Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004

 

HERNANIKO MERKATU BELTZA:
ERREKA(R)DERAK

 

      Hernanin estraperloan aritzen ziren emakumeei ERREKA(R)DERA zeritzen. Erreka(r)deraren figura ez da gerra ostean sortua, ordea; lehenagotik ere egiten zuten jarduera hori, eta gerra ostea amaitu arte iraun zuen, egoera berrietara egokitzeko izan zuen gaitasunari esker.

      Erreka(r)derak emakumeak ziren beti eta, hitzak dioen bezala, beste batentzako enkarguak egiten zituzten, ordain baten truke. Gertaerek bultzatuta, erreka(r)deren enkarguak merkatu beltzarekin lotzen joan ziren, eta Hernanin estraperlista hitzaren emakumezkoentzako ordain bihurtu zuten erreka(r)dera hitza; hau da, erreka(r)dera hitza merkatu beltzean aritzen ziren emakumezkoak izendatzeko erabiltzen hasi zen. Gizonezkoak izendatzeko estraperlista hitza erabiltzen zuten.

      Esan bezala erreka(r)derek beraien jatorrizko jarduera eta merkatu beltza uztartu zituzten. Baina garai horretarako bide luzea egina zuen jarduera horrek eta errekardera hitzak lau mota izenda litzake:

      Lehena jatorrizko jarduera egiten zuena litzateke, hau da, “errekauak” edo enkarguak egiten zituena, bestelako eginkizunak erabiliz, adibidez, Tolosan, askotan, peri eguna eta errekau bat eraman behar, ba errekadistak ibiltzen ziren, hori ordaindu behar zan, haik bizi ziren errekadu hoietatik... Eustaki. Halakoetan, erreka(r)derak eta bezeroak, biek ateratzen dute “irabazia”. Erreka(r)derak diru kopuru jakin bat eskuratzen zuen enkargua egitearen truke, eta bezeroak beste egiteko batzuetarako “denbora” aurrezten zuen.

      Bigarrena, azokarekin lotuta dago. Merkatuetan postua zuten emakumeek barazkiak eta baserriko edozein produktu saltzen zituzten. Euren baratzekoak ez ezik, Hernaniko beste etxe batzuetako baratzeko gaiak ere saltzen zituzten merkatuan lanean aritzen ziren emakume horietako batzuek; eta horiek ziren, hain zuzen, erreka(r)derak, beraien postua hornitzeko Donostiara esnea saltzera joaten zen emakume baserritar bati edo ezaguna zuten baten bati posturako lehengaiak eskatzen zizkiotenak. Normalean, behar zuten produktuaren kantitate jakin bat eskatzen zuten. Mesede hori dirutan ordaintzen zen, batzuetan produktua saldu aurretik, eta besteetan, produktua saldu eta gero.

 

      Postua zuten eta baserritarren zea guztia saltzen zuten, ta apuro batean, eskature bai. “Hilaria [nire ama Hilaria zan] babarrunik ba al dezu?”. Oraindik adibidez martxoan “restaurantetik bi kilo eskatu dizkidate, ekarriko al zenizkiake?”. Orduan, aquello es proceso, igual zuk zenuzkazun gordeta, porque saltzeko baiño gehio baldin bazendun saltzen zan, inoiz ez zan baserri batean babarrunik gabe gelditzen... Eustaki.

 

      Eustakiren ama lehenik eta Eustaki bera aurrerago, sarritan joaten ziren Donostiako merkatura baserriko produktuak saltzera, etxez etxe esnea saldu ostean. Beraz, ongi ezagutzen zituen merkatuko tratu eta tirabira guztiak.

      Hernanin, inguruko herrietan bezala, garraioak oso urriak eta mugatuak ziren, eta, oro har, Donostiara saltzera joan ohi zirenak eguerdian itzultzen ziren. Eguerdian itzuli beharra zeukaten baserriko eta etxeko eginbeharrak egitera. Merkatuak ere bazituen bere tranpak: produktuen prezioa eguneko orduaren arabera igotzen joaten zen; hau da, adibidez ilar kiloa goizeko 8etan 12etan baino merkeagoa zen.

      Hirugarren erreka(r)dera mota ere azokarekin lotuta dago, baina aurrekoarekiko desberdintasun bat du; emakume horiek, postuan produktuak saltzeaz gainera, merkatu beltzean ere aritzen ziren. Orain arte azaldutako beste bi ereduak legearen barruan aritzen ziren. Baina mota honetako erreka(r)derek estraperloan aritzeko ere erabiltzen zuten azokako postua; adibidez izenik eman nahi izan ez zuen hernaniar batek kontatu zigun nola berak eta amak Bretxan postu bat zuten eta postu haren bidez Zabalan edo Aristin erositako ogi zuria Pasaiatik zetorren estraperlista nagusiago bati saltzen zioten. Beste kasu batzuetan, aldiz, eurek saltzen zuten estraperloko produktua zuzenean, postua estalki moduan erabilita. Eramaten zuten produktu kantitatea aldez aurretik hitzartuta izaten zuten. Azken batean, azoka leku ezin hobea zen estraperloan aritzeko.

