Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997

 

HERNANI FESTATAN

 

      Bazter guztietako gipuzkoarrok dakigu, ospakizunaren muina ondoena interpretatzen duen herrietako bat dela Hernani. Zalantzarik gabe frogatzen du hau hango festetara biltzen den jendetzak; bada etorri ere egiten da, ez hango zaindari-eguneko festetan bakarrik, baizik eta Hernaniko festa-egutegi zerratuko festa-egun guztietan eta bakoitzean ere bai. Baina fenomeno berria ere ez da. Jada XVII. mende-hasierako laurdenean kronika egiten zuen Martinez de Isastik hango arma-alardeak sortzen zuen “erakarmen turistikoaz”[260].

 

      “Urtero herriko jendearen alardea egiten dute, Espiritu Santuaren Bazko bigarrenean, eta berrehun gizon ere biltzen dira beren armekin; kapitain gisa Alkatc arrunta ateratzen da, eta alferez gisa lehenengo erregidorea, eta sargento gisa bigarren erregidorea, eta terreilara botatzen dute beren arkabuzekin trebateko; sariak ematen zaizkie ondoena egiten dutenei, eta beraz oso iaioak egoten dira; inguru-herrietako gizon asko biltzen da haiek ikustera”.

 

      Kontuan izanik alardeon egiteko nagusiena herriaren trebakuntza militarra zela, udalak ematen zuen bolbora egun horretan herriko jendeak bere punteria proba zezan[261]. Gertakari horretarako “danbolinjolea, danborjolea eta txirularia” ekartzen ziren, eta bazkari on bana pagatzen zitzaien[262].

 

 

ZEZENAK ETA IDISKOAK

 

      Larramendik uste baldin bazuen, gipuzkoarrak zerura ere joango zirela korrida bat ikusteagatik, era berean esan daiteke, hernaniarrak infernuko zuloraino ere jaitsiko liratekeela horregatik, hala behar izanez gero. Bada, beste lehenespen eta joera subjektiboen gainetik, gure herria bero-bero eginda jartzen zuena korridak ziren, eta hango Udaletxea ez zen eskumotz gelditzen urtero San Joanetan korridak egin eta entzierroak korri zitezen. 16 zezen izan ziren, hamasei, 1556an alokatu zirenak, buru bakoitzeko 5na dukat ordainduz. Abereetakoren bat “elbarritzen” bazen, nola gertatu baitzen hiru kabestrurekin 1656an, parrokiako erretaula berria estreinatzeko egin ziren festetan, orduan haren balioa abonatu eta salmentan jartzen zen haren haragia[263].

      Zezen-plaza herriko plazan bertan antolatzen zen, egurrezko hesiak jarriz. 1692an hesi-jartzea esleitzen da, puskatzen direnak konponduz (oholen bat ordaintzeko egurrik behar baldin bazen, arbola bat seinalatzen zuen kontzejuak mendian) eta toriletako ateak barne hartuz. Esleipen-hartzaileak konpromisoa hartzen zuen, zoladuran hori jartzeko egin behar ziren zuloak harriz eta karez estaltzeko[264].

      Haragi-falta izugarria zegoelako, 1754ko Errege-Ordena batek debekatu egin zuen probintzian korridarik egitea[265]. Baina Hernani ezin zen hori gabe pasatu, eta enbaxadore bat bidali zuen Gortera, baimena gestiona zezan, “Herrialdeko idisko eta zezenekin korridak egiteko”, ganadua hil gabe, San Joanen buru-mozketako festetan (abuztuaren 29an)[266]. Bada, zezenik ez bazen, inork ez zuen kontsideratzen hura festa zenik.

      Hala, 1849ko festetarako, erregidoreek erabakitzen dute. “Sosovarro” izeneko kuadrilla bat zondatzea, beren tarifen berri eman dezaten, zezenketa bat egin behar zela-eta. Berria herrian zabaldu zenean egundoko igurikapenak sortzen dira, uste baitzen benetako toreatzaileak etorriko zirela, eta jendearen uste horrek, zalantzak alde batera utzarazi eta kuadrilla bat kontratatzera behartu zituen, 800 erreal baino gutxiago eskatzen bazuten[267].

