Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegaciķn [eu]
Latseko produktu kimikoen fabrika
(Ereņotzu, Hernani)
2021
5. Jabeak. Puigtarrak | 6. Langileak, lanaldia eta hainbat pasadizo | 7. Bezeroak eta hornitzaileak

 

6. LANGILEAK, LANALDIA
ETA HAINBAT PASADIZO

 

      Latseko fabrikan aritzen ziren langile gehienak, guztiak ez esatearren, auzoko edo inguruko baserritarrak ziren: Larratz, Izeneder, Akola, Aparrain, Abillats, Askatsu...Urumea bailarakoak guztiak, baina batez ere bailara goialdekoak, Ereņotzutik hasi eta Aranoko Askatsuraino. Beraz, diru-sarrera nagusi gisa lantegiko jornala bazuten ere, baserriko lanari esker, beste pixkat bat ere atera ohi zuten. Bestalde, aipatu beharra dago langile guztiak gizonezkoak zirela, emakumezkorik ez zela egon fabrikan, baina bai Don Peperen etxean neskame gisa.

      Egun pentsaezina bazaigu ere, oinez egiten zituzten baserritik lantegirako joan-etorri guztiak, egun argiz zein gauez, zakua, bazkaritarako fianbrerarekin, bandoleran zutela. Jakina!, ahal zuenak bizikletaz egiten zuen bide hori.

 

 

Langile-zerrendak

 

      Hurrengo tauletan, modu batera edo bestera, “Hijos de Jaime Puig” enpresaren zerbitzura lan egin zutenen langileen zerrendak agertzen dira. Lehenengo taulan, 1949 urtetik 1961 urtera bitartean aseguratutako langileen zerrenda duzue, familia-sorospen (subsidio familiar) paperetatik aterata. Paper horietan, ageri dira adierazitako urte eta hilabetean enpresaren zerbitzura aseguratutako langileak, bai eta horietako bakoitzak jasotako soldata eta ordainsariak ere, kotizaziopean dagoen zenbatekoa, ordaintzen diren egunen kopurua eta, hala badagokio, dirulaguntzaren zenbatekoa, onuradunen (seme-alaben) kopuruaren arabera.

      Lehenengo taulara langileen izen-abizenak ekarri ditugu, Gizarte Aseguruen eta Lan Mutualitateen Institutu Nazionalaren paperetan agertzen den grafia berarekin. Gainera, langilearen matrikula-zenbakia eta lanbide-kategoria aurkezten dira, paperetan agertzen diren moduan. Azkenik, langile bakoitzaren etxearen izena adierazten duen beste zutabe bat erantsi diogu, askotan errazagoa baita etxearen izena gogoratzea langilearen izen-abizenak baino.

      Bigarren taulan, itxi aurreko hogei urteetan enpresan lan egin duten eta aurreko taulan agertzen ez diren langileen zerrenda jasotzen da. Hirugarrenean, aldiz, udan eta lan-karga handia zegoenean enpresan lan egin zuten orduko gazteen izen-abizenak agertzen dira. Laugarrenean, azkenik, ez lantegian, baizik Don Peperen txaletean neskame aritutako emakumeak zerrendatu dira.

      Bestalde, baliteke XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran langile kopurua nabarmen handiagoa izatea. Nicolas Bustinduy industria-ingeniariak 1894an argitaratutako bere lanean idatzi zuenez, “Puig y comp.” fabrikak 30 eta 40 langile artean zituen eta beste batzuk mendiko lanetan.

 

1. taula

 

2. taula

 

3. taula

 

4. taula

 

      Oraindik badira auzoan fabrika hura ezagutu eta hango kontuak ondo gogoan dituztenak, bertan lanean aritu zirelako, uda partean lantxo batzuk egin zituztelako diru apur baten truke, edo, besterik gabe, alboan bizi eta lantegiaren martxa txiki-txikitatik ikusi dutelako. Horietako batzuekin hizketan aritu gara, eta elkarrizketa horietatik ateratako hainbat pasadizo eta bitxikeria laburbildu ditugu ondorengo lerrootan.

