Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997

 

OFIZIOAK ETA HORNIDURAK

 

 

OFIZIO APRENDIZAK

 

      Eskolako eta Unibertsitateko hezkuntza sistema hiritar guztiontzat eskubide osoko aukera izatera iritsi baino lehen, baserritarren zonaldetako neska-mutikoek ia aukerarik ez zeukaten, lanean hasi aurretik, irakurtzen, idazten eta kontabilitatezko tresna oinarrizkoenak ikasteko. Ingurune hartako gazte baten kualitateak eta bere egitasmoak ez zuten balio handirik etorkizunerako gogoko zuen lanbidea aukeratzerakoan. Garrantzitsuena, herrian bertan edota inguruetan “morroi” edo langile-gai gisa hartuko zukeen edozein ofiziotako maisua aurkitzean zetzan. Irakaskuntza-sistema honek XIX. mendea ondo aurreratu arte iraun zuen. Lanean hasterakoan mutilaren familiak eta maisuak kontratu bat sinatzen zuten, berau XVII. mendeaz geroztik hasitako ohitura izaki, non zehatzen ziren alde biei zegozkien eskubide eta betebeharrak morroiaren eta maisuaren harremanek irauten zuten epealdirako. 1551 urtean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek ordenantza bat ezarri zuten langile-gai gazteen soldatak eta jornalak arautuz, bertan jatekoa eta edatekoa ematearen derrigortasuna barne zeudelarik[173].

      Domingo de Berdabia, “lehen obrako maisuak” —hots, zapatagileak— Juanes de Salbide hartu zuen aprendiz gisa 1578an, bost urtetan mantendua, irakaskuntza eta “jantzi duin bat, ohitura den legez” emango zizkiola aginduz. Are gehiago, maisuak Egunberri bakoitzean, mutilaren amarentzat edo honek nahi duen beste batentzat, oinetako-pare on bat emango duela agintzen du, eta erreminta-sorta bat hitzarturiko denbora amaitutakoan: guraizeak, labana, puntzoia, etab. ofizioan lanean has zedin[174].

 

Herriko bista zatikatua Urnietako errepidetik. Idiak sagardo-kupela garraiatzen.

 

      Anitz ditugu kontratu honen antzekoak. Kasu bakoitzean baldintzak zerbait aldatzen badira ere, beti azaltzen dira diru-zigorrak aprendizak lagatako kasuetan. Juan Miguel de Elguea, Hernaniko zapatagile maisuak, Andoaingo Gabriel de Aldasoro, hartu zuen 1790ean aprendiz gisa, hiru urterako, mantendua, oinetakoa eta “ardilarruzko praka motz-pare bat” ematearen alde. Egunero, arratsaldeko Agurmaria-deiaren ondoren, morroia Andoainera itzultzen zen (bidaia polita egiten zuen egunero gure Gabrielek)[175].

      Udan espartingilea atarira irteten zen lanera bere aulkiarekin itzal piska baten bila, Domingo de Goenaga bezala, zeinak 1848an, haria bihurritzeko gurpila (lokarrik egiteko) albodian, gurdibidearen eta zuhaitzen lehen lerroaren artean ipintzeko baimena eskatu zion Udalari, eta honek bere oniritzia eman zion “herriko industria laguntzeagatik”[176]. Eta 1856an, Domingok Andoaingo Jose Antonio Otaño hartu zuen aprendiz bezala, eta bost urtez mantentzeko konpromezua hartu, baina morroiak hiru urte ondoren uzten baldin bazuen, aitak 40 ogerleko ematekotan, eta 20 ogerleko laugarren urtea ondoren egiten bazuen (ez zuen, ordea, kontuan hartzen lehenago joatearen aukera)[177]. Zapatagile maisuen antzera, espartingileen artean ere, badaude zenbait aldaera denbora, zigor eta, baita, patroiaren betebeharrei dagokienean ere, batzu-batzuk, mutila diberti zedin, jaiegunetan txanpon batzuk ematera konprometatzen baitziren.

 

Hernani. Foruen Plaza feria egun batean.