      Eta 1929ko urte inguruan, San Joanetan eta ondoko igandean, idisko-korrida batzuk ospatu ziren, Txantxilan, lehen kanposantua egon zen tokian, plaza koskor bat oholekin inprobisatuz; agintarientzako tribuna bat antolatzen zen.

      Gaur egun sokamuturra bat besterik ez da egiten herriko festetan eta inauteritan, eta bigantxak izaten dira herriko jaietan hartarako muntatzen den zezen-plaza koskor batean.

 

 

DANTZAK ETA DANBOLINJOLEAK

 

      Bigarren jarduera ludikoa behinolako Hernanin, herri-dantzak izaten ziren. Igande eta jaiegunetako berbena eta dantzaldietatik aparte, Ezpatadantza handiosoak antolatzen ziren Jasokunde, Korpus Kristi eta San Joanetan. Dantzariei gosaria ordaintzen die udalak[268], eta inoiz hartarako behar zituzten oinetakoak erosi ere egiten zitzaizkien; horrelaxe egin zen “dantza trokeatuak” dantzatu zituzten 13 dantzariekin, zeintzuk aurkeztu baitziren 1656an parroki elizako erretaula estreinatzekoan ospatu ziren festetan[269]. 1715eko kontuetan esaten da, ezen bigarren korrida-egunean “Alagaidantza” dantzatzen zela[270].

      Hernaniarren dimentsio ludikoan dantzek daukaten eragina argitzeko, 1850ean udaleko akta batean esaten dena irakur daiteke[271]:

 

      “Jabeturik korporazio hau, Gipuzkoako Ermandadea osatzen duten herrietan jolasbide kutiziatuena eta gustukoena danbolinjoleek ematen dutena dela, horien soinuaren arabera dantzatzen eta alaitzen baitira oneski, jaiegunetan, neska-mutil gazteak, eta berebat jabeturik, ezen danbolinjole bakarra gutxiegi dela herri honetarako, bigarren bat izendatzea erabakitzen dute eta hala izendatzen dute bigarren danbolinjoletzat Cayetano Toledo, herriko semea, eta 465 erreal billonezko esleituko zaio urteko errenta gisa”.

 

      Bere udal-danbolinjolearen eskubide-betebeharrak arautuko zituen erregelamendu baten beharrean, Errenteriako Udalak, 1910ean Hernanikoak ezarri zuena hartu zuen eredutzat; 16 puntu jasotzen ziren bertan[272]:

      Jada 1916an, obligaziozko danbolinjoleez aparte, herriko musika-banda ere bazuen Hernanik[273].

 

 

KIROLA

 

      Azkenik, hernaniarren festazko animoan nagusi den hirugarren grina kirolarena da. Komunikabideei esker ekipo-disziplinak herrian zabaldu baino lehen, pilota zen kiroletan kirola batik bat, eta gaurko futbol-partiduen pareko zaletasunak pizten zituen. Hernani jokaleku kutiziatuenetakoa zen Gipuzkoako herri desberdinetako pilotarientzat, beren artean indarrak neurtzeko. Oiartzuar batek, Sebastian de Gaztelumendik, eta Beratar batek, Estevan de Ezpondak, indarrak neurtzea erabakitzen dute gure pilotalekuan 1728ko azaroaren 8an, 200 peso jokoan zirela. Pilotarietako bat agertuko ez balitz, 40 ezkutu ordaindu beharko lizkioke kontrarioari, eta gaixorik dagoela alegatzen badu, medikuaren txostena aurkeztu beharko du. “Sakea, botadura eta eskasa” Hernanin egiten ziren bezala egingo ziren, eta jokaldi bakoitza 11 puntura jokatuko zen. Partidua goizeko 8etan hasiko zen, meza ondoren.

 

Pilotariak eta epaileak udal frontoi berriaren
inaugurazioko ekitaldian. 1951ko ekainaren 17an.

