Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020

 

17
“PAPELERA BIYAK-BAT”
PAPER-FABRIKA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 583635, y 4789825, z 17,80 (fabrika)

                                x 584001, y 4789840, z 31 (presaren kokapena)

IBAIA: Urumea

 

      Multzoa izen bera duen Eziago auzoan kokatuta dago, Urumea ibaian dagoen meandro zabal batean. Nafarroarako errepidetik (GI 3410) sartzen da eremura, Eziagoko industrialdetik gertu.

      Jatorrizko industria-instalazioak Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga enpresaren egungo lurzatian zeuden.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Desagertuta

BABESA: Babesik gabe

 

      Gaur egun, industria-gune historiko horrekin lotutako eraikuntza-aztarnarik ez dago, lurzatiak izan dituen eraldaketa handien ondorioz. Ondoko industria batek, Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga, erosi zuen eta bere azpiegitura nabarmen eraberritu zuen, gainerako ekoizpen-instalazioak eraitsiz (1989).

      Paper-fabrika honen jatorrizko instalazioek Eziagoko errotaren hornidura hidraulikoaren azpiegitura aprobetxatu zuten, errota horren inguruan kokatuz (gerora paper-fabrikaren barruan). Eskura ditugun datuen arabera, Paper-fabrika hori partzelaren Hego-mendebaldeko muturrean egon zen, ibaiaren zubi esekiaren parean, gaur egun zura biltegiratzeko dagoen gunearekin bat etorriz.

      1903. urteko deskribapen batean adierazten da multzoa hainbat eraikinek osatzen dutela (ekoizpen-nabe nagusia, turbinaren eraikina, lehortze-planta eta biltegia, bero-labea, ofizialentzako eta zuzendarientzako etxebizitzak, zur-biltegiak, etab.). 75 langileko plantilla izatera iritsi zen (1935). Instalazio horiek denborak aurrera egin ahala eraberritu eta berritu ziren, ekoizpen-beharretara egokituz. Eraitsi zutenean, bi eta hiru solairuko hainbat eraikinek osatzen zuten multzoa, guztiak hormigoiz eginak, adreiluzko tximinia handi batekin partzelaren goialdean.

      Presa Urumea ibaian zegoen, Elorrabi inguruan, eta ibaiaren ibilgura zeharka jarrita zegoen, bere deribazioa errazteko, puntu horretan duen korronte eta emari handia dela eta. Presa hori gaur egun Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga dagoen leku berean zegoen (eta, beharbada, Eziagoko errotak erabiltzen zuenaren gainean). Luzera handiko grabitatezko presa da, 130 m luze, 1,50 m zabal eta 3,10 m garai, eta gaur egun hormigoiz egina dago, harri-lubeta batez errematatua. Jatorrizko presak harlanduzko horma bat zuen, bai eta goiko itxitura bat ere, hareharrizko lauza handiekin. XIX. mendearen amaieran eraberritze nabarmena izan zuen, ezkerreko estribuak 7,10 metroko luzera hartuz. Hartunea, eskuineko estribuan zegoen, proportzio ezberdineko (1,50 eta 3,50 m) metalezko bi uhatez hornitua. Estribo horretan bertan garbiketa-hustubide bat zegoen, bere uhatearekin eta kontrol-gurpilarekin. Kanalizazio-kanalak 502 metro inguruko luzera zuen, 5 metroko oinarria eta 1,60 metroko altuera zuen sekzio trapezoidal batekin. Sekzio hori lurrean sartuta zegoen eta harlangaitzezko horma batekin helduta. 1980ko hamarkadan, 226 metro inguruko ubide honen hasierako zatia eraberritu egin zen sekzio angeluzuzeneko (4x2,50 m) hormigoizko kutxa bat eraikiz, hormigoizko lauza batez estalia. Azken zatian, hainbat eraikinen artean sartutako karga-ganbera ireki zen, eta 650 m2 eta 1.300 m3-ko oinplano trapezoidala zuen. Turbinara sartzeko ahoa ezkerreko aldean zegoen, sarrerako metalezko uhatearekin, eta parean beste hustubide-uhate bat zuen.