 

      Francisco de Lecumberri, Hernaniko sarrailgin maisuak, 1790eko apirilaren 25ean, zera adostu zuen Amasa-Billabonako Francisco de Biñarrainen aitarekin, bi urtez ofizioa erakustea, eta ordainetan, patrikerako 15 errealeko 2 peso eta urtero zapata-pare bat ematea. Mutilak jaiegunak libre izango ditu eta parrokiako kanpaiaren otoitz-deiaren ondoren itzuliko da etxera[178].

 

 

HORNIDURAK

 

      Erregeak herri eta hiri bakoitzean ogia egiteko garia jaso eta saltzeko alondegiak antolatzeko agindu zuenean, Hernanik berehala ekin zion lanari. Baina 1551n dataturiko betebehar hori ez zuten guzti-guztiek begi onez ikusi. Hala, Tolosak ez zuela dirurik adierazi zuen, eta Donostiak, ez zuela alondigaren beharrik, gari guztiak itsasoz ekartzen zelako eta, gauza jakina den legez, “itsasoz datorren garia zorabiatua dagoela eta ez dela kontserbatzen”[179].

      Eztabaida batzuen ondoren, 1588an probintziako leku batzuetan alondigak jartzeko erabakia hartu zen, non garraiolariek euren merkantzia lagako zuten, eta alondigetako arduradunek, ekarritakoa zuzeneko kontsumorako zela eta inoiz ez birsalmentarako zainduko, alkateei pisuak eta neurriak kontrolatzeaz eta iruzurrezko nahasketak ekiditeko ardura ematen zitzaien bitartean. Alondigak honako herri hauetan ezarri ziren (beste batzuetan izatea debekatuz): “Segura, Villafranca, Tolosa. Hernani, San Sebastián, Rentería, Oyarzun, Fuenterrabía, Areria, Lazcano, Villarreal, Azcoitia, Azpeitia, Zumaia, Guetaria, Zarauz, Orio, Valle de Vergara, Mondragón, Placencia, Eibar, Elgoibar, Deva eta Motrico”[180].

      Urte bakoitzaren amaieran, zinegotziek enkantera ateratzen zuten beharrezko janarien zuzkidura (okela, arraia, olio, ardo,...), modu horretan, urte osoan zehar oinarrizko generoa faltako ez zela bermatuko zuten hornitzaileen esku geratzen zen, udalak zenbaitetan irabazi ekonomiko garrantzitsuak ere eskuratzeko aukera izaten zuelarik.

      Enkantearen' berri igandeko meza nagusiaren ondoren ematen zen pulpitutik iragartzen zen, eta kandela-hondoaren erritua jarraituz burutzen zen: kandela itzali bitartean eskain zitekeen. Hiru aldiz egiten zen gauza bera eta ondoren eskaintzarik onena aukeratzen zen. Esleipendunak bederatzi egun zituen konpromezua beteko zuenaren fidatzaile bat ezartzeko.

      Gure arbasoena bezalako ekonomia hagitz protekzionista batean, edozein konkurrentzi eraren agerpenak izugarrizko egonezina sorrarazten zuen: hara, 1569an Zaldibiko Marticot-ek, Hernaniko herriaren haragi hornitzaileak, Behobiako pasabidetik generoa sartzea galarazteko eskatu zion Juntari, hori zela medio prezioak jaisten ari zirelako[181].

      Beste era bateko tratamendua eta konplexuagoa ematen zitzaion sagardoaren merkataritzari, herrian ekoizten zen bolumena ikusita. Beste atal batean aipatu dugun bezalaxe, 1585az geroztik behintzat, probintziako herriek beren herriko sagardoa kontsumitu behar zuten lehendabizi, kanpoko partiden inportaziora jo aurretik[182]. Bere kapitulu batean, Hernaniko udal ordenantzek galarazi egiten zuten kanpoko sagarra nahiz sagardoa sartzea. Horregatik, Joan Lopez de Ygaragorri biztanlea, bere lurretan sagastirik izan gabe, etxean dolare berriak eraikitzen ari zenaren berria zinegotziei belarriratu zitzaienean, Udalak obrak geldiarazteko erabakia hartu zuen[183].