 

      Norgehiagoka izenpetzen denetik aurrera apustuak gurutzatzeari ekiten zaio. Oiartzungo alkateak 100 ezkutu jokatzen ditu bere herritarraren alde, Joaquin de Alduncin eta Vertiz eta Francisco Zelaita Berakoen kontra. Azkena aipatuak ez dauka eskudirurik, baina galtzea suertatuko balitzaio, konpromisoa hartzen du egur-ikatzetan ordaintzeko, 10 laurden t’erdi karga bakoitzeko, alderdiek izendatutako pertsona adituek materiala aztertu ondoren[274].

 

Txirrindularien lasterketa herriko jaietan, 1925ean.

 

Euskal Jaiak. 1909ko irailaren 19an.

 

      Hernaniko pilotariak, Joaquin de Galardik, etxean jokatzeko aukera izan zuen 1762ko urtearen 14ko osteguneko desafioa Joseph de Zuloaga, “Oiartzungo” bizilagunaren kontra. Pilota-saioa zortzi jokotara izango zen, Hernanin usatzen ziren arau eta ohiturak jarraituz (araudi bakarra onartu zen arte, irizpide desberdinekin jokatzen zen eskualde bakoitzean); pilotak, pilotarietako bakoitzak izango zuen aukera partidua hasi baino lehen probatzeko[275].

 

Azeri-dantza (1995eko ihauteriak). Sokaren gaineko dantza-unea.

 

Hernaniko Ihauteria. 1905eko konpartsa.

 

      Azkenik, ez dezagun ahaztu, ezen Hernaniko lurrean, orain Lasarte-Oriakoa den hartan, bazirela hipodromo bat eta abiazio-kanpo bat, eta baita “karreratako kotxeen zirkuitu” bat ere, 1923ko uztailaren 23an inauguratu zena. 17.815 metro zituen luzean, eta irteera eta helmuga Oriako auzoan izaten zituen; ibilbidea zen: Andoain, Urnieta, Hernani, Galarreta, Errekalde eta Irubide. Motorrek 20 buelta eman behar zituzten, eta turismoek bost gehiago. Azkeneko proban, 1935ean egin zen hartan, 155,7 km/o.ko abiadura lortu zuten automobilek; horrek esan nahi du, egoera ederrean zegoela zirkuitua; baina zoritxarrez horrek ez zuen Gerra Zibila gainditu edo bizigoititzerik izan.

 

 

LORE-JOKOAK

 

      Hara, 1853tik aurrera, Urruñatik Antoine d’Abbadie-ren batutapean, indar berria hartzen dute Euskal Festek. Kultura erlijioarekin nahastuz, eta nekazari-lana duindu nahiz, sariak jartzen dira literatura, musika eta kirolezko lehiaketak egiteko, eta baita nekazari-produktuen lehiaketak antolatzeko ere.

      Esaterako, 1878an penintsulan ospatzen dira lehiaketa hauek aurreneko aldiz, Elizondon, eta 1880an Beran. 1894tik hara Gipuzkoako Diputazioa sartzen da haien antolaketan, eta beste sari batzuekin sustatzen ditu: 1896an Arrasaten ospatzen dira, eta 1909ko irailean Hernanin azkenik. Garai hartan hango batzar eta udaletxea osatzen zutenak ziren: Joakin M. Baroja, Frantzisko Lopez Allen, Jose Artola, Jose Zapirain, Toribio Altzaga (idazkaria), Blas Pradere, Alfredo Laffite (lehendakaria) eta Migel Salaberria.

      Programak bazituen ezinbesteko elementu batzuk. Festak Salbe batekin eta larunbatean hasten ziren Hernaniko parrokian. Goizean goiz, usaera zaharrari jarraituz, prozesio bat egiten zen San Inazio Loiolakoaren eta Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudiekin, Diputazioarenak baitziren hauek, eta gero meza nagusia izaten zen, bertara etortzen zirelarik, gobernu probintziala osorik, agintari zibil eta militarrak, eta elizbarrutiko gotzaina. Garai hartako hizlaririk onenak euskaraz hitz egitera gonbidatzen zituzten.