 

 

Langileak hiru txandatan

 

      Lan-jarduna eguneko hiru errelebotan antolatuta zuten, goizeko txanda, arratsaldekoa eta gauekoa. Goizekoa 6:00etatik 14:00etara izaten zen, hurrengoa 22:00ak arte, eta hirugarrena, gauez, goizeko 6:00ak arte. Hala ere, arratsalde eta gauetan bi personako erreleboak izaten ziren, bikoteka, biak suginak. Bata ikazte-labeez arduratzen zen, bestea lurrun-galdaraz. Hori bai, “maniobrak” egin behar zituztenean biak elkartzen ziren garabia bien artean gobernatzeko. Asteburuetan suginek bakarrik egiten zuten lan.

      Edonola ere, Prontxio Miner enkargatuak goizeko 08:00etan puntuan kanpaia jotzearekin batera hasten zen lanean eguneko txanda, eta orduan egiten ziren labeekin loturarik ez zuten gainerako zeregin guztiak: egurra prestatu, gaueko produkziorako galdarak egurrez bete, galdarak hustu, egur ikatza bahetu, konponketak, zamaketa lanak...

      Florian Oiarbidek, Latxe ondoko Abillats baserrikoa izanik, betidanik ezagutu zuen fabrikaren martxa. Ondoren berak Latseko fabrikari jarritako bertsoetako bat.

 

Goizeko zortzitan xuxen

jotzen zuten kanpana

Orduan hartu aizkora

zerra edo arpana

beste batzuk bizkarrian

bakoitzak borra bana

burni-ziriz egur hausten

bazuten nahiko lana.

 

 

Bazkalordua

 

      Eguneko txanda 08:00etan hasi eta 12:00etan, Prontxio Miner enkargatuak kanpaia jotzen zuenean, denak bazkaltzeko prestatzen ziren. Ordu eta erdi izaten zuten horretarako. Bazkalostean siesta botatzeko astia ere izaten zuten batzuek. Bazkaltzera etxera joaten ez ziren langileek fianbrerak ekartzen zituzten lantegian bertan bazkaltzeko. Horretarako, bi asto eta oholtzar batekin mahai eder bat prestatzen zuten bigarren nabe nagusiaren erdian, edo lehen nabean hotz egiten zuenean, ikazte-labeen epelean.

      Lurrun-galdarak presio handiegia hartzen zuenean, alarma moduan txilibitu batek automatikoki jotzen zuen. Bada, bazen erreleboetako sugin bikote xelebre samar bat, egunero bazkalordua iristear zela, txistu-hotsa martxan jarri, kriston iskanbila sortu eta mundu guztia dantzan jartzen zuena.

 

 

Argiztapena

 

      Argindarra sortzeko turbina hidrauliko eta sorgailu bat zeuden, baina “ipurtargi” gutxi batzuk elikatzeko besterik ez zuten ematen. Hortaz, uda parteko agorraldian batik bat, gauez ez zen beti argirik egoten, eta kandilak edo karburozko lanparak erabili behar izaten zituzten gaueko txandetan. Argazkian, Latseko fabrikako argindarra sortzeko turbina eta dinamoa.

 

 

 

Kamioi gidariak

 

      Esan bezala, enpresak ez zuen kamioi propiorik, eta, beraz, zerbitzu hori auzoko kamioilariek eskaintzen zuten. Egurra ekarri ohi zuenetako bat Epeleko Benito zen, GMC muturluze horietako bat zuena. Hori baino lehen, karga mando-bizkarrean ekartzen zen, sei eta zazpi mandoko karabanetan, mando bakoitza bere zamari-kartolekin egurrez topera beteta. Oiartzungo “Urdiņa” zen mandoekin garraioan aritzen zenetako bat, baita Aņarreko Manuel eta Abaņoko "Rubio" deitutakoa ere. Mandoak pisatzen omen zituzten, karga eta guzti, beren "tarak" ezaguna zituztelako. Geroago, batzuk idiekin aritu ziren garraioan: horietako bat, Antonio Mari Oiartzabal (Izeneder baserrikoa). Eta ondoren kamioiak iritsi ziren, Epeleko Benito Iraola, Pagoagako anaiak, Beitia bizkaitarra, Joxe leitzarra eta abar...

