Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 Orduko Hernani | JOXE ANJEL ARANBURU JALON | AGIN LABURU REZOLA 

 

bertsolariak

JOXE ANJEL ARANBURU JALON

 

1983an Hernanin jaioa

 

 

      Etxean ez zen hainbesteko bertso girorik, igande bazkalondoko Hitzetik Hortzerari begiratu eta “hau hobea duk hau baino” esatea... Bizilaguna bai, Joxe Mari Arrieta, liburua aterea zuen eta bertsotan egiten zuen.

 

 

ELIZATXO IKASTOLATIK BERTSO ESKOLARA

 

      Hasi, hasi, Elizatxo ikastolan hasi ginen, 6-7 urterekin egiten den ariketa klase horrekin: puntua jarri bi hitzen faltan eta ea eskua altxa eta zeinek betetzen duen. Orduko irakasleak, Rosa Tapiak gure amari esana zion: “bertso eskolan apuntatu behar duzu”. Pare bat urte bertso eskolan egin nituen, tankera handirik hartu gabe; gazte xamarra nintzen agian han zeudenentzako, eta ikaratu eta etxera egin nuen. Ostera 14 bat urterekin pixka bat gehixeago zailduta jarri nintzen ikastolan, Eli Laburuk (Agin Labururen amak) bertsoa eskola orduz kanpo ematen baitzigun. Eta 16 urterekin berriz ere bertso eskolara egin nuen saltoa, baina orduan jada zaharrenak gu ginela, alde ederrean.

      Bat-batean batere egin gabeak ginen, idatzi egiten genuen asko, bata besteari zirika. Klasean puntua paperean pasa batak besteari eta erantzunarekin ostera papera ekarri... baina bagenekien plazarako noizbait egitekotan orduan egin behar genuela. Gu bertso eskolara jada plazara ateratzea erabakita joan ginen.

      Aitor Mendiluze izan genuen irakasle eta gero Gorka Tolosa, urte berean.

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

2000

Finalista

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

2001

Finalista

 

 

SARIKETAK

 

Hernandorena Saria

2006

Finalista

Lizardi Saria

2002

Finalista

Lizardi Saria

2004

Finalista

Osinalde

2004

Finalista eta entzulearen saria

 

 

PLAZARATZEA

 

      Hasiera hartan Agin Laburuk eta biok saio mordoxka bat egin genituen, gehientsuenak elkarrekin. Nik bidea ireki eta Aginek hautsi, normalean horrekin jokatzen genuen. Ni atentoxeago egoten nintzen bakoitza zein zen, eta esaten nion “hi, orain gorriko harekin sartuko gaituk”.

      Garai hartako politentsuena Loiolako jaitako hura izan zen. Joxe Luis Urdangarinek han zuen lehengusu baten bidez bidali gintuen biok; han bazen, Loiolako gazte kuadrilla bat San Inazio bueltan herri bazkaria egiten zuena. Astegun buruzurian, kalean inor ez eta festak zirenik antzematen ez zen garaian. Han bazkaritan bertsotan pixka bat egin eta gero arratsaldean kalejira bat egiteko gu bidali gintuzten eta bost urtean segidan joan ginen. Haiek askorik ez zuten behar eta guretzako kristoren aukera zen.

      Gogoan daukat lehenengo kobratu genuen plaza Loiolako hori izan zela eta gainera bertsotan egin aurretik pagatu ziguten: “ostia, hi, Joxe Anjel, patu egin zigutek eta! Orain bertsotan ongi egin beharko diagu”. Librean ikasi eta bertsotan soltatu, plaza horietan egin ginen.

[Agin Laburu]

 

 

2003KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA

 

      Oihartzunen kantatu nuen (lehen fasean), eta oso puntu gutxigatik ez nintzen aurrera pasa. Niretzat txapelketa hura prestatzea mugarria izan zen, “periodikoa leitu egin behar dik” esaten zigun Unai Agirrek... Ordura arte pintxo bat jan eta bertso eskolara joan, eta asteroko ziria zer modutara esan izaten zen kontua. Han ez genion beste konplikaziorik eskatzen geure buruari. Jada txapelketa hartan gaiak beste buelta bat eskatzen zuen, politika zer edo zer jakitea, izen propio batzuk ezagutzea, beste errekurtso batzuek manejatzen jakin behar zen... ez zen betiko Eskolarteko Txapelketako bertsoa botatzea errima estuago edo zabalagoarekin. Gaiei buruzko iritzi bat eduki behar zen, eta ezin da iritzia hamar segundoan eraiki, aurretik landua eduki behar da.

