Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

IKER ALUSTIZA LASA

 

1974an Donostiako Antiguan jaioa

 

 

      Bidaniko aitona zalea zen, eta zaletasuna hortik datorkidala sentitzen dut. Gure aitak eta osabak garai batean bertsolariak kontratatu izan zituzten osabaren etxe azpiko txokoan jarduteko. Aitak askotan kontatzen du kotxe gutxi zirenean Manuel Lasarte ekarri eta etxera eraman zuenekoa eta Uztapide ere behin baino gehiagotan eraman zuela...

 

 

SANTO TOMAS LIZEOAN

 

      Donostiako Santo Tomas Lizeoan bertso doinu eta kantu zahar asko ikasi genituen eta zaletu egin nintzen. Gogoan dauzkat eskolara etorritako bertsolariak: Anatx eta Xabier Eguzkitze. Eta Xabier Amurizari elkarrizketa egin genion. Atentzioa piztu zidaten, eta horrek ere bere alea utzi zuen. Joxe Mari Aranalde neukan irakasle, eta bertsoak erabiltzen nituen nota hobeak lortzeko.

      Santo Tomas Lizeoan Eguzkitzek ematen zuen bertsolaritza, eta berarekin aritu nintzen lizeoko azken urtean.

 

 

TOLOSATIK HERNANIRA

 

      Hitzetik Hortzera hasi zenean, bertan ikusi nuen Tolosako bertso eskolan ikastaro bat zegoela. 17-18 urte nituen, eta hartu eta deitu egin nuen. Autobusean joaten nintzen Tolosara, eta han non topo egin nuen Ibai Esoain, Xabier Sukia, Jexux Mari Irazu...

      Tolosan egin nituen nire lehenengo pausoak Mikel Mendizabal, Jokin Sorozabal eta Andoni Egañarekin.

      Irazuk esan zidan “eta nolatan Antiguatik Tolosaraino? Gu Hernanin elkartzen gara, nahi izanez gero joan eta probatu”. Hala egin nuen, nire beldurrarekin. Gustuko nuen baina bertsotan egiten ez nekien.

 

 

HERNANIKO BERTSO ESKOLA

 

      Lehenengo egunean ez nekien zertara nindoan, zer eskatuko zidaten... Hara iritsi eta lagun talde bat topatu nuen: “hasi egingo gara bertsotan!” eta halaxe egiten genuen. Lehen asteetan joaterako “zer kantatuko dut nik?” kezka hori izaten nuen, eta bertsoren bat goitik behera pentsatuta eramaten nuen, nahikoa kostata. Baina ikusten nuen ez zela etsamina, inork ez zuela negatiboki baloratzen egiten zena, animoa besterik ez zen ematen eta laguntasuna bultzatzen zen batik bat. Geneukan giroak engantxatu ninduen, agian bertsoak baino gehiago.

 

 

PISZINARA SALTO

 

      Gutxika beldurra galdu nuen. Gerora kontziente egin naiz zer hanka sartze egiten nituen, zer ostiko ematen nizkion euskarari... baina asko balio izan zidan ikasteko, hiztegia aberasteko, erregistroak... konturatzen nintzen kapitaleko umea nintzela, ezberdintasun hori nabaritzen nuen. Baina piszinara salto egiten nuen. Edozein lekutan kantatzen ausartzen nintzen, hanka-sartze latzak egiten nituen arren. Nik egoera horietan salto egin dut, eta asko ikasi dut.

 

 

PLAZARATZEA

 

      Nire lehenengo plaza Eskolarteko Txapelketa izan zen. 18 urterekin, parte hartu nezakeen azken urtean. Azpeitiko kiroldegian kantatu nuen. Gerora pentsatzen dut “aurpegia behar zen han jartzeko, neukan bertso mailarekin!”. Irakaspen handiak jaso nituen, beraz, pozik nago.

      Hernaniko bertso kuadrillan aipatzen zen “aizue, hemengo festetarako esan dute bi joateko eta zeinek nahi du?”. Noizbehinka baietz esaten hasi nintzen, eta horrela egin nituen plaza batzuk, auzotako festetan bertso pare bat kantatuz...

      Aitor Mendiluze, Joxe Luis Urdangarin, Jexux Mari Irazu edo Unai Agirrerekin joanez gero beti bestelako babes bat izaten zen. Banekien bertsotan nik baino gehiago egiten zutela eta “zergatik ez naiz joango? bidelagun onak ditut” sentitzen nuen.

 

 

GARAPENA

 

      Hasieran gauza asko kontrolatu behar dira (zer kantatuko dut eta nola eta nondik ekarriko ditut errimak...) baina gero barneratzen dituzunean atera egiten dira. Heltzen joan ahala, beste patxada bat hartu dut jendaurrean hitz egiteko, plazan egoten ikasi dut, espektatibak ere garbiago nituen... ez naiz oso exigentea izan nire buruarekin.

 

 

PUNTAKOEKIN

 

      Azken hiru-lau urtetan Sahararen aldeko saioetan Andoainen punta puntako bertsolariekin kantatu dut: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Anjel Mari Peñagarikano... hori erronka handia da.

      Donostiako Aste Nagusian bertso saioak berreskuratu zituzten eta donostiarra izanik haietan ere kantatu dut.

