Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020
17. “Papelera Biyak-Bat” paper-fabrika | 18. “Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga” paper-fabrika | 19. Osiñagako portua

 

18
“PAPELERA GUIPUZCOANA
DE ZICUÑAGA” PAPER-FABRIKA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 583687, y 4789956, z 25,32 (fabrika)

                                x 584001, y 4789840, z 31 (presa)

IBAIA: Urumea

 

      Multzoa Eziago auzoan kokatuta dago, Urumea ibaian dagoen meandro zabal batean. Nafarroarako errepidetik (GI 3410) sartzen da eremura, Eziagoko industrialdetik gertu.

      Jatorrizko industria-instalazioak partzela zabal batean daude, eta testu honetan lantzen den eta oraindik aktibo eta funtzionatzen ari den industria bakarrenetakoa da.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Egoera onean dago

BABESA: Babesik gabe

 

      Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga paper-fabrikari dagozkion industria-instalazioek 160.000 m2 baino gehiagoko lurzati zabala hartzen dute (hasierakoak 40.000 ingurukoak ziren).

      80 urte pasatxoan, instalazio horiek bilakaera nabarmena izan dute, eta, horren ondorioz, jatorrizko ekoizpen-instalazio asko desagertu egin dira, merkatuaren ekoizpen-premiekin bat datozen beste batzuekin ordezkatuta; prozesu horretan, oraindik ere, etengabeko obrak egiten ari dira instalazioetan.

      Kontserbatu diren elementu bakanetako bat Urumea ibaian prestatutako jatorrizko presa da. Elorrabi inguruan dago, eta ibaiaren ibilguarekiko zeharka jarrita dago, bere deribazioa errazteko, puntu horretan duen korronte eta emari handia dela eta. Presa hau, izatez, Eziagoko antzinako erroten (1416-1910) eta Biyak-Bat Papeleraren (1887-1983) oinordekoa da, bere kokapen bera hartuz, baina oso berritua. 130 m luze, 1,50 m zabal eta 3,10 m altu den grabitatezko presa da. Harri-lubeta batez errematatutako hormigoiz egina dago, nahiz eta gaur egungo trazaduraren azpian oso litekeena den harlanduzko jatorrizko fabrika ezkutatzea. Hartunea eskuineko estribuan dago, neurri desberdinetako (1,50 eta 3,50 m) metalezko bi uhatez hornituta. Estribo horretan bertan garbiketa-hustubide bat zegoen, bere uhatearekin eta kontrol-gurpilarekin. 1990 inguruan, izokinentzako eskala berri bat exekutatu zen, jatorrizkoaren eraginkortasun ezagatik (erdiko zatian kokatua), eta ezkerreko estribuan jarri zen, non, antzina, esklusa egokituta zegoen jada erabiltzen ez ziren ontziak igarotzeko[53].

      Kanalizazio-kanalak 502 metro inguruko luzera, 5 metroko oinarria eta 1,60 metroko altuera zuen, sekzio trapezoidal batekin. Sekzio hori lurrean sartuta zegoen eta harlangaitzezko horma batekin helduta. 1980ko hamarkadan, 226 metro inguruko ubide honen hasierako zatia eraberritu egin zen sekzio angeluzuzeneko (4x2,50 m) hormigoizko kutxa bat eraikiz, hormigoizko lauza batez estalia. Azken zatian, hainbat eraikinen artean sartutako karga-ganbera ireki zen, 650 m2 eta 1.300 m2-ko oinplano trapezoidala zuena.

      Ondoren, 178 metroko luzera eta 5 metroko zabalera zuen hustubide luze bat zuen, urak Urumea ibaira itzultzen zituena meandrotik ur behera. 1991n, ekoizpen elektrikoko instalazioak berregokitu egin ziren eta lehengo kokalekutik (Biyak-Bat Papelera zaharraren ondotik) kanalaren beheko muturrera eraman ziren, jauziaren aprobetxamendu osoagoa lortzeko. Puntu horretan, Zentral berria ezarri zen, Semi-Kaplan ardatz bertikaleko bi turbina eta horien sorgailuak dituena, 240 metroko luzera duen kanal zaharrean egokitutako karga-hodi baten bidez elikatuta[54].

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Garaikidea (1944/2020)

BESTE IZENAK:

 

      Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga paper-fabrika, Gerra Zibila amaitu eta berehala eraikia izan zen, 1944an, industrialari batzuk papergintza-tradizio handiko eremu batean fabrika berri bat eraikitzea sustatu zutenean (“la construcción de una industria de fabricación de hojas trasparentes de Viscosa, llamadas popularmente Celofán”) [55].

      Lortutako ekoizpen-garapen garrantzitsuari esker, instalazioak zabaldu ahal izango dira, pixkanaka inguruko lursail desberdinak erosiz (Zikuñagako Baseliza, Papelera Biyak-Bat) eta, aldi berean, makineria berrituz.

      Fabrika gaur egun Iberpapel taldean barruan dago. Estatuko paper-ekoizle nagusienetako bat da, urtean 200.000 paper-fibra tona eta 60 Mwh ekoizten ditu.

 

 

[53] HUA. 3.775-65 esp.

[54] HUA. 3.186-1 esp.

[55] HUA. D-4-9-4.

 

 

 

Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga” paper-fabrikaren kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga”ren airetiko ikuspegia

(ITURRIA: Iberpapel)

 

Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga”ren intalazioen ikuspegia

 

Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga”ren presa eta kanala

 

Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga”ren
hasierako ekoizteko instalazoak eta proiektua (1939)

(ITURRIA: HUA)

 

Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga”ren airetiko ikuspegia (1978).
Azpialdean Zikuñagako Amaren Ermita (gaur egun desagertuta)

(ITURRIA: HUA. Hernani.Ondarea)

 

Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga”ko langileak
fabrikaren atarian eta lanean

(ITURRIA: HUA. Hernani.Ondarea)

 

Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga”ren
fabrikako gutunaren anagrama (1982)

(ITURRIA: HUA)

 

17. “Papelera Biyak-Bat” paper-fabrika | 18. “Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga” paper-fabrika | 19. Osiñagako portua