Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024

 

Usarraga Zapirain, Marcelino

 

 

         1925eko maiatzaren 15ean Hernanin jaioa. Carmen Zapirain Zuaznabar eta Policarpo Usarraga Garrillonen semea. Gerra Zibilaren bizipenak azaltzen ditu. Berak eta bere senideek Hernanitik alde egin behar izan zuten. Lehendabizi Bilbora eta ondoren Santanderrera. Aita eta anai zaharrena Donostian geratu ziren. Marcelino eta bere familiakoek ia urte bete pasa zuten ihesian. Itsasontzi batean bueltatu ziren Santanderretik Pasaiako porturaino. Lurreratu bezain laster jakin zuten Marcelinoren aita Andoainen fusilatua izan zela. Hernanin lan egiteko, gizonek “flechas y pelayos”etan (Falangean) apuntatu behar zutela dio, lan egiteko aukera izateko.

         Gerra hasi zenean 11 urte zenituen. Zer gogoratzen duzu?

         Hemen, sua izaten zenean elizak ematen zuen notizia. Sua izanez gero, kanpai hotsak hasten ziren. Eta soinuak herri guztia mugitzen zuen. Gauean gertatu zen. Orduan ama ume guztiekin balkoira atera zen. Ni ere hor nengoen. Aldameneko balkoia eta gurea jotzen zauden ia. Euskaldunak ziren aldamenekoak eta nire amak esan zion “Non da sua?Non da sua?". Eta besteak esan zion “Carmen zaude isilik, hau sua baino okerragoa da" “Baina zer da?" “Gerra, gerra". Ate joka etorri ziren, aitak eta anaiak ehizarako eskopetak baitzituzten. Etorri eta deitu egin zuten: “Venimos a por las armas" eta nire bigarren anaia zaharrak esan zien “Aquí no hay de eso" eta besteak esan zion “Calla mocoso". Horiek bazekiten bi eskopeta zeudela etxean. Eta biak eraman zituzten. Aitak umeentzat tiro bateko eskopeta erosi zuen eta hori eraman zuten. Berri berria eraman eta handik pixkatara hautsita ekarri zuten.

         Familian zer egin zenuten hori eta gero?

         Hemen herria bonbardatzen hasi ziren. Ikusten genuenean abioiren bat, denok gordetzera joaten ginen. Soto luze bat genuen aurreko etxean, han sartzen ginen. Denak sotora. Nire aitak bidali gintuen koinatu baten etxera, Donostiara. Hartu eta tranbian Donostiara bidali gintuen, etxea bonbardatu egin zutelako. Han pasa genituen 8 egun. Nire osabak hiru seme zeuzkan 20 urtetik gorakoak. Osabak esan zion nire amari “Carmen tengo que cerrar el piso” “¿Y qué hacemos?” “Pues vamos a ver qué hacemos, ya nos dirán". Bulebarrean ikusi genuen kamioi handi bat mantak eta sartzen: “¿A dónde vais, a dónde vais!?" eta “A Bilbao" esan zuten. “Podemos entrar nosotros?" Eta horrela osaba eta nire ama, seme-alaba guztiekin, Bilbora kamioian.

         Bilbora joan zineten?

         Bai. Bar Frontón-en sartu gintuzten eta elkarrekin egon ginen. Hura beteta zegoen eta ezagunak zeuden, beste herrikoak. Pisu bat eman ziguten, Rekakoetxe, Alondegian. Hor pasa genuen ia urte bete. Bilbora sartu zirenean osabak esan zion nire amari: “Carmen, semeen atzetik joan behar dugu". Gure anaia bat hemen geratu zen. Eta horrelaxe joan ginen, beste herri batera (Santander). Horrelaxe pasa genuen urtebete. Santander okupatuta izan zenean ontzi batek hartu gintuen, Senra ontziak, ikatza eramaten zuen. Ontziratu bitartean jende asko zegoen. Ontziak Pasaiara ekarri gintuen.

         Gogoratzen zara nolakoak ziren Bilboko bonbardaketak?

         Sirenak jotzen zuen. Luzea zenean bagenekien gordetzera joan behar genuela. Bukatzen zutenean beren lana, hiru soinu entzun eta ateratzen ginen.

         Non jaten zenuten?

         “Auxilio Social” moduko leku batera joaten ginen. Arriaga atzean egon ginen, Hotel Eibar zen. Baina hor gutxi egon ginen. Gero bidali gintuzten beste batera baina inguruan bertan. Gero beste leku batera. Egun batean bazkaltzen ari ginela garrasika hasi zen emakume bat, erotuta. Gerran bajak zeudenean egunkarian agertzen ziren, eta hartu zuenean bere senarra ikusi zuen.

         Aita zuekin egon zen?

