Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

GR BERTSO BIDEA

 

2004an GR-4 Bertso Bidearen aurkezpenean.

 

      2004an hasi zen eta GR-4 Bertso Bidea deitu genion, lau herri lotzen zituen ligaxka zelako: Orioko Bertso eskola, Lasarteko bertso eskola, Oiartzungoa eta Hernaniko Iraulio Panttalone. Herri bakoitzarekin joan-etorrikoa jokatu genuen. Oso giro polita sortzen zen, Hernanin saioak egin genituen Anboto tabernan, Zingi-Zangan, Aralarren... Ekaitz Bergara Calongek egin zuen karteletako marrazkia.

      Finala Orion egin zen, Satxota sagardotegian. Lasartearrek irabazi zuten.

      Arrakastaren seinale, urtez urte gero eta bertso eskola gehiago elkartu ziren eta ligaxka beste lurraldeetara ere zabaldu zen (Bizkaian, Araban, Lapurdin eta Nafarroan). 2008an 16 herrik hartu zuten parte.

[Estitxu Eizagirre]

 

2004an Zingi-Zangan, kupel artean oiartzuarrekin borrokan.

 

      Oso ekimen politta eta lagun artekoa izan zen. Lehiak beste ezerk baino garrantzia txikiagoa zuen. Herri bakoitzeko taldeak beste herri bateko taldearekin kantatzen zuen. Tabernetan izaten ziren saioak batez ere, afalostean zenbaitetan, eta talde bakoitzak bertsolariak, gai jartzailea eta “epailea” jartzen zuen. Ez zegoen kantatu beharrekoaz araudirik. Oso saio informalak izaten ziren.

[Gorka Tolosa]

 

      Gure taldeak saio bat egin zuen Mallabirekin. Hernaniko Tripontzin egin zen eta saio umoretsua irten zen. Mallabiko kide batek hainbat bertsolari ezagun ere imitatu zituen...

[Gorka Tolosa]

 

      Azken urtean edo azken aurrekoan kantatu nuen, 16-17 urterekin. Hernanin pare bat saio egin genituen eta Zarautzen eta Lesakan. Asko ginen bertsotan hasi berriak eta oso gustura ibili nintzen, kanpora ateratzeko aukera ere bazen.

[Oier Iurramendi]

 

 

GR-16 bertso bideak 16 talde eta 51 saio
izango ditu aurten, apiriletik udazkenerarte

 

      Berrikuntza ugari dakartza abiatzear dagoen GR-16 bertso-bideak: ibilbidea luzatu, eta hamasei herritako bertsolari eta bertsozaleak bilduko ditu aurtengoan, eta apirilean hasi eta udazkenean bukatuko da. Plaza gutxi egiten dituzten bertsolariei aukera ematea eta herrietako bertso-eskoletara jende berria gerturatzea ditu helburu egitasmoak.

      Duela bost urte jarri zuten martxan proiektua Hernani, Oiartzun, Lasarte eta Orioko bertso-eskolek. Duela hiru urte Orereta gehitu zitzaion hasierako laukoteari; duela bi urte Zarautzek, Lesakak eta Mallabik GR-8ra zabaldu zuten proiektua, iaz lau talde berrirekin (Azpeitia, Goierri, Urretxu-Zumarraga eta Zumaia) GR-12 bertso-bidea osatu genuen, eta aurten, beste lau talde berrirekin, GR-16 bertso-bidea osatuko dugu; Gasteiz, Hendaia, Oñati eta Zestoa dira lau talde berri horiek. Beraz, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Lapurdin eta Nafarroan arituko gara norgehiagoka, lagun arteko zirikan, bertso-kantari.

      Kilometroa, ordea, ez da GR-16 proiektuaren handitasuna neurtzeko parametro egokiena. Udaberri-udazkena bitarteko egutegia osatzen ari dira dagoeneko hamasei herrietako bertso-eskolak. Apiriletik udazkenera bitartean, asteburuz asteburu eta herriz herri izango da txapelketako jaialdiren bat. (...) guztira 51 saio jokatuko dira.

      Saio guztietan, etxeko taldearen ardura izango da saioa antolatzea, eta hark aukeratuko ditu emanaldiaren formatua, lekua eta ordua. Tabernan egin ohi dira saio gehienak, baina bestelako formatuei ere irekia dago GR-16a, hots, librean egiten diren saioei, trama-itxurakoei...

[Bertsoa.com 2008-04-02]