      Elizkizunak bukatzean, lehiaketak eta torneoak hasten ziren, herri-dantzak eta nekazarien eta ganadularien produktu-erakusketak: Diputazioak 250 pezeta ematen zituen behi-azienda onenaren jabearentzat, baziren beste sari batzuk ardi eta ahuntz-aziendarentzat, oilotegietako animalientzat eta janarientzat ere (hala nola gurin, gazta, ezti, sagardo, txakolin, labore, barazki, tuberkulo etab.entzat ere).

 

 

FESTETAKO EGUTEGIA

 

      Herriko Zaindariaren Festak

      Hernanik San Joan Bataiatzailearen ohoretan ospatzen ditu bere zaindari-festak (ekainaren 24an). Festak aurre-egunean hasten dira, tradiziozko bandera-altxatzearekin eta festak iragartzen dituen altxaferoaren danbakoarekin. Txistulari-bandak Udaletxearen aurren jotzen du San Joanen Martxa eta ondoren, kale nagusienak korritzen ditu Triku-Triku joz, erraldoiak eta buruhandiak lagun dituela. Ikuspegi etnografikoaren aldetik, ospakizun hauetako elementurik interesgarrienetako bat da, usadio zaharreko erronda, ekaineko 23aren ilunabarrean egiten dena; puntu honetaz bere lekuan hitz egingo dugu, lerro batzuk beherago.

      Bigarren elementu gogoangarria da, Azeri-dantza edo Maskuri-dantza, jada XVIII. mendean dokumentaturik dagoen erritua da —nahiz eta sumatzen dugun, lehenagokoa ere badela—; hau, berriz, berez inauterietakoa baldin bazen ere, Frankoren carnestolendas-etako debekua zela bide, San Joan-festetara aldatu beharra izan zen. Gaur egun ekainaren 25 eta 26etan egiten dira, eta inauterietan ere bai. Herriko txistulariek haren musika berezia jotzen duten bitartean, mutil gazte-sail bat joaten da bata besteari segika eta ezkerreko eskuan soka bat dutela. Praka urdinak eta alkandora zuria eramaten dituzte jantzita, eta martxan doazen bitartean maskuri puztu bat astintzen dute. Musikaren erritmoan joaten dira eta une jakin batean, elkarrengana bildu eta itxi egiten dute zirkulua; hantxe harrapatzen dituzte beren ehizagaiak; eta hauek inolako ihesbiderik gabe, estoikoki jasan behar izaten dute maskurikazo-sail bat. Denda eta tabernetan sartzen dira, eta irteera biko portaletan ere bai (asko baitira Hernanin), han dabilen jende inuxentea ustekabean harrapatuz.

      Azkeneko urte hauetan, mutil gazte bat sartu da taldean, burua azeri-larru batekin estalita eramaten duena; honek, hango begiraleak distraitzen ditu eta prest uzten ditu ustekabean soka-mutilek harrapa ditzaten. Ibilaldia bukatzen denean, borobil bat egiten dute mutilek plazan, eta aldi berean beren maskurien gain salto eginez, egundoko iskanbila ateratzen dute maskuriak denak lehertzean[276].

 

      Auzoak

      Auzoek urtero izaten ez badute ere festa-programa egoki bat osatzeko aurrekontu bat, nola edo hala ahaleginak egiten dira Hernaniko auzune bakoitzak egun batzuk izan ditzan bertako jendea alaitzeko eta elkarrekin biltzeko. Eta hala, Portuko auzoan, abuztuaren 29an, San Joan Bataiatzailearen martirio-egunean edo San Joan Txiki egunean izaten dute beren egun handia. Elizako zaindaria Paduako San Antonio dute, eta horregatik ekainaren 13ko astean ospatzen du Ereñotzuk. Mendekosteko asteburua izaten da Floridako auzoa festa-giroan janzteko garaia, Jauregi eta Sorgintxuloko auzoek udaren azkeneraino gordetzen dituzte beren indar-hondarrak; Osiñaga auzoko festak ekainaren hasieran antolatzen dira eta Martindegikoak San Ferminetan, uztailaren 7an, izaten dira eta hiru egun irauten dute.

