Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004

 

DENDETAKO ESTRAPERLOA:
EMAKUMEAK ARDURADUN

 

      Hernani erdialdean, hau da, Kale Nagusia eta Andrakale (Kardaberaz) artean, negozio ugari zeuden. Haietako askotan emakumeak ziren arduradun, janari dendetan bereziki. Beste batzuetan, burdindegietan esaterako, gizonak aritzen ziren; senar-emazteek zuzentzen zituzten dendak ere bazeuden, hala nola okindegiak. Denden kasuan, bizitzaren arlo guztietan bezalaxe, argi ikusten da sexuen arteko banaketa. Denda mota batzuk, burdindegiak esaterako, gizonezkoak bakarrik zuzenduak izaten ziren, burdindegian saltzen ziren gauza guztiak gizonari zuzendutakoak ziren, hau da, iltzeak erremintak... eta gauzak konpontzeko beste zenbait tramankulu. Jarduera horiek guztiak gizonezkoei zegozkienez, denda mota horiek ere haiek zuzentzen zituzten.

 

Hernaniko Kale Nagusia.
Hernaniko Udal Artxibategia.

 

      Emakumeek, berriz, beste denda mota batzuetan jarduten zuten: janari dendatan edo “komestible” izenekoetan. Datu hori nahiko adierazgarria da, izan ere, orain arte azaldu bezala, emakumearen ezaugarri nagusietako bat hornitzailearena da, eta denden adibide honekin argi ikusten da emakumeek arlo guztietan zutela hornitzailearen zeregina.

      Gerra ostean, Hernaniko dendetan ere estraperloan aritzen ziren. Eguneroko bizitzan beharrezkoak ziren produktuak saltzen dendetan bereziki, hau da, okindegi eta janari dendetan. Denden kasua eta erreka(r)deren kasua oso kasu desberdinak dira, eta ez zuten helburu bera. Erreka(r)deren helburua biziraupenerako lehengaiak edo diru sarrerak lortzea zen; dendetan, berriz, irabazi handiak lortzea zuten xede.

      Beraz, estraperloa norberaren betebeharretara edo beharretara egokitzen zen. Horrela, tabernariek nagusiki ardoa ekartzen zuten estraperloan; okinek, aldiz, irina.

      Garai hartan ogi zuria oso preziatua zen. Arrazionamendu liburuxkarekin bakarrik ogi beltz pixka bat eskuratu zitekeen. Guztiek esaten dute ogi mota hori nahiko txarra zela, badirudi inork ez zuela oso gustuko. Egoera horretan, ogi zuria saltzea debekatuta zegoen arren, guztiek nahi zuten ogi zuria. Eta debekatuta bazegoen ere, okindegi guztietan egiten zen ogi zuria estraperloan saltzeko:

 

      Hasten giñan goizeko ordubatian lanian, hasten giñan, ta orduan eoten tzian ate guztiak itxita. Ta lehendabiziko hasten giñan razionamentuko ogia itten, ta geo tarteko [...] Ez beltza, ta artokin nahastua. Ta goizeko hiruetatikan bosteterdita o seita itten genun estraperloko ogia [...] Ta ordun izeba jeixten tzan goizeko seiterdik aldian o hola denda irikitzea. Lehentxeo, ba, seiterdik aldian. Orduan guk orduako itten giñun estraperloko ogi guztik otarretan jarri ta gorde itten giñun, ganbara igotzen giñun. Iñaki.

 

      Okindegien kasua nahiko kasu interesgarria da. Normalean, senar-emazteek lan egiten zuten okindegian. Gizonak ogia egiten zuen, eta emakumea, berriz, salmentaz arduratzen zen. Beraz, bakoitzaren betebeharra oso ondo banatuta zegoela ikus daiteke. Ogi zuria egiteko, irin zuria eskuratu behar zen lehenbizi. Ogi zuria debekatuta zegoen, eta ogi hori egiteko irina debekatuta zegoelako; beraz, irin mota hori estraperloan erosten zen. Okindegi bakoitzak bere bideak zituen irina lortzeko. Gerran eta gerra osteko zenbait garaitan, Peña okindegian Milagros arduratzen zen Iruñetik irina ekartzeaz. Milagros ez zen okindegiko jabea, koinatua zuen jabea, baina “negozioan” parte hartzen zuen, kasu honetan, estraperloa eginez. Beste mutil batekin joan ohi zen Nafarroara kamioi batean; irina ekartzea zen bidaia haren helburua. Ekartzen zuten irinaren erdia, legez ekartzen zuten, hau da, baimenen bidez; beste erdia, berriz, ezkutuan (estraperloan) ekartzen zuten.

