Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

IBON MINER SANTAKRUZ

 

1974an Ereñozun jaioa

 

 

      Aitona eta ama zaleak dira, Hitzetik Hortzeraren garaiak gu ume ginela harrapatu gintuen eta igandetan sakratua zen hori aditzea...

      Ikasitako aurreneko bertsoak, Anastasio zenak, gure bizilagun batek erakutsita nekizkien: “haiziak bidali du”... Anastasio aranoarra zen, Oskar bere bilobarekin harengana joaten nintzen eta hark askotan bertsoak kantatzen zizkigun.

 

 

EREÑOZUKO ESKOLAN

 

      Berak ezetz esaten du, baina nik uste Juanjo Uria etorri zela lehenengo, hitzaldiren bat ematera edo, eta gero hasi zen Joxe Mari Mujika “Anatx” Ereñozuko eskolan bertsolaritza erakusten. 12 bat urte genituen, 6.-7. mailan genbiltzan. Puntuka jartzen gintuen, ariketak eginarazten zizkigun... Bertso sail bat idatzi eta beste eskoletara joaten ginen haiek kantatzera.

 

 

KUADRILLAN

 

      Anatxekin ikasi, eta hurrena kuadrillan parrandan hasi ginen bertsotan.

      Parrandetan ohitura handia genuen gure kuadrillan bertsotan aritzekoa. Ni isilenetakoa nintzen, errazkerian botatzea ez zitzaidan gustatzen eta gehiago kostatzen zitzaidan.

      Kuadrillan denak aritzen ginen, gehiago edo gutxiago. Mikel Iturbe, Jon Beasain, Jon Ansa...

      Eta Aritz Zerain lehengusuarekin asko aritzen nintzen. Futbolera jokatzera joaten ginen eta bueltakoan “bertso bidea” deitzen geniona hartzen genuen propio, sagardotegitako bidetik; kotxez mantso-mantso etortzen ginen, elkarrekin bertsotan aritzeagatik.

      Institutuan ere bai, atzerago jarri eta bertsoak idazten genizkion elkarri... Batez ere Aritzekin zaletu naiz.

 

 

HERNANIRAKO PAUSOA

 

      Aritzen bidez etorri zen. Aritzi kasu egin zioten Hernaniko Tabernetako Txapelketan kantatzeko eta irabazi egin zuen. Eta Hernaniko bertso eskolatik hasi ziren Aritz animatzen, hara joateko. Horren aurretik bazkari bat egin genuen auzoan, bertso eskolako dezenterekin ere gure kuadrillakoekin. Mikel Iturbe hasi zen gaia jartzen eta kantatu arazi egin zidan, gogoratzen naiz Jon Iraolarekin aritu nintzela. Hernaniko bertso eskolara joateko eta joateko esan zidaten, eta Aritzek ere animatuta, horrela hasi nintzen.

      Gaimur bazterreko lokal hartara joan nintzen. Bakarne Urreagarekin kantatu nuen aurreneko, gaia jarri zidaten... eta handik aurrera astero joaten hasi nintzen. Ibilian-ibilian errazago egiten duzu bertsotan, gainera ikusita Aitor Mendiluze edo Jexux Mari Irazuk, hasieran errespetua ematen dutenak, zein eskuzabal hartzen zaituzten, konfiantza hartu eta lasaitu egiten zara, eta gustura joan. Bertso eskolako kuadrillan sartu eta zaletu egin nintzen.

 

 

TXAPELKETAK

 

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2003

Lehen fasea

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2007

Lehen fasea

Gipuzkoako Herri Arteko
Txapelketa

1999

Parte hartzaile
(Hernani-Ereñozu taldea)

 

      1999ko bat-bateko lehen saioa Herriartekoa izan zen.

      Bakarka animatuko ez nintzena, taldean parte hartzera animatu ninduten. Ereñozuko taldean nintzen, eta Ereñozun saioa izango zenez, kantatzea tokatzen zitzaidan. Ia egunero bildu ginen bertsotarako, sekulako esperientzia izan zen niretzat. Asko lagundu zidan erraztasuna hartzen, eta oso oroimen ona daukat: taldean bildu, elkar animatu, txapelketako emozio eta kantatu behar horrekin beldurraz gain erronka sentitu... bertsotan jendaurrean kantatzea gauza handia zen eta gainera sozidadean, etxe aurrean egitea... inoiz ez nuen kantatu etxekoen aurrean, eta lagunen artean ere serio eta gaiekin ez... oso tentsio polita izan zen.

