Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JUANJO URIA

 

1951n Zikuñagako Aterpe-n jaioa

 

      Aita Damaso genuen: Papeleroa zen, gillotineroa, Danak-en eta Zikuñagan. Egunero 12 ordu egiten zuen lan, larunbata barne. Igande goizetan Zikuñagako papeleran aritzen zen 13:00 arte, eta arratsaldean Hernaniko bandara joaten zen, friskornioa jotzera. Langile soila, baina kultua. Mendizalea zen, dantzaria ere bai... Oso euskarazalea, oso abertzalea... Beragatik ez bazen, nik orain agian ez nuen euskaraz hitz egingo. Zeren iritsi ziren urte batzuk euskaraz etxean bakarrik egiten genuena.

      Ama, Txirritaren lagun Juan Joxeren alaba zen. Euskaraz suelto egiten zuen, erraz.

 

Bere ikasle izan zirenengandik omenaldia jasotzen.

 

 

AITONARENGANDIK BERTSOA

 

      Bertsoarekin lehen harremana aitonarekin (Juan Joxe Andola) egin nuen. Hari jarri nion bertso hau:

 

Geroxeago altxor eder bat

iritsi zen niregana

gure aitonak auzoan zuen

giroa sortzeko fama,

gazte garaian Txirritarekin

lagun handia izana

ta bertso zaharrak kantatzeko zun

doaia eta afana

ume nintzela bertso munduaz

goza arazi zidana.

 

      Gu mutil kozkorrak ginela aitona bertsotan aritzen zitzaidan. Txirritarenak kantatzen zituen. Niri bertsoa hortik sartu zitzaidan: Zer gauza goxoak ziren, zer esaerak, “ezagutzen al dezute Joxe Latxekua? Gizon txiki xamar bat, pixkor antzekua”, hori sartu egiten zen. Bertsoak, istorioak, Antonio Diostegik Fagollagan artzaina hil zueneko bi bertso horiek... Niri sekulako inpaktua egin zidaten “zu baino gizon formalago zan zuk hil zenduen artzaia”. Aitonarengandik ikasi nituen horiek 6-7 urterekin. Hortik datorkit afizioa.

 

 

KONTZIENTZIA

 

      15-16 urtetik aurrera (1967an), gure belaunaldikoak euskal munduarekin kontzientziatzen hasi ziren. Handik aurrera hasi zen mugimendu politiko kulturala eta bertsolaritza adar bat gehiago zen. Nik bertsoa umetatik edan nuen eta oso gustuko nuen, baina ingurukoei, nahiz eta euskaltzaleak izan eta prest egon euskal giro hori bultzatzeko, bertsoek ez zieten ezer esaten. Gainera nahiko fama txarra zeukaten bertsolariek, taberna, sagardotegia... kutsu hori egon zen guk 20 urte inguru genituen arte.

 

Zoriontsu izan nintzen

Aterpen haurtzaroan,

familia eder baten

barrunbe oparoan

gero gazte bihurtzeak

sortzen duen beroan

dena egin nahi nuen

hango herri giroan

eta lehenengo urratsak

euskararen soroan

pixka bat prestatu eta

beti daukat gogoan,

nola neure buruari

esan nion: “noan,

euskarak gure babesa

senti dezan ondoan”.

 

 

GAI-JARTZEN

 

      Aurreneko saioa Zikuñagako festetan egin nuen. Oso festa ospetsuak ziren, San Joanen ondorengoak. Bi bertsolari on eramaten zituzten beti: Lazkao Txiki eta Lasarte, edo Lopategi eta Azpilaga... Hori izan zen nire hasiera. 1974-75a izango zen, hortxe. 17 urte nituela, anaia Edortak esan zidan: “Hi, Juanjo, bi bertsolari ekarri behar dizkiagu eta hiri bertsoak gustatzen zaizkik eta gaiak jartzera joan behar duk”. “Gaia jartzera? Nora?”, “Hemen, Zikuñagan elizaren aurrean txabola eder bat egingo diagu”, ”Eta zein dituk etortzekoak?”, “Lasarte eta Lazkao Txiki”. “Joe, niri beldurra ematen zidak, motel! Kaka eginda geratuko nauk! Ni ez nauk joango!”, “Ba hik joan behar duk. Hemen bilera bat egin diagu...” eta halaxe joan nintzen. Zer gai jarri? Orduantxe gai sozialen bat, eta enpresetako arazoak, eta politikoak... eta katxondeoko batzuk ere jarri behar ziren... Nik beti hiru edo lau gai eta puntu pare bat eramaten nituen, eta oso motz joaten nintzen. Aurkezpena egiteko ere trabatuko nintzen beldurrez...

