—gaiak—
1993KO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA
Hernaniko bertso eskolako kideak txapelketan:
Finalean:
— Jokin Sorozabal
Azken laurdenetan:
— Joxe Luis Urdangarin
1993-11-07 Laudio
Joxe Luis Urdangarin, lehendakaria zaitugu; eta Xabier Zeberio, bere sukaldaria. Joan deneko 10 egun hauetan, sukaldariak, angulak jarri dizkizu bazkaltzeko, egunero.
J.L. Urdangarin:
Egunero hor nabil
bazkarian eske,
ta sukaldaria’re
hor dabil jo ta ke!
Egunero angulak,
hau posible ote?
Ta ekonomia gaizki
doala diote.
X. Zeberio:
Nik ez dizut jarritzen
otordu aldrebesa,
zu ondo mantentzea
da nere ametsa.
Egunero angulak
zenbat gazi-geza!
Zurekin asmatutzen
ez dago erreza.
J.L. Urdangarin:
Honek egin duena
hau da hau eztanda!
Azkenerako, tranpa
zirudina, ganga.
Bainan iritxia da
egiaren txanda:
“Gulak” ekartzen dizkit
angulak esanda.
X. Zeberio:
Iriki behar ditut
hiru-lau bat lata,
ia aldatutzen dan
zure tonto planta;
bestela jarriko’izut
lau porru patata,
egite’zunagatik
nahikua da ta.
J.L. Urdangarin:
Kritika botea dit
oso modu alaiz,
bainan horrelakoak
entzunak ditut maiz;
ni’re kolaboratzen
hasiko naiz garaiz:
mariskua janda’re
konformatuko naiz.
X. Zeberio:
Mariskoa jan eta
ardo ona edan;
kejatzen da angulak
jarrita plateran.
Pipar gorri-gorri bat
badaukat aukeran,
ia parlamentuan
mobitutzen zeran.
1993-12-19, Donostia
Puntua:
“Gerrikoa estutu”
entzuten da sarri.
Jokin Sorozabal:
Erantzun behar zaio
jende klase horri:
gerrikoa estutzeko
mezua ekarri,
eta berak nahi duten
neurrikoa jarri!
Jokin Sorozabal, eskultorea; eta Sebastian Lizaso berriz zabor biltzailea, zarete. Jokin eskultoreak egin du bere eskultura; herriko plazan jarri du denek goza dezaten. Sebastianek zaborren kamioira bota du.
Doinua: Iparragirre abila dela.
J. Sorozabal:
Nere lanaren berri nahi nion
herriari erakutsi;
oraindainoko marka guztiak
zabor biltzaileak hautsi.
Haundia zera, baina
lanean, alajaina,
bastante ardura gutxi;
nere eskultura ontzira eta
zakarrak lurrean utzi.
S. Lizaso:
Zuk diozunez, apurtu ditut
zeneduzkan esperantzak;
nere lanean ari nintzaden
eta sortu dira saltzak.
Nik egin dut neuria,
eta hau komeria!
Kulturak ditu akatsak,
zenbaitentzako artea dena
zaborra baita neretzat.
J. Sorozabal:
Honek kultura ez du estimatzen,
behintzat hala ematen du;
hori beretzat zaborra dala
lotsik gabe esaten du.
Nere lagun Lizaso,
ezetz lurretik jaso
edo ezetz lurretik kendu,
coca-cola lata balitz gisan
makurtu behar bazendu.
S. Lizaso:
Makurtzeari utzi genion,
tresna batek egiten du;
nik deskuido bat izango nuen
eta bera nabarmendu.
Bidearen erdian
ta erdi pikardian
traban zegon eta kendu;
errespetatu egingo nuen
firmatu izan bazendu.
J. Sorozabal:
Hori bezela, beste hainbeste
harri baditut guztira,
herrian zehar jarritakoak
jendearen ikusmira.
Harek nere izena
ta lehen abizena
hantxe jarri omen dira,
baina begiratu’re egin gabe
bota zenuen ontzira.
S. Lizaso:
Ez ikaratu, harriz beteta
dago herriko kantera;
eta nahi dezun harri klasetik
han badaukazu aukera.
Puskatu dut lehengoa,
emanikan gogoa,
ezin konpondu atzera,
eta beste bat berdina egin
artista baldin bazera.