Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Latseko produktu kimikoen fabrika
(Ereñotzu, Hernani)
2021
1. Sarrera | 2. Datu historikoak | 3. Ekoizpen instalazioak

 

2. DATU HISTORIKOAK

 

      Latseko fabrika Urumea ibaiaren ertzean, mendien artean, kokatzeak bi arrazoi izan zituen gutxienez. Alde batetik, lantegiaren ekoizpen-prozesuaren ondorioz egur ugari eskura zegoen landa-eremu bat aukeratu zen, eta, bestetik, industriaurreko garaitik hain ohikoa zen bilakaera argiari jarraitu zitzaion, hau da, lehendik zegoen burdinolaren azpiegitura hidraulikoa aprobetxatu zen.

      Latseko burdinolaren aztarnak egungo Puigeko fabrikaren atzealdean daude, Latse errekaren eskuin ertzean, bihurguneak sortutako terraza txikian. Sastrakaz estalitako ingurunean, garai bateko burdinolaren aztarnak izan zitezkeenak sumatu daitezke, eskuairan jarritako hainbat harri-horma, dimentsio handikoak, baina elkar lotu gabeak. Latseko burdinola dokumentalki XIV-XVI. mendeen artean agertzen da (Diez de Salazar, L.M.; 1983, 2. bol. 345 or.), eta berresten da geroago, 1619an (Soria, L.; 1982, 189-192 or.), Ereñotzuko gainerako burdinolekin batera, kontzejuaren aurkako auzi batean aipatzen denean. Bestalde, handik gertu zegoen Jose Manuel Lujanbio “Txirrita” (1860-1936) bertsolariaren jaiotetxe izandako Latsezar baserria, eta hantxe jarri zuten haren omenezko busto-oroigarria.

      Lecumberri y Cía. izena hartu zuen, lehenengoz, 1884an bertan kokatu zen lantegiak. Angel Mariano Sanchez-Salvadorri Latse baserria eta beste lursail batzuk erosi, Indaberea Arrieta anaiei ur-jauzia eta ustiapen eskubideak, eta 245.000 pezetako kapital sozialarekin ekin zioten egurraren destilazioaren bidez hainbat produktu ekoizteari (egur-ikatza, mundruna, pirolignitoak, azido azetikoa...). Izen horrekin berarekin aurketu ziren 1888ko Bartzelonako Erakusketa Unibertsalera. Baina jatorrian, 1881ean, enpresa hori Hernaniko Zabalegi baserriaren inguruan zegoen, Errekaldetik Galarretarako bidean. Ustekabeko sute baten ondorioz, kokapen berri honetara aldatu zuten. Enpresa landa-ingurune batean kokatu zen, egokia garatzen zuten ekoizpen-prozesurako.

 

Latsen kokatu zen lehen fabrikaren korrespondentziako idazpurua

 

      1889ko apirilean, eraikuntza enpresak Puig y Cía. sozietateari alokatu zizkion instalazio berriak. Sozietate hori aurreko sozietateko zenbait bazkidek sortu zuten, Jaime Puig More industria-ingeniariaren zuzendaritzapean. 1891ko ekainean, jatorrizko jabeek behin betiko saldu zizkioten instalazioak eta beren eskubideak Puig y Cía. sozietateari, zeina hilabete batzuk lehenago 150.000 pezetako kapital sozialarekin birsortu baitzen. [*]

      Beraz, hasieran “Lecumberri y Cía” izenez azaltzen zena, 1889tik aurrera “Alcoholera Puig y Cía” edo “Puig y Cía” bezala agertuko da. Ondoren “Jaime Puig” izenez, eta bere semeak lantegiko ardura hartzean “Hijos de Jaime Puig” moduan. Dena den, fabrikak beti mantendu zuen jatorrizko izen komertziala: Aritzarenac (Larrinaga 1999:360-362).

 

Hijos de Jaime Puig lantegiaren zigilua

 

 

Azken urteak

 

      XX. mendeko lehen bi herenetan empresa ekonomikoki bideragarria izan bazen ere, hortik aurrera etengabeko gainbehera iritsi zitzaion, 1984ean behin betiko itxi zuten arte. Egurra eskuratzeko zailtasunak eta elikaduran ozpin mota hori erabiltzeko debekuak izan ziren fabrika ixtea eragin zuten arrazoi nagusiak.

      1975ean enpresa-burua hil ondoren, instalazioak nola hala ustiatzen jarraitu zuten urte gutxi batzuetan, langile gutxi batzuekin. Egoera ez zen aldekoa, eta, gainera, ikaragarria zen pilatutako zorra. Hala, zor hori kitatu bezain laster, itxi egin zen. Azken urteetan funtzionamendu eskasa izan zuen, ez ziren fabrikaren ezaugarriak betetzen: bertan ez zen egurra lehengai gisa erabiltzen, eta zuzenean kanpotik ekartzen zuten azido azetiko purua, azukre-melazarekin azken produktua lortzeko, ozpina.

      Ekoizpena erabat eten ondoren, hondamendia iritsi zen lantegira. Makina eta instalazio gehienak txatarrarako saldu ziren, horien artean ekoizpenerako ezinbestekoa zen garabia. Inork ez zituen fabrikak eta instalazioak bere gain hartu.

 

Aireko argazki honetan, Latseko fabrikaren egungo egoera ikus daiteke

 

Posta-txartela, Oñativiaren margolaneko Latseko lantegiaren irudiarekin

 

 

[*] Hernaniko industria-ondarea Urumea bailaran zehar (2020). Miren Garcia Dalmau, Alfredo Moraza Barea.

 

1. Sarrera | 2. Datu historikoak | 3. Ekoizpen instalazioak