 

2005ean GR Bertso Bidean kantari, Oiartzunen kontra.

 

 

PLAZETAN

 

      2004an Bertso-Latako saioan kantatu nuen. Hura izan zen nire lehen plaza potoloa. Anjel Mari Peñagarikano, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Iker Osa, Amets Arzallus eta ni ginen. Egun hartako oso sentsazio politak ditut. Bakarka jarri zidaten gaia, eta jarri izana estimatu nuen. Erraustegiaz zen, Eñaut Agirre zen gaia jartzen, eta pare bat gai lehenago abisatu zidan “bakarka jarriko dizut”.

      Saio baten oroimen ona, dudarik gabe, Joxe Mari Mujika “Anatx” eta Jokin Sorozabalekin Portun egindakoa dut. Shangai tabernan, 15 lagunen aurrean, gehiago ez. Aranoko pilota partidako finala utzi nuen propio han kantatzeagatik. Anatxen nerbioak eta izerdiak dauzkat gogoan, eta oso gustura ibili nintzela. Beraien garaitako kontua besterik ez zen aipatu bi ordutan eta ez nintzen jokoz kanpo sentitu.

      Urtero xamar inork deitu gabe egiten genuen saioa zen, Astigarragan Santa Anatakoa, Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluzerekin. Han izaten ginen bazkaltzen eta saioren bat edo beste egiten genuen bukaeran.

      Jokin Sorozabalekin buruz buru aritu nintzen San Isidro batzuetan, baserritarren eguna berreskuratu zen urtean, 2005ean.

      Behin Oialumeko festetan, Gorka Tolosa gai jartzen zela, Jexux Mari Irazu eta Sebastian Lizaso kupel artean ziren, Tturko bertsotan hasi zitzaien eta. Mikroa libre zegoen eta Agin Laburu, Tolosa eta hiruok bertsotan aritu ginen.

 

 

BERTSOA APARTATU

 

      Aitonak eta amonak pare bat gaitz luze xamarrak eduki zituzten, segida xamarrean. Urte bat endredatuta pasatu nuen. Karreran ere urte bat atzeratu eta laugarren mailara ailegatu nintzen ikasgai zailentsuenak azkenerako utzita... ikusten nuen urte bat serio xamar hartu beharra neukala. Niretzat errazena zen ingeniaritzako matematika liburu bat hartu eta buruan bertso doinua ibiltzea, eta doinua buruan izanez gero, errima batzuk etorri egiten dira... Konturatzen nintzen distraitu egiten ninduela. “Deskantsu hartu behar diat” esan eta bertso liburu bat hartu eta ordubete hura leitzen pasatzen nuela. “Hau ez badut burutik kentzen, ez diat karrera bukatuko” pentsatu nuen.

      Karrera bukatzearekin batera praktikak egin eta lanean hastea suertatu zitzaidan. Orain kontrako prozesua egin beharko nuke, nire buruari “bertsotan hasi egin behar diagu” esan. Orain astean zehar afaltzera joan eta berandu xamar erretiratzea endredoa da niretzako, hurrengo goizean goiz mugitu behar baitut lanerako.

      Bertsoa uzterik ez dago, beti barruan ibiltzen da bueltaka. Baina plazara ez nintzateke edozein modutan aterako, arrisku ederra edozer gauza egin eta plazari beldurra hartzeko. Egitez gero fundamentuz egin nahiko nuke, irakurri eta bertso eskolako martxara itzuli...

      Urtean saio bat egiten dut, Astigarragan.