      Sagardo guztiak aterabidea izan zezan baina sagardogileak bata bestearen lehian sar ez zitezen, udazken bakoitzaren amaieran, udalbatza biltzen zen zenbat sagardo-kupel zeuden jakiteko eta saltzera zein ordenetan aterako ziren markatzeko, modu horretan kupel bat hustean bestea irekiko zen, sailean-sailean. Hara, esaterako, 1678ko azaroaren 25ean Ayerdi etxean, “plazaren ondoan” bildu ziren zinegotziak, eta 63 orritxo sartu zituzten txantxila batean, hots, sagardogileen kupelei zegozkienak. Esku “garbi” batek banaka-banaka atera eta ondoko zerrenda hau egin zen (izenen errepikapenak, jabe beraren kupel desberdinak adierazten ditu, noski):

 

      1. Ignacio de Mezquelin, 2. Sebastian de Ariztizabal, 3. Sebastian de Miranda, 4. Francisco de Zuaznabar, 5. D. Agustin de Justiz, 6. Juan de Herausso, 7. Martin Arano de Arviza, 8. Julio de Bettaenea, 9. Domingo de Sassoeta, 10. Dª Maria de Lasarte, 11. Francisco de Larramendi, 12. Dª Francisca de Isasa, 13. Esteban de Berrote, 14. Dª Francisca de Isasa, 15. Francisco de Larramendi, 16. Esteban de Berrote, 17. Alkate jauna, 18. Juan de Beldarrain, 19. Francisco de Zavala, 20. Dª Francisca de Isasa, 21. Pedro de Zuaznabar, 22. Francisco de Larramendi, 23. Dª Maria de Hereñozu, 24. Dª Maria de Lasarte, 25. Esteban de Oguillurreta, 26. Dª Maria de Zavala, 27. Francisco de Larramendi, 28. Francisco de Zavala, 29. Alkate jauna, 30. Cristobal de Zuzaga, 31. Dª Ursola de Unanue, 32. Francisco de Larramendi, 34. Dª Maria de Hereñozu, 35. Miner lizentziatua, 36. Juan Antonio de Layçaur, 37. Martin Arano de Arviza, 38. Esteban de Oguillurreta, 39. Martin de Beldarrain, 30. Sebastian de Aristizabal, 41. Alkate jauna, 42. Miner lizentziatua, 43. Francisco de Larramendi, 44. Ignacio de Mezquelin, 45. Domingo de Sasoeta, 46. Alkate jauna, 47. Francisco de Viquendi, 48. Dª Catalina de Amitesar, 49. Alkate jauna, 50. Miner lizentziatua, 51. Dª Francisca de Isasa, 52. Francisco de Larramendi, 53. Juan Antonio de Leyçaur, 54. Nicolas de Zuaznabar, 55. Dª Maria de Lasarte, 56. Dª Ursola de Unanue, 57. Dª Maria de Lasarte, 58. Dª Francisca de Tsasa, 59. Alkate jauna, 60. Juan Perez de Goicoechea, 61. Dª Francisca de Isasa, 62. Miguel de Galardi, 63. Francisco de Larramendi.

 

      Beraz, ikusi daitekeen legez, 16 herritarrek kupel bat bakarrik zuten, 10 ekoizleek bi kupel, batek hiru kupel, beste batek lau, bi sagardogilek sei (alkatea horietako bat) eta beste batek zortzi. Zozketa ostean, guztiei oroitarazten zaie ezingo dutela “pitarrik” saldu, sagardo purua amaitzen ez den bitartean eta aldez aurretiko udalaren baimenik gabe[184].

      Sagardo berriaren prezioa jartzeko ere, izen oneko bi pertsona arrunt zintzoak izendatzen ziren, bata sagardogileen aldetik eta bestea sagastirik ez zutenen aldetik (kontsumitzaileen aldetik, esango genuke gaur). Izendapena onartu ondoren, zin egiten zuten zuzen jokatuko zutela; prezioan ez baziren akordio batera iristen, epaile egingo zuen hirugarren bat izendatzen zuten[185].

