Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

BERTSO ESKOLA IV

 

      Irakasleak:

— 2011-2012 ikasturtean: Asier Azpiroz, Arnaitz Lasarte, Oier Iurramendi eta Unai Gaztelumendi.

— 2012-2013 ikasturtean: Asier Azpiroz, Arnaitz Lasarte eta Oier Iurramendi.

— 2013-2014 ikasturtean: Arnaitz Lasarte, Oier Iurramendi eta Eli Pagola.

 

      3-4 talde izaten ditugu, bakoitza 8-9 ikaslekoa. Hasiberriekin talde bat osatzen dugu eta ia erabat idatziz aritzen dira. Beste talde bat egiten dugu bertso eskolan gutxienez bi urte egin dituztenekin eta hauetako batzuek idatziz eta besteek bat-batean egiten dute. Eta hirugarren talde bat osatzen dugu lau-bost urtean bertsolaritza landu dutenekin eta ia erabat bat-batean egiten dute.

[Asier Azpiroz]

 

      Bertsolaritza halako boom bat bizitzen ari da eta guraso askok beren umea bertso eskolara bidali nahi dute, hizkuntzarekin jolasean aritzeko. Izen pixka bat badu Hernanikoak eta kanpotik ere jendea etortzen da.

[Asier Azpiroz]

 

      Nik irakasle oso maitea nuen Unai Gaztelumendi. Ez genuen dena bertsotan egiten, hitz egin ere bai. Berak saiotarako ate asko ireki zizkigun, auzotara joateko eta deitzen zigun, babes berezi bat sentitu genuen beragandik.

[Eli Pagola]

 

      Prestaketetan boladak izaten dira: Batzuetan etxean ustez sekulako jokoak asmatzen dituzu eta eskolara eraman eta hamar minutuan bukatzen dira, beste batzuetan gutxirekin zoazelakoan hariari tiraka klase osoa joaten zaizu... Lasai hartzen eta umeekin tratuan ikasten duzu.

[Arnaitz Lasarte]

 

 

HEZKUNTZA ARAUTUAN

 

      Hernanin sumatu dut azpia ahultzen joan zela, jende aldetik fintzen joan zaigula. Bolada batean belaunaldi fuerte bat egon zen, baina taldeak osatzea gero eta gehiago kostatzen zen, esaterako, ikastetxe batean irakasle bat postuz aldatu delako eta haren ordez zegoenak ez zuelako bertsoa lantzen. Hernanin ere oso talde txikia izatera iritsi zen.

      Nik uste Bertsozale Elkartetik ikastetxeetan bertsolaritza lantzeko proiektua gorpuztu denetik beste emaitza bat izan dela: 4 talde atera ziren 2009an Eskolarteko Txapelketan. 6 urte lehenago ez dut uste lau talde aterako zirenik. Oinarrizko lan hori oso inportantea da.

[Jexux Mari Irazu]

 

      Bertsozale Elkarteko langile Unai Muñoa aritzen da Hernaniko eskola denetan bertsolaritza ematen eta laguntza handia da bertso eskolarentzat berarentzat. Bertso-Lataren barruan idatzizko lehiaketa antolatzen dugu 2010. urtetik, eta iragartzeko orriak guk egiten ditugu baina Muñoa arduratzen da eskola denetara zabaldu, bertso sortak jaso eta guri emateaz. Bertso-Latan umeen saioa egiten da eta hor banatzen dira sariak, eskola bakoitzeko sari bat eta beste sari orokor bat. Saria izaten da irabazlearen gelak bertsolari bat aukeratzea: bertsolari hori joaten da eskolara eta elkarrizketa egiten diote.

[Oier Iurramendi]

 

      Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunerako Hernaniko antolaketa ere Unai Muñoak egiten du. Umeek oso ondo pasatzen dute, asko dira urtero hutsik egiten ez dutenak, eta badira bertso eskolara ez eta Bertso Eskolen Egunera joaten direnak. Bertsozale Elkarteak antolatzen du, eta autobusa herriz herri pasatzen da gure bila.

[Oier Iurramendi]

 

      Eskoletako proiektu hori laguntza handia da bertso eskolako irakasleentzat ere, bertso eskolara datorren ikaslea jada hezkuntza arautuan probatuta bait dator. Neurriei buruz zerbait badaki, bertsoa idazteko gai da, doinu batzuek badakizki, bertsoa zer den badaki.

[Asier Azpiroz]

 

      Muñoak interesa duen ikasleren bat ikusten duenean, bertso eskolara bideratzen du. Ume asko etorri dira berak bultzata.

[Oier Iurramendi]

 

 

IRTEERAK

 

      Aste Santutan Askizuko asteburu-pasa egiten jarraitzen dugu. Oso gustuko dute umeek.

[Asier Azpiroz]

 

      Lehen Eskolarteko Txapelketa prestatzeko kontzentrazio moduko bat izaten zen. Orain beste norabide bat hartu du, asteburua elkarrekin pasatzeko eta taldea egiteko baliatzen dugu. Gauean txapelketa egiten dugu oraindik. Ikasleak desiatzen egoten dira, eta dezente dira jada bertso eskolan ez dabiltzanak baina asteburu pasa etortzen direnak.

[Oier Iurramendi]

 

 

GAZTEEN TALDEA

 

      Nahi baino gutxiago, baina bertsotarako biltzen saiatzen gara. Ostiraletan umeei eskola eman eta ondoren gu aritzen gara. Oier Iurramendi, Asier Azpiroz, Eli Pagola eta Eñaut Martikorena. Arnaitz Lasarte tarteka.

[Oier Iurramendi]