 

 

      Akerregi auzoko Celestino eta Rufino Izagirre kamioilariek eramaten zituzten beren kamioietan ozpinez betetako barrikak, baita Pagoagako Emilio Lizeagak ere, esnea biltzeko erabiltzen zuen Gurelesako zisterna kentzen zuenean.

 

 

Udan lanean

 

      Udan, eskolan jai zutenean, langileen seme-alabetako batzuk fabrikan aritzen ziren, sos gutxi batzuen truke, “kontrabandoan”, orduan ez baitzegoen ez ikuskatzailerik, ez paperik, ezta horrelako ezer ere. Zerbait ordaintzen zieten zeregin batzuengatik, eta, jakina, mutil koskorrak gustura.

      Zeregin horietako batzuk ziren: txilarrezko erratzekin lurra garbitzea; beirazko potizak garbitzea, alkoholez edo ur destilatuz betetzeko; potiza eta metalezko sarearen artean lastoa sartzea buelta guztian, ez mugitzeko; patata-irina urarekin nahastea...

 

 

Labeak etenik gabe lanean

 

      Ikazte-labeak eta lurrun-galdara ez ziren gauez gelditzen, ezta asteburuetan ere. Jo eta su aritzen ziren urte osoan lanean, harrikatza errez egurra eta ura berotzen. Sortutako keak, ordea, lurrazpiko konduktu luzeetatik barrena lantegiaren beste muturrean dagoen adreiluzko tximinia erraldoira eramaten ziren, handik gora kanpora isurtzeko. Dena den, baziren urtearen amaiera aldera, Eguberrien inguruan, egun gutxi batzuk bi horien etenaldia egiten zutena, behin hoztuta, hodi luze horien barrualdean garbiketa-lanak egiteko. Baina huraxe bai zirkoa! Orduan ez zegoen gaur egungo segurtasun-buzo edo halakorik, eta zeregin hori burutu behar zuen langilea arpilerazko zakuez goitik behera estaltzen zuten. Hala ere, pentsatzekoa den moduan, kedarra bezain beltza irteten zen langile gaixoa.

 

 

Trebeak eta traketsak

 

      Gauza sinpleenerako ere apur bat “maņosoa” izan beharra zegoen, baina baziren sugin xelebre batzuk, besterik gabe harrikatz palakadak bota eta bota aritzen zirenak. Orduan noski, lurrun-isuriak izugarriak izaten ziren. Instalazioko zirrikitu guztietatik irteten zen gas lurruntsu mina, lantegi guztia harrapatuz; baina baita lantegitik kanpokoa ere. Beti lagun bera izaten zenez, langileen etxetik oihuka erantzuten zioten: “Askatsuuuu!”....

 

 

Auzoari zerbitzua

 

      Lantegiaren barruan, baskula nagusiaz gain, beste txikiago bat ere bazegoen. Lantegikoek erabiltzeaz gain, auzotarrek ere erabiltzen zituzten: lehena pisu handietarako, eta bigarrena, besteak beste, txerriak pisatzeko. Gasolina ere saltzen zuten auzoko lehen Montesa motoentzat, eta nola ez, egur ikatza ere bai. Auzoari zerbitzua ere ematen zion, beraz, lantegiak.

 

 

Don Pepe eta karameluak

 

      Oso gizon elizkoia zenez, sekula ez zuen hutsik egiten Ereņotzuko San Antonio elizan egiten ziren mezatara. Irteeran haur guztiak ilaran jartzen zitzaiozkion eta berak poltsikotik gozoki eta “txupete” motako gozokiak atera eta banatzen zituen. Lurrera bota eta haur guztiek harrapazkan jauzi egiten zuten horien bila. “Egunen batean lurrera botako duzue Don Pepe” oihukatzen zuten haurren gurasoek. Donostia aldean ez omen da izan Ereņotzuko haurrak adina karamelu jan duenik! Fabrika inguruan ere, haurrak sumatu orduko eskua poltsikora eraman eta “tori karameloa”. Gozokiak banatzea gustatzen zitzaion.