      Hirurogeiko hamarkadan desagertu ziren Karabel auzoko San Mateotakoak; Lizeaga auzoko Santa Madalenatakoak ere (uztailaren 22an) ez dira jada antolatzen: festa hauetan ere egiten zen Azeri-dantza bat. Elizatxoko auzoak gurutzetoki-ermita bat zeukan Santa Krutz deiturarekin, horregatik maiatzako 3an festa-giroa izaten zen eta meza esaten zen. Gaur egun parrokian egiten den elizkizuna besterik ez da gelditzen.

      Behinola, Zikuñagako Ama Birjinaren eguna zela-eta, erromeria ospetsu bat egiten zen hango ermitako zabaldian, hainbat egun irauten zuena eta eskualde osoko jendea bertara biltzen zuena. Ama Birjinaren irudia desagertu zenetik, ermita ere desagertu zen, etfi biekin batera bertako festak ere bai.

 

      Errondak

      San Joan bezperako erronda Hernanik bere altxorrean gordetzen duen bitxi etnografikoetako bat da. Koru batek eta bertsolari batek protagonizatzen dute; kantari-taldeak honako kantu hau abesten du (gauza bitxia da, aurreneko bertsoa, Hernanin, eta Bidasoko arroan, Gabon zaharretako eskealdietan abesten dena bera izatea):

 

            “Dios te salve, ongi etorri,

            gabon jainkoak diela

            legearekin kunpli dezagun

            aita San Joanen bezpera”.

 

      Eta 1699ko dokumentu batek kontatzen du nola egiten zen erronda bertsolariekin festa hauetan orain dela hiru mende[277]. Esan dezagun, gainera, ezen tradizioa mantentzeko lanean, funtsezko garrantzia izan duela bertako Patxi Odriozolak.

      Santa Ageda bezperaren ilunabarrean (otsailaren 5ean) adin guztietako hernaniarrak koru mistoetan biltzen dira, Euskal herrian hain goretsia den martiriaren ohoretan koplak kantatzeko.

      Abenduaren 24an arratsaldean Olentzeroren konpartsak Hernaniko kale eta baserriak alaitzen dituzte, sekuladaniko eske-erritua betez.

      Urtearen azken eguneko ilunabarrean ere berebat ateratzen da eskatzaileen erronda hori eta “Dios te salve, ongi etorri...” agurrarekin hasten da.

 

      Inauteriak

      Hernaniko inauterientzat izugarrizko zaletasuna zuen herriko jendeak XIX. mendean. 1833an, Momo erregea dotore apaindutako karro baten gainean eta Manilako mantelinak luzitzen zituzten dama batzuen konpainian, iritsi zen Hernanira[278].

      Halatan bada, 1906an, Hernaniko Inauteritarako, Raimundo Sarriegi Maisu handiak eta Viktoriano Iraola idazle pasaitarrak, ezizenez Txuri edo Sei, honako himno eder hau egin zuten:

 

            “Alanbratzekorik

            guretzat nork du,

            nork du, nork du.

 

            Famaren otsak goititutzen du

            meresi duben erriya

            zeru txiki bat dirudiyena

            ala da guztagarria;

            lengoko sharra txukun-txukuna

            eder, alaya, berriya,

            etzaigu penik beriya,

            dulenago ez etorriya.

 

            Begi urdin bat begira dago

            algaraz leyo batetik,

            beste beltxeran tentatzallia

            xeletan berriz bestetik,

            zoramen abek maite ditugu

            biyotzen erdi erditik,

            ez gera joango oyek laja ta

            geyago Hernaniatik”.

 

      Hara, 1937an debekatu zen arte, Inauteria igandea eta asteartea bitartean ospatzen zen. Egun horietan, neska-mutil-kuadrillak ibiltzen ziren baserriz baserri eskean, panderoa eta eskusoinua joz; kantu eta dantza baten truke, baserritarrek arrautzak, txorizoa, gazta edo urdaia ematen zieten. Bildutako guztiarekin, Inauterietako Asteartean gonbita handi bat ospatzen zen; horregatik azkeneko festa-eguna izaten zen desiratuena.

