Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

HAMAIKA BERTUTE

 

      2006an Beran egin genuen bilera fundazionala. Tartean ziren Miren Artetxe, Julen Zelaieta, Andoni Otamendi,Unai Muñoa, Uxue Alberdi, Jon eta Alaia Martin, Ander Lizarralde, Jon Ansa, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Izagirre... asmoa xinplea zen: bertso eskoletatik bertsotan egiten zekien jende pila ateratzen zen, baina sariketez aparte plaza gutxi genituen. Antolatzaileei eskaintza egitea erabaki genuen, gure burua talde bezala ezagutzera ematea (gure izenak ez zituzten ikasiko baina “11 Bertute” bai), telefono baten atzean eskuragarri egotea. Zer eskaintza egin? bada kantatzea beste pretentsiorik ez genuenez, eskerrik askoren truke kantatzeko prest geundela. 25 euro kobratzen genuen saioko (gasolinarako) eta horietatik 5 euro taldeko boterako ziren, saioak lotzeko telefono gastuak eta abar ordaintzeko.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Sariketak banituen, baina hortik aurrera ez nuen aurrerabide handirik ikusten. Hamaika Bertuten ikusi genuen bertsotan eta ongi pasatzen segitzeko aukera.

      Hamaika Bertute bertsotan egin nahi duen bertsolari talde bat da. Antolatzaileek batzuetan beharra izaten dute, saioak Lanku bidez antolatzeko adina dirurik ez eta inguruan bertsolaririk ezagutzen ez dutelako. Modu antolatuan elkartu gara bertsolari talde hori eta antolatzaileek telefono bat badaukate taldearengana zuzentzeko.

[Agin Laburu]

 

      Hemen, harria jo eta azpitik bertsolaria ateratzen den honetan... Gure belaunaldian hori lortu da behintzat, nahiz eta txapelketan aurreregi egiteko zorterik ez eduki, jende horrek orain saioak dauzka.

[Agin Laburu]

 

      Gu jada dinamika bat hartuta zegoenean sartu ginen.

      Nik Hamaika Bertutetik bi gauza azpimarratuko nituzke: bertsolari diferente askorekin kantatu dudala eta Hamaika Bertuten ere kuadrilla egin dudala. Eta lehenago saiorik egiten ez zen herri eta elkarteek orain baliabideak dituztela saioak antolatzeko.

[Unai Gaztelumendi]

 

Bertuteren bertso musikatu emanaldia, Orion.
Iturria: karkara.com

 

      Kantatu behar duenaren ikuspegitik, antolaketa oso oso egokia eta komodoa zuen. Hilero taldekide batek zuen telefonoaren eta e-mailen ardura. Antolatzaileen enkarguak jaso, eta denoi e-maila bidaltzen zigun saio haren berri emanaz. Denok erantzun behar genuen e-maila, libre nor zegoen jakiteko. Hileko arduradunak osatzen zuen taldea, eta antolatzaileekin jartzen zituen harremanetan. Niri aukera eman zidan zer boladatan gehiago eta zer boladatan gutxiago kantatu erabakitzeko. Eta baita ere saio motak aukeratzeko: adibidez, haurra eduki nuenean gutxiago kantatzen nuen eta egunez ziren saioetan.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Hamaika Bertutek horretan aukera ematen dit, batzuetan saiorik hartu ez eta bestetan saio mordoa hartzeko.

[Agin Laburu]

 

      Esperientzia oso aberasgarria izan da, baina bazituen bere akatsak, azkenean taldea desagertzera bultza dutenak. Beti jende bera tiraka eta jende bera remolkean. Azkenean, normala den bezala, tiraka ari dena nekatu egiten da.

[Agin Laburu]

 

      Taldean sartu nahi zuen guztiari baiezkoa esaten zitzaion, baina inork ez bazuen berarekin kantatu nahi? Azkenerako, saio horretara zein joango zen jakin zain egoten nintzen nire izena bota, edo ez bota erabakitzeko, bestela, gozatzeko behar lukeen saio bat marroi bat bihur zitekeelako. Joan zaitez ba Somorrostrora bertsokidearekin harreman pertsonal gutxi eta bertsotan juxtu egiten duela jakinda!

[Agin Laburu]

 

Hamaika Bertute. Lehen urteurrena.

 

      Hamaika Bertute proiektuak urtebete bete dau honezkero: 50 bertsolari plazarik plaza eta 170 saiotik gora izan dira Euskal Herriko hainbat txokotan. 2007ko urtarrilaren 13an sortu zan Hamaika Bertute. Egun haretan egin zan lehen Hamaika Bertute eguna Donostian. Dana dala, proiektua mamitzen urtebete lehenago hasi ziran bertsogintzan buru-belarri ebiltzan lagunak. Hogeita hamar bertsolarigaz eta bi gai-jartzailegaz hasi zan proiektua eta gaur egun 44 bertsolari eta 3 gai-jartzaile dabilz. Hasiera-hasieratik proiektua edegia izan da, eta holan izaten jarraitzen dau. Bertsotan fundamentuz egiten dauen edonork hartu leike parte proiektuan lan egiteko gogoz baldin badator.

      Bertsolari eta gai-jartzaile horreek Euskal Herriko herrialde guztietakoak dira kasik. Izan be, Hamaika Bertuteko kide gehienak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak badira be, taldean kide nafarrak, lapurtarrak eta arabarrak be badira.

      Saio barri mordoa sortu da Hamaika Bertuteri esker. Antolatzaileei kontaktu bideak erraztu egin jakez eta asko animau dira lehen aldiz bertso-saio bat antolatzera. Itxita egozan zenbait plaza be berreskuratu dira.

      Mueta guztietako saioak egiteko prestutatsuna izan dogu, eta dogu orain be. Saio gehienak lagunarteko saioak izan badira be (bertso poteo, tabernetako saioak, bertso bazkari edo afariak...) bestelako plazetan ibili gara: bertso jaialdi, egun pasa, mendi urteeretako saio batzuk...

      Hainbat ekimen berezitan be parte hartu dogu. Berbarako, Herri Irratian Mikel Markezek zuzentzen dauen saioan bi hilebetez astero ordu erdiko bertso saioak egin doguz (poesia gaitzat hartuz, gai orokor baten inguruan kantatuz, kantuak gaitzat hartuz, librean...). Ikastetxeetan be bertso saio pedagogikoak egin doguz. Azkenik, bitan izan gara Bartzelonan, bertako Euskal Etxearen eta euskalzaleen saioetan parte hartuz.

      Kuban be kantau dogu, bertako Euskal Etxeak antolatutako bertso saio batean.

      Bertsolariek alkar ezagutu izana, talde dinamika bat sortu izana eta proiektu komun baten inguruan batzea lorpen garrantzitsua izan da. Hamaika Bertute autogestinoaren bidez aurrera doan proiektua da.

[http://www.hamaikabertute.net]