      Ondoren, 178 metroko luzera eta 5 metroko zabalera zuen hustubide luze bat zuen, eta urak Urumea ibaira itzultzen zituen meandrotik ur behera.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Garaikidea (1887/1906-2011)

BESTE IZENAK: “Papelera La Soledad”

 

      “Papelera Biyak-Bat” Paper-fabrika XIX. mendearen amaieran atondu zen, Eziagoko jatorrizko errotaren inguruan, bi jarduerak bateratuz hurrengo mendearen hasierara arte (1910). 1880. urtean, Juan Sese industrialari tolosarrak, Sese, Bandres y Echeverria elkartearen ordezkari gisa, errota horren lurrak erosi zituen zenbait obra egin eta papera ekoizteko instalazio berri bat gaitzeko (estableciendo una fabrica de pasta de madera para la elavoracion de papel u otros usos[49]). Fagollagako instalazioetatik beren paper-ekoizpena leku berrira eramango duten enpresariak.

      Fabrika oin berrikoa eraiki zuten, eta hasierako hornidura-azpiegitura hidraulikoa (presa eta ubidea) baino ez du baliatuko. Obra garrantzitsuenak presan egin ziren, ondorioz Udalarekin eta inguruko zenbait bizilagunekin auzi gogorra sortuz 1883 eta 1887 urteen artean. Bizilagun horiek presa 20/25 cm inguru igotzea leporatu zieten jabeei, beren soroak baimenik gabe urpean utziz eta ontziak presaren ezkerreko estribuaren ondotik ur gora eta ur behera igarotzeko erabilitako jatorrizko pasabidearen antolaketa eta zabalera aldatuz (existiendo de época remotísima una esclusa o portillo para el paso de las barcas y flotación de maderas”). Horrez gain, presaren erdialdean izokinetarako arrapala edo eskala bat jartzera behartu zituen Gobernu Zibilak[50].

      XX. mendearen hasieratik aurrera, J. Sesé y Cia elkarteak, aurrekoaren oinordekoak, bere gain hartu zuen ekoizpena, Papelera Biyak-Bat marka komertzialaren pean. Marka horrek, hain zuzen, jabetzan zituzten lantegiak aipatzen zituen (La Primitiva” Tolosan eta “La Soledad” Hernanin) [51].

      Ekoizpen-instalazioak pixkanaka handituz joan ziren, eskaria handiagoarekin batera. 1973ko krisi ekonomiko nabarmenaren eta beste ekoizpen-zentro lehiakorrago batzuen lehia handiaren ondorioz, ekoizpen-instalazioak erabat itxi ziren hamarkada horren amaieran. Azkenik, bere lursaila (bere azpiegitura hidraulikoa bezala) Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga lehiatsu batek erosi zuen 1983an, eraikuntza guztiak eraitsiz 1989-1990 urteetan[52]. Jatorrizko presa eta hornidura hidraulikoaren sistema baino ez ditu mantendu, nahiz eta dagoeneko oso berrituta egon.

 

 

[49] GPAH. III/2.961 sorta, 4.405-4.417 orr. (1880.10.08); GAO. PT. 3.413 sorta, 231 orr. (1881.07.30).

[50] HUA. H 138-12 esp; GAO. JD-IT. 1.816/7.942 sorta..

[51] GAO. PT. 3.822 sorta, 1.762-2.788 orr. , 606 zk. (1903.12.01).

[52] HUA. 377-6 esp.

 

 

 

Papelera Biyak-Bat” paper-fabrikaren gutxi gorabeherako kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Papelera Biyak-Bat” paper-fabrikaren kokapena (1954ko ortofotoa)

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Papelera Biyak-Bat” paper-fabrikaren instalazioak (1988)

(ITURRIA: HUA)

 

Papelera Biyak-Bat” paper-fabrikaren
instalazioak eraitsi baino lehenago (1989)

(ITURRIA: HUA)

 

Papelera Biyak-Bat” paper-fabrikaren enpresaren akzio bat (1946)

(ITURRIA: Todocoleccion)

 

Papelera Biyak-Bat” paper-fabrikaren gutunen anagrama (1965)

(ITURRIA: HUA)