Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

LUISTARRAK

 

      Gu iritsi ginenean oso komisio jatorra zegoen. Larretxeak egiten zuen buru eta Joxan Ruiz ere tartean zen. “Gu uztera goaz” esan zidaten, eta “urtebete behintzat iraun ezazue, hemengo jendea ezagutu arte” eskatu nien. Beste aldetik don Eusebio Iraola bikarioak, kargu hori kendu egingo zigutela komisioko horiek botatzen ez bagenituen! “Ez, ez dut onartzen” esan nion eta urtebete iraun zuen junta horrek.

      Harri-burni, plazako Gaztetxea sortua zen ordurako. Taberna geneukan, gela batzuek... eta hori guk eramaten genuen, erabat. Gero sartu ziren Jokin Peñagarikano, Olano, Aldasoro... Mendi-Gain ere gure ardurapean zegoen.

      1970etik aurrera, Aitor zineman, Errege bezperan saioa antolatzen zen. Betekada izugarria izaten zen, politika aldetik bertsolaritza beti ibili baita muga-mugan. Joxe Mari Arrieta izaten genuen gaiak jartzen eta bertsotan onenak: Lasarte, Lazkao-Txiki... Behin gaia jarri zuen: “Zer eskatuko zenieke hiru erregeeri?” Imanol Lazkanok bota zuen:

 

Gizonak gizon bitez

eta herriak herri

nik hau eskatzen diet

hiru erregeeri.

 

      Etxamendi eta Larralde ere asko ekarri genituen. Debekatuta zegoen. Guri oso eraginkorrak eta irekiak iruditzen zitzaizkigun eta urtero ekartzen genituen. Oso bolada ederra izan zen.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Luistarrek antolatzen zituzten kultur ekitaldi gehienak. Mendi elkartea ere bazuten, Mendi Gain. Euskal gaietan mugitzen ziren, elizaren babesean. Bestela ez zegoen ezer egiterik! Eta hala ere poliziak nahiko bijilatuak zituen Hernanin luistarretan zein mugitzen ziren... Bertso gauzetan Inaxio Mari Zubeldia aritzen zen gehiena. Bere etxean makina bat bertsolarik lo egin zuen!

[Antton Garin]

 

      (Joxe Legarreta “Pepito”k) Euskal kultura maite zuen, beste guztiaren gainetik eta kultur ekitaldiak antolatzen aritzen zen askotan Ereñotzuko gazteen aitzindari: Luixtarren garaia zen eta ibilaldiak, dantza txapelketak, bertso saioak eta karrozak ez ziren inoiz falta izaten, bera inguruan bazen.

[“Pepito”ren omenez liburuxka. 2003ko ekainean]

 

      22-23 urterekin sartu nintzen Mendi Gainen. Teorian mendi elkartea zen. Mendia bai, urte osoko programa egiten genuen. Baina beste gauza asko ere egiten genituen, horren itzalean: hitzaldiak, euskara klaseak, aldizkari bat atera genuen euskaraz eta erdaraz Hemen izena zuena, kantaldiak ere antolatu izan genituen, Borda eta Sarasola eta beranduago Guk taldea ekarri genituen... Mendi Gainetik atera zen kultur aktibitate zabal hori eta bertso munduan bi gauza egiten ziren: San Inazio festak, eta honen bezperan bertso saioa. Asko etorri izan dira Enbeitatarrak: Balentin, Jon eta Abel, eta Moises ere bai urteren batean. Bezperako jaialdi horretan kantatzen zuten, gero gauean hemen geratzen ziren eta San Inazio egunean Santa Barbaran jarduten ziren.

      Eta San Jose egunean Txirritaren omenezko bertso saioa egiten genuen. Eguartean egiten genuen, gehienetan Galarretan. Galarreta dohainik uzten ziguten. Seiko kuadrilla izaten zen bertsotan, eta kuadrilla ona: Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Jon Lopategi, Jon Azpillaga... gaiak jartzen ni aritzen nintzen eta 400-500 pertsona biltzen ziren.

[Juanjo Uria]