         Gurutze Gorriak albiste edo abisuen berri ematen zuen, eta amari behin, bitan edo ez dakit zenbat aldiz jakinarazi zioten. Hernaniko Udaletik txartel bat bidaltzen zieten. Nire ama eta herriko guztiak alkatearengana joaten ziren. Elkarrekin komunikatzen ziren, bazekiten non aurkitu. Beste bandoko berriak ere bidaltzen zituzten Gurutze Gorritik. Izena eta ordua zuen kartoi mehe bat bidaltzen zuten, eta Gurutze Gorrira joaten ziren. Ama ohartu zen batzuk kartoi mehea jasotzen zutenean, zerrenda gorri edo arrosa bat zegoela. Horiek berri txarrak ziren, elkarren artean komunikatzen zirelako. Amari birritan edo hirutan ondo heldu zitzaion, baina azkenekoa zerrenda gorri batekin iritsi zitzaion: “Albiste txarrak, albiste txarrak”. Izeba eta amarekin hitz egin zuten eta ospitalean hil zela esan zieten. Gero, hona etorri ginenean, fusilatu egin zutela jakin genuen.

         Non fusilatu zuten?

         Guk aztertu dugunagatik, Andoainen dago.

         Zure aitak zein pentsamendu politiko zeukan?

         Hernanin kooperatiba bat sortu zen. Eta langile guztiak hor zeuden. Afiliatuta zeuden horiei deitzen zieten ikatza insten zenean. Deskargatu egin behar zen eta deitu egiten zieten. Ziur nago nire aitari ere tokatu zitzaiola. Nik ez dakit UGTn afiliatuta zegoen ala ez. Kooperatiba horietan egoteko afiliatuta egon behar zenuen. Hemen jende askok ematen zuen izena, oso kooperatiba ona izan zen.

         Zure aita hemen geratu zen Dionisiorekin, zure anai zaharra. Zer entzun duzue edo zer kontatu dizuete aitari gertatu zitzaionaz?

         Horixe jakin nahiko nuke nik, horixe. Nire aita arrantzan bakarrik aritzen zen! Eta Goizuetaraino joaten zen. Eta nire anaia zaharrenak, gauza hauek guztiak pasatu ondoren, ibilbide bera egiten zuen.

         Zure aita Andoainen fusilatu zuten?

         Bai. Hori jakin genuen Angel (anaia) Andoainera joan zelako. Hura dena mugitzen hasi zen eta esan zuen “Bilatu behar dugu, hau galdetu”. Baten batek Andoaindik esango zion, eta Andoainera joan zen. Soldadutzan berarekin egon zen batekin topo egin zuen eta esan zion: “Coño, Usarraga, ¿qué andas aquí en Andoain?” Eta anaiak esan zion: “Han fusilado a mi padre”. Bere lagunak esan zion: “Sal de aquí y esconde las cosas. No sabemos qué puede pasar aquí”. Eta horrela utzi zuen. Baina, urteekin, anaia zaharrak esan zidan egun batean: “Marcelino, lagunduko didazu Andoainera ea zerbait jakiten dugun” eta joan egin ginen. Santu guztien eguna iristear zen. Hilerrira sartu ginen, burdinazko ate batetik. Gizon bat ikusi genuen burdinurtuzko gurutzeak margotzen. Lurperatzaileaz galdetu genion. Non bizi zen esan zigun. Anaia jakinaren gainean jarri zen eta berarekin joan nintzen. Alaba zegoen, anaiak galdetu zion eta pazientzia, zain eta zain. Gizona iritsi zen, anaiak galdetu zion eta esan zuen: “Bai, gogoan dut”. Kontatu zuen postuen komandantea etorri zitzaiola, lehen Guardia Zibileko sarjentuari esaten baitzioten komandante. Komandantea etorri zen eta esan zion: “Gaur gauean birentzako zuloa prestatu”. Esan zigun: “Badakit zure aita nola janzten zen ere. Txalekoa zeraman” eta gu: “Bai”. Nire aitak beti eraman du txalekoa. “Bi hil zituzten gau hartan. Zuen aita eta Vaquero-koa” hemengo baserrikoa dena, Vaquero-koa. Hori da guk jakin duguna.

         Eta zure anaia Angel, hemen geratu zen? Badakizu zein frontetan egon zen?

         Bai, eta berehala soldadutzara. Nazionalekin ibili zen, italiarrak eta guzti zeuden hemen. Teruelen zebiltzan. “Ez dago Teruel baino lur hotzagorik” esaten zuelako. Garai hartan ez zutelako ez oinetako egokirik ez ezer. Hura negua. Eta beste anaia harrapatu eta Santoña preso eraman zuten. Ez dakit zein herritan hartu zuten preso, baina Santoñan egon zen.

         Etxera itzuli zen?

         Bai. Seinaka edo zortzinaka bidaltzen zituzten eta hona etorri ziren Hernanira. Ama Hernaniko plazan zegoen neskame gisa, andre batekin. Orduan norbaitek esan zion: “Carmen, etorri da zure semea”. Eta, jakina, andreak entzun zion, baina lanean jarraitu zuen, eta andreak esan zion: “Utzi hori guztia eta zoaz zure semearengana”. Ama plazara joaten zenean, anaia etxetik zetorren eta elkarrekin topo egin zuten. Zer egingo dute ama-semeek? Agurtu. Ba isuna jarri zioten. Eta amari ez ezik, ezagunak ziren eta agurtzen zuten guztiei ere isuna jarri zieten. Ez dakit 10 pezeta edo 5 ziren. Baina isuna jarri zieten.