Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

 

      Txapelketa ondoren bisitak egiten ziren, bertsolari zahar batengana. Aurrenekoa Uztapiderengana egin genuen. Bigarrena Balentin Enbeitarengana. Mattinengana ere joan ginen.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Lehen bertso eskoletako ikasleak Manuel Uztapide bertsolariarekin, 1983ko maiatzaren 14an.

      Bi hilabetera hil zen maisu zaharra, ekainaren 8an. Ikasleen artean: Jon Eizmendi, Felix Iñurrategi, Jon eta Aitor Sarasua, Joxe Mari Mujika “Anatx”, Xabier Euzkitze, Arantzazu Loidi, Iñaki Izarzelaia eta Danel Goikolea.

      Txirritarekin kantatu zuen Uztapidek, ondoren Basarrirekin, eta bertso eskolak ere ezagutu zituen. Garaian garaiko ikuspegira egokitzen jakin zuen.

 

      Patxi Goikolea eta ziren Eskolarteko I. Txapelketa aurrera eraman zutenak, eta Arrasateko Almen eskolatik banda oso bat etorri zen. Pixka bat girotzeko, bertsotan jardun ziren Sarasua hiru anai, Izarzelaia... tapa-tapa bertsotan, bata besteari puntu jarri eta erantzuten...! Hura ikaragarria zen! Almenetik etorritakoek bakarrik egiten zuten kopla osatu, edo puntuari erantzun... beste inork ez eta pila izango ginen Gipuzkoatik. Haiek jada uste dut zazpi-zortzi urte zeramazkitela bertso eskolan, Xanti Iparragirre eta Patxi Goikolearekin. Horiek aurretik lana eginda zeukaten.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Bere papera bete du Eskolartekoak. Nik rekuerdo ona daukat. Guretzat kurtso bukaerako etsamina zen. Bat-batean hasi ginenean gure burua gehiago estutzen lagundu zigun, eta hobetzen, zabarkeriatik ihesi, denoi gustatzen zitzaigun ahalik paperik txukunena egitea jendaurrera igo behar genuenean. Pizgarria zen. Hor galdu nion beldurra jende aurrean kantatzeari, konturatu nintzelako beste askok nik baino okerrago pasatzen zutela. Hor sartu zitzaidan harra, eta hor dabilkit oraindik bueltaka!

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Bertso idatziak egitera sailean joaten ginen ikastolatik denok.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Eskolarteko lehenengo saioa Beasainen egin nuen, eta nire ondoan eserita zegoena agurrean trabatu egin zen, ez zen kapaz izan bertsoa bukatzeko, eta saio osoan eserita egon zen. Mutil horrek ez zion bueltarik eman eta badakit ez zela gehiago atera jende aurrera. Jendea ondo prestatzera eta pentsatzera behartzen zuen txapelketak.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Txapelketa guztiak bezala, gauzak ondo ateraz gero eta gustura geratuz gero, motibatzekoa zen. Badakit jende asko lehenengo txapelketan desmotibatu zela. 12-13 urterekin txapelketarekiko harreman hori askotan gogorra izan da. Gogoan dut bat nola jarri zen lehen aldiz mikrofono aurrean, 10 minutu pasa, lehenengo bertsoa bota eta gehiago ez zuela parte hartu txapelketan. Lehenengoa ongi atera zitzaigunoi, noski, akuilu bezala lagundu zigun.

[Iñaki Zelaia]

 

      Frontoi handi batean jende pila bat, eta denak begira, irakasleak eta gurasoak begira... Parte hartzen zuten ikastola guztiek bidaltzen zuten autobuskada. Jende asko erakartzen zuen Eskolartekoak eta bertso munduan bere lekua egin zuen.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Eskolarteko txapelketetaz oso oroitzapen ona geratzen zait, motibazio gisara balio izan ziguten. Gu bakarrik 14-15 urterekin entrenatzeko bildu, giltza hartu, lokal batean sartu eta benga egurra bertsotan aspertu arte. Bestetik hipodromoko festa haietan ere primeran pasatzen genuen: Carmelo Balda frontoian kantatu ondoren, pixka bat antolatzen lagundu eta ordainetan helduekin Dana Onara eramaten gintuzten bazkaltzera. Anatx, Oiartzabal, Sorozabal, Pablo Joxe Aristorena eta abarrekin otordu politak egin genituen.

[Iñaki Zelaia]

 

      Gu bosgarren-seigarren Eskolartekoan atera ginen, eta bertsolari kopurua ere ez zen hainbestekoa, hiru kanporaketa eta finala jokatzen ziren. 20 bat parte-hartzaile izango ginen.