      Nik parte hartu dudan txapelketetan lehen fasean kanporatu izan naiz baina gustura geratu naiz egindakoarekin. Momentuan amorrazioa ematen dizu, baina sentsazio onarekin gogoratzen ditut, asko aportatzen du txapelketak.

      2007ko Gipuzkoako Txapelketan, semea jaiotzear zen eta burua giro horretatik kanpo neukan. Txapelketa hartan izena eman ez banu, bertsotarako biltzeari uzteko arriskua neukan. Horregatik eman nuen izena eta behar bezala prestatu gabe atera nintzen eta gero hori nabaritu egiten da. Txapelketak beste errespetu bat behar du, buruak eman lezakeena ematen saiatu behar da behintzat, ez erdizka joan.

 

 

PLAZAN

 

      Ereñozuko festetan aukera eman izan didate baina ez naiz kantatzera ausartu, izen potoloen ondoan... arantza hori badaukat baina errespetu handia ematen dit plaza honek. Ugaldetxoko festetan kantatu dut, Portuko festetan, Hernanin, Ur-Mia elkartean...

 

2004ko Bertso-Latako jaialdian.

 

 

2001eko Euskal Herriko Txapelketarako
Gipuzkoako Sailkapena (martxoaren 23a Pasaia)

 

      Kartzelako gaia: Zahar-etxe bateko langilea zara. Egunean zehar, hainbat aitona-amona ikusten dituzu egoera desberdinetan. Oharkabean, zeure zahartzaroa imajinatzen hasi zara.

 

Bi makulu edo sila batean

zahar hauek ikustean,

“Hi ere zahartzen ari haiz motel”

pentsatu det bapatean.

Nik ez nuke ez hola zahartu nahi

pentsatu ohi det kaltean,

zahartzaroa prestatuko det

orain tartean-tartean,

andre gazte bat lagun hartuta

Kubako irla batean.

 

Egun guztian zainduko nauen

prestatzaile fisikoa,

ondo jan eta ondo edanez

eman bizitza bapoa.

Poltsikoa ere betea daukat

hori izan leike kakoa,

egoistatzat ez dut burua

ez dut izan nahi gaiztoa;

ehun bat urtetan bizitzeakin

izan dezaket nahikoa.

 

Zortzi orduak beteak dittut

eguneroko antzera,

orain banoa aiton gaixoei

oheraino laguntzera.

Kubako dena ez zen egia,

onartutzen det, bai zera!

Belarrik makur, triste antzean

joan beharko det etxera

esnaturikan egina dudan

ametsetik esnatzera.

 

 

      Zuk, Ibon Miner, gaur jantzi dituzu eskiak lehenengo aldiz. Itzala bezala beti hor izan duzu Amaia Agirre, zure monitorea. Egun osoan lurretik ezin altxa ibili zara.

 

        I. Miner:

Makilak hartu eta

joan eskiatzera,

ta zu ibili zera

itzalan antzera.

Gutxi zutitu eta

gehienean behera,

zuk izan behar zendun

nere enfermera.

 

        A. Agirre:

Enfermera kontuak

ahaztu itzazu,

zure itzal leiala

bihurtu naiz, aizu.

Lurretik altxatzeko

ere zenbat pisu!

Lehenengo erantzun:

oinez ba al dakizu?

 

        I. Miner:

Diote monitora

onena zerana,

ez dezu alperrikan

hainbesteko fama.

Gaur lurretik altxatzen

ia egun dana;

gutxitan egin dezu

hainbesteko lana.

 

        A. Agirre:

Zuri lagunduz nabil

hain era eztian,

hoztu egingo zera

horren lur bustian.

Lurrean zabiltzanez

denbora guztian,

hartzazu plastiko bat

ipurdi azpian.

 

        I. Miner:

Zertako plastikua

zertako papera?

aprobetxatu nahi dut

hartako aukera.

Bapo jostatuko naiz

hartzen det tankera

telesilian ibiliz

gora eta behera.

 

        A. Agirre:

Bi hanketan lehenengo,

lau hanketan gero,

halare ikasi nahian

zabiltz bero-bero.

Telesillana ona

denik ez espero

kola sortuko dezu

erori ezkero.