      Azeri-dantza Ostegun gizenean, igandean eta astelehenean egiten zen, goizeko 8etan; astelehena ere jaieguna izaten zen. Egun horietan mutilek nesken atzetik ibiltzen ziren, xirrik egiteko eta gonak altxatzeko, askotan nesken probokazio sotilen batzuen erantzuna izaten zen hau.

      Egun horietako gauzarik ederrena plazako dantza izaten zen, gazte-jende asko biltzen baitzuen horrek eskualdetik, eta arrantzale donostiarrak ere bai (nekez huts egiten zuten hauek Hernaniko festarik).

      Eta Donostian bezala, hogeiko urte zoriontsuetatik hara, Hungariako Kaldereroak ere etortzen ziren Hernanira Momo erregearen etorrera iragartzera. Herriko zaharrenek diotenez, “gazteria osoak” hartzen zuen parte ospakizun horretan, gurdi argidunak eta dotore apainduak prestatuz.

 

      Kultur festak

      Otsaileko asteburu aldagarri batean Zuhaitz-Eguna antolatzen du Udalak; horietan ehunka arbola aldatzen dituzte eskola-umeek larunbatean eta pertsona larriek igandetan, gure mugapeko herrialde desberdinetan.

      Iraileko igande batean, 1983az geroztik, Sagardo-Lehiaketa proposatzen du Txantxangorri Elkarteak; zaletasun handia dauka herrian eta sagardo-probatzeak eta sariak izaten dira. Elur-Txori elkarteak ere, urte beretik hara, beste lehiaketa bat antolatzen du Hernaniko sagardogileentzat erreserbaturik dagoena; azaroaren erdialdeko igande batean izaten da.

      Santa Barbara Elkarteak eraginda, Txakolin-probatzea izaten da ekainaren aurrenekoan, eta urriaren azkeneko astean Perretxiko-Aste bat, gai honekin zerikusi duten jarduera-modu guztiekin.

      San Isidro Nekazaria dela-eta, baserritar-jendearen zaindaria baita hori, elizkizun bat ospatzen dute gure baserritarrek maiatzaren 15ean, eta ondoren pilota-partiduak, bertsolari-saioak, eta anaitasuneko bazkaria.

      Abenduaren lehen igandean, eta Herri Jakintza Taldeak antolaturik, espezialitate-mota guztietako artisau-mordoa biltzen ditu plazan Artisautzako Feriak.

      Xalaparta Elkarteari zor diogu, 1988an sortutako ekimen ederra, zeinaren bidez Hernaniko jendearen alde lan egiten edo herriaren izena zabaltzen nabarmendu diren pertsona edo erakundeei sari bat ematen baitzaie urtero. Aurreneko emanaldian, “Hernaniar bikaina” izeneko saria, Joxe Mari Garin atletari eman zitzaion; 1989an, Elias Querejeta zinemagileari; eta hurrengo urtean Hernani Kirol-Klubari, bere urrezko ezteiengatik. Hurrengo emanaldietan saria lortu dutenak izan dira, Martin Zabaleta mendigoizalea (1991), Antton Idarreta ikertzailea (1992), Luis Blas Zuleta historialaria (1993), Prudentzio Aierra (1994) eta Joan Bautista Adarraga atletak (1995), Inazio Iruin (1996) eta Udal Musika-Bandako zuzendaria, Manuel Sagarna (1997).

 

 

MUGARRIAK IKUSTEA
EDO “MUGARRI-FESTA”

 

      Enperadore Karlos Espainiako I.a eta Alemaniako V.a zenak, 1542ko abenduaren 12an sinatu zituen Valladoliden Hernaniko hiribilduko ordenantza berriak —garai hartan ohizkoa zenez, aurrekoen oso antzekoak izango zirenak, suak erre baitzituen hauek hogeita hamar urte lehenago armada frantsesaren erasoaldi batean—, eta honela esaten zen ordenantza haien 14. artikuluan[279].