 

      Beno ba ni egoten nintzan nere ahizpakin, panaderia zun, nere koinaduak ta nere ahizpak, ta esan zian harekin juteko bizitzea. Hernanin bizitzen nintzen baina haiengana juteko laguntzera, ta jun nintzen, eta klaro, neskame bezala ez nintzen egoten, baizik eta laguntzen. Ordun Gerra denbora zan ta falta zan irina ogia egiteko. Ematen zioten irina baina horia, artua bezela. Behar zuten irina txuria, zeatikan ordun juaten giñan Pamplonara irina bila, baina estraperloan. Ordun juten nintzan ni mutil batekin, Hernanikoa zan eta sartzen nintzen Hernanin ta juten giñan Azpinasetikan aurrera. Ez naiz gogoratzen izena, ze herri zan, ta han zeatzen giñan bazkaltzen mutil hori ta ni. Gero, kamioia hartu eta juten giñen Pamplonatikan aurrera, izena zun etxe bat “Taberna” izena zun. Harea juaten giñan irina bila eta ematen gendun bale bat berrogeitamar zaku [...] eta sartzen ziguten ehun zaku. Balia ematen ziguten ehun, nik entregatzen nuen berrogeitamarrekoa ta ekartzen genuen kamioian ehun. Milagros.

 

      Ikusi dugunaren arabera, Milagrosen kasua ez da ohikoa. Hau da, arestian esan dugun bezala, estraperloan emakumeak ez ziren salgai kopuru handiez arduratzen; baina, kasu honetan, Peñakoek kamioi bat zuten, eta, Milagros familiakoa zenez, ardura handiagoa zuen. Beste batzuetan, irina beste baliabide batzuk erabiliz ekartzen zen, hau da, ez zen familiakiderik erabiltzen, estraperlo handian aritzen zen gizon bati egiten zitzaion eskaria, edo beste batzuetan, berriz, okindegiko norbait arduratzen zen irina lortzeaz.

 

      Osabak bazekin, “goizeko lauetan etorrikoittuk furgoneta batian hamalua kilo, hamalau zaku irin”, ta etortzen tzien. Ta nik pentsatzen det, pentsatzen det, eskupekuak ematen ziela guardia zibilai o, pentsatzen det, zeatikan goizeko hiruetan etorri furgoneta bat hamalau zaku iriñekin ta, ta hain deskaratu ta, pentsatzen det. Deskargatzen giñun, ta itten giñun zatittu zakuak. Ehun kilokuak jarri beharrian berrogitamarrekuak jarri ta ganbara iyo. Ni ordun nitzan astopotro bat ta indarra neukan ta nik ehun nahi izaten nittun, nahi izate nun osua jartzia. Ta nik osua igotz enun, indarra nun ta, kristona. Ta geo itte genun, itte non nik eunian zaku irin bat pasa, ehun kilokua galbaian, beltza zuritu. Ulertzen dezu? Zailla kendu, iriña zuria itten tzan, estraperlukoa zan. Ordun izebak ematen tzian bost pezta zaku bakoitzakatikan, eunian bost pezta. Ta hoi izaten tzan netzako. Ta orduan irin borrekin itten tzan estraperluko ogiya. Iñaki.

 

      Iñakiren hitz horietan garbi ikusten da estraperloa gauza ezaguna zela, eta aldi berean, behar-beharrezkoa zutela. Agintariak jakinaren gainean zeuden, eta ez zuten ezer egiten; eurek ere guzti horretan interesak zituztela frogatzen du horrek.

      Esan bezala, emakumeak dendaren arduradun ziren heinean, beste bide batzuetatik lortzen zuten irina. Hernanin, Zinkoenea inguruetan, Oblatos Konpainiaren monastegi bat zegoen garai hartan. Konpainia hark hainbat fraide zituen Argentinan; beraz, askotan, lur haietatik irin asko heltzen zitzaien. Iñaxik, Peña Okindegikoak, hitzarmen bat egin zuen Oblatos Konpainiarekin haientzako ogia bere okindegian egiteko. Badirudi Argentinatik heltzen zen irin hori nahiko latza zela, eta bigunagoa zen beste irin batekin nahastu behar zen, horrela irin kopuru bikoitza lortzen zen gainera:

 

      Hemen bizi zian fraile batzuk, izena zuena Oblatos, Oblatos de Marta Inmaculada, ta orduan hoik zuten hartu-eman haundia Argentinakin. Argetinako frailek itten tzuen bialdu, elizatik, legez, iriña bat zuri-zuri-zuria, indar haundia zuna. Indarra zan, iriña ezin tzenun manejatu, fibra ikaragarria zun. Ta ordun itten zuten beren artian, Padre Luis zan, el jefe, ta harrek “beno Inaxia, tengo 200 kilos da harina que me han mandau los argentinos, bueno yo por tantos kilos me dara usted tantos kilos de pan, ¿vale? Tantas barras de pan, ¿vale?”. Ta irin hoi itten gendun nahastu beste iriñakin [...] Bai, pentsatzeet kentzen ziola, izebak kentzen ziola. Bai ogiatikan, ta gaiñea iriña zan kalidade hobiagokoa, ta hortane irabazten tzun beak. Iñaki.