 

 

BERTSO JARRIAK

 

      Sariketa bat irabazi nuen 2005ean, Anpo enpresak antolatzen duena: 2006 arte MCCko langileen artean egiten zen. Enpresako giza baliabideetako arduradunak esan zidan: “hi, gainontzean ez gaituk ezertarako agertzen kooperatibetan eta sikiera sorta bat idatzi eta premioren bat eramaten baduk”... Iker Osak ere idatzi zituen eta esan zidan “hik irabazi al duk, nola duk posible, nireak hobeak izango hituen etal”.

 

 

BERTSOKERA

 

      Gaiekin egindako saioek baino gustu hobea utzi didate beti libreko saioek. Bertso txarrekin gogoratzea zailagoa delako gaietan baino. Errazagoa da asmatutakoekin gogoratzen, huts egindakoekin baino. Orokorrean begiratzen zaio saioari, ez da bertsoa aleka botatzean bezala neurtzen. Tabladoan nire burua gehiegi estutzeko zalea izandu naiz. Nire gustuko bertsokerarako mahai buelta nahiago dut, sueltoago egon, errimekin tarteka lizentziaren bat hartu astakeriaren batzuk esateko... “Elkarrizketarako oso egokia da, oso kantu-lagun ona. Haustailea ez dena baina tarteka distira ateratzen dakiena, mahai bueltarako perfektua”.

[Agin Laburu]

 

 

GRABATZEN

 

      Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin grabatzen aritu nintzen. Agin Laburu Bilbora joana zen ordurako, eta bertso eskolako gure taldea galdu xamarra zegoen. Helduagoak sozidadetan biltzen ziren. Nik gehixeago egiteko gogoa banuen, eta artean kotxerik ez, eta grabatzearena baliatzen nuen. “Jexux Mari Irazuk kantatu behar du Durangon” esaten zidaten, eta harekin zita egin eta harekin kotxean joan, eurek kantatu bitartean grabagailua jarri eta saioa entzun, mokadu bat afaldu eta etorri... aitzaki horretan buelta asko egina naiz eta plaza asko ezagutu nituen, bertsolariekin egon eta saioen aurreko eta osteko euren komentarioak entzun...

 

 

Aiherra Sariketa 2006-12-09

 

      Hilabete pasatzeko asmoz Latino Ameriketako herri batera joan zareten bi lagun. Zu, Beñat Gaztelumendi, han hilabete pasa eta itzultzea pentsatu duzu. Zuk, aldiz, Joxe Anjel Aranburu, han geratzea erabaki duzu.

 

        B. Gaztelumendi:

Uda haseran bidea hartu

nuen Argentinarako

baino bukatu bukatu da ta

etxera juan biharko;

nere etxian nere ohean

hola ibiltzen naiz bapo

toki guztitan dagoen hori

inongoa ez delako.

 

        J.A. Aranburu:

Txango eder bat egin genduen

indigenengana edo;

hemen ikusi dedan guztia

ez nuen asko espero!

Hauek zer jana lortzen ez dute

erreza ez egunero;

nongoa naizen ez zaie inporta

pixkat lagundu ezkero.

 

        B. Gaztelumendi:

Dirudienez indigena hoiek

badute nahiko bertute

zure herria ahaztu baitezu

maitasun pixkaten truke;

indigenekin gustora zaude

bueno hala dezu uste

baino zer janik ez duten hoiek

burua jan al dizute?

 

        J.A. Aranburu:

Ur ponpa zahar bat konpondu nuen

ur pixkat eramateko

ta andre horri lagundu nion

haurrei ematen jateko.

Bururik ez dit neri inork jan

bateko edo besteko;

zerbait lagundu diet nik baino

dena dago egiteko.

 

        B. Gaztelumendi:

Ta egin gabe dagoen hori

egin nahi dezu hala(e)re;

amona bati laguntzen edo

gustora jardun zerade;

ponpa batere konpondu dezu

nunbait baitzegoen grabe...

Hemen badago zer konpondua

Amerikara jun gabe!

 

        J.A. Aranburu:

Gure herrian nunahi daukate

ospitala ta eskola;

ez konparatu herri honetan

ez dira-ta bizi hola.

Etxera itzuli behar badezu

ez zait askorik ajola;

nere amari muxu bat eman

ta esan ondo nagola.

 

 Orduko Hernani | JOXE ANJEL ARANBURU JALON | AGIN LABURU REZOLA