      1977-78 izango zen. San Jose egunean saioa egin eta hurrengo astean Iñaki Alkortak deitu zidan. Hau beti ibili da ezin duen munduan lanean, Gureaken eta abar. “Ze saio ederra! Eta gaiak jartzen asko ibiliko zara, ezta?” esan zidan. “Ni? oso gutxi, Hernanin bakarrik. Eta konturatu naiz pixka bat zabaltzen ari dela sarea, eta ez zait batere gustatzen lantegi hau eta segituan moztuko dut!”, “Eske pentsatzen ari gara 8-10 saio egitea Gipuzkoan atzeratuen alde, eta zuk aurkeztea nahi dugu, ze apaizetatik jada potrotaraino gaude”. Ezezkoa emateak apurua ematen zidan. Bergaran frontoian egin zen saio bat, mila pertsonatik gora egongo ziren, akordatzen naiz frontoitik begiratu eta gainezka nola zegoen. 7 saio egin genituen, oso politak. Denak oso gustura geratu ziren. Helburua ez zen dirua, Gipuzkoan elkarte hauen lana zabaltzea baizik. Bukaera Donostiako Astorian eman zitzaion. Jendez gainezka zegoen. Orduko Hoja del lunesen saioari buruzko kronika idatzi zuen Santiago Aizarnak, euskaraz: “Saioa polita... dena ondo, failo bakarra: gai jartzailea zozoegia!” Periodikoan!

      Gai-jartzeko sarea bat-batean hasi zen zabaltzen, eta ni ez ninduen erakartzen batetik bestera ibiltzeak. Bi astetik behin edo saioren bat izanez gero, aurkezpena landu egin behar zela, gaiak prestatu, eta gero gau edo egun hura galdu... Konturatu nintzen horrek denbora asko eskatzen zidala, eta tranpolin horretan jarriz gero, urte pare batera gelditu gabe ibili beharko nuela, eta moztu egin nuen.

      Jendeak kobratzen hasteko eskatu zidan, baina sekula ez nuen xentimorik kobratu. Nik beti oso garbi izan dut: nire lanetik bizi izan naiz, eta kulturaren aldeko mugimenduetan ez dut kobratu. Geroztik noiz edo noiz jarri nituen gaiak, Hernanin saioa egin zen Txapelketan, adibidez.

 

 

ALKATETZA URTEAK

 

      Gure aurreko udalak frankista kutsukoak izan ziren, nahiz eta orduan aritutako jende batzuk ez ziren inondik ere frankistak. Baina gu iritsi arte ez zegoen euskal kulturaren alde jotzeko ez azpiegiturarik, ez intentziorik, ez baldintzarik... Ezin zaio kritika pertsonalik egin aurreko urteetan ezer egin ez zuenari, ondorengo urteetan egin ez zuenari akaso bai!

      Udaletxera programa batekin sartu ginen, hizkuntza, kultura eta beste hamaika gauzaren alde. Bertsolaritzaren kasuan, gogoratzen naiz Antonio Zavala nola etorri zitzaidan Paulo Txikiari buruzko liburu bat egiteko diru laguntza eske, eta berehala esan nion baietz! 90.000 pezeta ziren, 200 liburu Hernanin doan banatzeko. Baina bertsoa ez zen bereziki bultzatu gu udaletxean egon ginenean.

      Bai nabarmena izan zela Amurizaren ikastaroa, 1981ean.

 

 

BERTSO JARRIAK

 

2004ko Bertso Latan, jarritako bertsoak kantatzen,
alaba Maddik soinuz lagunduta.

 

      1989 inguruan bertsoak jartzeko lehen bolada izan nuen, eta sariketa batera bidaltzea bururatu zitzaidan. Eta irabazi egin nuen.

      Niri bertsoak jartzea asko gustatu izan zait beti. Bi urte baino gutxiago iraun zituen jartzeko bolada horrek, eta dozena bat bertso sorta jarriko nituen. Sariketetara bidali, eta lau sariketa irabazi nituen. Argiako saria ere irabazi nuen, eta bigarren sariak beste bi edo hiru.

      Gai-jartzen gertatu zitzaidan bezala, pixka bat ahotan entzun nuen “zer, Juanjo, bertso jartzen...” eta utzi egin nuen.

      Bertsorik jarri gabe egon naiz 15 urtean, duela hiru lau urte arte. Azken urte hauetan gozatzen ari naiz. Igande arratsaldean Patronatura joaten naiz paseatzera, Argia astekaria hartzen dut, eta eramaten dut boligrafoa eta papera eta astekaria irakurri ahala bertsoak eta bestelako idatzi batzuk ere egiten ditut. Bertsoak eta komentarioak jasoak ditut, hainbat gairi buruzko apunteak, nik bizi izandakoak, goi sozialak, politikoak eta arinagoak...

      Liburu bat idatzi dut (Txirritarena), bi alaba izan ere bai, eta arbola aldatu ere bai. Jada hil naiteke edozein momentuan!

 

 

2003KO GIPUZKOAKO TXAPELKETAN

 

 

      Maialen Lujanbiori txapela jantzi zionean kantatu zuen bertsoa.

 

Txirritan berri nik izan nuen

oraindik ume nintzala

ederki asko iragarri zun

izango zuen itzala.

Bera Hernanin gazte hasi zen

hemen Maialen bezala

ta gaur entzunda uste det pozik

aurrera dezakedala

gure herrian gaurdanik beste

Txirrita haundi bat badala.