[Iñaki Zelaia]

 

      Gu bertsotan aritzen ginen aritze aldera, umeak ginen, puntutan eta jiji-jaja egiten genuen... Baina Mikel Mendizabal etorri zen behin eta Zelaia sagardotegira joan ginen bertso eskolakoak, 10 edo 11 urterekin. Guretzako sekulakoa zen hara joatea... Mendizabalek ariketa batzuk ekarri zituen, hutsuneak betetzekoak eta ariketa xinple batzuk. Kupel artean ariketa denak egin genituen. Kuadrilla dezentea ginen orduan. Bukatutakoan Mendizabalek Juanjo Uriari esan zion Aitor Mendiluzek, Gorka Tolosak eta nik bat-batean atera egin behar genuela Eskolartekoan. Eta guk ezetz, “baina nola! ez dakigu eta bertsotan!”

      Nolabait konbentzitu gintuzten. Gure gurasoekin ere hitz egin zuten, eta haiek ere ez zeukaten oso garbi, 11 urterekin ume bat han ateratzea, mikrofono baten aurrera bat-batera... Nik uste gurasoei ere bertigo pixka bat eman ziela, baina ni orduan potroso xamarra nintzen eta ez zuten kontra handirik egin. Mendiluzerenean berdin, eta Toloxarenean berdin. Eta esprinta jo genuen, bi hilabetean: ostiraletan ikastolan biltzen ginen, baina horrez gain Juanjo Uriaren garajean ere bai. Hernanira etorri gara, Sandiusterrin saioa egin dugu... orduan on xamar batzuk baziren Eskolartekoan, baina ez zitzaien ongi atera, eta batere uste gabe finalean sartu ginen. “Zer egiten dugu final batean ez dakigu-ta bertsotan!”. Segi genuen preparatzen esprint horretan, eta Balda betean atera ginen final hartan. Toloxa ere sailkatu zen, Mendiluze ez dakit, eta Zelaia eta ere han ziren.

[Unai Agirre]

 

      Gorka Tolosa eta Unai Agirre, bertso eskolan urtebete zeramakitenak, txapelketara presentatu, biak finalera sartu eta Unaik irabazi egin zuen. Gogoratzen naiz osaba nola zegoen emozionatuta txapelketa hartan, Juanjo bera, Anatx... Hernanira etorri eta ikastolan harrera egin zitzaien: ume pila bat juntatu zen, berriz ere txapelketako bertsoa kantatu zuten eta giro handia sortu zen.

[Eñaut Agirre]

 

      Txapelketa inguratu heinean, agurra pixka bat entseatzen genuen, Juanjoren garajean ere bildu izan ginen, eta harrapatzen genuen tarte denetan bertsotan egiten saiatzen ginen.

[Aitor Mendiluze]

 

      Abildadea hartu genuen bertsoa egiteko. Orduan ere maila bazen baina gutxi batzuek zuten, ez zegoen jende asko bertsoa osatzen zuenik. Maialen Lujanbio zen atzetik zetorrena, eta gure inguruan zeuden ondo xamar egiten zuten bertsolariak. Nik erraz egiten nuen, seguru eta horregatik irabazten nuen. Ez zuen garrantzirik, momentuan eta norberak ematen die garrantzia txapelei.

[Unai Agirre]

 

      Seguru asko gure aurretik kantatu zutenek are intentsuago biziko zuten, ze jende guztia zegoen zain ume horiek bertsotan nola egiten zuten ikusteko. Guk ere haren hondar bat bizi izan genuen, entzule asko biltzen zen. Bertsolariak joaten ziren entzutera! Familia guztia han izaten zen.

[Unai Agirre]

 

      Txapelketa zenaren kontzientzia handirik gabe joaten nintzen Eskolartekora.

[Gorka Tolosa]

 

      (Lehen) Final hartaz ez naiz asko gogoratzen, bertsoren batean geratu egin nintzela. Luze egiten den isiltasun horietako bat, ezin bukatu bertsoa...

      Hurrengo urtean taldeka egin zen, eta gu atera ginen Urumea ikastolako Anjel Telleria, Iñaki Lete eta ni eta Langile ikastolako Gorka Tolosa. Taldea Jon Eizmendiren gidaritzapean egin genuen. Hor txapeldun atera ginen, taldeka. Hori izan zen txikitako azken urtea.

