Urumea bailaran zehar
15
TRANKAXKO
ERROTA
KOKAPENA
UDALERRIA: Urnieta
KOORDENATUAK (U.T.M.): x 582154, y 4789134, z 30,10 (errota)
x 582192, y 47891115, z 35,20 (Galarragako presa)
x 582005, y 4789968, z 38,80 (Errekaldeko presa)
IBAIA: Errekaldeko eta Galarragako erreka
Oztaran auzo urnietarrean kokatuta dago, FFCC plataformatik oso gertu. Eremura Urnieta eta Hernani lotzen dituen errepidetik sartzen da (GI-131), Langarda Gainatik gertu dagoen baserrira zuzenean doan pista bat hartuz.
Elementu honen kokapena Trankatx errekaren haranaren hondoan dago, nekazaritza eta abeltzaintzako eraikuntza ezberdinez inguratua.
DESKRIBAPENA
KONTSERBAZIO EGOERA: Hondakin bakan batzuk baino ez ditu kontserbatzen (Galarragako presa eta kanala)
BABESA: UHAPO. 11a Maila: Udal intereseko ondasun higiezinak (12. Trankatx errota).
Trankatx errota zaharra partzialki kontserbatuta aurkitzen da, berarekin lotutako elementu asko bizirik iraunez.
Errotaren eraikina, Hegoaldetik, Trankatx baserri nagusiari atxikitako eraikin gorputz batez osatuta dago. Oinplano angeluzuzena du, gutxi gorabehera 10x11 metrokoa. Harlangaitzezko horma batez egina dago (gaur egun luzitua eta margotua), eta eskantzuak eta baoen inguruak harlanduzkoak dira. Behealdean, antzinako estolda edo irteerako kanala ikus daiteke. Hareharrizko harlanduz egindako arku beheratu batez osatuta dago. Jasotako ahozko informazioaren arabera, errota erabat deseginda dago barrutik, eta ehotzeko jatorrizko makineria desagertu egin da.
Hornidura azpiegitura partzialki kontserbatuta dago. Batez ere errotaren Ekialdean dagoen hornidura-presa nabarmentzen da. Grabitateko presa batek osatzen du, Errekalde errekastoaren ibilguarekiko zeharka jarria eta zati batean landaretzak erdi ezkutatua. Fabrika oneko hareharrizko harlanduz egina dago, zuzenean azaleratze arrokatsu naturalaren gainean zimendatzen dena. Gailurraren zatian, azken bi ilaretako harlandu batzuk galdu ditu. 8 metro inguruko luzera du, 1,20 metroko zabalera eta 4 metroko altuera. Ikus daitekeenez argazki zaharretan, horixe zen aprobetxamendu osagarria. Nagusiak, baserritik 185 metro ingurura zegoen Galagarrako erreka aprobetxatzen zuen, eta ubide baten bidez eratortzen zen. Ubide hori, azken zatian, handitu egiten zen, baserriari Hego-mendebaldetik atxikitako aldaporoa eratuz (273 m2 inguru). Gaur egun ez dago presa eta kanalizazio horren aztarnarik.
Hargunea ezkerreko estriboan dago, eta ez da ikusten erregulazio-elementurik dagoenik. Hargune horretan, akueduktu moduko batez osatutako hornidura-ubidea abiatzen da. Ubideak mendi-mazelari egokitutako trazadura lerromakur samarra du, errotaraino dagoen malda handia gainditzeko. Ura 25x25 cm-ko ubide estu batetik doa, 60 cm zabalera eta 2 eta 2,20 m arteko altuera dokumentatua duen horma sendo baten gainean dagoena, lehorrean jarritako harlangaitz-horma arruntez egina. Bere trazaduran Trankatx errekaren ibilbidea igarotzen du kontserbazio egoera onean dagoen erdi-puntuko arku lirain baten bidez. Kanal hori hasierako tartean baino ez da kontserbatzen, gutxi gorabehera 30 metroko garapenean, pista gurutzatzen den tokiraino. Azken aldearen eta antepararen lekukotza fisiko guztiak desagertu dira, argazki zaharretan oraindik ikus daitezkeenak (beste 27 m inguru). Azken alde hori oso aldatuta dago lursailean egindako birmoldaketen ondorioz, Trankatx errekaren ibilgua ere aldatzeraino.
DATU HISTORIKOAK
GARAIA: Erdi Aroa/Aro Modernoa/Garaikidea (...1530/1970)
BESTE IZENAK: Molino de Trancach; Molino de Trancojo
Trankatx Errotari buruzko datuek aukera ematen digute XVI. mendearen erdialdera arte behintzat atzera egiteko. Zehazki, 1530ean aipatuta azaltzen da María Ochoa de Alcegari ezkonsari gisa emandako jabetza multzoaren barruan, horien artean “la casa d'Ermutegui con su molino” eta gainerako jabetzak zeuden[43]. Errota honen historia Urnietako Ermutegiko oinetxearekin lotuta egon da une oro, bere familiaren ondarearen parte izanik.
Dauden erreferentziak ez dira oso ugariak, eta daudenak familiaren jabetzaren transmisioari lotuta daude (María Ochoa de Alcega, María Ochoa de Guruceaga, Martín Perez de Unanue, María Ana Unanue, etc.), haien ezaugarriei eta funtzionamenduari buruzko aipamen gutxi eginez. Antza denez, burdinazko bi gurpilen indarrez mugitzen ziren bi harri pare zituen ehotzeko. Harri horietako batek, osagarri gisa, generadore txiki bat zuen martxan jartzeko, batez ere udan (Aguirre Sorondo 1984:781).
XX. mendearen lehen herenean, 1933. urte inguruan, erabiltzaileek bi ur-ibilgu desberdinetatik zetorren urarekin lan egiten zutela egiaztatu zen: Errekalde errekakoa (90 l/s) eta Galarragako errekakoa (150 l/s) [44]. Azken ehoketa 1970ean egin zen, gutxi gorabehera.
[43] HUA. E-7-I-1-10, 74 orr. (1530.03.13).
[44] GAO. 199 zbka., 23.629-23.630 orr. (2006.10.19).
Trankaxko errotaren kokapena
(ITURRIA: Geoeuskadi)
Trankaxko errotaren kokapena (1954ko ortofotoa)
(ITURRIA: Geoeuskadi)
Trankaxko errotaren kokapena
Trankaxko errotaren estolda
Trankaxko errota. Errekalde errekan
presaren gutxi gorabeherako kokapena.
Atzean Trankatx errota
Trankaxko errota. Galarraga errekan kokatutako presa eta kanala
Trankaxko errota. Galarragako kanalaren zehaztasunak