      Azkenik, laugarren erreka(r)dera mota “enkarguko estraperloan” aritzen zena zen. Ez zuten posturik merkatuan, alde batetik bestera ibiltzen ziren beren produktuekin. Horiek ere enkarguan erosten zuten; hots, beraiek salgaia erosi baino lehen dena salduta zuten. Erreka(r)derek elkarren jarduera eremua errespetatzen zuten; hau da, bakoitza gune jakin batzuetan ibiltzen zen eta erosle finkoak izaten zituzten. Azpiegitura propiorik ez zuten, garraio publikoa erabiltzen zuten: tranbia, trena eta autobusa. Kontatu digutenez, garraio horietan ikuskatzaileak ibiltzen ziren, gauzak kontrolatzen, eta askotan erreka(r)derek estraperloan zekarten produktua, hala nola irin zaku bat, leihotik behera bota behar izaten zuten, harrapa ez zitzaten. Hurrengo geltokian jaisten ziren eta zakua hartzera itzultzen ziren, produktua berreskuratzera. Halako pasarteak oso ezagunak eta ugariak ziren. Estraperloaz hitz egin duten berriemaile gehienek bi aipamen komun egiten dituzte: ogi zuriaren estraperloa, eguneroko “ogia” zena eta estraperloan harrapa ez zitzaten, zakua treneko leihotik behera bota beharra. Esan bezala, Eustakik sarri egin zuen Hernani-Donostia bidaia eta beraz, askotan ikusiak ditu horrelakoak. Adierazgarria da Eustakik zein garbi kontatu duen pasarte hau, baina baita amaierako hausnarketaren ondorioa ere.

 

      Pues tranbian ikusten giñunian sartu zala, leihotik behera botatzen zendun zakua; gero hurrengo paradan jeitsi, eta joaten ziren ogiaren bila, bitartean inork ez bazizun eraman. Komedi gorriak eta latzak, porque, claro, zuk pagatu Donostin ogia, eta gero beste batek zakua eramatea, pues galdu zendun dirua eta ogia. Eustaki.

 

      Errekafjjderen zeregina hainbat egoeratara egokituz nola joan zen aztertu dugu aurreko lerroetan, erreka(r)deraren izaera denboran zehar nola aldatu den. Egoera aldatzen zen heinean erreka(r)derak ere beraien egitekoa aldatu beharrean aurkitzen baitziren, egoera berrietara egokitu beharrean.

      Emakume horiek bizirauteko estrategia bihurtu zuten estraperloa. Dirurik ez zegoen eta jakiak oso urriak ziren, legezko baliabideen bidez eskuratzen zailak; egoera nahiko gordina zen, beraz. Eta estraperloaren jarduerari esker, emakumeek diru apur bat ateratzen zuten beraientzat eta etxeko lan taldeentzat. Bestalde, jakiak lortzen zituzten, bai beraientzat, baita Hernani hornitzeko ere.

      Estraperloan denetarik ekartzen zuten, esan dugunez, betiere kantitate txikietan. Erreka(r)derek produktua aldez aurretik salduta izaten zutenez, bazekiten zenbat eraman behar zuten. Produktu horiei esker, eguneroko bizitza errazagoa zen. Garai hartan, kontatu digutenaren arabera, irina oso preziatua zen. Jendeak taloak egiten zituen irinarekin, eta gosea arintzea lortzen zuten horrela. Martak oso garbi du oraindik ere talo haien garrantzia, geo etzan izaten ogiyikan e... artua izaten genun asko, baiño ein bihar izaten zan entregatu... Irina estraperloan eskuratzen zuten nagusiki, zeren Francok errota guzik prezintatu egin zitun; hemen errota asko zan, bazien hiru o bertan, eta haik prezintatuk zauden, inork hartu ez dezan txikitzeko, eta Naparruan izaten zan libre. Irina, Martak dioenez, gehienbat Arano eta Goizueta aldetik ekartzen zuten, muga gertu zelako. Kamioian edo asto gainean egiten zituzten irina ekartzeko bidaiak. Behin irina lortuta, in bihar izaten zenon, ogiyik etzenun, eta talua in bihar izaten zenun, eta hua zunare aberatsa zan, talua zunare, etzunak ez ogi ez talo, aber, pentsa zazu! Marta.

      Azpiegiturei dagokienez, erreka(r)derek autobusa eta tranbia erabiltzen zituzten nagusiki, baina oinez ere ibiltzen ziren. Bidaia horiek arrisku handikoak izaten ziren; garraiobideetan ikuskatzaile ugari izaten ziren, eta kasu askotan, erreka(r)derek leihotik behera bota behar izaten zuten zeramaten produktua:

 

      Ni goatzen naiz estraperluakin ibiltzen zian andriak, por ejemplo trenian zijuaztela ba, bola, igual trenian Guardia Zibillak, o sartu e, ta lehiotik bera ogiya bota eta beak konturatu aber nun bota zuen eta geo bea billa. Asun.