[Maialen Lujanbio]

 

      Eskolartekoen oroitzapen oso ona dut, hunkigarria. Baina batez ere testuinguruarena, ez hainbeste saioena. Guk genuen mundua eta beste bertsolarien pertzepzioa eta miresmena, eta autobuska bete nola joaten ginen Baldara, eta nola egoten zen pankartaz betea, eta egurrezko aulkiak, eta jende artean jaistea behera, sariaren bila joate hori... Egun eta giro berezi bat zen. Gure idolotxoak genituen, liluratzen gintuzten bertsolariak... pikeak ere bazeuden... hor zegoen Unai Agirre dena irabazten zuena eta gure idoloetako bat zena, eta nire beste idolo bat Jon Maia zen... haiek aditzea ederra zen. Eta ikastolako jendearekin, eta beste herrietako ikastoletako jendearekin lehenengo aldiz topo egiten genuen...

[Maialen Lujanbio]

 

 

90EKO HAMARKADA

 

      Denak Joxe Luis Urdangarinen kotxean joaten ginen, Renault6 berde hartan. Edo Anatxen kotxean bestela. Egun politak izaten ziren, egun-pasa joaten ginen.

[Eñaut Agirre]

 

      Entzule gazteak izaten dira, baina zu ere adin berekoa zara: bertsolari bat entzuleari ari da han ere. Bere errespetua du beti, eta jarri egiten zara jendaurrera. Eskolarteko Txapelketan aurrerago edo atzerago egin, ez genion inportantzia handirik ematen.

[Xabier Legarreta]

 

      Guri boom handi hura tokatu zitzaigun: Eskolartekoa 20 parte-hartzailetik 200 lagunekoa izatera pasa zen. Horrelako festa batean parte-hartu eta aurrean ibili nahi izatea gehiegi zen, behar bada. Saioa bukatutakoan festa handi bat izaten zen.

[Iker Osa]

 

      Ez zaio beste munduko garrantzirik eman behar. Orain begiratu eta iruditzen zait umetan serioegi hartzen genuela. Eta azkenean lau bertsotatik batean huts egin eta kalera joaten ginen normalean. Bertso eskolen lana da ikasleei jakinaraztea Eskolartekoari ez zaiola behar baino garrantzia handiagoa eman behar. Eta bertsolaritza bere osotasunean erakutsi behar da.

      Aurretik bi-hiru hilabete oso-oso estu pasatzen genituen. Baina horrek eman zigun ilusioa gure arteko bilerak aurrera eramateko eta zaletasun horrekin segitzeko. Hortik sortu ditugu lagun kuadrilla pila bat eta giro ederra... damurik batere ez dut eta oroitzapen politak dauzkat.

[Iker Osa]

 

      Eskolartekoaren presioarekin hasten ginen bertso eskolan espabilatzen. Tentsio hori sartzen zigun, etsaminetan bezala, azkeneko momentuan lantzen genuen.

[Itziar Eizagirre]

 

      Ikastolarekin entzutera joaten ginen: idatzizkoan parte hartzen genuen eta gurekin bertso eskolan zebiltzan helduak bat-batean eta nola kantatzen zuten entzutera joaten ginen. Guretzako festa zen, autobusean joan, idatzizkoari kristoren inportantzia ematen genion, eta bat-bateko saio horretan flipatu egiten genuen. Idatzizkoa beti Aitor Sarriegik irabazten zuen, eta gu haren lanekin harrituta geratzen ginen..

      Baina gero han kantatzea probatu genuen, eta ez daukat hain oroimen idilikorik, alderantziz: nik han sufritu egiten nuen, jende aurrean. Gerora irakaspen modura hartzen duzu, estropezu egin eta gero zutitu egiten zinen. Hori zen nire alde positibo bakarretakoa Eskolartekoan. Bizirik ateratzen nintzela.

[Itziar Eizagirre]

 

      Hernaniko palmaresari ez diogu asko aportatu.

      Beti ateratzen ginen taldean apaolaxatarrak (Iker, Urko eta Iratxe), Karmele eta bi ahizpok (Ixiar eta Estitxu Eizagirre), eta beti egoten zen edo agurra ahaztu, doinua nahastu, bestea bukatu ezin... oso gaizki pasatzen genuen bezpera, eguna bera, eta hurrengo eguna. Saiotik bueltan Karmele, Ixiar eta hirurok uzteko zorian izaten ginen.

      Baina gero altxa egiten zinen, eta hurrengo urtean joaten zinen esanez “ba, lehengo urtean baino okerrago ez dugu egingo!”. Momentu horretan hartzen dituzun zaplakoak gogoan geratzen dira. Eta gero altxa egin bazara, horrek bizitza osorako balio dizu.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Zirku erromatarra zen niretzako hura. Ze buila!

