Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004
 DENDETAKO ESTRAPERLOA: EMAKUMEAK ARDURADUN | BIZIRAUTEKO JARDUEREN SEXUAREN ARABERAKO BANAKETA |   

 

BIZIRAUTEKO JARDUEREN
SEXUAREN ARABERAKO BANAKETA

 

      Merkatu beltza, esan bezala, zigortuta zegoen, legez kanpoko jarduera zen alegia. Beraz, estraperloan aritzen ziren guztiak, kasu honetan batez ere emakumeak, etengabeko arriskuan aritzen ziren. Emakumeak aipatu ditugu, hain zuzen ere, Hernaniren kasuan emakumeak zirelako erreka(r)dera edo dendari gisa estraperloan aritzen zirenak. Emakumeek jasaten zuten arriskua zigor bihurtzen zen beti, beraz, aurrera eta atzera ibili behar izaten zuten “guardiei” ihes egiteko.

      Badirudi arriskuan egotea ez zetorrela bat emakumeen eredu idealarekin, emakumeak babestu behar ziren pertsonatzat hartzen baitzen, azken batean. Hala ere, emakumeak arriskuaren jakitun zeuden: arriskatu behar zan, la que podía o era capaz de arriesgarse, pues se arriesgaba y sacaba. Rosa. Emakumeek, eta baita ingurukoek ere, onartu egiten zuten egoera hori, bizirauteko jardueren sexuaren araberako banaketaren barruan onartzen zelako hornikuntza.

      Gerra osteko egoera salbuespen egoera da, eta etxeko taldearen eta herriaren biziraupena ziurtatu behar da nola edo hala. Egoera horretan, zeinek bere betebeharra du, eta zereginen banaketa sexuen arabera egin ohi da; era horretara, sexuen arteko desberdintasunak areagotu egiten dira. Beraz, emakumeak egoera normalean bizirauteko duen hornitzaile paperari beste ezaugarri batzuk eransten zaizkio aipatutako egoera berezi horretan, eta ondorioz, hornitzailearen egunerokotasunari arriskua gehitzen zaio.

      Hernaniko emakumeek harreman sare solidarioa eraiki zuten estraperloak zekarren arriskua saihesteko. Sare hori, ordea, ez da goitik behera antolatutako saretzat hartu behar, ikusezina baita. Arriskuaren aurrean bat-bateko elkar laguntza harremanak eratzen zituzten. Adibidez, guardiak dena ikuskatzen ibiltzen zirenez, dendetakoek esaten zieten besteei inguruan guardiak zebiltzan edo ez. Horren adibide da Iñaxi Goñi eta Cristina Guardarriosen kasua: ondoz ondo zituzten beren negozioak, eta biak merkatu beltzean ibiltzen zirenez, guardia inguruan zela ohartarazten zien batak besteari. Beste batzuetan, erreka(r)derek erosten zieten dendariari tranbian beraiekin batera guardiak etorri ziren kontatzen zioten:

 

      Hemen igualtxu, batek o bestiak abisatu. Donostikan etortzen zian, jesus saltzen zutenak, rekadistak etortzen zian, holako etorri da edo trenian edo autobusian. Haik ere esaten zizuten ta bueno. Gero ahal dan bezala ogia gorde. Ahaltzan tokin, beste baratzara bota eta hola, ez harrapatzeatikan, igual zan estropeatu, baino zuri ez harrapatu. Rosi.

 

      Herriko emakumeen eta estraperloan aritzen ziren emakumeen artean ere solidaritate harremanak sortzen ziren:

 

      Nik bat ezagutzen det hola estraperloan harrapatu eta nola gorde zan etxe batian eta haik portalian itxoiten, gero jetxi zan emakume hori pues gizon jantziakin o bere sonbreruakin, bere aurrian pasa eta ez zuen ezautu. Rosi.

 

      Hala ere, askotan harrapatzen zituzten; batzuk, atxilotu, eta herriko ziegetara eraman zituzten. Beste batzuetan, estraperloan zebiltzala ukatzen zuten, ez zitzaten harrapatu:

 

      Zuk ez dezu ezautzen zein etortzen dan, nik ez dizut ezautzen zuri eta zuk erosten nazu ogi bat. Ta klaro sospetxa bori, hau zein ote da, porque Hernanin ordun, jende guztia ezautu eitten zan. Eta gero segitun emakume horrekin polizi bat o beno, eta klaro “usted le ha vendido este pan” “yo a esta señora no! Ni la he visto”. Ukatu in bihar dena. Rosi.

 

      Dendetan ere, erreka(r)deren artean bezala, batez ere emakumeek aurre egin behar zioten guardiari, emakumeak baitziren dendan denbora gehien egiten zutenak eta jendearekin harreman gehien izaten zutenak.

      Azken finean, sare solidario hauek ezinbestekoak ziren estraperloan arituko baziren; ondorioz, sare horien bidez, emakumeen artean sendotu egiten zen hornitzaile rolari zegokion talde dimentsioaren ideia.

      Laburbilduz, Hernaniko herriari dagokionez, batera azaldu ditugu gerra garaia eta gerra ostekoa. Garai batean zein bestean emakumeek garrantzizko zeregina bete zuten etxeko taldearen eta herri osoaren biziraupenean. Gerra garaian, nekazaritzaren arloa hartu dugu aintzakotzat, eta arlo horren barruan, emakume nekazariek produktuak merkaturatzen bete zuten funtzioa azaldu dugu. Gerra ostean, merkatu beltzean, estraperloan oinarri hartuta, eta legezko hornikuntzan (arrazionamenduan) erabilitako estrategiak argitu ditugu.

      Bi garai horiek oso latzak izan ziren (gerra eta gerra ostea), eta arazo handiak zeuden elikagaiak eskuratzeko; gosea eta janari urritasuna izan ziren batean zein bestean protagonista. Gauzak horrela, emakumeak gaindu egin zuen etxeko lan taldearen hornikuntzan betetzen zuen rol klasikoa.

      Garai hartako emakumeen dinamismoa eta indarra ezinbestekoak izan ziren herri osoa aurrera ateratzeko. Emakumeek etxeko esparruaren muga gainditu, eta jendartean nabarmendu egin zen haren presentzia. Emakumeek hornitzailearen rol klasikoa gainditu zutenean, oharkabean, nahitaezko taldea bihurtu zen Hernaniko biztanleentzat.

      Rol klasikoak gainditu ziren arren, ez ziren zalantzan jarri genero diskurtsoak. Horrez gainera, Frankismoak bultzatu egin zuen emakumearen irudi tradizionalena.

 

 

“Entonces la mujer era para casa”.

Carlos

 

 DENDETAKO ESTRAPERLOA: EMAKUMEAK ARDURADUN | BIZIRAUTEKO JARDUEREN SEXUAREN ARABERAKO BANAKETA |