Urumea bailaran zehar
16
EZIAGOKO
ERROTA
KOKAPENA
UDALERRIA: Hernani
KOORDENATUAK (U.T.M.): x 583647, y 4789866, z 23,00 (errotaren gutxi gorabeherako kokapena)
x 584001, y 4789840, z 31 (presa)
IBAIA: Urumea
Multzoa izen bera duen Eziago auzoan kokatuta dago, Urumea ibaian dagoen meandro zabal batean. Nafarroarako errepidetik (GI 3410) sartzen da eremura, Eziagoko industrialdetik gertu.
Jatorrizko industria-instalazioak Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga enpresaren egungo lurzatian zeuden.
DESKRIBAPENA
KONTSERBAZIO EGOERA: Desagertuta. Antzinako presaren kokapena kontserbatzen da
BABESA: Balizko Arkeologia Gunea (Buletina: EHAA 124 zbka. 1997.02.21)
HHPASB (Arkeologia). Presuntzio Arkeologikoko Guneak. Fitxa A-4.7 Zeagoko errota (industria gaur egun). D Gakoa
Gaur egun, industria-gune historiko horrekin lotutako eraikuntza-aztarnarik ez dago, lurzatiak izandako eraldaketa handien ondorioz (Papelera Biyak-Bat lehenengo eta Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga ondoren).
Eskura ditugun datuen arabera, errota eta haren azpiegitura partzelaren Hego-mendebaldeko muturrean zeuden, ibaiaren zubi esekiaren parean, gaur egun zura biltzeko dagoen gunearekin bat etorriz.
1880. urteko deskribapen batean adierazten denez, eraikin nagusiak osatzen du multzoa, eta 1,12 areako azalera du guztira, ataurrearekin eta erantsitako zenbait lursail-zatirekin. Etxeak beheko solairua zuen, “con departamento destinado á molino” eta beste gela bat ukuiluekin; lehen solairua sukalde eta logelekin; eta ganbara ale-biltegirako; hala nola baita “sitio de las turbinas que ocupa la parte más baja del edificio” ere. Errota honek nolabaiteko garrantzia zuen, guztira hiru harri pare baitzituen (bi artoarentzat eta bat gariarentzat).
Presa Urumea ibaian zegoen, eta ibaiaren ibilguarekiko zeharka jarrita zegoen, bere deribazioa errazteko, puntu horretan duen korronte eta emari handia dela eta. Presa hori egungo Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga-ren kokaleku berean zegoen (lehen Biyak-Bat Papelera), erabat eraldatuta denboraren poderioz; beraz, ezin dira argi zehaztu haren ezaugarriak. Kanalizazio kanalak 500 metroko luzera zuen, 5,50 metroko batez besteko zabalerarekin, ondoren, zati handi batean, Biyak-Bat Papelerak berraprobetxatu zuena. Gainera, hustubide luze bat zuen (178 m), urak Urumea ibaira itzultzen zituena meandrotik ur behera.
DATU HISTORIKOAK
GARAIA: Erdi Aroa/ Aro Modernoa/Garaikidea (1416/1910)
BESTE IZENAK: Molino de Ceago; Molino de Eceaga
Eziagoko errotaren historiak XV. mendearen hasieran du jatorria, eta, horrela, Urumea Bailarako zaharrenetako batean bihurtzen da. Zehazki, 1418. urtean hitzarmen bat ezarri zen Hernaniko Kontzejuaren eta Juan Martínez de Aierdi eta Juan Perez de Elgetaren artean, Eziago eta Errotaberriko erroten jabe gisa (Urnieta). Hitzarmen horren arabera, Hernaniko herritarrak haien errotetara joatera behartuta zeuden, ehotu ahal izateko. Testuaren arabera, “molino de Ceago” bi urte lehenago eraikia izan zela dirudi (Aguirre Sorondo 1984: 561-562) [45].
Hitzarmen hori alderdiek hainbat aldiz berretsiko dute ondorengo mendeetan zehar, nahiz eta auzotarrek protestak egin zituzten errotariek ustez egindako gehiegikeriengatik. Azkenean, XVIII. mendean jada ez zen erabiltzen, eta ondorioz, hurrengo mendearen hasieran, partikularren eskuetara igaro zen.
Ia bost mendeko existentzia luzean zehar, errota eta bere azpiegiturak berrikuntza eta aldaketa ugari jasan ditu, bai ohiko uholdeen ondorioz, bai bere instalazioak berritu eta modernizatzeko beharraren ondorioz. Garrantzitsuenetako bat 1556 inguruan izan zen, urte horretan gertatutako uholdearengatik, horren ondorioz bere instalazio gehienak harriz berreraikiz (presa, ubideak, ehotze gela...) [46].
Errota horrek, XIX. mendearen hasieratik gutxienez, hiru harri parerekin lan egiten zuen. Horietatik artoa ehotzen zuten biek urtearen zati handi batean egiten zuten lan, garia ehotzen zuenak, aldiz, hilabete gutxi batzuk baino ez zituen egiten[47]. 1901ean 15.800 fanega ehotzeko gaitasuna zuen.
Jabeek Juan Sese industrialari tolosarrari besterendu zizkioten instalazioak 1880. urtean (Sesé y Cia elkartearen ordezkari gisa), inguruan paper-industria berri bat gaitzeko (Papelera Biyak-Bat) [48]. Industria berriak ur-hornidurarako azpiegitura (presa eta ubidea) aprobetxatuko eta modernizatuko du, bi ekoizpenak (paper-fabrika eta errota) uztartuz, gutxienez 1910 urtera arte, azken horrek behin betiko utzi zuenean, espazio-beharrak zirela eta.
[45] HUA. H 591-2 esp.
[46] HUA. H 591-10 (1556.11.12) esp.
[47] HUA. H 608 esp.
[48] GPAH. III/2.961 sorta, 4.405-4.417 orr. (1880.10.08).
Eziagoko errotaren gutxi gorabeherako kokapena
(ITURRIA: Geoeuskadi)
Eziagoko errotaren salerosketaren planoa (1880)
(ITURRIA: GPHA)
Eziago errotaren instalazioak
“Papelera Biyak-Bat” paper-fabrikaren barruan
oinplanoan eta argazki batean (1989)
(ITURRIA: HUA)