[Estitxu Eizagirre]

 

      Eskolartekoaren aurretik egiten ziren afariak ederrak izaten ziren. Hor egin genituen lehen harremanak gure belaunaldiko bertsolariekin. Zarautzera joan eta Iñigo Mantzizidor «Mantxi»rekin, Imanol Epelde, Julen Zulaika eta hauekin kristoren festa egin genuen, hurrengo batean Oiartzunen oiartzuarrekin tokatu ginen... afari horiek ziren beste bertso eskolekin bilduz egin genituen lehenengotakoak eta sekulako giroa egoten zen.

[Estitxu Eizagirre]

 

 

2000KO HAMARKADA

 

2002an Txapela buruan.

 

      Eskolartekora irakasle bezala joaten zarenean beste perspektiba batetik ikusten duzu, eta alde ona eta txarra ikusten diozu. Ume bakoitzak diferente bizi du eta sorpresak hartzen dituzu: ume batzuei lehia gustatzen zaie eta pentsatzen duzu “funtzionatzen badio ba segi dezala”. Gogoratzen dut Andrea nola aritzen zen tabladuan lasai eta bere buruarekiko sekulako segurtasunarekin. Ni marabilatuta geratzen nintzen.

[Itziar Eizagirre]

 

      Gu irakasle izan garenean ume guztiak eraman ditugu Eskolartekora. Batzuetan esaten duzu, “zer ari gara, guk gaizki pasa eta gauza bera errepikatzen?!”.

[Itziar Eizagirre]

 

      Altsasun Euskal Herriko Eskolarteko finala epaitzen aritu nintzen. Eta zer berezia izan zen txikien saioan zuberotarrak kantuan entzutea. Zoragarria, ahaztu egiten zitzaidan puntuatu behar nuenik ere. Ulertzeko ere batzuetan lanak nituen. Baina gozatu egin nuen hango hizkuntza aberastasunarekin.

[Bakarne Urreaga]

 

      Txapelketa beti da motibazio iturri. Irakasleak ikusten duenean bertsoa botatzen duzula eta manejatzen zarela, txapelketara bultzatzen zaitu. Hasieran beldurra ematen dizu, baina gero atera eta ikusten duzu bertsoa osatzen duzula, eta nik behintzat esperientzia politak pasatu ditut. Bertso eskolan dabilen ume bat mikrofono aurrean kantari hasteko, horrelako zerbait egon behar du.

[Asier Azpiroz]

 

      Jendaurreko lehen esperientzia Eskolartekoa da. Txapelketa formatua duela? Bai, baina adin horretan aukera horixe bakarrik daukazu.

[Oier iurramendi]

 

      Guretzat Eskolartekoa Txapelketa Nagusia zen! 1997an eta 2001ean helduen Txapelketak ikustera joaten ginen, eta zeinek irabazten zuen eta nola aritzen ziren ikusten genuen, baina guretzako gurea inportanteagoa zen beti.

      Ume batentzako krudelkeria handi xamarra da bertsoa txapelketarekin lotzea. Erretzeko arriskua dago. Txapelketari garrantzia handia ematen badiozu eta kale eginez gero, aukera handiak daude bertsoa uzteko, zure ibilbide guztia horretara lotu duzulako.

[Beñat Gaztelumendi]

 

      Txikien mailatik handitara pasatzen zara eta “bertso bat? hori aurten erraz botako nuke...” sentitzen duzu, baina aurreko urtean ez zenuen erraz botatzen. Handien mailan ibili, eta hurrengo urtean besteak ikustera joaten zara eta “joe, bost bertsogatik apuratzen ginen, e!” pentsatzen duzu. Gero konturatzen gara behar baino beldur gehiago pasa dugula.

[Arnaitz Lasarte]

 

      Hori da adin horretan dagoena, kristoren inportantzia ematen diozu, urte osoko lana hor erakutsiko bazenu bezala. Eskolartekoa bukatu, joaten zara hurrengo urtean finala ikustera eta esaten duzu “hau al zen?”

[Unai Gaztelumendi]

 

      Guretzat ona izan da finalean kantatzeko aukera izan dugulako.

[Arnaitz Lasarte]

 

      Eskolartekoan lagun giro baten falta sentitu nuen. Pena daukat Eskolartekoa jolas bezala gehiago hartu ez izana. Hernanitik beti bideratu gaituzte jolas bezala hartzera, baina horra igotzen zara eta hainbeste aurpegi ikusten dituzu zuri begira, kazetariak aurrean... jolas hori nahiko serio bihurtzen da. Eskolartekoa bukatutakoan zurekin kantatu duten horiekin harremana egiten duzu, eta zure lagun bihurtzen dira. Baina pena daukat Eskolartekoan eurekin pasatako denbora ez aprobetxatu izana.