 

      Hitz hauekin ikusten dugu tranpak egitea ohikoa zela. Okindegietakoak estraperloan harrapatzen bazituzten, zigortu egiten zituzten. Zigorrak era askotakoak izan zitezkeen: denda ixtea, isun bat ordaintzea, labeak zigilatzea, atxilotzea... Guardiek, herriko jendeak bezalaxe, bazekiten dendetan estraperloan ibiltzen zirela, beraz, oso maiz izaten ziren miaketak. Beraz, erreka(r)derekin ikusi dugun moduan, estrategia ugari asmatzen zituzten dendariek ere harrapa ez zitzaten; Zabala okindegian, esate baterako, zuloak egin zituzten ogi zuria eta irina ezkutatzeko.

 

      Bi zulo eta bat bilatu zuten eta bestia ez zuten beiñere bilatu [...] bat etxean eta bestea panaderian [...] ni goatzen naiz gu txikik eta polizik eta armariok eta denak miatzen ogiya aber bazeon. Koxkor bat bilatzea nahikoa zuten [...] Ogia sartzen gendun tokin in zuten gabardina edo utzi eta hua muittu. “¿Uy, esto qué es?”. Eta linternakin ta begiratu zuten... Rosi.

 

      Beste batzuetan, zigorra ekidin ahal izateko, laguntza eskatzen zen. Azken batean, besteen laguntza oinarrizkoa zen estraperloan aritu ahal izateko,

 

      Gure etxean jaio zan ahizpa bat, hil ta gero urtebetera, beste bat jaio zen [...] poliziek harrapatu egin zuten gure aita ogiakin eta gure aita jun zan apaizarengana esatera nola bataioa gendun, hortako egin gendula ogia. Hue gure aitaren tranpa, baina apaizak esan zion berak ezin zuela gezurrik esan. Rosi.

 

      Diru zigorrak oso handiak izan ohi ziren. Almudenak berak esan digunez, behin, dendan estraperloan aritzeagatik diru zigorra ordaindu behar izan zuen, eta horren ondorioz, erabaki zuela estraperloa uztea.

      Irina lortzeko beste modu bat herriko zein inguruetako artoa ehotzea zen. Hau da, artoa eskura bazitekeen ere, ez zegoen errotarik, eta horiek ezinbestekoak ziren artoa txikitu ahal izateko (artoa irin bihurtzeko). Hernanin errota ugari zegoen, baina frankismoaren eta arrazionamendu politikaren ondorioz, debekatu egin zituzten eta zigilatuta zeuden; gobernuaren kontrolpean egin behar zen ekoizpen oro. Baina hemen ere, beste hainbat alorretan bezala, tranpatxo ugari asmatu ziren. Hernaniko sendi batek, adibidez, errota bat zuen bere etxe azpian, Kale Nagusian, eta ezkutuan ibiltzen ziren artoa txikitzen. Herritarrek haiengana jotzen zuten lortzen zuten artoa txikitzeko, eta errotaren jabea, trukean, irin horren zati batekin geratzen zen. Familia honentzat arriskutsua bazen ere, ez zuten ogi faltarik izango, eta herritarrek irina lortzeko beste baliabide bat zuten. Arto gutxi ehotu behar zenean, edo besterik eskuratu ezin zitekeenean, kafea xehatzeko eskuzko ehotzailea erabiltzen zuten batzuk; bistan da beharra dagoenean, irudimena martxan jartzen dela.

      Beste kasu batzuetan, irina izan arren, ez zuten non egosi (taloak ez egitearren), eta okindegietara jotzen zuten; bertako labeetako azken berotasunaz baliatzen ziren ogia egosteko. Hori egiten zutenak, oro har, okindegikoen lagunak izaten ziren, gertukoak. Horrela lortzen zuen Isabelek ere bere ogi zuria. Aquí se hacía la masa en casa y cuando estaban los panes hechos los llevaba a los Aristimuños, con el calor que quedaba en el horno pues. Isabel.

      Aipatu dugun bezala emakumeek dendetan egiten zuten lana sexuen arteko lan banaketaren ondorio zen. Egin ditugun elkarrizketetan ohartu gara emakumeek dendan egiten zuten lana etxeko lanaren luzapentzat hartzen zela. Hona hemen horren adibide bat: ez Inaxi zen dependienta, etxeko andrea. Iñaki. Beraz, berriro ere kolokan jartzen da publiko/pribatu bereizketa. Bien arteko muga guztiz subjektiboa dela egiaztatzen du horrek. Halaber, ikusi dugunaren arabera, bikoteen (senar-emazteen) esku zeuden dendetan emakumearen ekarpena gizonarena bezain oinarrizkoa zen. Hain zuzen ere, familia bereko kide ziren heinean, talde lanean jardun behar zuten denda aurrera ateratzeko.