Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Latseko produktu kimikoen fabrika
(Ereñotzu, Hernani)
2021

 

4.1. Zuraren destilazioa lehorra

 

      Latseko lantegian erabilitako prozesua zuraren destilazio lehorra egitean datza, hau da, egur adarrak airerik gabeko ontzi itxi batean berotzearen bidez deskonposatzea. Egurra egosteko prozesu kimiko hori pirolisia izenez ere ezagutzen da.

      Zuraren destilazio lehorra aspalditik ezagutu eta erabiltzen den teknologia kimikoaren lehen prozesuetako bat da. Dagoeneko XII. mendetik aurrera, Errusian asko erabiltzen zuten pinu-mundruna egiteko (besteak beste, zurezko ontziak mundruneztatzeko). Metalurgia eta burdinolen garapenarekin batera, zuraren destilazio lehorrean oinarritutako beste lanbide bat sortuko da, ikazkintza. Jakina dugunez egur-ikatzaren ekoizpenaren testigantzak oraindik nonahi aurkitu ditzakegu gure mendietako basoetan.

      Baina zuraren pirolisiaren aplikazio industrialaren hasiera XIX. mendeari dagokio, eta garai horretan sortuko da, mendearen azken urteetan, Latseko produktu kimikoen lantegia. Garai bertsuan sortu ziren arestian aipatu ditugun Lizarrustiko “Quifosa” lantegia eta Nafarroako Longidako El Irati enpresaren zuraren destileria

      Zura 270 °C-tik gora berotzen denean deskonposizio-prozesu bat hasten da, karbonizazioa edo ikazte-prozesua izenekoa. Airerik ezean, azken produktua, oxigenoak zurarekin ez duenez erreakzionatzen, egur-ikatza da. Airea, oxigenoduna, erreketan bertan balego, zura 400 °-500 ° C-ko tenperaturara iristen denean piztu eta erre egingo litzateke, errekuntzaren emaitza egur-errautsa izanik.

      Egurra airearen ukipenetik kanpo berotzen denean, lehenik eta behin hezetasunaren erauzketa dator, eta eragiketa hori osatu arte, egurraren tenperatura 100-110 °C inguruan mantentzen da. Egurra lehortu ondoren, bere tenperatura igo egiten da, eta 270 °C inguruan hasten da berez deskonposatzen, eta, aldi berean, beroa askatzen. Fase honetan hasten da zuraren karbonizazioko azpiproduktuen bilakaera. Substantzia horiek pixkanaka askatzen dira tenperaturak gora egin ahala, eta bilakaera hori 450 °C inguruan osatzen da. Hondakin solidoa, egur-ikatza, karbonoa da funtsean (% 70 inguru), eta substantzia mundrunen kantitate txikiak ditu, erabat banandu edo deskonposatu daitezkeenak, tenperatura 600 °C baino gehiagora igotzen denean soilik.

      Oxigenorik gabeko giroan beroz bidezko egurraren egosketa horretan produktu gaseoso edo lurrunkorrak eta hondakin solidoak sortzen dira. Azken horiek ontzi edo galdaretan bertan geratzen zen egur-ikatza izaten zen. Berotze prozesu horretan askatutako gas lurrunkor guztiek atmosferara ihes egiten dute ke forman. Baina lurrunezko azpiproduktu horiek berreskuratu egin daitezke ur-kondentsadore batzuetatik pasatuz gero. Horrela, azido piroleñoso edo pirozurezkoa deritzona lortzen da batetik, eta egurraren gas kondentsaezina bestetik, errez gero, bero moduan galduko dena.

      Azido pirozurezkoa kondentsatu gordinaren izena da (Latsen “salda” gisa ezagutzen zuten, zuen itxuragatik), eta batez ere urez osatuta dago. Horrez gain, %24 mundrunak izango dira (uretan disolbagarriak direnak zein disolbaezinak), % 5-6 azido azetikoa, % 2 metanola, %1 azetona eta metilazetona eta kantitate txikiagoan beste konplexu kimiko batzuk. Oso likido kutsatzaile kaltegarria da, korrosiboa, eta azpiproduktuak lortzeko behar bezala tratatu behar da, edo beste erregai batzuen laguntzarekin erreta ezabatu beharra dago, hala nola zurarekin edo zuraren gasarekin.

      Azken urteetan 3 ikazte-labe egon ziren martxan, nahiz eta lau labe zeuden, eta ikazte prozesu osoak 12 ordu inguru behar zituenez, egunean 6 ikatz-galdara egiten zituzten hiru lan-txandatan. Egurrez betetako galdara bakoitzak 2.000 kilo inguru pisatzen zuenez, egunean 12.000 kilo egur destilatzen ziren. Modu naturalean lehortutako pago edo haritzaren metro kubikoak 650 kilo inguru pisatzen dituenez, esan daiteke Latsen egunean 18,5 metro kubiko egur destilatzen zirela.

      Nicolas Bustinduy Eibarko industria-ingeniariak 1894an argitaratutako lanean idatzitakoaren arabera (“La industria Guipuzcoana en fin de siglo”), Latseko fabrikan martxa jarraituko 6 labe zituzten, egunean 24 orduz martxan zeudenak, egur-ikatz eta gas bidez. Urtean 4.500 edo 5.000 tona egur destilatzeko prestaturik zegoen.

      Lortutako errendimenduari dagokionez, egur lehorraren tona bakoitzeko 300 bat kg egur ikatz eta 650 litro azido pirozurezko gordin lortzen ziren. Baina azken horietatik 580 litro baino ez ziren erabiltzen, operazioaren hasieran kea kanpora ateratzen baitzen hezetasuna erauztean. Errendimenduari dagokionez, hauexek ziren gutxi-asko datuak. Egur lehor tona batetik lortzen zen:

 

Egur-ikatza

300 kg

Azido azetikoa

50 kg

Metanola

16 kg

Azetona eta metilazetona

8kg

Mundrun disolbagarriak

190 kg

Mundrun disolbaezinak

50 kg