Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Sahatsain | Txabolategi | Ubarreto

 

Txabolategi

 

      Txabolategi izena, nahiko sonatua bazterrotan, bertan jaiotako Joxe Joakin Erroizenea bertsolariak hedatu zuelako haizearen lau aldeetara. Hernaniko herrian bada Txabola izeneko baserri bat ere. Ez honek ez eta Txabolategik dute izenaren esanahiari buruz zailtasun apurrik.

      Telesforo Oiarbide (78 urte) etxeko nagusia izan dut solaskide. Gure bertsolariaren etxeko pasadizo bat kontatu dit. Etxe atzeko soroan artoa lapurtzen nonbait eta harkaitz mokor baten atzean laputxeko eskopetarekin jarri da, bai lapurra harrapatu ere!

      Abillats etxearen aurretik gora jo eta bostehun bat metrotara zelaitxo batean, Agina mendiaren hegalean kokaturik aurkitzen da Txabolategi baserria, zuhaitzez inguratua eta lore politez estalia duelarik atalondo guztia.

      Bi isuriko etxe apala dugu berau. Lehen, sukaldea, ukuilua eta dolarea zituen behean, logelak eta bainua goian (oholez egindako komuna), eta ganbara gorago. Aurrean, ezkerrera, ardi borda zuen, orain beronen erdia garaje, eta beste erdia, etxaldetik sarrera jangela bihurturik, sukalde eta mahai ederrez hornitua. Deigarri, aulki luze sendoak gertatzen dira bertan. Lehengo dolareko oholtzarrak omen. Baserri askotako moduan, senide arteko biltoki eta otorduak egiteko aukerako lekua, nolanahi ere.

      Txabolategi bere alaba ezkontzerakoan Bortoluene Bordara joan ondoan, Telesfororen aita eta ama ezkonberriak jarri ziren hemen bizitzen. Erosi 6.000,- pta pagatuz (1914an) erosi omen zuten.

      Antonio Oiarbide Iraola aita, Fagollagako semea, eta Maria Zabaleta Perurena ama, Etxola Berriko alaba ziren, gurasoak, eta honako seme-alaba hauek izan zituzten: Luisa, Fermin, Martina, Telesforo eta Maria Loren.

      Telesforo gurasoekin gelditu zen etxean, Odulia Gorrotxategi Lizeaga, Arriurdinetako alaba emaztetzat harturik. Bi alaba izan zituzten, Milagros eta Maria Jesus. Telesforo aitona, Milagros eta Pedro Abad, honen senarra, Eba alabatxoa eta Maria Jesus izeba bizi dira orain etxean.

      Baserri koxkorra nonbait, lursail politak bai etxe ondoan, baina malkar hutsa gainerako dena. Bi behi eta berrogei bat ardi, oilo batzuk eta zerri bat etxerako, hori zen guztia. Aita ezkondu aurretik mandazain omen zen, mendietatik egurra eta ikatza garraiatuz, eta lanbide bera izan zuen ezkonduz geroztik ere.

      Telesforo bera, norabait jo behar eta 9 urte baizik ez zuela, Santa Barbara hegalean ardi kontu ibilia dugu. Goizuetako mendietan zebilen 11 urte zituela itzainari laguntzen argindarraren linea jartzeko lanetan. Ubarroton morroi gero, ikazkin Lesakan eta Aizkorri aldean. Soldadutzatik etorri eta Elektrokimika fabrika eraikitzeko obra-Ianetan lau urte.

      Goserik pasa Telesforo?

      —“Hor nonbait moldatzen ginan. Taloa izaten zan, aza-babarrunak, esnea eta gazta ere bai etxean. Gaztainak eta sagar erreak neguan, sagasti ederrak ziran eta, gure malkarretan”.

      “Gosea esan dezu? Soldadutzan pasatu genuen gosea, Bilbon eta Berango aldean. Patata eta baba handia azal eta guzti, bokartak edo txitxarro bat erdibana, egosita, oliorik gabe egosita. Etxetik hogei durokoren bat bidaltzen baziguten bigarren egunerako ogitartekoetan xahutzen genun. Elizondo aldera eraman gintuzten gero, makiak harrapatzera, bakar bat ere ez genun harrapatu baina”.

      Ezkondu gero, eta baserriaren ardura eta fabrikako lana batera eraman zituen. Garabi zain, kamioien karga-deskarga lanetan, Elektrokimika barnean 35 urtetan zehar.

      Aurrez jubilatu zen, 63 urte zituela. Emaztea hil eta aldi txarra pasatu zuen, baina orain etxean lantxo batzuk burutuz, eta pentsio polita, jubilatuekin han-hemenka bidaiak eginez, ilusioz beteriko aitona ageri zaigu Telesforo.

 

Sahatsain | Txabolategi | Ubarreto