      Asko aldatu dira sagardoaren inguruko ohiturak eta usadioak. Hara, 1936a aurretik ia baserri guztiek sagastiak zituzten eta askotan dolare txiki bat, etxerako sagardoa egiteko. Sagardotegiek urrian betetzen zituzten euren kupelak sagarraren muztioarekin, hurrengo hilabeteen joanean sagardo hartzitu zedin. Sagardoaren salmenta Aste Santuan hasten zen eta sagardoa amaitutakoan bukatzen zen denboraldia, hots, ekaina aldera. Sagardo guztia txotxean saltzen zen, kanila baten bitartez. Kupel bat bukatutakoan bestea irekitzen zen, ez baitzegoen, gaur bezala, batzuk batera irekitzeko ohiturarik.

      Behin sagardoa bukatutakoan kupelean gelditzen zen hondarra, urarekin nahasi eta pitarra egiten zen, hau da, alkoholik gabeko edari merkea, emakume eta haurrentzat batik bat. Irailean oraino heldu gabe eroritako sagarrarekin zizarra egiten zen, hartzitu gabeko sagardoa eta ondorioz alkohol graduazio oso baxukoa. Sagardotegietan ez zen janaririk zerbitzen, baina gizonezkoek (emakumezkoak ez ziren joaten, ez baitzegoen “oso ondo ikusia”) beren kaxuelak, ogia, gazta, intxaurrak eta gainerakoak eramaten zituzten.

      Eta 1931ko txosten baten bati esker, jakin badakigu urte haietan Hernanin 35 sagardogile zeudela eta urte horretan 423.527 litro sagardo egin zirela[186]. Alabaina, zer postutan zegoen gure herria probintzia guztiarekiko? Donostia zegoen buruan 2.751.059 litrorekin (Gipuzkoa osoan egiten zen guztiaren %33,92rekin); ondoren Astigarraga 524.278 litrorekin; hirugarren Errenteria 435.635 litrorekin; laugarren Irun 429.462 litrorekin; eta bosgarren Hernani 423.527 litrorekin.

      Baina 1991n Hernani zen sagardotarako sagarrondo gehien zituen herria, eta bosgarrena sagastietan bere udal-azalerarekiko, Astigarraga, Ikaztegieta, Arama eta Zarautzen atzetik. Eta hori, sagardoaren industria Hernanin ziurtaturik dagoela esatea bezala da. Eta 1996az geroztik, gure herria “Tolare”, Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiaren egoitza da, zeinak urtero kide berriak egiten eta sagardogile eta sagardozaleen artean “meritu-kofradeak” izendatzen dituen.

      Hernaniarrak sagardozaleak izateak ez du esan nahi, ordea, alderdi hauetan ardoa bazterrera uzten zenik. Ez horixe!. Eta hara horren adibide bat, 1628ko urriaren 18an, ardo nafarraren zuzkidura jarri zen errentan, ondoko baldintza hauetan[187]:

 

1.— Ardoaren errematatzaileak urtean 16 dukat ordaindu beharko dizkio herriari.

2.— Ardoa kalitatezkoa beharko du izan eta “ez Burundakoa”.

3.— Oparo eduki beharko du eta hala ez balitz, aldi bakoitzean dukat batekin zigortuko zaio.

4.— Jendearentzako taberna eduki beharko du herriaren erdigunean.

5.— Ardo berria iristen denean, zinegotziei jakinarazi beharko die, probatu eta bere kalitatea egiazta dezaten tabernan saltzera atera aurretik, dukat bateko isunaren eta urtebetez errentamendua kentzeko zigorraren menpean.

6.— Tabernan pertsona bat egongo da etenik gabe, goizetik gaueko bederatziak arte.

7.— Herriari 4 edo 5 upa emango dizkio dohainik San Juan jaietan edateko.

8.— Ardo-pitxer bakoitza 30 marabedietan salduko da.

 

      Udalaren ekonomiarentzat burdinolek zuten garrantzia kontuan izanik, olagizonek 600 errealeko kanon bakarra ordaintzen zuten urte osoan kontsumituriko ardo guztiarengatik. Baina 1849ko abenduaren 9an zinegotziek pribilegio hau kentzea erabaki zuten. Arrazoia aski bistakoa da: burdinoletan ardo ugari edaten zen eta, bestalde, burdinolek dagoeneko ez zuten aurreko mendetan izandako interes ekonomikoa[188].

