Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020
6. “Almidones Remy” almidoi-fabrika | 7. “Fundiciones del Norte” galdaketa-fabrika | 8. “Papelera del Norte” paper-fabrika

 

7
“FUNDICIONES DEL NORTE”
GALDAKETA-FABRIKA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 583436, y 4791280, z 14,26

IBAIA: Latsunbe erreka

 

      Sagastialde auzoan dagoen multzoa da, Hernaniko iparraldeko muturrean. Eremura iristeko, herriko erdigunetik Ergobia auzora doan tokiko errepidea hartu behar da, Floridako Poligonoa zeharkatuz.

      Elementu horren kokalekua erabat aldatuta dago duela urte gutxi egindako urbanizazio-obren ondorioz. Industria-instalazioak eraitsi egin ziren, eta, horren ordez, etxebizitza partikular batzuk eraiki ziren (gaur egungo Mañe i Flaquer plaza).

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Desagertuta

BABESA: Babesik gabe

 

      Fundiciones del Norte izeneko fabrika zaharraren industria-instalazioak Hernanitik Donostiarako jatorrizko errepidearen eta FFCC bidearen artean zeuden, gaur egun hainbat etxadik hartzen duten gune batean. Hori dela eta, gaur egun ez dago instalazioei buruzko ebidentziarik.

      Fabrika, jatorrian, harlangaitzezko hormaz eta tamaina txikiko adreilu industrialez egindako eraikin batzuez osatuta zegoen: pabiloi nagusia bi pabiloiz osatuta zegoen, bata galdaketako kubilete eta labeak hartzen zituena, eta bestea moldekatze-tailerra, solairu bakarrekoa (1.120 m2-ko azalera); teilape bat, aurreko bi pabiloiei hegoaldetik atxikita (226 m2-ko azalera) eta 5.243 m2 dituen landu gabeko lursail bat, eraikuntzarik gabe eta lorategi eta baratzetarako dena.

      Bere ur hornidurarako, fabrikak, antzinako aprobetxamendu hidrauliko bat zuen, dirudienez, XIX. mendearen bigarren erdialdekoa dena. Zehazki, 1950ean Hernaniko Udalak izapidetutako espediente batean enpresako kudeatzaileak bidalitako idazki bat jasotzen da, adieraziz “desde tiempo inmemorial” ur aprobetxamendu bat zutela Latsunbe edo Iturregi errekan. 0,80 metroko altuera zuen presa batek osatzen zuen, errekak Donostiarako errepidea zeharkatzen zuen puntutik 10 bat metrora. Puntu horretan 100 metro inguruko burdinurtuzko hodi bat ateratzen zen industria-instalazioetaraino. Ustiapen hori, dirudienez, 1869an onartu zen, Jose Antonio Muruak eskatuta, zeinak aipatutako ubidearen erabilera eskatu baitzuen industria-aprobetxamendurako, bere kontura beste leku batean garbitoki berri bat eraikiz, estalkia eta askarekin, eta egungo bidearen trazadura zuzenduz[18].

      Area urbanizatzeko egin berri diren obrek hasierako instalazioetatik iraganeko ebidentzia guztiak ezabatu dituzte.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Garaikidea (1902/1994)

BESTE IZENAK:

 

      Fundiciones del Norte izeneko enpresari buruzko datuak XX. mende hasierakoak dira, 1901ekoak, hain zuzen ere. Ekoizpen-instalazioak nagusiki kapital frantsesarekin eraiki eta mantendu ziren. Bere jatorria kapitalak frantsesak dituen konpainia batean dago (Bordele ingurutik etorritakoak), 1888an Donostiako Herrera auzoan “La Basconia” (Larrinaga 1999:406) izeneko lehen fabrika bat ezarri zutenak.

      Urte batzuk geroago, 1899an, instalazioak Hernanira lekualdatuko dira, Daniel Pigasse gerenteak zenbait lur-sail erosi ondoren, Hernani eta Donostia lotzen zituen errepide zaharraren eta Latsunbe errekaren (Karapote errekaren adarra) ertzean dagoen paraje estrategiko batean[19]. Era berean, antzinako ur-aprobetxamendu bat aprobetxatu eta berritu zuten fabrikaren beharretarako. Bere helburua bigarren fusioko burdina eta metalak edo latorria ekoiztea zen, 1935ean 75 langile zituelarik.

      XX. mendeko lehen hamarkadetan, instalazioek hainbat hobekuntza eta handitze lanak izan zituzten, fabrika eraitsi arte iraungo zuten pabiloi eta biltegi ezberdinak eraikiz[20].

      1960ko hamarkadaren amaieran itxi zituzten instalazioak eta eraitsiak izan ziren. Horien gainean etxebizitza-bloke berri batzuk eraiki zituzten (Mañe i Flaquer plaza)[21]. Fabrika zaharraren aztarna guztiak desagertu ziren obrak egitearekin batera.

 

 

[18] HUA. Administratiboa. 3.631-8 esp.

[19] GPAH. III/4.047 sorta, 109 zk., 526-533 orr. (1901.03.14).

[20] HUA. H 664-46 (1909) eta D-4-6-35 (1930) esp.

[21] HUA. 3.058/20 eta 3.058/21 esp.

 

 

 

Fundiciones del Norte” galdaketa-fabrikaren
gutxi gorabeherako kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Fundiciones del Norte” fundizio-fabrikaren
gaurko gutxi gorabeherako kokapena

 

Fundiciones del Norte” galdaketa-fabrikaren
kokapena XX. mende hasierako argazki batean

(ITURRIA: Hernaniko urtekaria 2017)

 

Fundiciones del Norte” galdaketa-fabrikaren
eraikuntzak eraitsi aurretik (1972)

(ITURRIA: HUA)

 

Fundiciones del Norte” galdaketa-fabrikaren
oinplanoa eristeko proiektuan (1969)

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Fundiciones del Norte” galdaketa-fabrikaren
gutunen anagramak (1916ko eta 1955ekoa)

(ITURRIA: HUA)

 

6. “Almidones Remy” almidoi-fabrika | 7. “Fundiciones del Norte” galdaketa-fabrika | 8. “Papelera del Norte” paper-fabrika