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

1995

Lehen fasea

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2003

Lehen fasea

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2007

Lehen fasea

Gipuzkoako Herri Arteko
Txapelketa

1999

Parte hartzaile
(Hernani-Ereñozu taldean)

 

      Bertso kuadrillak animatuta ematen nuen izena txapelketetan eta plaza bat gehiago egiteko aukera moduan hartzen nituen. Ez nuen sufritzen puntutan neurtzen zen emaitzarekin edo aurrera joatearekin. Prestatu naizenarekin lortu dudana bat dator, orekatuta dago. Konplitzera joaten nintzen, helburua nire buruarekin gustura geratzea izaten zen. Baina kontraesana hor zegoen, ez nuen behar bezala prestatzen, parte hartu dudan txapelketa denetan hilabete lehenago hasi naiz prestatzen. Gezurra esango nuke txapelketarako errimak idazten bi aldiz jarri naizela esango banu. Hori hasieran ongi egon daiteke, baina gero gehiago eman behar da.

 

2007an Gipuzkoako Txapelketan.

 

 

BERTSO IRAKASLE

 

      Garai batean bost bertso eskola eraman nituen aldi berean, eta horri esker segi nuen bertsotan.

      Donostia inguruan bertso girorik ez nuen ezagutzen, eta giro hori ni bizi nintzen ingurura eraman nahi nuen. Inoren laguntzarik gabe proiektu txiki bat egin nuen eta proposamena idatzi nion Jakintza ikastolako Guraso Elkarteari. Begi onez hartu zuten eta hasi egin nintzen. Tolosan jasotako fitxa batzuk medio eta Mikel Mendizabalek emandako liburuxka batzuetatik, horrela hasi nintzen, nekienetik. Hurrengo urterako bi talde atera ziren hor.

      Lizeo Santo Tomasen Eguzkitzek ematen zuen bertso eskola, eta berak utzi egin zuen eta neronek hartu nuen testigua. Han ere beste bi talde izan nituen.

      Antiguan, Bertsozale Elkartea zegoen lekuan, La Sirena etxearen azpian, helduen bertso eskola bat zegoen, Estitxu Arozenarekin biltzen zena. Estitxuk utzi zuen eta ni hasi nintzen.

      Langintza horretan oso gustura sentitu naiz. Horrek mantendu dit burua bertsotan. Pentsatzen nuen “zuretzako bertsoari ez diozu denborarik eskaintzen, baina besteekin bai”.

      Poza hartu nuen Eskolarteko Txapelketetara Antiguako hainbat seme-alaba joan zirelako, eta sekula pentsatuko ez nukeen jendea bertsotan ikusi nuelako... Eskolarteko finalera ere iritsi ziren batzuk, eta ez diot lorpenari hainbesteko garrantzirik ematen, baina ibilbideari bai: nondik hasi ziren ikusita, nire burua islatuta ikusten nuen, ez zutelako bertso girorik bizi izan, eta nik izan nituen zailtasun eta beldurrak zituzten... eta txapelketan kantatzeko gai izan ziren, eta gerora helduagotan euren artean gauzatxoak antolatu zituzten... “hemen zerbait sortu da” pentsatu nuen. Horrek asko pozten nau, neronek bertsotan egin dudanak baino askoz gehiago.

 

 

2001eko Euskal Herriko Txapelketarako
Gipuzkoako Sailkapena (martxoaren 16a Andoain)

 

      Gertakari beraren aurrean sentipen desberdinak dituzue. Zuen herriko prostituzio etxea erre da. Eta horren aurrean Jon Garmendia “Txuria” poztu egin da, Iker Alustiza, berriz, atsekabetu.

 

        J. Garmendia:

Ez zitzaidan gustatzen

lokalan tankera,

eta gaur poztutzeko

izan det aukera.

Nere poza baitoa

barruko aldera,

bertan lanean zeuden

neskatxen artera.

Haiek’e poztu dira

nerekin batera.

 

        I. Alustiza:

Putetxeak bazuen

herri hontan sona

urrutitik lanera

etorriak hona.

Pasatu zaien hori

gero ez da broma!

Zu ezin zera izan

ez pertsona ona,

besteen gaitzarekin

pozten dan gizona.

 

        J. Garmendia:

Bertan lanean zeuden

hainbat neska lerden

ta zurekin ez zeuden

inola ondoen.

Esango dizut berriz,

ni poztu ondoren

lasai esplikatzeko

zer gertatzen hemen:

batzuk sufritu batzuk

goza dezazuen.

 

        I. Alustiza:

Probatu gabe pasa

ditut hainbat urte,

eta probatu gabe

jarraitu nahi nuke.

Agian ez daukate

nahi aina bertute,

baina hortik kanpora

nahi dutela uste,

aukeratzeko aukera

eduki balute.

 

        J. Garmendia:

Sexuan dute batzuk

bere bizioa,

beren nahikundea ta

baita afizioa;

neska gazte tristeek

bere ofizioa,

aizu ez daukat orain

zure desioa.

Aukera al da bada

inposizioa?

 

        I. Alustiza:

Dirua ematen diote

lehendik daukanari,

lortzeko teilatu bat

ta hainbat janari,

baina gero alperrik

hainbeste opari.

Pozik bizi ez direla

nik diet nabari

kalte ez dute egiten

ta poztu ugari.