      XVII. mendeaz geroztik elurra lehen mailako produktu bilakatu zen, ez elikagaiak kontserbatzeko duen baliotasunagatik bakarrik, baita sendagarri gisa duenagatik ere. Herri bakoitzak bere elurzuloa zuen, lurrazpiko zuloak, euritik eta eguzkiaren printzetatik babesteko teilatutxo batez estalita. Elurra egiten zuen aldi bakoitzean elurzuloak betetzeko kontrataturiko langileek elurra eta garo edo lasto kapa bat ipintzen zuten ondo zanpatuta airea sar ez zedin. Behealdean, zurezko bilbe batek elurtegia lurretik altxatzen zuen eta hustubide batek bertan putzuak egitea ekiditen.

      D. Gregorio de Santesillak, “Caballero de la Orden de Santiago y Mayordomo Mayor del Excmo. Sr. D. Luis Mendez de Haro”, Hernaniko Francisco de Erroteta kontratatu zuen 1659ko irailaren 6an, Hondarribiko Erret Jauregian zegoen bitartean 300 arroa (375 kilo) elur horni ziezazkion, librako 14 marabediren kontura, eta jauregiko ateak itxi baino lehen eramatekotan[189].

      Beltran de Unbaranbe hernaniarrak, Urkamendilarren eginiko elurzulo berrirako botatako 18 haritzen ordaina jaso zuen urte bereko maiatzaren 16an. Alabaina, ez zen aski izan antza, ezen 1662an udalak talde tekniko bat izendatu baitzuen beste elurzulo berri bat egiteko leku egokia bila zezan. Hamar urteren buruan hautaturiko kokapenaren azterketa berregiten da, zeinak argi erakusten duen lehen ahalegina hutsean geratu zela[190]. Nolanahi ere, Hernanik bi udal-elurtegi zituen 1688an[191].

      Besteak beste, 1695ko maizterrari jartzen zaizkion baldintzen artean azaltzen da elurraren “heren bat” Mendekoste hirugarreneko alardean parte hartzen dutenei dohainik ematea[192]. Denboraren poderioz baldintzak aldatzen doaz eta 1714ko uztailaren 18an Pedro de Urquiak 190 erreal ordaindu zituen Usategietako elurzuloko elurrarengatik, ondoren abuztuaren 15a arte libra bakoitza 4 marabeditan eta data horretatik irailaren 29a bitarte 6 marabeditan saltzeko[193]; 1728an herriak 240 erreal ematen dizkio errematatzaileari libra bakoitza 4 marabeditan saltzekotan[194] eta 1737an herriak 300 erreal ordaindu zizkion Sebastian de Zavaleguiri libra 4 errealean saltzea baimenduz, eta hori da Hernaniko elur-salmentaren errentamenduari buruz dugun azken datua[195].

      Bere komunikabide apartengatik eta nekazaritza eta artisautza egoki lotzen jakin duen testuinguru ekoizlearen dinamismoa zela medio, Hernani izan da eta oraino da Urumea bailarako merkataritza-gune nagusienetariko bat. Historikoki asko lagundu zuen horretan 1762ko uholde ikaragarrien ostean antolaturiko asteroko feriak. “Zerbitzu honen baitan

      (...) Ganadu, Hegazti, Fruta eta iristen ziren gainerako genero eta gauza guztien Feria ospatzeko” eskakizuna, hamar urterako onetsi zen printzipioz, 1765ean, gero behin-betirako luzatu baldin bazen ere[196].

      Halaber, 1861eko apirilaren 14an, hileko bigarrengo ostegunean beste feria bat egiteko baimena eskatu zen[197], eta hau ere onartu zen.

      Gaur egun, ostegunetan egiten da azoka hau Urbieta kalean, artisau eta nekazaritzako produktuak baino kontsumokoak gehiago izan eta saltzen badira ere. Duela urte gutxi arte Perkaiztegi kalean ospatzen zen, egun Atzieta kalea, alabaina, ganaduaren salerosketa Plaza Berrin.

