

 

PEDRO MARIA OTAÑOREKIN

 

      Pedro Maria Otaño, Amerikatik bueltan, Hernaniko Karabel tabernara etortzen zen, eta gure aitona ere berarekin han aritzen zen bertsotan. Bertsoekin ez naiz gogoratzen baina despedidako batekin bai: “haurrak eta emaztia / Herreran dauzkat zai / beste egun batian / kantako degu lasai” esanda joan zen Pedro Maria Otaño.

      Otañok gure aitonari eta Txirritari liburuak eman zizkion, Amerikan zela idatzitakoak. Eta irakurtzen inork jakin ez! Gure amak zekien irakurtzen, monjetan pixka bat ikasten ibilia baitzen. Epele auzoko etxearen aurrean arbola bat zuten; ikaragarria zen arbola hura, harrigarritako bat! Hara bildu denak, eta gure ama defuntuari, neska koxkorra bera, hari kantarazten zizkioten Otañoren liburuko bertsoak.

[Paulo Ttikia, Argia 1831 zenbakia. 2001eko azaroaren 25a]

 

 

SANTA KRUZ APAIZAREN BIZKARTZAINA

 

      Epele-Torre etxeko aitona, Santa Kruz apaizaren bizkartzaina omen zen. Santa Kruzek esan omen zuen “Jeneral Jauregik ume txikiak ditu eta Frantziara pasa behar dute” eta hark pasa omen zituen Frantziara. Handik urteetara mutil kozkor hura hazi, Frantziako ejertzitoan sartu eta marinako komandante tokatu zaio Pasaiara etortzea, eta ezagutu behar zuela hura Frantziara eraman zuenaren baserria. Pasaian taxia hartu eta Epelera etorri zen. Epeleko aitona, xahar-xaharra eta baietz, hura zela eraman zuena. Urrezko erlojua erregalatu zion.

[Antonio Zubiarrain]

 

Santa Kruz apaiza.
Iturria: http://www.euskomedia.org

 

 

ITURRIAN ZER DAGO?

 

      Aitonak-eta Oiartzungo festetan afaria egin zuten behin. Erreka omen zegoen etxetik iturria baino askoz bertago. Hango etxeko andre zaharrak esan omen zion: «Joxe Migel, baldekada bat ur ekarriko al zenuke?» «Ekarriko ez dut bada!». Joan da korrika, eta baldea errekan sartu, eta amuarrainak eta dena ekarri zizkion. Esan omen zion hango andreak: “Joxe Migel, iturritik ekarri al duzu?” eta “Nondik ekarriko nuen bada!”, aitonak. “Joño, gure iturrian amuarrainak jaio al dira?”

[Paulo Ttikia, Argia 1831 zenbakia. 2001eko azaroaren 25a]