[Beñat Gaztelumendi]

 

      (Beñat anaia eta biok) Nola txiki txikiak ginen eta bertsotan isildu gabe egiten genuen, plaza batzuk egiten genituen, eta jendea zain zegoen. Bertso eskolatik inolako presiorik gabe joaten ginen, baina ataskatzeari sekulako beldurra nion. Txikitan behintzat Eskolarteko eguna gogorra izaten zen, finalera pasa nahi, derrigor.

 

Gaztelumendi anaiak
2005eko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan.

 

      Handien mailan bakarka ateratzen ginenez, halako konpromisorik ere ez nuen sentitzen, ez dituzu taldekideak izorratuko... gusturago aritu nintzen.

[Unai Gaztelumendi]

 

 

LORPENAK

 

      Talde ona tokatu zitzaigun: Aitor Larreta, Beñat Gaztelumendi eta Peru Iurramendirekin kantatu nuen eta txapela atera genuen. Hurrengo urtean ere txapela irabazi genuen, Jon Otxotorenarekin. Hurrengo urtean Arnaitz Lasarterekin atera ginen taldean eta finalera iritsi ginen, eta ni Euskal Herrikorako sailkatu nintzen.

[Unai Gaztelumendi]

 

      Gipuzkoako Eskolartekoan txikien mailan Hernanirekin bi txapela irabazi nituen. Euskal Herrikoan txikien mailan hiru txapela. Handien mailan irabazi nituen bi txapela Gipuzkoakoan eta hiru Euskal Herrikoan.

[Beñat Gaztelumendi]

 

      Unai anaiak Eskolartekoa irabazi zuen urte hartan bertso eskolan ni baino hobeto zebilen. Urte bat edo pare bat baziren bertso eskolan bera gozatzen ikusten zela. Etortzen zen, jolasten zuen... irabazteko aukera gehiago ikusten nizkion berari. Momentuan pena hartzen duzu bigarren egin duzulako, “kabendio, irabazi nahi nuen!”, baina gero anaia txapelarekin ikusi, eta ederra izan zen, gainera berak egin zuen saio horrekin!

[Beñat Gaztelumendi]

 

      Gipuzkoakoan bost bertso dira puntuatzen direnak eta batean despuntatzen baduzu eta besteetan ez baduzu failatzen, hor ibiliko zara.

[Unai Gaztelumendi]

 

      Gauza askorik espero ez genuenez, ahal zena egitera ateratzen ginen. Finalera ailegatuz gero ongi, eta bestela, kasik hobeto! Handien mailara pasa eta esaten nuen “dio, aurten zer edo zer egin behar diat, bada!” eta ez zen ateratzen eta orduan, “bueno, hurrengo urtean izango duk ba!” Eta azkenean arroza pasa!

[Oier Iurramendi]

 

      Urtetik urtera txapelek pisu handiagoa daukate. 18 urterekin kaka eginda joan nintzen Euskal Herriko Eskolarteko finalera. Azkeneko urtea nuen, jende guztiak niri begiratzen zidan, nik irabaztea espero zuten... Kartzelako lana iritsi zen eta lehenengo bertsoa ongi bota nuen, ikusten nuen irabazteko aukera nuela. Eta bigarren bertsoa kantatzen ari nintzela kazetarien aurpegiak ikusten nituen, jendearen begiratuak, aurreko txapel guztien oroimena etorri zitzaidan... eta erori egin nintzen bertso horretan. Txapelketa bizitzeko modu horrek dakarren ordaina da. Berez hainbesteko seriotasunik ez daukana hain serio hartu izanarena.

[Beñat Gaztelumendi]

 

 

2010EKO HAMARKADA

 

      Oroimen ona dut baina ez naiz oso zalea izan. Txikien mailan bertso bakarra kantatzen genuen, ikaragarri urduri joaten nintzen, bertsoa bota eta lasaitzen nintzen, baina jada ez nuen gehiago kantatu behar. Eskas geratzen zitzaidan. Handien mailan egin beharreko lana ere motzegia egin izan zait. Baina kantatzeaz gain, jendea ezagutu dut eta amistade onak egin ditut, esperientzia positiboa izan da.

[Eli Pagola]

 

Zutik ezkerretik hirugarren eta laugarrenak:
Eñaut Martiarena eta Elixabete Pagola.
Eta eskuinetik lehena Maialen Lujanbio.

Iturria: http://www.zingizango.com