 

      Lehen Eustakiren ahotan entzundakoaren errepikapena dirudi baieztapen honek. Oso zabalduta zegoen praktika hori, denek ezagutzen zuten nola funtzionatzen zuen, eta Asun ez da horretan salbuespena.

      Beste batzuetan, ezkutuan eramaten zituzten estraperloko produktuak, eta ikuskatzaileei ihes egitea lortzen zuten. Ezkutuan eramateko, era askotako baliabideak erabiltzen zituzten, soilenetik hasi eta konplexuenetaraino. Baliabide soilenetako bat, eta ohikoena beharbada, gauzak gonapean eramatea izaten zen, besterik gabe; tranbian bidaiatzen zutenak baliatzen ziren horretaz.

 

      Ordun ogia pasatzeko pues tranbian zetozen handikan honera eta gona tartean sartu behar dezu ogia, edo gonakin tapatu behar dezu kapean, Guardia Zibilla pasatzen da hola begiratuz, eta orduan, “¿qué lleva usted ahí?” “pues nada, el cesto, traía con la marmita”, eta gainean damazu marmita, azpian damazkizu 2,3,4 ogi. Eustaki.

 

      Isabelen adibidean ikusi ahal izan dugu ogia eta beste hainbat gai eramaten zituztela ezkutuan; hau da, saskiaren, maletaren edo poltsaren leku berezi batean sartzen zituzten, baina kasu horretan ezkutatu beharreko gauzek txikiak izan behar zuten. Eta azkenik, Iñakiren amonaren kasua dugu (adibide hori ere lehenago ikusi dugu, eta gogoan dugu oraindik); ikusi dugunez bere amonak gorputzeko atal guztiak erabiltzen zituen Nafarroatik Hernanira ahal zuen guztia eramateko.

      Emakume hauentzat oso goiz argitzen zuen egunak. Oro har, estraperlorako produktua erostera joaten ziren lehenbizi; dendariek esaten dutenaren arabera lehenbizikoak izaten ziren beti. Beraz, goizeko seiak inguruan hasten ziren lanean. Gero, euren bideari jarraitzen zioten, batzuetan Hernanira bertara, eta besteetan, Lasartera, Donostiara... Dena saltzen zutenean itzultzen ziren etxera, estraperlo eguna amaitutzat emanez. Estraperlo eguna amaitua zen, bai, baina ez lan eguna. Etxean zein baserrian beste hainbat zeregin bete behar zituzten: arropa garbitu, otorduak prestatu, baratza eta etxe-abereak zaindu... Egun osoko lana izaten zuten, eta horretarako, ingurukoen laguntza ezinbestekoa zen, batez ere familiarena.

      Erreka(r)deren taldea heterogeneoa zen. Egoera guztietako emakumeek osatzen zuten: alargunak, ezkonduak, ezkongabeak, zaharrak, gazteagoak... Beraz, oso zaila da singularrean hitz egitea, azken batean bakoitzak bere berezitasunak baitzituen. Erreka(r)deraren azken helburua egoeraz baliatuta, bizi estrategia bat aurrera eramatea zen. Erreka(r)dera asko emakume alargun edo ezkongabeak ziren; ondorioz, esan daiteke, beraz, haiek zirela familia buru bakarrak, eta beraz, haiena zela etxeko diru sarrera bakarra[22]; ondorioz, emakume hauek oinarrizko zutabe ziren etxeko lan taldea mantentzeko. Bestalde, ezkongabeak, normalean, beste familia kide batekin bizi ziren, ez zen ohikoa izaten bakarrik bizitzea. Familia kide hori beste ahizpa bat izaten zen, oro har. Beraz, kasua aurrekoaren antzekoa zen. Erreka(r)dera ugari izaten ziren ezkonduak; kasu batzuetan senarra gaixorik zuten, ezin lan eginik, eta beste batzuetan, berriz, gizona osasuntsu zegoen eta fabrikan lan egiten zuen. Kasu honetan zein besteetan oinarrizkoa zen diru sarrera hau etxeko lan taldearen biziraupenerako. Azken batean, inork ez du bere burua arriskuan jartzen ezinbestekoa ez badu[23].

      Jende guztiak zekien nor ziren erreka(r)derak, eta produkturen bat behar izanez gero, haiengana jotzen zen, zalantzarik gabe. Hernaniko erreka(r)deren artean Ramona (ile gorri ezizenaz ezagutzen zena), La Rubia, La Valentina, Anttoni eta Maritxu ama-alabak, Juanita, Dolox... dira ezagunak. Haien jarduerari esker izan zen Hernanin hornitzeko behar zen guztia, gerra osteko garaietan.

 

 

 

 

[22] Normalean gazteak 14 urterekin hasten ziren lanean. Hortaz, emakume haiek 14 urtetik beherako seme-alabak bazituzten, emakumeek ekartzen zuten dirua zen diru sarrera bakarra.

[23] Badakigu jende askok diru asko egin zuela estraperloari esker; hala ere, guk ikusitakoaren arabera, erreka(r)dera hauek lotura handiagoa zuten biziraupenarekin, dirua egitearekin baino. Geroago aipatuko dugun dendatako estraperloak, berriz, lotura zuzenagoa zuen diruarekin.