 

 

Don Pepe eta erreketeak

 

      1936ko irailaren 12an errekete nafarrak Urumean barrena sartu zirenean, sekulako eskapada egin zuen Don Pepek. Erreketeak fabrikan sartu eta bazter guztiak miatzen hasi zirenean, langileek, Don Pepe babesteko, bere txaleteko “karboneran” ezkutatu zuten, eta hara! ez zuten hura miatu. Hernani aldera alde egin zutenean langileek berehala eraman zuten gauez Aranorantz.

 

 

Urteko bazkaria, nagusiaren kontura

 

      Urtean behin, nagusiak bere langile, laguntzaile eta zerbitzari guztiak elkartzen zituen bazkari handi bat egiteko. Inguruko jatetxeren batean izaten zen, Fagollagan edo Epelen; argazkian, esaterako, Epele auzoko Epeleko-Etxeberri jatetxean ageri dira, Don Pepe eta Montserrat emaztea mahaiburu dutela.

 

 

      Bestalde, ozpin ekoizpena lehengo 100 barriketara iristean ere afari eta parranda latza botatzen omen zuten langileek. Lantegian bertan antolatzen zituzten halakoak, eta batek daki noiz eta nola amaitzen ziren...

 

 

Leandro eta Xanti Irazusta ofizinistak

 

      Bi ziren lantegiko bulegoan lanean aritzen zirenak, Leandro eta Xanti Irazusta anaiak. Lehena lehengaien erosketaz eta salmentez arduratzen zen; bezeroarekin tratua izaten zuena bera izaten zen. Bigarrena, langileen paperak kudeatzeaz, batik bat nominak, aseguruak, kontabililitatea...

      Fagollagako eskola publikoan maistra izandako Kasilda Lizeagaren semeak zirenez, auzoarekin nolabaiteko harremana bazuten, baina, berez, Hernaniko kaletarrak ziren. Autoa zuten gutxi horietakoak ziren. Leandrok, bietan gazteena eta garaiena, Lambretta motorra zuen, eta Xantik Seat-127 auto grisa. Leandro Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko lehendakaria izan zen, baita 1977an Federazio Nazionaleko lehendakariorde ere. Gaixotasun baten erruz anaiak baino lehenago utzi zuen lantegia, eta Xanti bulegoan bakarrik geratu zen; hark likidatu zuen horko martxa Joxe Mari Etxeberriarekin batera.

      Leandro eta Xanti bulegoaren atzealdean zegoen mahai luze baten alde banatan esertzen ziren. Aurrealdean, leihatilaren ondoan, Don Pepek bere mahaia zeukan, hantxe ematen baitzituen lanordu guztiak. Bi mahaien artean, paretan finkatuta, garai hartako telefonoa zegoen: 70-17. Leihatilak behealdean eta mostradore gainetik paperak barrura pasatzeko zuloa zuen, alboko atetik bulego barrura sartu behar ez izateko. Kutxa gotor bat ere bazegoen bulegoan, soldataren banaketa egin aurretik dirua bertan gordetzeko. Argazkietan, orduko leihatila eta kutxa gotorra, Ereņotzuko Auzo Elkartearenn lokalean.

 

 

 

Laborategiak

 

      Langileen etxeko beheko solairuan laborategia zegoen, eskuineko bulegoaren eta ezkerreko biltegien artean. Produktu kimikoen fabrika izanik, ezinbestekoa zen instalazio horiek izatea nahasketak probatzeko, neurketak egiteko, etab. Baina, lekukotzen arabera, fabrikaren azken urteetan behintzat, laborategia ez zen erabiltzen muntatu zen garaian bezainbeste, agian gainbeheraren seinale.