      Hara, 1800eko gertaera bitxi batekin emango diogu amaiera atal honi, non argi geratzen den ez dela atzokoa dibisak ihes egiteko beldurra, ezta ezlegezko jardueren estalki gisa egiten ziren negozioei buruzko susmoak ere. Aipatu urte horretan, Hernaniko Juan Antonio de Tomasa merkataria atzeman zuten 82.000 errealeko diru-kopuruarekin, nekez zuzenesteko moduko kopurua bere establezimenduan ohiko ziren diru-sarrerak ikusita. Zuzenbidearen ordezkariek, dirua Frantziara eramateko intentzioa zuela uste zuten, beraz, dirua baitu eta Xavier Ignacio de Elizalde jaunaren etxean gordailatu zuten afera guztia argitu arte. Baina, nondik eta nola, aurpegiak belzturiko 20 bat gizon armatu, Juan Jose de Ibargoyen, Guiñi, eta Pedro Carderecar Frantzes-txikia buru zituztela, Elizalderen etxean sartu eta bertan zegoen diru guztia eraman zuten. Horren ondorioz, justizia merkatariaren aurkako auzi luze batean sartu zen, eta hau diruaren azken gordetzaile zen Elizalderen aurka, eta guztiak lapurren aurka[198].

 

 

 

 

[173] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M.. AYERBE IRIBAR, M.R., Op.cit. IX. alea, 127. or.

[174] O.A.P. III. atala, 962. leg., 226 fol.

[175] O.A.P. III. atala, 1.439. leg., 13. fol.

[176] H.U.A. A/1/15, 36. fol.

[177] O.A.P. III. atala, 3.277. leg., 48. fol.

[178] O.A.P. III. atala, 1.439. leg., 18. fol.

[179] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M., AYERBE IRIBAR, M.R., Op.cit. I. alea, 224. or.

[180] Ibidem. X. alea, 328. or.

[181] Ibidem. V. alea, 75. or.

[182] AGUIRRE SORONDO, Antxon. La Sidra, Sagardoa. R.B. argilalpenak, Donoslia, 1996, 27. or.

[183] H.U.A. A/1/6, 6. fol.

[184] O.A.P. III. atala, 1.233. leg., 206. fol.

[185] H.U.A. A/1/9, 186. fol.

[186] SAGARDOGILEA (LITROAK): Luis Adarraga (56.325), Eugenio Gorrochategui (49.500), J. Manuel Liceaga (45.896), Roque Elósegui (37.790), Esteban Garmendia (32.400), José Recondo (30.215), J. María Goicoechea (29.178), Francisco Zabalegui (23.625), Ricardo Rezola (22.826), Rufino Recalde (19.305), José María Zapiain (15.660), María Adúriz (12.912), Manuel Izaguirre (8.978), Severiano Insausti (7.763), José Liceaga (4.986), Féliz Elícegui (4.500), Ignacio Oyarbide (2.835), Pedro Berbeltza (2.700), Juan Larburu (1.890), Severo Arámburu (1.800), Romualdo Lasa (1.775), Santiago Ecenarro (1.350), J. Ramón Calonge (1.350), José Martín Ugalde (1.350), Ramón Liceaga (1.080), J. Miguel Garín (1.080), R. Alberdi (945), Antonio Echeverría (810), José María Liceaga (540), Bautista Aramburu (540), J.R, Galdeano (450), V. Eizmendi (360), Ignacio Balerdi (360), José Aresti (270), Ambrosio Iraola (135).

[187] O.A.P. III. atala, 1.042. leg., 2. fol.

[188] H.U.A. A/1/15, 80. fol.

[189] Gipuzkoako historiarako Dokumentu argitaragabeen bilduma. Gipuzkoako Diputazioa. Donostia, 1959, 127. or.

[190] H.U.A. A/1/6, 147, 208 v., 289 v. fol.

[191] O.A.P. TTl. atala. 1.184. leg., 5. fol.

[192] O.A.P. m. atala, 1.272. leg., 116. fol.

[193] O.A.P. III. atala, 1.288. leg., 257. fol.

[194] O.A.P. III. atala, 1.320. leg., 17. fol.

[195] O.A.P. ITT. atala, 1.344. leg., 332. fol.

[196] H.U.A. E/2/1/6

[197] H.U.A. A/1/16, 17. fol.

[198] H.U.A. E/7/III/22/1