 

      “Eta agintzen eta manatzen dugu, ezen ofizial horiek (gaurko zinegotziak), hurrengo lehen sei egunen barruan hautatuak izan ondoren, hiribilduko mugapea inguruko lurretatik zatitzen eta bereizten duten mugarriak eta mugak ikusi eta bisitatu behar dituztela, eta herri horretako mugapean dauden iturri eta pontoiak ere bai, eta baldin mugarriren batzuk l’alta badira eta zubiak konpondu edo berritu beharrean aurkitzen badira, aurre-xeda dezatela beren soldatak galtzeko zigorraren azpian, eta zigor hori izan dadila, erdia salatzailearentzat eta beste erdia exekutatzen duen epailearentzat, eta zigor horri buruz alkatea ez dadila eseri entzute ematera, harik eta lehen esandakoa aurre-xedatzen eta egiten den arte”.

 

      Baina mugarriak jartzeko teknika mende asko antzinagokoa da. Ezagutzen dugun lehenengo aurrekina erromatarren kulturakoa da: orduan ere jada ipintzen ziren harri sakratuak muga erakundetarrak edo lur-jabetza partikularrenak markatzeko[280]

      Mugarri-ikustea, San Migel eguna (irailaren 29a) pasata gero egiten zen jeneralean, eta atzeratu egiten zen eguraldiak galarazten baldin bazuen, 1660an gertatu zen bezala; urte horretan urtarrilean egin zen, Hernaniko erregidoreek hartarako izendaturiko sei pertsonen bidez.

      Urtero, bisita egin ondoren, zerrenda bat egiten zen falta ziren edo hondatuta zeuden mugarriena, eta akta-liburuan jasotzen zen. Mugarriren bat desagertu edo lekuz aldatua bazegoen, harekin zerikusi zeukaten udalek pertsona jakin batzuei ematen zieten eskuordea, bakean eta adiskidetasunean auzia konpon zezaten. Ederki arautua zegoen harrien kalitatea ere: 1702ko testu batek ordenatzen du, mugarriak “Aindi mendiko harri gorriekin” egin behar direla (gaur Oinddi mendi).

      Bisitadoreen osaeraz eta banakeraz, hainbat bariante jasotzen dituzte akta-liburuek. Hasieran, XVI. mendean, alkatea, merinoa eta nahi zuten herriko adin nagusiko bizilagun guztiak izaten ziren arduradunak. Hiru egun ibiltzen ziren Hernaniko lurralde-mugetatik: egun bat Urnieta aldetik, beste bat Lasarte aldetik, eta hirugarren eguna gainerako lurretatik. Erritua laburtzeko, XVIII. mendean bost zatiketa egin ziren udalerrian: “Ihartza, Iorin, Orkolaga, Harrikarte eta Belarraza”, eta eskualde bakoitzera kuadrilla bat bidali zen. Hirugarren etapa batean, XIX. mendearen hasieran, hiru pertsona izendatzen ditu Udaletxeak —“Señores de Justicia y su comitiva” izenekoak—, hiru egunetan Hernaniko udalerriaren muga-lurrak korri zitzaten. Kasu guztietan Udalak ordaintzen zituen bisita egin ondoko bazkariak: 1593an 30 bazkaldar izan ziren, 1627an 36 bazkaldar, eta 44 bazkaldar urte bereko afarian; 1629an 34 bazkaldar, eta 1631n 19. Ohiki, bazkari hauetako menuetan sartzen ziren; aharikia, behikia, urdaia, ardoa, sagardoa eta ogia. Inoiz, abiatu aurretik egindako gosariaren gastuak ere agertzen dira. Dantzariak ere baziren, eta azunbre ardoa (2,5 litro) ematen zen haientzat pertsonako.