 

 

Aldagelak

 

      Bigarren nabearen erdian zurezko egitura bat zegoen: aldagelak ziren. Bertan, langileek kanpotik ekarritako txamarra edo dena delakoa erantziko zuten, beren kakoetan zintzilikatu eta lanerako prestatuko ziren, bakoitza bere modura; orokorrean mahonezko galtza bonbatxoak janzten zituzten, eta, lan motaren arabera, arpillerazko mantalez babesten ziren, gerritik soka batekin lotuta. Etxetik ekarritako txapela ere zintzilikatzen zuten kakoan, eta lanerako zaharra jantzi, baldin eta aldatzen bazuten. Oinetakoei dagokienez, lantegiaren azken garaitan gaur egungoak nagusitu baziren ere, gomazko abarkak izan ziren ordura arte erabilienak, baita, uretan ibili behar izanez gero, lehen bota “katiuskak” ere.

      Euria egiten zuen egunetan, fabrikara bidean bizkarra eta burua babesteko batzuek arpillerazko zaku bat jartzen zuten, baina aterkiak ere erabiltzen zituzten. Erabiltzen zutena erabiltzen zutela ere, aldagelan ez bazen lantegiko bazter batean utziko zuten, lehortu zedin.

 

Santiago eta Luismari Puig

 

      Don Peperen anaia, Santiago, Madrilen bizi zen; bideetako ingeniaria zen hura, baina sarritan etortzen zen Latseko langileen etxean zuen etxebizitzara.

      Bestalde, Luismari Puig izan zen Don Peperi apaiz edo fraide sartu ez zitzaion seme bakarra. Ikasketak burutu eta aitaren moduan ingeniari lanetan aritu zen. Etxetik alde egin bitartean, auzoko bere adineko gazteekin aritzen zen futbolean nahiz pelotan jokatzen, baita geroago inguruko mendietan auzoko gazteekin erbi-ehizan ere.

 

 

Istripu hilgarria

 

      Gaur egun hartzen diren babes-neurri guztiak hartzen ez zituzten arren, ez ziren ohikoak izan lan-istripuak Latseko lantegian, edo, gure lekukoek ez dituzte gogoratzen behintzat,; ziurrenik gaur egun baino modu lasaiagoan lan egiten zelako izango da hori. Hala ere, Latseko fabrikan izandako istripu larri baten berri eman digute. Txabola baserriko Damaso Arruti Otegi teilatua konpontzeko lanak egiten ari zela, teilatutik behera erori, buruan kolpe txar bat hartu eta bertan hil zen.

 

 

Azken urteak

 

      Bere azken urteetan, enpresak langile pare batekin ustiatu zituen instalazioak. Joxe Mari Etxeberria arduratzen zen produkzioaz eta Xanti Irazusta bulegoaz. Garai horretan ikazte-labeak ez ziren piztu ere egiten, zuzenean Nafarroako Iratitik ekartzen zen ozpina egiteko beharrezkoa den azido azetikoa eta hari azukrea eta karea nahasiz lortzen zen ozpina. Joxe Antonio Etxeberriak bere aita hantxe ezagutu zuen lanean, fabrika itxi zen arte.

      Ordurako lantegia gainbehera zetorrela ikusita, langile batzuk jubilatu eta beste asko Epele inguruan eraiki berri zituzten Polikloro edo Elektrokimika lantegietara pasa ziren lanera...nagusien arteko ezkutuko akordioa tarteko.

 

      Jarraian, Diario de San Sebastián egunkarian agertutako 1881ean iragarkia:

 

      1960 urte inguruko argazki honetan Latseko fabrikako langileak eta nagusiak (Puig familia) ageri dira. Behean, argazkiko kideen izenak, bere garaian Urumeako Kronikak jaso eta orain osatuta.

1 - Iņaxio Arretxe (Alkatxuain)

2 - Markos Gorrotxategi (Arriurdineta)

3 - Juanito Santa Kruz (Akola)

4 - Zelestino Izagirre (Akarregi)

5 - Patxi Perurena

6 - ?

7 - Tiburzio Izagirre (Akarregi)

8 - Jose Miel (Txabola)

9 - Altxotarra

10 - Antonio MĒ Izagirre

11 - Santiago Puig Vilar

12 - Antonio Erroizenea (Ubarreto)

13 - Joxe Mari Etxeberria (Latxe)

14 - Rafael Izagirre (Ubarreto)

15 - Juan Mari Artola (Alkatxuin)

16 - Rafael Anabitarte (Altzusta)

17 - Jose Izagirre (Aparrain)

18 - Juan Domingo Erroizenea

19 - Juanito Aranburu (Aparrain)

20 - ?

21 - Seberiano Etxegoyen

22 - Xanti Irazusta

23 - Agustin Oyarzabal (Larrats)

24 - Dionisio Zabaleta (Etxolaberri)

25 - Esteban Izagirre (Askatsu)

26 - MĒ Dolores (Lola) Puig Vilar

27 - Gregorio Santa Kruz (Akola)

28 - Luis Izagirre (Aparrain)

29 - Leandro Irazusta.

30 - Prontxio Miner (Latxe)

31 - Eusebio Izagirre (Akarregi)

32 - Luis MĒ Puig Vandrell

33 - Kontxita Puig Vandrell

34 - D. Pepe Puig Vilar

35 - Montserrat Vandrell

36 - Dolores Puig Vandrell

 

 

 

 

Langileen etxea

 

      Fabrikaren aldamenean, Goizuetako errepidearen eta Urumea ibaiaren artean kokatzen da langileen etxea, fabrikako jabeak lantegiaren hastapenetan bere langileentzako eraikitako etxebizitza-eraikina.

      XX. mendeko lehen herenean eraiki zen. Oinplano laukizuzeneko eraikina da, luzea (60 m x 15m). Harri-horma zarpeatuzko paretak ditu, hiru solairutan antolatua, zurezko barne-egitura eta bi isurkiko estalkia, teilatu-gailurra fatxada nagusiarekin paraleloan duela. Hala ere, etxearen ezaugarririk aipagarriena lehen solairuan teilatu-gailurrarekiko paralelo eta errepideari begira duen zurezko balkoi korritua da, jabalkoiek azpitik eta beso luzeek teilatu-hegaletik eusten dutena. Alboetan dituen patin-motako eskailerek kanpotik zuzenean etxebizitzetara iristea ahalbidetzen dute barnealdea erabili behar izan gabe. Gipuzkoa aldean apenas dagoen halako langile-etxe berezirik, eta Bizkaiko Meatzaldea eskualdera jo beharra dago antzekorik aurkitzeko.

 

 

      Hasieran etxebizitzak fabrikako langilearentzat eta haren familiakoentzat izan ziren, ondoren langileen ondorengoentzat, baina egun, jabeek etxebizitzak saldu eta bertakoak legezko-jabe egin direnean, joan-etorri ugari egon da, nahiz eta langileen ondorengoak ere oraindik bertan bizi diren.

      Lehen eta bigarren solairuetan zortzi bizitza zeuden, guztiak bertan lan egiten zuten langileentzat. Beheko solairuan bulegoa eskuinean, jarraian laborategia eta azkenik biltegiak. 1960-70ko hamarraldietan bertan bizi ziren langileen zerrenda prestatu dugu, goitik behera, ezkerretik eskuinera:

 

Antonio Ma Izagirre
(Blas Etxeberria)

Leandro Miner

Dionisio Zabaleta

Joxe Santa Kruz

J.M Etxeberria

Prontxio Miner

Agustin Oiatzabal

Santiago Puig

 

      Garai hartan etxe haren aurrean lagun mordoa elkartzen zen, Epeletik Aranorainoak. Huraxe zen auzoaren erdigunea, eta sekulako giroa egoten omen zen, Ereņotzun oraindik eraiki gabe baitzeuden etxebizitza-blokeak. Horma guztiek zuten beren marra pilotan jokatzeko, futbolean edo bola-jokoan aritzen ziren errepide erdian, eta ibilgailuren bat pasatzen zenean bakar-bakarrik baztertzen ziren, Goizuetako “korreoa” esaterako. Ereņotzuko etxeak eraiki zirenean, giroa gainbehera etorri zen, besteak beste, Ereņotzun beste bolatoki bat eraiki baitzuten. Balkoiaren azpian, birlak jartzeko lauza ikus daiteke oraindik.

 

Latseko bolatokiko birlen kokapen-lauza

 

5. Jabeak. Puigtarrak | 6. Langileak, lanaldia eta hainbat pasadizo | 7. Bezeroak eta hornitzaileak