      Erritualki eta festa-giroan, berriro eskuratu da gure egunetan mugarri-ikustea: irailaren azken larunbatean egiten da, oraindik ere erreferentziatzat San Migel eguna (irailak 29) hartuz. Aurreneko bi urteetan (1990 eta 1991n) zazpi partetan banatu zen udalerriaren perimetroa, baina hirugarren ediziotik aurrera 6 partetan finkatu zen:

 

1. Ergobia-Mandazubi

2. Mandazubi-Olazar

3. Olazar-Azketa

4. Azketa-Naparralde

5. Naparralde-Malmazar

6. Malmazar-Ergobia

 

      Hernaniren muga-herriak dira: Donostia, Lasarte-Oria, Urnieta, Elduain, Arano, Errenteria eta Astigarraga, eta urtero bidaltzen da jendea horietako batekin dauzkagun mugarriak ikustera: 1990ean Astigarraga izan zen, eta mugarri sinboliko bat jarri zen beste udalerrietan; 1991n Lasarte-Oriakoak berrikusten dira; 1993an Elduaingoak; 1994an Aranokoak; 1995ean Donostiakoak, 1996an Errenteriarekin mugante diren mugarriak bisitatu ziren.

      Aurreneko lau edizioetan dianarekin hasten zen eguna. goizeko 7,30ean, eta Gudarien Plazan bukatzen zen, pintxoak eta sagardoa Udalaren kontura hartuz; bitartean trikitixa batek alaitzen du festa-bukaera. 1993an, bisitak bai egiten dira, baina festarik ez.

      Talde bakoitzari entregatzen zaio, bakoitzari bisitatzea tokatzen zaion eskualdean teorikoki egon behar duten mugarrien fitxa deskriptibo bat, han ikus ditzakeen aldaketak oharteman daitezen.

      Aitor dezagun, azkenik, Mugarri-Festa antolatzeko meritua Mendiriz-Mendi Elkartearena dela, eta hau, parte hartzaileen kopuru-zifrek adierazten duten bezala, borrokan ari dela hura sendotu dadin: 1990ean 50 pertsona izan ziren bertan parte hartu zutenak, 1991n 60, 1993an 27, 1994an 18, 1995ean 73, eta 1996an 51.

 

 

 

 

[260] MARTINEZ DE ISASTI. Lope. Op.cit, 527. or.

[261] H.U.A. A/I/5.. 21 v. fol.

[262] H.U.A. A/I/5. 237 v. fol.

[263] H.U.A. A/I/6., 98 v. eta 101. fol.

[264] O.P.A. III. atala, 1.068. leg., 288. fol. ela 1.278. leg., 415. fol.

[265] AGUIRRE SORONDO, Antxon. Datos sobre festejos taurinos en Tolosa de 1700 a 1866. Eusko Ikaskuntzaren IX. Kongresua. Donostia, 1983, 324. or. eta hurr.

[266] O.P.A. III. atala, 1.361. leg., 167. fol.

[267] H.U.A. A/1/15., 69. fol.

[268] H.U.A. A/1/15., 237. fol.

[269] H.UA. A/1/6., 95 V. fol.

[270] H.U.A. A/1/15., 69. fol.

[271] H.U.A. A/1/15., 125. fol.

[272] Errenteriako Udal Artxiboa. B. 2.5.1.

[273] Hernaniko txistulariei buruz, ikusi: APEZETXEA AGIRRE, Patxi: Hernani eta txistua. Bere txistulariak. Kutxa Fundazioa. Donostia, 1992.

[274] O.P.A. III. atala, 2.203. leg., 282-284. folk.

[275] O.P.A. III. alula, 1.407. leg., 1. fol.

[276] AGUIRRE SORONDO, Antxon. Guía de Fiestas Populares de Gipuzkoa. Gipuzkoa-Donostia Kutxa, 1989.

[277] H.U.A. E/1/III/6/11.

[278] H.U.A. B/3/1/3

[279] Informazio gehiago nahi bada, ordenantza hauetaz, irakur bedi Maria Rosa Aierbe Iribarren lana: Ordenanzas Municipales de Hernani: 1542. Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen buletinean argitaratu zena. XXXVIII. urtea, 1-2-3-4 koadernoak. Donostia, 1982, 257. or. eta hurr.

[280] AGUIRRE SORONDO, Antxon: La visita a los mojones. “Mugarri Festa”ko egitaraua. Hernaniko Udala. Iraila 1990.